Baskoa, espainiarra edo nafarra?


2005eko ekainaren 12an
Schurhammerrek, bildu gaituen liburutzarra idatzi baino lehen, badauka Frantsesen bizitzaz beste libururik, 1920an Aachen-en agertua, Akisgranen alegia, izenburua honela duena: Der heilige Franziskus Xaverius, der Apostel des Ostens. Blicke in seine Seele, eta honela euskaratu genezakeena: San Frantses Xabierkoa, Ekialdeko Apostolua. Begiradak bere ariman. Kapitulu batean, Schurhammerrek Frantsesen aitaren heriotzaren deskribapena egiten digu: kanpoko giroa -udazkena da, hostoak erortzen ari dira-, gazteluaren egoera -harro zaintzen du Aragoirekiko muga-, eta barneko giroa -isiltasuna, tristura, familia guztia aitaren ohearen inguruan-: "Denn Doktor Juan de Jassu, der Schlossherr, ihr Vater, liegt im Sterben -und Navarra auch", dio liburuak. Hots: "Zeren Juan de Jatsu Doktorea, gazteluko jabea, haien aita, hiltzear baitago-eta Nafarroa ere bai". Schurhammerren testuan, beraz, Juan de Jatsuren heriotza Nafarroaren metafora bilakatzen da.

Liburu hau 1922an itzuli zen gaztelaniara, Burgosen, El Siglo de las Misiones argitaletxean. Aipatu kapituluan berriz ere udazkena dugu eta hostoak erortzen, Xabierko gazteluak berriz ere muga zaintzen du, berriz ere andrea eta seme-alabak aitaren inguruan daude: "Su padre, el Señor del Castillo, el Doctor D. Juan de Jaso, estaba para morir", -"haien aita, gazteluko jabea, Juan de Jatsu Doktorea, hiltzear baitago"-. Oraingo honetan, "Nafarroa ere bai" hori ezabatu egin dute.

Traduttore tradittore leloarena ez da norabide bakarrekoa: hona hemen beste adibide bat. 1922an Schurhammerrek liburu ttiki bat publikatu zuen, irudiz hornitua: Ein Xaveriusleben in Bildern, alegia Xabierren bizitza irudietan. Alemaniar ikerlariaren arabera, Jaungoikoak Inazio Loiolakoa igorri zuen Xabier bekatutik salbatzera. Salbazioa zein hizkuntzatan gauzatu zen Schurhammerrek aipatu ez arren, 1925eko euskarazko itzulpenean (Xabier'tar Prantzisko Deunaren bizitz laburra, Bilbo, El Mensajero del Corazón de Jesús), honako hau gaineratu zuten itzultzaileek: "Bi euskaldunak berialaxe alkarren adiskide egin ziran. Euskeraz ere askotan jardungo zuten, noski".

Frantses, portugaldar hori

Xabierren herritartasunaren auzia aspaldikoa da; ez uste bezain aspaldikoa, baina aspaldikoa hala ere. Eta, nondik begiratzen zaion, agian ez zen espero izatekoa. Azken batean, bizitzaren lehen hemezortzi urteak baino ez zituen Nafarroan pasatu; egia da urte haietan gauza anitz gertatu zitzaizkiela berari eta bere familiari, baina berak ez zuen ezer gogoangarririk egin. 1525ean, Parisera abiatu baino lehen hil izan balitz ez genituzkeen lerro hauek idatziko, agramondar familia garrantzitsu baten kide erdi ezezagun bat bertzerik ez bailitzateke gure Xabier. Ospea emanen zizkioten ekintzak geroago etorriko ziren, Nafarroatik urrun zegoelarik. Frantzian ikasle eta Italian erromes izan ondoren, Portugaleko erregearen banderapean ibili zen munduan zehar, Indiatik Japoniara eta handik Txinara. Toki batzuetan gaur egun, portugaldarra zela uste dute. Eta erran liteke, diplomatikoki, hala izan zela. Zer da, bada, nazionalitatea ematen diguna? Sorterria soilik? Patua, halabeharra, historia, politika, hizkuntza? Errege frantsestzat jo ohi dugun Karlomagnok Akisgranen, gaurko Alemanian, zeukan egoitza. Trajano edo Seneka espainiarrak ote ziren, edo Erromako probintzialak? Hurbilagokoari erreparatuz, hemengo zenbaitek nafartasuna errazago aitortu diote Juan Huarte de San Juani, Bernart Etxepareri baino, nahiz eta biak behenafarrak izan. Genealogia nazionalak egiteko tenorean irizpideak ez dira bateratuak, ez hurrik eman ere, eta bakoitzak bereak aukeratu ditu, aukeratzen ditu gaur egun ere: Severo Sarduy idazle erbesteratua kubatar jatorri urruneko idazle frantsesa omen zen -Kubako gobernuaren arabera-, ETAkideak ez dira euskaldunak -dio Ibarretxek-, Nafarroako euskal abertzaleak bere nortasunari uko egin dioten sasi-nafarrak dira -azaldu digu Jaime Ignacio del Burgok- eta abar. Nolanahi ere, aberria hautatzen dela egia bada, Xabierrek ez zigun bere balizko hautuaz deus erran. Bertzeak, hala ere, arduratu dira kontu horretaz.

Historia honela has liteke, modu ezin apalagoan, eztabaida 1880an Revue des Questions Historiques aldizkari katolikoan piztu zenean. Bertan Pierre Soubiellek argi dauka: Xabierren deiturak, Jatsuk, Nafarroa Beherera garamatza, Nafarroa Behereak Baionako eliz barrutira, eta honek Frantziara. Frantzisko Xabier, ondorioz, frantsesa da. Arrapostua Pierre Haristoyren eskutik etorriko zen hurrengo urtean. Saindua, dio Haristoyk, ez zen Jatsun jaio, Xabier gazteluan baizik, baina hori berdin da, guretzako "euskal herri bat baino ez baitago, Nafarroako erresuma bat bertzerik ez", eta erresuma hori independentea izanik Xabier jaio zenean, nafarra dugu gure saindua. Polemika urrun gertatu arren eta ttiki-ttikia izanagatik honaino iritsi zen. José Oliver y Hurtado Iruñeko apezpikuak bederen bazuen Soubielleren jarreraren berri eta bere iritzia ere eman zuen, Ciencia cristiana izeneko aldizkarian, 1881ean: espainiarra zen Xabier bai aitaren aldetik bai amaren aldetik edo, nahi bada, nafarra bi aldeetatik; baina galdera hori bada, gehiago zen espainiarra, frantziarra baino. Urte berean Frantziskoren espainiartasuna azpimarratu zuen, Soubiellez trufatuz, Vicente de la Fuente apaizak. Honela has liteke historia, XIX. mende bukaera aldera, aldizkari zaharretako artikulu ttipietan.

Honek ez du erran nahi aurrekaririk ez dagoenik. Izan ere, lehen ere izana zen eztabaidagai Xabierren herritartasuna. Arturo Campionek ekartzen ditu gogora sainduaren nazionalitateari buruzko istilu horiek. Beato izendatu zutenean, izenaren ondoren hispanus edo navarrus paratu behar zen ibili ziren Erroman. 1663an Aragoiko idazle anonimo batek zenbait aukera proposatu zituen: de natione hispanus, hispanicae nationis, nobili stirpe in Hispania… Hondarrean, Erroman ez zuten hispanus hitza onartu: Breviario delakoan honela idatzi zuten (latinez): "Frantses, Xabier gazteluan, Iruñeko elizbarrutian, guraso nobleengandik jaioa". Campionek nabaritu zuenez, Erromako diplomazia trebeak, elizbarrutia aipatuz, alde batera utzi zuen herritartasun auzia.

Hala eta guztiz ere, XIX. mendera arte bi dira Xabierren ezaugarri aipatuenak: noblezia eta, batez ere, santutasuna. Antzinako familia noble batetik zetorrela eta mirari anitz egin zituela dira biografietan behin eta berriz errepikatzen diren puntuak. Nafarroan egin zuenak, ordea, ez du axola handirik. 1662ko biografia batean, kasik 500 orrikoa, Xabierren haurtzaroa 6 orritan kontatzen da; XVIII. mendean Joakin Lizarraga Elkanoko apaizak euskaraz idatzi zuen bizitzatxoan liburuaren erdian hiltzen da gure protagonista, mirarien narrazioari tokia uzteko. Mende luzetan, San Frantzisko Xabier jenero literario zehatz batean kokatu da irmoki, hagiografian hain zuzen ere. Biografia nazionala geroxeago ailegatuko zen.
Orduan, hagiografiatik biografia nazionalera pasatzean, liburuetan Xabierren haurtzaroko urteek hartzen zuten tokia zabaltzen, handitzen hasi zen. Léonard Joseph-Marie Cros josulaguna da, beharbada, ikuspuntu horretatik, Soubiellen eta Haristoyren arteko polemikan sumatzen ahal zen ikuspuntu berri horretatik, Xabierren bizitza ikertu zuen lehen historialari sendoa. Saint François de Xavier de la Compagnie de Jésus. Son pays, sa famille, sa vie, dio 1894an argitaratu zuen liburuaren izenburuak. Xabierren herria ere, son pays, bihurtu zaigu, beraz, ikergai. Xabierren herritartasunaren inguruko polemika berritik hartuz, honako ondorio hauetara iritsi zen Cros: "Hemen, eztabaida honetan, euskaldunek ere parte hartzen dute erranez: Frantzisko ez da ez frantziarra, ez espainiarra, ez nafarra: euskalduna da"; "ondorioz, Frantzisko, Indiatako apostolua, Pirinioen alde frantsesaren eta Pirinioen alde nafarraren euskaldunen semea da".

Gaztelua

Sainduaren nazioaren gaineko interesa piztu zen garai berean, bizi zen tokiaren gainekoa ere mugitzen hasi zen. Juan Iturralde y Suit idazle nafarrak gazteluaren egoera txarra deitoratu zuen 1883an; dorreak erdi erorita zeudelarik, inguruko etxe eta bordek, inolako planik gabe eraikita, erabat desitxuratzen zituzten gazteluko harresiak, baserri xume baten antza emateraino. Azkenik, gazteluaren jabe zen Villahermosaren dukesak Angel Goikoetxea arkitektoari Xabierren egoitza izan zena errestauratzeko enkargua eman zion. 1892-1895 urte tartean burutu ziren berregite lanak, eta 1896an hasi zen eraikitzen gazteluari itsatsita dagoen eliza, 1900. urteko abenduan bukatuko zena. Dena, gaztelu zaharraren errestaurazioa eta basilika berriaren eraikuntza, 1901eko ekainean inauguratu zen. Ez zen nolanahiko ospakizuna izan: jende garrantzitsu ugari bildu zen Xabierren egun hartan, tartean Guaquiko kondea (dukesaren senarra), Lunako dukea, Alfontso XIII. erregearen izenean etorri zena, eta Tarazona, Jaka, eta Iruñeko apezpikuak.

1883ko artikulu hartan, gazteluaren iragan harroa eta orainaldi mixerablea alderatuz Nafarroako patua irudikatu nahi izan zuen Iturralde y Suitek; orain, ordea, 1901eko inaugurazioan, gazteluarenarekin batera errestaurazio nazionalista, katoliko eta monarkikoa da antzezten dena. Goian aipaturiko pertsonalitate guztiek diskurtso bana eman zuten, aita santuaren eta erregearen alde topa eginez; Iruñeko apezpikuak XVI. mendeko Espainiako bertute kristau eta ohoretsuak aurkitzen zituen Xabierrengan; Jakakoak, bere aldetik, aberri espainiarraren errestaurazioa ikusteko desira adierazi zuen. Hona Eliza eta monarkia elkartuta Espainiako esentziak berreskuratzeko.

Hogeita bat urte geroxeago, Frantzisko 1622an kanonizatu zuteneko hirurehun urte bete zirelarik, berriz ere haren figuraren inguruko interesaren hamaika erakusgarri aurkitu ditzakegu. Bilbon biografia txiki bat ematen da argitara eta Euskal Herritik kanpo, Burgosen, Schurhammer ikerlari alemaniarraren lantxo bat itzultzen da gaztelaniara; Nafarroan Alberto Pelairea poetak, Diputazioak eskatuta, himno bat prestatu zuen sainduaren ohoretan: "Entzun! zer da itsasoak / Dakargun aiots ori? / Xabier il-zorian / Mintzo zayo Kristori, / Euskeraz, gure Euskeraz ari zayo izketan", dio Iraizozko Polikarpok prestatu zuen euskarazko bertsioaren ahapaldi batek; eta Iruñean mintzaldi sorta bat antolatu zen Gayarre antzokian. Mintzaldi horietako bat (1922ko apirilaren 30ekoa) Arturo Campionek eginen du, Xabierren euskalduntasuna ozenki aldarrikatuz: Pariseko unibertsitateko erregistroetan cantaber gisa agertzen da, euskalduna, alegia, orduko terminologia jasoan.

Bitartean, gauza bitxiak gertatzen ari ziren gazteluan. Jesuitak harat itzulirik, Francisco Escalada izenekoak hartu zuen Xabierren bizitza ezagutarazteko ardura. Bizitza eta, batez ere, mirariak, antzinakoak bai eta oraingoak ere bai. Zeren, 1917tik aitzinera Escaladak kaleratu zituen hamaika liburuxkatan, behin eta berriz errepikatu baitzuen gauza miresgarriak gertatzen ari zirela gazteluan, bertako gurutzefikak, San Frantzisko Xabierri esker, eritasunak sendatzen zituela. Ez da hain arraroa. Pentsa dezagun: zaila zen, Munduko Gerraren urte haietan, Lourdesera joatea, edo, gutxienez, ez lehen bezain erosoa. Zergatik ez zuen Xabier gazteluak Frantziako santutegia ordezkatuko? Baina Fatiman frogatuko zenez, sendatzeaz gain, mezuren bat ekarri behar zuten mirarizko irudiek, arrakastatsu suertatu nahi izatera. Escaladaren proiektuak, hortaz, porrot egin zuen.

Gure Frantzisko Xabier

Kasik inor ohartu gabe aldizkari ezezagunetako artikulu xumeetan hasi zen eztabaidari kanoien zaratak eman zion bukaera. Gerra Zibila hasita, Xabierren espainiartasuna aldarrikatu zuten hainbat idazlek. Guretzako esanguratsuena Eladio Esparza eleberrigile eta Diario de Navarrako kazetariarena. San Frantziskorengan, zioen Esparzak, nafarron espiritu militarra eta espiritu erlijiosoa gorpuzten dira, sainduarengan ikur distiratsuena dute nafar guztiengan biltzen eta nahasten diren bi joera horiek. Modu honetan, nafar anitz Aberria eta Erlijioaren alde borrokatzera atera ziren garaian, Esparzak Xabier erreketearen sinbolo bihurtu zuen. Gerra amaituta, karlista batzuk hasi ziren urtero gaztelura joaten, garaipena eskertzera. Erromesaldi horren izena bera, Javierada alegia, bertze hitz baten ereduaren gainean asmatuta dago: Cruzada. Gorri, separatista eta abarren aurkako Cruzada burutu dutenek eskerrak emateko egin behar zuten Javierada.

1880 inguruan Xabierri buruz hasitako eztabaida luzea amaitzen da, nolabait, 1941ean. Javieradak orduan hasten dira. Orduan ematen du argitara Eladio Esparzak Xabierren biografia bat: Nuestro Francisco Javier. Ordurako argi omen zegoen "gure" horrek zer erran nahi zuen.

Katekesi galdua (Euskal Herriko balizko historia arrosaz)

Heldu den urtean 500 urte beteko dira San Frantzisko Xabier jaio zenetik. Uste izatekoa da ospakizunez beteriko urtea dugula aitzinean, gure esperoan, eta pentsatzekoa da, baita ere, Xabierri buruzko eztabaidak berriz piztuko direla (inoiz itzali badira). Susmoa dut, dena den, eztabaida horiek betiko gaiak jorratuko dituztela, alegia betiko gaia, singularrean, jorratuko dutela: Xabier baskoa edo espainiarra izan ote zen? Edo agian nafarra -eta auskalo zer erran nahi duen hirugarren aukera honek-? Euskaraz bazekien? Izan ere, badira ehun urte baino gehiago debatea ez dela nortasun nazionalaren alor mugatu honetatik ateratzen, eta asmo zirikatzaileenak ere -Jon Alonsorena Katebegi galdua liburuan, adibidez- alor horretan koka daitezke. Eztabaida honetarako, aitortu behar da Xabierren figurak baduela abantaila ukaezin bat: berak ezer gutxi erran zuela nortasun kontu hauetaz eta, hortaz, edozer gauza asmatzen ahal dugula -izan ere, zerbait argi eta garbi adierazi zuenean ere -euskaraz zekiela, adibidez- zenbaitek euren moduan interpretatu eta kontrakoa ondorioztatu dute-. Baina, ba al dago zerbait berria erraterik?

Indiara abiatu baino lehen, Italian zehar bertze jesuitekin batera zebilelarik, Erromatik Veneziarako bidean, arrunt nekaturik esnatzen omen zen Xabier egunero, erabat akituta. Diego Lainez bideko kideak zer gertatzen zitzaion galdetuta, gaueroko ametsetan gizon beltz erraldoi bat bizkarrean zeramala kontatu zion Xabierrek. Lagunak erran zion amets horren bitartez Jaungoikoak Indiara joatea nahi zuela aditzera ematen ziola, eta gizon beltza hain handia zela Indian lan itzela zegoelako misiolarien zain. Irakurri nuen lehenbiziko alditik ametsak arreta piztu dit eta Lainezen interpretazioak harritu nau. Egia da bertsio batzuetan Xabierr ek aipatzen duela bizkarrean indiar bat edo Indiako beltz bat zeramala, baina horrela izanik ere Lainezen arrazoibideak ez nau gehiegi konbentzitzen. Eta, bueltaka ibili eta gero, bertze hau bururatu zait: zergatik ez pentsatu beltz erraldoi hori sinbolo erotiko bat zela, kastitate egun sukartsu horietan Xabierren fedea tentatzera zetorrena? Zergatik ez ondorioztatu Xabier bere burua gorrotatzen zuen homosexuala zela? Gaiak axola omen zion. Japonian sodomia salatu zuen bertako biztanleen bekatu nagusitzat, eta sekulako diskurtsoa bota zuen sexu joera horren kontra Japoniako enperadorearekin eduki zuen lehen elkarrizketan -bidenabar itzultzailea lotsaraziz-. Beharbada, hemen dugu Euskal Herriko historia arrosa idazteko abiapuntu bat, ukatutako historia baten hasiera.

Hau guztia erdi txantxetan diot, hau da, erdi serio ere bai. Erran nahi baita Xabierri buruzko orain arteko interpretazio gehienek gauza gehiago adierazten dituztela gutaz, Xabierrez baino, alegia gure interesen eta kezken arabera egindako interpretazioak direla. Nazioa izan da debate nagusia gure artean, eta hori islatu eta islatzen da saindu nafarraren inguruko ikerketetan. Gure arazo eta pentsagai nagusia gutxiengo sexualak izan balira, norbaitek artikulu honetakoaren antzeko interpretazioren bat proposatuko zukeen aspaldi. Dokumenturik ez da falta: hor dugu ametsa. Falta dena ikuspuntua da, eta jakinduria mota hau sor lezakeen erakundea, adibidez Queer Studies Department bat gure unibertsitate batean.

Heldu den urteko eztabaidak, zalantzarik gabe, sutsuak izanen dira, eta zenbait agian interesgarriak. Hala ere, gauzak erlatibizatu ahal izateko, komeni da jakitun izatea: diskurtsoa da eztabaida honetatik sortuko dena, eta diskurtso horrek bere gauzakia, Xabier alegia, eraikiko du baldintza zehatz batzuen arabera. Baldintza horiek aldatuz gero, bestelako irudia aterako litzaiguke. Heldu den urtean Xabierrez ez, gutaz arituko gara.


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude