Alberto Urberuaga: «Australiako lehenengo euskaldunen artean harmonia handia zegoen»


2005eko ekainaren 12an
Azúcar amargo du izena Australiako kaina-ebakitzaileen historia aztertzen duen William A. Douglassen liburuak. Urberuaga, Badiola, Mendiolea... izen nabarmenak dira liburuan...
Badiola hori, Paskual, nire aitaginarreba izan zen. Hortik lotura. Gure herrian, Australian, Ingham-en izan zen. 15.000 laguneko herritxoa da. Kaskoan 5.000 lagun, eta besteak inguruan zabalduta. Lurrez, hala ere, Bizkaia bi halako zen Ingham! Euskaldun gutxi: Badiolatarrak, Balantzategitarrak, Mendioleatarrak -hauek inportanteenak, duda barik-, Alberditarrak... Euskaldun gutxi, eta ezagunak izan behar bada!

Nola egin zenuten harako bidea?
Lehenengo, 50ean, Paskual Badiola etorri zen, andrea eta seme-alabak hartuta. Eta eurekin etorri zen Antonio Mendiolea, ezkongai, hona emakume bila, zeren australiar emakumeei beldur itzela zieten euskaldunek. Rufino eta Antonio Mendiolea, txaparro joan ziren Aulestitik Australiara. Hurrengo anaia, Anizeto, hemen enkargatu eta han jaio zen. Horiek denak handik hona etorri eta hemen bertoko emakumeekin ezkondu ziren. Mendioleatarrek Aulesti erdia eroan zuten hara. Ameriketako bidea amaituta-edo zegoen. 100 bat lagun eroan zituzten Aulestitik. Eta denak kaina-ebakitzaile onak! Kontua da Inghameko kaina-ebakitzaileen elkarteak emigranteak eskatu zituela Camberrara, beharrerako.

Aurretik italiarrek jardun zuten kaina ebakitzen han...
Bai, baina 50eko hamarkadan, Ipar Italian -Lombardia, Piamonte, Venetto eta Milano zentro direla- industrializatzen hasi ziren. Italia iparraldean hegoaldeko langileak hartzen hasi ziren. Eta ordura arte Australiara joaten ziren emigranteak, akabo urte batetik bestera: kaina-ebakitzailerik ez! Italiarrik ez! Ordurako bost edo sei euskaldun koadrila bazeuden Australian kaina ebakitzen. Koadrila bakoitzak sei lagun zituen. Kaina sasoia San Joanetan hasten zen eta Gabonetan amaitu. Sasoi hori amaitzen zenean, tabako batzera joaten ziren batzuk, fruta batzera beste batzuk... Eta gero, atzera kainara etortzen ziren. Urtea joan eta urtea etorri, kaina sasoia joan eta etorri, euskaldunak bueltatu egiten ziren kaina ebakitzera.

Gero eta ebakitzaile trebeagoak, zailduak...
Horixe ba. Euskaldunak atzera etortzen ziren. Ebakitzaileen elkartea horretaz akordatu zen. Izan zen kataluniar bat, Joe Miguel -Joe Maikel zen han-, 1954ko National Geographic bat eroan zuena elkartearen bilera batera. Artikulu bat zen han, The Life in the Land of the Basques. Joe Miguel hark elkarteko idazkariari, Roy Dicksen-i artikulua eman eta esan zion: «Eroan hau etxera eta irakurri. Kaina-ebakitzaileak ekarri behar dira hemendixe, Euskal Herritik, zeren hemen dauzkazu sei euskaldun talde, eta atera kontuak zenbat urtean ari diren kaina ebakitzen hemen!».

Douglassen liburuan irakurria dut lana gogorra zena, klima ere tropikala eta ebakitzaileek sekulako beroak pasatzen zituztena. Zenbaitek lana utzi, hor konpon taldea, eta hanka egiten zuela...
Bai. Sei lagun hasi taldean eta, lantzean, hiruk edo lauk amaitzen zuten! Hori galarazteko, taldeak ebakitzen zuten tona bakoitzeko, hainbeste diru gorde egiten zitzaion taldeari, retention money esaten zitzaion, ez zitzaion ematen. Kaina sasoia amaitzen zenean, eman egiten zitzaion. Baina behargin batzuei diru hark ez zien ardura, nahiago zuten osasun onean bizi, bero hura lepoan hartu baino. Lana amaitutakoan, taldeak jasotzen zuen retention money hura, geratzen ziren langileek hartzen zuten gordetako diru hura.

Zein izan ziren lehenengo euskaldunak Australian?
Lehenengoa, Anizeto Mentxaka. Douglassek dio, bere liburuetako batean, lekeitiarra zela Mentxaka, Ereño jatorrikoa. Esan nion Douglassi behin: «Irakurri dut zuk idatzitakoa, eta oker bat topatu dut: Anizeto Mentxaka ez zen lekeitiarra, ez Ereño jatorrikoa. Mungiakoa zen, Elortza baserrikoa!». Douglassek galdetu zidan, adarrean bezala: «Nola dakizu zuk?», eta nik: «Nire andrearen osaba zelako!». Inghameko euskaldunen katearen lehenengo begia huraxe izan zen: Anizeto Mentxaka. Anizeto Leandra Arakistainekin ezkondu zen, nire amaginarrebaren ahizparekin. Anizeto hona etorri zen ezkontzera, Leandrarekin ezkondu zen, eta gero eroan zituen Julian Arakistain -koinatua- eta Paskual Badiola. Julian eta Paskual etxebizitza biko baserri batekoak ziren, Oletakoak, Amoroton. Hauek biak lagun ziren eta ondo konpontzen ziren. Anizetok biak eroan zituen. Hurrena Mendioleatarrak joan ziren. Horiek hasi zuten euskaldunen katea Inghamen, Ipar Queensland-en, Australian.

Kate horretan non zaude zu?
Paskual eta Julian 1923an edo halakoren baten joan ziren hara. Nik pentsatzen dut euren alabentzako gizon bila etorri zirela hona: eta gizon hori ni izan! Paskualen alaba, Miren Badiola, oporretan etorri zen hona, eta nire arrebaren etxean egon zen. Horrelaxe ezagutu nuen nire andrea izango zena. Ezagutu, nik ikasketak amaitu eta hara joan nintzen. Hortxe hasi zen urberuagatarren saga Australian.

Albaitari ikasi zenuen Madrilen, Australiara baino lehen. Zein lan egin zenuen zuk han, ordea?
Kaina ebakitzen ere bai. Mendiolearenean kaina landatzen zenean, haraxe joaten ginen badiolatarrak, eta aulestiarrak ere bai, mendiko mutilak. Hauek Gino Paris-entzat egiten zuten lan, trenbideko trabesak egiten. Etortzen ginen kaina ebakitzera eta beti arin, beti arrapaladan lanean. Mutil gogorrak, gero! Behin, gomutatzen naiz, lekeitiar bat, maldizioka: «Honek pertsonak, ez dabe ikasi astiro berba! Beti arin eta arin!». Neuk ere, kaina ebakitzen hartu dut bizian hartu dudan traturik txarrena! Ni, gazte, hasi berri. Rufino Mendiolea nuen atzetik, batetik, eta Malaxetxeberria niri bultzatzen bestetik. Biak zailduak, ni hasi berri! Mihia atera zidaten!

Taldeka lan egitea zen kontua, hortaz. Inork atzeratzerik ez zuen...
Inor atzeratzea ez zen ona. Denak atzeratzen ziren eta. Behin, Bengoetxea anaiekin ebaki nuen. Lau anaia. Kortezubikoak, Fragua baserrikoak. Guretik berrehun metrora. Kaina-soroaren ugazabak bost lagun eskatzen zien, gutxienez. Haiek lau ziren. Haien koinatua, Jesus Ansotegi, abuztuan etortzekoa zen. Baina San Joanetan hasi behar zuten lanean, eta langile bat hartu eta, ona bazen, ezin abuztuan taldetik bota! Inork ez zion inori kalterik egin nahi! Orduan, niri esan zidaten. «Etorriko zinateke?», «Ni, bai!». Gure aitaginarrebari esan zioten, eta aurrera. Haiekin lan egin nuen, eta ondo. Karrerak eta dena egiten genituen.

Askok ez zutela sasoi osoan irauten esan duzu lehen...
Kaina ebakitzera joan behar ez zuten asko zegoen han! Nork bere mugak ezagutu behar ditu! Aulestiarrak jende gogorra ziren, baserritarrak, eskulanean zailduak! Sufritzen ohituak! Inork ez zuen huts egiten! Mendioleatarrek, badiolatarrek, balantzategitarrek aukeratutako jendea zen. Urtea joan eta urtea etorri, kaina ebakitzera itzultzen ziren! Horregatik esan zuen kataluniar hark, Miguelek, National Geographic eskutan hartuta: «Hemendik, hemendik ekarri behar dira langileak!», Euskal Herritik ekarri behar zirela esanez. Horixe esan nuen neuk ere. Esan banuen, esan nuen! Patxi Moraza batek, gasteiztarrak, eraso zidan: «Baina zu zer ari zara! Kaina ebakitzen ez dakizu zuk eta!». «Zeeer?», nik. «Bihar bertan!», esan nion. «Mindu egin nauzu, eta bihar soroan ikusiko dugu elkar! Hantxe erantzungo dizut: mihia ateraraziko dizut!». Haren taldeko buruari galdetu nion: «Zer ordutan hartu behar duzue kafea?». «Goizeko 6etan». «Hantxe izango naiz neu ere!». «Benetan ari zara?». «Bai horixe! Gorriak ikusi behar ditu horrek! Egun osoan jardungo dut lanean, eta aste osoa ere bai, behar baldin bada!». Eta hurrengo goizean, kasualitatea! Delako Patxi hori gaixorik! Beragana joan eta esan nion: «Zer dugu, Patxi! Osatzen zarenean, kasu egin, lezio txiki bat eman nahi dizut eta!». Bai, kaina ebakitzen ere badakit. Beste behin, errieta egin nuen aitaginarrebarekin, eta kaina ebakitzera joan nintzen lanera. Ikasi nuen, bai, kaina ebakitzen ikasi nuenez!

Lana, desafioa, lagunartea... Euskal Herri txiki bat zineten Australian. Euskaldunen paraderoa antipodetan...
Esan nion Bill Douglassi ere, bazela han zer idatzia. Historia osoa egin zezakeela Paskasio Gabiolarekin. Okina zen hemen, Lekeition. Pastelak egiten zituen. Muskiz baserrikoa. Han, kaina ebakitzaile handienetako bat izan zen. Hil zenean, apaizak haren gorazarre egin zuen, ohi denez. Besteak beste, zera esan zuen: «Nik jakin dudanez, Paskasio Gabiola Ipar Queensland-eko gizonik indartsuenetako bat izan zen. Eta, hori ez eze, indar horren puska handi bat, auzoei laguntzen erabili zuen!». Halaxe zen eta denbora hartan: ez zegoen traktorerik ez makineriarik; besoen indarra besterik ez zen han! Horregatik zen estimatzeko Paskasio Gabiolaren indarra eta laguntasuna.

Kaina-ebakitzaile italiarrekin italieraz, eta australiarrekin ingelesez baina, dakidanez, euskara zen zuen hizkuntza...
Sentimendu horixe genuen. Ni neu, beti izan naiz euskaltzalea. Ez zen nazionalismoa ere, sentimendua baino. Seme-alaba bi izan nituen eta, alaba bakarrik izan zen artean, ez nuen izan problemarik. Aita-amaginarrebak, aitaita-amamak... euskara besterik ez zen egiten han. Gure etxean sekula berba erdi bat ere ez zen egin erdaraz; sekula ere ez! Gero ezkontza ere euskaraz egin genuen, Australian. Alaba jaio eta hiru urtera etorri zen semea, Javier. Eskolara hasi arte ez zen egon problemarik. Baina eskolara hasi zirenean, seme-alabak, biak eskola batera, mojetara, eta semea ingeles ikasten hasi zenean, euren artean ingelesez hasi ziren! Arraioa! Hortxe hasi ginen: «Javier, nik ez dot aditzen hori! Egin niri euskaraz, bestela sekula ez gara adituko eta».

Nola konpondu zineten?
Horrela ibili ginen denboretan. Hazi zenean, behin, kaina soroan gure Javier beste batekin batera lanean aritu ondoren etorri zenean, esan zidan semeak: «Aitte! niri soroan ez ekarri euskaraz ez dakienik, gero!». «Zer pasatu da bada?», nik. Eta berak: «Jose Larrazabalegaz joan naiz kotxean eta hark euskaraz ez dakienez, erdaraz bakarrik, nik ‘bai’ eta ‘ez’ esaten nion baina ez dakit esan didan ‘zu inozentea zara!’ eta esan izan balit, nik ‘bai’ igual esango nion!». Eta, berdin, handik aste batera Jose Larrazabal harekin tokatu nintzenean, honek atzera gauza bera: «Alberto, zure semeak gaztelaniaz badaki?», «Nik dakidala ez!» erantzun nion. «Horixe iruditu zait. Nik hau eta beste esan eta berak ‘bai’ eta ‘ez’ besterik ez zuen esaten, baina haren erantzunak ez zetozen bat nire diskurtsoarekin». Hori horrela.

Zuen semeak euskarari buruzko jarrera aldatu egin zuen gero...
Bai. Alaba zaharra, Amaia, hona etorri zen 17 urte zituela, 1972an edo. Pentsatu ze mugimendu zegoen orduan hemen gazteriaren artean! Gure alaba hori bete-betean murgildu zen hemengo giro beroan, eta euskarak zelako balioa zuen hemen konturatu zen! Eta aitak zertarako eduki zuen hainbesteko interesa seme-alabek euskaraz ikasteko! Eskutitza ere egin zion gure Amaiak Javierri. Hantxe esaten zion: «Javier, oraintxe konturatzen naiz aittak zer interes eduki zuen gugaz euskaraz egiteko etxean. Mesedez, hona ez etorri euskaraz ondo jakin barik!». Kitto! gehiago ez zen egon problemarik. Nire sermoi guztiak baino, alabaren lerro batzuk gehiago izan ziren!

Bizimodu gaitza zen kaina-ebakitzaileena?
Nire denboran ez. Lehenengoetan zertxobait, baina ez. Gaitza izan zen nire aita-amaginarrebentzat-eta, Mendioleako zaharrentzat-eta. Mendioleako mutilentzat ere bai, Antonio eta Rufinorentzat. Nik badakit horiek ere, eskolara joan baino lehen, zaldian jarri eta txotxopak, kainaren puntak, ebakitzen zituztela. Behar asko egiten zuten. Kainan lan egitea gogorra, jakina gogorra dena. Baina gogorrena, koadrilan beharrean eta, noizik behin entzutea: «Hemen seik kobratzen dabe, baina behar bostek egiten dabe!». Eta denek dakite noren gainean ari diren. Harmonia ez dagoenean da gogorra. Lehenengo emigraziokoen artean harmonia handia zegoen. Ondokoen artean... Anbekotarrek, esate baterako, agure zahar bat, Bereikua, euskalduna, hantxe edukitzen zuten, euskalduna zela eta! Hark berdin kobratzen zuen. Kainan, ahalegina egin behar zen. Norberak ahalegina egin behar zuen. Horixe baino ez zen eskatzen. Baina emigrazio berriek...

Endogamia
«Ahalegina egiten zuten handik etorri eta hemengoekin ezkontzen. Behin esan zidan andaluz batek, lehengusu-lehengusinekin ezkontzen ginela. Esan ere egin nion: 'Begira: ez gara siziliarrak! beti izango dira kasuak, baina zuk esan duzuna ez da egia!'. Elkarrekin gehiago fidatzen ginen. Modan zegoen! Australiako emakumeek behar egiten dute gehienek: independentzia ekonomikoa daukate. Ez badira gizonarekin ondo konpontzen, bigarren urtean edo bigarren hilabetean badoaz, beste batekin, batere problemarik gabe. Australiako gizonak eurak Filipinetara joaten ziren emakume bila: txikitxoak, beltzaranak, otzanak... senarren gustua egiteko listo beti. Australia bertako emakumea ez da horrelakoa. Nire semea ere Montevideon jaiotako batekin bizi da joan den hogei urtean. Neuk ere, egia esateko, nahiago izango nuen bertoko euskaldun batekin ezkondu izan balitz, baina bere gustua egin du eta ez dago problemarik!».

Bertsoa
Doinua: Sustarretik hasita

Euskal Herrian jaio
eta atzerrira,
Australia aldean
urtetako jira.
Berriz itzuli arren
zure sorterrira,
azkenean sustraiak
non gelditzen dira?

Nortasun agiria
Alberto Urberuaga. Kortezubiko Morgota baserrian jaioa, Australiako euskalduna. Emigrazioa galanki probatutako familiako kide. Aita Idahon eta Kalifornian ibilia. Albertoren anaia bat, makina bat urte Venezuelako petroliontzietan egina. «Gernika aldean ez dakit beste inor izango den hark baino urte gehiago egin duenik han». Beste anaia bat, frantziskotarra, mundu osoa ibili duena. Alberto bera, Australian. Arreba dute baserrian, landa-turismoari emana. Duela 16 urte itzuli zen Alberto Urberuaga Australiatik. Gaur egun Durangon bizi da euskaldunen emigrazioari buruzko lehen eskuko jakingarriak dituen gizona.

Bizente Balantzategi
«Gu Australian bizi ginela, Euskaldunen II. Mundu Biltzarra egin zen Parisen, 1956an uste dut. Jose Antonio Agirrek adiskide zuen gure anaia bat, Andres, frantziskotarra. Honek hari esan zion nola zuen anaia bat Australian, ni. Eta idazkia egin zidan Agirrek, biltzarra zela eta gastuak ordaintzeko, Australiako euskaldun bakoitzak libra bat emango ote zuen. Ez zen asko eskatzea! Bat ere ez zen gelditu eman barik. Gehienek, hori baino gehiago. Bizente Balantzategik, gurekin Australian bizi zenak, 200 eman zituen! 50na, senide bakoitzaren izenean: Bingen, Sabin, Miren eta Gotzone. Bizente zen nazionalista, baina benetakoa, eta zintzoa».


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude