"Alde hemendik" diote Basorako petrolio langileek


2005eko ekainaren 05ean
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Basoran, Irakeko hegoaldean, milioi bat biztanle dituen hirian, bilkura garrantzizkoa egina izan behar dute joan den asteburuan. Basorako Petrolio Ikastegian bi eguneko konferentzia zegoen antolatuta, petrolio arloko langileen sindikatuak deituta.

Mugimendu altermundialistan erreferentzietako bat den Focus on the Global South erakundearen gunean, titulu hau zeraman albisteak: "Basora Oil Union Organises Historic Anti-Privatisation Conference". Bertan iragarritakoa bete bada, Basorako Unibertsitateko sei irakaslek idatzitako sei txosten aztertuko ziren konferentzian. Naomi Klein eta Avi Lewis-ek Argentinako langabetu batzuek egindako okupazioaz burututako "The Take" filma ere emango zuten, Beiruteko Indymedia-koek itzulita. Eta atzerritik hainbat sindikalista eta pertsonalitate pasatuko ziren.

Deialdia egin duena Southern Oil Company Union da, Hegoaldeko Petrolio Konpainietako Sindikatua. Oso erakunde gaztea da: 2003ko apirilaren 9an sartu ziren ingelesak Basoran, eta hamabost egunen buruan antolatu zuten sindikatua petrolioko langile batzuek. Hassan Juma'a Awad da lehendakaria, eta honek "Truth Out" -«Egia aterako da», esango genuke euskaraz- gune aurrerakoian erantzun die David Bacon kazetariak egindako galderei. Baconen beste lan bat aipatu genuen Net Hurbil honetan 1.976. zenbakian, Mexikoko "maquila" sistema dela eta.

Hassan Juma'a Awad-ek bi arrazoi aipatu ditu sindikatua sortzeko. Batetik, okupazio indarrek agintea hartu zutenetik, langileek jende berriarekin negoziatu behar zutela. Eta bestetik, beldur zirela okupazioaren helburua petrolio industriaren kontrola hartzea ote zen. Basora inguruetan hasita, hego Irakeko 23 eskualdeetan barna hedatu zen mugimendua, eta gaur 23.000 langile biltzen omen ditu. Awaden hitzetan, deusetik abiatu behar izan zuten, Saddamen erregimeneko sindikatu ofizialista sistemarekin batera desegin zelako. Bide batez, berak dio Saddamen kontra ahalegin du zela borroka klandestinoan, eta Baath alderdiaren gobernuak xihitak zanpatu zituenean berak ere nozitu zituela ondorioak. Egia ote da? Focus on the Global South, Truth Out eta Baconek solaskide seriotzat daukate Awad.

Awadek beste artikulu batean idatzi duenez, okupatzaileek beren asmoak berehala erakutsi zituzten. "Tropa okupatzaileak erretiratu ziren eta laga zioten Basorako ospitale, unibertsitate eta zerbitzu publikoak erre eta ostutzeari, bitartean beraien lan bakarra petrolio ministeritza eta putzuak defenditzea baitzen. Orduan ohartu ginen aurrean geneukan indar basatia prest zegoela gure gainean esertzeko, giza sufrikarioari batere erreparatu gabe. Hasieratik ohartu ginen AEB eta bere aliatuak hona etorri zirela gure petrolio iturriak berenganatzera".

Petrolioaren pribatizazioaz kezkatuta

Sindikatu berriaren lehen gatazka soldaten kariaz izan zen, normala denez. Okupazio indarrek agindu bat atera zuten lanbide publikoetako jornalak ezarriz. Agindu honen arabera, langile batek hilean 60.000 dinar irabaziko zituen, 35 US dolar gutxi gorabehera. "Irakeko petrolio erreserbak munduko bigarren handienak dira. Eta gure buruari galdetzen genion ea nola zen posible petrolioko langileok hileko 35 dolar kobratzea. Administrazio amerikarrak ez zuen gurekin hitz egin nahi eta abuztuaren 13an greba hasi genuen. Hiru eguneko lanuztearen ondorioz, gutxieneko soldata 100 dolaretan ipini zuten. Eta bide batez, hortzak erakutsi genizkion gure lanpostuak bere pertsonalez bete nahi zituen KBR konpainia amerikarrari".

KBR hau Halliburton multinazional famatuaren adar bat da, eta bere lehendakariorde izan zuen Dick Cheney AEBetako defentsa ministroa. Harreman horrek hainbat kritika sutu zuen bazterretan. Askoz gutxiagogatik dimititu izan du agintari ugarik, baina Cheneyk izan du indarra putzu beltz horretatik onik ateratzeko. Irak inbaditu zutenean, amerikarrek KBRri eman zizkioten petrolio alorreko kontrata asko, eta konpainiak bertako langileak kanporatu eta berak ekarritako 1.200 nahi zituen ezarri. Sindikatuak horietatik 1.000 postu lehengo beharginekin osatzea lortu zuen, baina badirudi hauetako %70a gaur berriro langabezian dela.

Awadek esandakoekin jakin dute mendebaldeko sindikalistek Iraken oraindik ez sindikatuak eta ez greba eskubidea bermatuko dituen legerik ez dela; indarrean baitago biak galarazten dituen 1987ko legea. Egoera horretan harrapatuta daude Irakeko langile guztiak, eta azken istiluetako bat aipatzearren, Um Kasr-eko portuko langileei gertatu zaienaz mintzatu da Awad. "Kaieko langileek arazo asko dituzte. Portuko agintariak ez dira irakiarrak, horko agintea Amerikako Zamaketa Zerbitzuen erakundeak baitauka". Haiei mobilizazioetan laguntzera joana da berrikitan petrolio langileen sindikatua.

Southern Oil Company Union ez dago oraindik federazio baten barruan. Hiru sindikatu federazio daude Iraken. "Batean daude Irakeko Alderdi Komunista, Allawi-ren partidua eta alderdi nazionalista bat. Bestea independenteagoa da baina zenbait mugimendu erlijiosotako buruzagiak dauzka, Irakeko Iraultza Islamiarraren Batzordekoak. Hirugarrena Langileen Alderdi Komunistaren ingurukoa da. (...) Eta badira sindikatuak inongo federaziotan ez direnak. Gure aldetik, alderdi politiko guzti horiei botoa eman dieten kideak dauzkagu. Guretzako denak dira egokiak, Baath alderdia kenduta".

Iraketik datozkigun albisteak bi ataletakoak izaten dira: azken hauteskundeen ondorengo prozesu politikoa batetik, eta armada okupatzailearen eta erresistentziaren arteko gatazka armatua bestetik. Hauteskundeetan Awaden sindikatuak ez zuen inorentzako botorik eskatu, ikusi dugunez, eta denak eman zituen ontzat, botorik ez ematea barne. Okupazioaren kontrako gatazkari dagokionez, beren modura egiten dutela diote. Baina hau garbi utzita: "Pribatizazioaren kontrako borroka inportanteagoa izango da okupazioaren kontrakoa baino. Estatu Batuek Irakeko sektore ekonomiko oro pribatizatzeko asmoa baitute. (...) Guk arbuiatzen ditugu gure petrolioa eta natur baliabideak pribatizatzeko ahalegin horiek. Pribatizazio hau neokolonialismoa baino ez da, okupazio militarraren ondoren okupazio ekonomiko iraunkorra ezarri nahi duena".

Eta zer dio erresistentziaz? Honela deskribatu berri du Awadek The Guardian egunkarian Iraken bizi duten bortizkeria egoera: "Saddamen polizia sekretua gure etxeen teilatu gainetara igotzen zen gauez; okupazio indarrek orain gure ateak lehertzen dituzte egunez. Komunikabideek ez dute ikusten Irak birrintzen duen triskantzaren zati txikerra baizik. Gertatzen denaren egia publikatzera ausartzen diren kazetariak bahitu egin dituzte terroristek. Eta honek mesede egiten dio okupazioaren agendari, berak eragindako krimenen lekukoak eliminatzea duelako helburu".

Southern Oil Company Union-eko buruzagiak ez omen dira beldur, baina ba omen dakite edozer gerta dakiekela. Iturri onegia daukate eskuetan.

www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.


Azkenak
Putin eta Trump ostiralean bilduko dira, baina Zelenskik argi utzi du Ukrainak ez duela “lurralderik oparituko”

AEBetako presidenteak Ukrainarekin su-eten akordio batera iristeko ezarritako epea amaituta, Alaskan bilduko dira Trump eta Putin ostiralean. Bloomberg hedabidearen arabera, Errusia eta AEBak gerra "izozteko" plan bat prestatzen ari dira, Moskuk orain arte Ukrainan... [+]


Aldatu Gidoiak ere salatu du IB3 Balearretako telebistak gaztelerazko edukia areagotu dituela

IB3 telebista publikoaren neurria "katalanaren aurkako erasotzat" jo dute katalanaren normalizazioaren aldeko zenbait eragilek, eta "berehalako zuzenketa" eskatu dute. Zuzendaritza aldaketa izan da berriki kate publikoan, PP eta VOXen botoei... [+]


Amaya, altxor ia ezezagun hori

Zer: Euskadiko Orkestra

Zuzendaria: Diego Martin-Etxebarria. Easo Abesbatza

Zuzendaria: Gorka Miranda

Bakarlariak: Arantza Ezenarro, Gillen Munguía, Marifé Nogales, Lucía Gómez, Juan Laborería, José Manuel Díaz, Darío Maya, Luken... [+]


Sañu Bizirik: “Statkraft enpresari alfonbra gorria jartzetik, herri presioari esker udalak parke eolikoari helegitea jartzera igaro dira”

Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailak ingurumen baimena ukatu dio Piaspe egitasmoari, Statkraft enpresak Azpeitia, Zestoa eta Errezil artean eraiki nahi dituen errotek eta argindarra garraiatzeko azpiegiturek eragingo... [+]


26 urteko nafar bat hil da Pirinioetan

Russell mendian gertatu da ezbeharra, amildegi batetik jausita. Gaztea Iruñekoa zen.


Zarrakazteluko sutea perimetratu eta kontrolpean dute suhiltzaileek

Suhiltzaileek itzaltze lanetan jarraitzen duten arren, egonkortu dute kontrolik gabeko sutea. Espainiako Gobernuak larrialdi aurreko faserako plana onartu du, autonomia erkidegoen eta Espainiako Gobernuaren arteko komunikazioa hobetzeko; dena den, larrialdien kudeaketa autonomia... [+]


HAMABI URTEZ ETXEA EZKUTALEKU
“Zorte asko ukan dugu, eta bizitza interesgarria”

Marijo Louis paristarra da sortzez, 1977an heldu zen Miarritzera Euskal Herriko borrokek erakarrita. Josetxo Otegi zizurkildarrak 1983an pasa zuen muga Gipuzkoatik Lapurdira, Poliziatik ihesi. AEK-ko irakasle eta ikasle zirela ezagutu zuten elkar. 1986an, GALen atentatuen,... [+]


2025-08-12 | Mikel Aramendi
Zergatik halako muga-zerga AEBek Indiari?

Asteko albiste nagusietako bat izan da, zalantzarik gabe: ehuneko 50eko muga-zerga ezarri die Trump administrazioak Indiatik datozkien esportazioei. Brasilekin parekatuta, zerga estatubatuar astunenak pairatu beharko dituen ekonomia handia izango da, aldaketarik ezean,... [+]


2025-08-12 | ARGIA
GOMENDIOAK | Hiru disko fresko, gozatzeko

Goizegi Hiltzeko 
Ødei
Autoekoizpena, 2025
53 min.

Ulertzen nauten herrian ez da musika hau entzuten. Rap musikak akaso urte okerragoak izan ditu Euskal Herrian, baina oraindik ez da beste batzuen altuerara heldua. Denentzat ditu koplak Odei Barroso... [+]


Espainiako Gobernua Kanarietan dauden 827 asilo eskatzaile lekualdatzen hasi da

Auzitegi Gorenak martxoan ebatzitakoari jarraiki, astelehenean irletatik penintsulako adin txikikoentzako zentroetara lekualdatuko dituzte zortzi asilo eskatzaile. Gobernuak adierazi du adin txikikoen babes sarean integratzeaz arduratuko den etorkinen %90 maliar jatorrikoak... [+]


Getariako Salbatore jaietan emakume baten aurkako “eraso larri” bat salatu, eta egitaraua bertan behera utzi dute

Getariako txosnagunean eta Aian egin dute elkarretaratze isila. Jai batzordeak txosnak itxi zituen.


Gizon bat atxilotu dute Erriberagoitian beste bat hiltzea leporatuta

Gizona Bilorian (Araba) hil dute, ustezko hiltzailea atxilotu dute Añanan (Araba).  


Al Jazeerako bost kazetari hil ditu Israelek

Hildako kazetarietako bat Anas al-Sharif da, palestinarren genozidioa zerrendatik kontatzen dutenen artean ezagunenetako bat. Al Jazeera hedabideak adierazi du Israel errudun dela Gazako sarraskia barnetik azaleratzen duten kazetariak nahita hiltzeagatik, eta horrela sarraskia... [+]


Zarrakazteluko sutea kontrolatzeko lanetan jarraitzen dute suhiltzaileek

Larunbat gauean hasi zen sutea Zarrakaztelu eta Figerol lotzen dituen errepideko pinudi batean. Herritarrentzat arriskurik ez dago momentuz, gobernuak adierazi duenez. Gizakiek eragindako sutea dela jakinarazi du gobernuak.


Emakumeak gizonenak ziren lekuak hartzen

Bizikleta hartu eta errepidera ateratzeko gogoa. Olatu gainean surf egiteak zein sentsazio eragiten duen probatzeko irrika. Mendirik mendi ibiltzearen plazera sentitzea. Mendian, hainbestean, baina emakumeak ez du erraza izan gizonenak izan diren kirol eremuetan sartzea... [+]


Eguneraketa berriak daude