2.000 ARGIA: Nuklearrik? Ez...eta konstituzioa ere ez

  • Azkenean! Franco 1975eko azaroaren 20an hil zen. Baina aste batzuk lehenago Txiki eta Otaegi fusilatzeko denbora eman zion «urtetako bakea eman duen Buruzagia»ri. Trantsizio politikoa abiatu zen orduan eta Zeruko ARGIA berria euskal gizarteak urtetan isildutakoak ozen eta garbi esaten hasi zen: Presoak kalera! Konstituzioari ez!... Energia nuklearrari ere ezezko borobila eman zion gizarteak. Eta guardia zibilak Gladys del Estal hil zuenean negar egin zuen. Baita Amparo Arangoa torturatu zutenean ere. Poztu, egun oso batez, 24 orduz, irratia euskaraz entzuteko aukera izan zuen egunean poztu zen.

«Francisco franco Bahamondek, urtetako bakea eman duen Buruzagiak, izan beza izan bake bere betikotasun guztian» zioen 1975eko azaro bukaerako Zeruko ARGIAk «Juan Carlos Errege» izenburuko lanean. Ironia? Ala artean hilotza bero zegoelako beldurra? Aste batzuk lehenago Txiki eta Otaegirena argitara eman ezin eta barruan gorde behar izan zuten kazetariek tentuz jokatu zuten badaezpada. Hala ere, artikulu berean, Juan Carlos Erregek emandako lehen hitzaldiko promesak aipatu ondoren, Francoren ordezkoari eskaera bat egiten ausartu ziren: «Bete eta egiazta ditzala lehen bait lehen asmo hauek opa diogu Juan Carlos Erregeri. Eta haseratik sinesgarri gerta daitezen eman diezaiela espetxeratuei barkamen zabal eta orokorra eskatzen diogu umilki».

Eta umiltasuna kolore bihurtu zen

1976ko Zeruko ARGIAko lehen zenbakiak aldizkari formatua zuen. Eta koloretako azala! Eta umiltasuna hitz larri eta deiadar bihurtu zen. Ondorengo urtetan, irailaren 27a gerturatu ahala, Txiki eta Otaegiren irudi koloreztatuek azalak hartu zituzten eta mamia ere erruz eskaini zitzaien, bere garaian isildutakoaren ordainetan.

«Amnistia!», «Presoak kalera!» zioten titularrek eta presoak etxera itzuli ahala jarraipena egiten zitzaien. 1977ko amaieran, lentejuelaz jantzitako Elvis gizen eta dekadentea hil eta gutxira, Franzisko Aldanondo Badiola Ondarru azken euskal preso politikoa kalean zen. «Azkena?» galdetu zuen astekariak. «Azkena, esan dugu, baina beldurrez. Zoritxarrez hemendik aurrerako perspektibak ez baitira itxaropenagarriak». Erantzuna ondotxo ezagutzen dugu gaur.

Udalen eta diputazioen eraketa, autonomia, konstituzioaren erreferenduma... trantsizio politikoaren zurrunbiloan, euskarak ere kozkatzen zituen kazetariak. Eta, tarteka, poztu ere bai. 1976ko martxoaren 27an burutu ziren «24 orduak euskaraz». Loiolako eta Donostiako Herri Irratiak antolatuta egun osoz euskaraz emititu eta Anoetako Belodromoan jaialdi erraldoia egin zen. «Irratia pizten zen orduan pizten zela, euskaraz ari zen -zioen kronistak-, gauerdian eta goizaldera, eguerdian eta arratsaldean irratiaren ondoan zen jenderik bazen. Bakoitzak bere barruan eta bere etxean sumatu zuenaren barri jakitea ez da erraza. Batek baino gehiagok negar egin zuela, badakigu jakin, halere».

Ubelduen kolorea

Batek baino gehiagok negar egin zuen, halaber, handik gutxira, 1976ko maiatzaren 2an, euskal prentsaren historian lehen aldiz, barruko orrialde batzuk ere kolorez inprimaturik ikustean. Baina ez zen pozak eraginda izan. Kolorea Amparo Arangoak guardia zibilen eskuetan jasandako torturen gordintasuna erakusteko erabili baitzen. Amparo apirilaren 23an atxilotu zuten Leitzan, handik Tolosako koartelera eraman zuten, ondoren Leitzako medikuarengana eta handik ospitalera. «Penaz beterik argitaratzen ditugu argazki hauek» zioen Zeruko ARGIAk «Maria Amparo Arangoa Satrustegi zauritua» titularpean. «Baina egiari zor gatzaizkio, egiak askatu bait gaitu. Egia garratza, egia mingarria da oraingo hau». Eta testuaren inguruan, Iruñeko Virgen del Camino ospitalean ateratako argazki ikaragarriak. Eta guztia, aurreko hilabetean, martxoaren 3an Gasteizko katedraleko langileen hilketa gertatu ondoren. Goibel zegoen giroa.

Eguzkiak negar egin zuenekoa

1976ko maiatzaren 12an 108.000 tona petrolio zeraman Urquiola ontzia hondoratu zen A Coruñako kostan. Bi hilabete beranduago, Italiako Seveson, Milanetik gertu, dioxina ihes batek sekulako hondamendi ekologikoa ekarri zuen; 15.000 pertsona kaltetu eta milaka animalia eta landare hil zituen. 1978ko martxoaren 16an Amoco Cadiz petroliontziaren txanda izan zen; Bretainako kosta parean hondoratu zen eta zeramatzan 230.000 tona petroliotik 80.000 itsasora isuri zituen. Handik urtebetera, 1979ko martxoaren 28an, AEBetako Harrisburg-en Three Miles Island zentralean ordura arteko istripu nuklear larriena gertatu zen. Urte bereko ekainean milioi erdi tona petrolio isuri ziren Mexikoko Golkoan.

Eta Iberduerok Hego Euskal Herriko kostan lau zentral nuklear ipini nahi zituen! Ez da harritzekoa urte haietan mugimendu ekologistak zabaldu ziren bezala zabaltzea. Hain zuzen, Zeruko ARGIAk, koloretako bere lehen zenbakian 1976ko lehen egunetan, zentral nuklearren gaiari eskaini zion azala, Lemoizen eraikitzen ari ziren zentralaren argazki eta guzti.

Hamarkadaren amaieran gaia berriro titular nagusietara itzuliko zen, zoritxarrez. 1979ko ekainaren 3an zentral nuklearren aurkako protesta ekitaldi baketsua antolatu zen Tuteran. Baketsua, harik eta Jose Martin Salas guardia zibilak tiro egin eta balak Gladys del Estal donostiarrari buruan jo zion arte. 24 urte zituen komite antinuklearretako kideak. Ordurako euskal herrietako kaleak eguzki antinuklear hori-gorriaren irudiz josita zeuden. Gladys hil zutenean, haietako askori irribarrea alderantziz ipini zioten, eta begietan malkoak margotu. Eta Lemoiz gelditu egin zen.

Oporretarako gogoa?

Gogorra izan zen hamarkada eta ahaleginez eta ilusioz betea. Batek baino gehiagok merezitako oporrak hartuko zituen 1979ko uda hartan, eguzkipean kolore pixka bat hartzeko irrikitan. Baina batek baino gehiagok beharbada planak aldatzea erabakiko zuen Koldo Izagirrek eta Ramon Saizarbitoriak Oh Euzkadi! sailean idatzitakoa irakurri ondoren. Zurikeriarik gabe, baina seguruenik zuri-zuri amaitu zuen idazle bikoteak hamarkadako azken uda, sandinistek Nicaraguan boterea eskuratu zuten uda hura.

Nortaz fida? (Julen Kalzada. Zeruko Argia, 813. zenbakia, 1978ko abenduak 24)

Espainiako konstituzioa onartzen genuen ala ez galdetu ziguten hego euskaldunoi, joan zen abenduaren seian.
(...) hego Euskadiko maioriak, bada, errefusatu egin zuen Konstituzio Espainola. (...) Hala ere, inork ez dio kasurik egiten Hego Euskadiko Herriari. Hego Euskal Herriak esan duena inork ez du entzuten edo ez du entzun nahi.
(...) Alderdi abertzaleak ere bide berdinetik abiatu dira. Parlamentari abertzaleentzat ere Konstituzio Espainolaren teilatua da Estatutoaren gorenengo muga. Eta, funtsean, arrazoi berdina jartzen dute: Euskadi independiente izatea nahi dugu guk; baina Madrile eta bere indar faktikoak hor daude. Horren aurrean ez dugu beste erremediorik beren esanetara burua makurtzea baizik. Laburrean hauxe esaten dute hala Bandresek eta Monrealek nola Arzallusek eta bere kideek.

Zerukotik ARGIAra. 1976-81 bitarteko zerukotarren zerrenda osatze aldera (Elixabete Garmendia. 1975ean hasi zen Iruñean inprentako zuzentzaile lanetan eta 76tik 80ra Zeruko ARGIAko erredakzioan jardun zuen, azken urteetan zuzendari bezala.)

"Begiak itxiez gero Elixabete, Pilar eta Lourdes ikusten ditut, Donostiako hiru neska argiak, eta Ermiñe, eta Iñigo, eta Josemari, eta Txema, eta Felix, eta Bixente Ameztoi".
(Akordatzen, Joseba Sarrionandia)

Erreleboka aldatzen doan ekipo zabalaren gisa ageri da (Zeruko) ARGIA denboraren joanean. Guri 1976tik 1981erako tartea suertatu zitzaigun; Atxaga, Amatiño eta konpainiari hartu genien txanda, eta gure ondoren Ostolaza eta Zumalabek lideratu zuten taldea etorri zen. Aldi ezberdinetako kazetari, idazle eta gainerako langile eta kolaboratzaileak gainjarri egiten dira ordea, batez ere bi muturretan. Ondoko zerrendan ezin denak sartu, eta horrela, ez daude adibidez jakinekotzat eman behar diren izen batzuk -Xabier Lete, Ibon Sarasola, Txillardegi...-. Baina daudenak nor izan ziren, ziur, Zerukotik ARGIArako saltoa egin zen sasoi hartan.

Zumalabe, Joxemi: hurrengo taldearekin zubi egin zuen bi zutabeetako bat. L. Bastida sinatzen zuen erreportaje eta elkarrizketetan. Hasi, maketajean eta marrazkigintzan hasi zen.

Zubiria, Pello: musikako kronikak eta kritika zorrotzak eginez estreinatu zen, Artaso goitizena erabiliz.

Xalbardin, Joxe Mari Ostolaza. Publizitateko arduradun gisa ageri da 1978ko hasieratik. Berehala ekin zion artikuluak idazteari eta ko-erreportaritzari. Joxemirekin batera, ARGIAren salbatzaile 1981etik aurrera.

Velez de Mendizabal, Jose Mari: Mendiaga goitizenez ezagunagoa idatzietan. Arrasateko berriemale hasieran, artikulugile gisa birziklatu zen gerora.

Valverde, Karlos: Valverdetarren sagakoa, familiaren ofizioari jarraipena eman zion nolabait Zerukon, maketagintzan aritu baitzen.

Urrujulegi, Jon: artikulugilea, batez ere politika sailean. Ez zuen zuzentzailerik behar.

Uria, Iñaki: EUTGko filologia ikasleetako bat, laster artikuluak eta erreportajeak egiten hasi zena, bakarrik nahiz L.Bastidarekin adibidez.

Ugarteburutarrak: Antton administrazio arduraduna izan zen, bere ama Pepiri erreleboa hartuz. Aita, Iñaki, batzen zitzaien, aldizkaria, astero, harpidedunei bidaltzeko prestatu behar zenean.

Txema Larrea: kartzelatik hasiko zen idazten eta irten ondoren, Iruñetik, nafar aidea ekarri zuen basauriarrak. J. L. Aiala ere bera zen.

Tororo: grafista, marrazkilaria, zenbait azalen egilea... Izen-abizenik sekula ezagutu ez diogun artista.

Sarriona(i)ndia, Joseba: kredituetan beti darama soberako i hori. Goitizen batzuk erabili zituen hasieran -Joseba Basarte, Jose Angel Garaizar...-. Garaiko filma gogoangarrienen kritikak idatzi zituen, besteak beste.

Saizarbitoria, Ramon: aspaldikoa zen Zeruko Argian, baina arrastorik nabarmenena 1977-79 urteetan utzi zuen, Koldo Izagirrerekin batera "Baietz astea gaizki bukatu" eta "Oh! Euzkadi" sailak eraman zituenean. Juanba Berasategik egiten zizkien marrazkiak.

Rufino Iraola: bertsoen mundutik abiatuta, orotariko kolaboratzaile bilakatu zen.

Rotu: Karlos Astrain. Debako Arte Eskolatik zetorren, eta diseinuari astindu berritzailea eman zion. Beraren bidez ezagutu genituen letrasetak. Telebistako errealizazioan aritu zen gerora -Jaun eta Jabe- harik eta minbiziak eraman zuen arte.

Reizabal, Gorka: Pato ezizenaz ezagunagoa. Zerukon izen ofizialaz ageri da beti, zuzendari nahiz zuzendariorde gisa, kazetari titulatua baitzen.

Pilar Iparragirre: Sarrionandiaren "hiru neska argi"etako bat. Urbiakoa izatez, Bartzelonan kazetaritza ikasia, makinako teklei txinpartak ateratzen zizkien, eta bere erreportaje batzuek sua pizten zuten harpidedun tradizionalen artean.

Olariaga, Antton: kredituetan aurrenengo ageri den marrazkilaria. Hormasprayko eta Mozorrozko-Prekontseilari Maskaratuari eman zien bizia, eta horien bidez Trantsizioaren historia marraztu. Azal asko eta zenbait karteletan ere utzi zuen sinadura eta eskua.

Otaegi, Luis: argazkilaria, erreportaritzari beti ukitu artistikoa ematen ziona. Bihotzekoak jota hil zen, sasoi betean.

Ormazabal, Txema: Ormazabaltarren sagako argazkilaria. Orain irakaskuntzan dabil.

Okendo, 22: ate ziztrin batetik sartu, paketez betetako pasilo ilun batetik pasa eta... erredakzioan zeunden! Bistak patiora. Milagroz, ez zen inor galtzen bidean.

Nemesio Etxaniz: Mikel Atxagari bisitan etortzen zitzaion, kontu batzuk esatera. Sotana beltzaren azpian ezkutatzen zuen borrokalari izaera nekaezina.

Miren Jone Azurza: utzita zeukan Zeruko Argia ordurako, baina haren kazetari tituluaz baliatu zen astekaria urtetan.

Mariano Ferrer: honek ere bere kazetari titulua utzi zuen informazio orokorrerako baimena lortzeko. Abenidako ertzean zegoen Rosiren Kioskoko bezeroak ginen hura eta gu.

Lurdes Auzmendi: beste "neska argi"etako bat. Iparraldean errefuxiatuta egotetik zetorren eta kaosean ordena apur bat jartzen saiatzen zen. Ataungo larre motxekoa izan, eskuartetik barra-barra ateratzen zuen lana.

Loubet, Kepa: argazkilaria ordu libreetan, gerora Telebistan argiztatzaile.

Larrarte, Enrike: marrazkilaria. Hitz gutxikoa, bere pertsonaiak mutuak ziren beti eta, hala ere, oso ondo ulertzen zitzaien.

Landa, Josu: EUTGtik etortzen hasi ziren ikasleen gidaria, ordurako Susa aldizkaria sortzen. Jexux Ijurko izenez sinatzen zuen batzuetan.

Ladix Arrosagarai: Astema. Mikel Iribarren Xinaberrirekin batera, Iparraldeko berriemale, beti zirirako prest bata zein bestea, kroniketan nahiz zuzenean.

Karlos Arguiñano: Joxemik fitxatu zuen sukaldaritzaz idatz zezan. 1979ko ekainean estreinatu zen errezeta honekin: "Hontoekin (sic) betetako piperrak". "Gladys" izena jarri zion plater horri, Gladys del Estalen omenez.

Kaltzada, Julen: "Oinarrizko euskara" atalean idazten zuen, huntaz eta hartaz.

Jose Luis Alustiza: zuzentzaile gisa ziharduen, eta ingeniari burua lehertu beharrean jartzen zitzaion askotan ulermenaren eta txukundadearen bila.

Itxaro Borda: Nafarroa Behereko bazterren batetik bertso ikaragarri sentituak bidaltzen zituen. Emakume bakarra bertsoen atalean. Artean ez zeukan libururik argitaratuta.

Iñigo Lamarca: zuzentzaile jardun zuen uda batez, Santo Tomas Lizeoko ikasle aurreratua zela. Gero artikulugile gisa jarraitu zuen.

Herrietako berriemaleak: Eibarko Odile Kruzetarengandik hasi eta Baztango Mariano Izetarenganaino, tartean Juanjo Uria hernaniarra edo Murumendi -Andoni Sarriegi- beasaindarra. Gehienek izenordea erabiltzen zuten eta egunen batean argitu beharko da nor zen nor.

Hernandez Abaitua, Mikel: EUTGko filologo taldekoa. Panpinen erreinua liburuaren berrargitalpeneko epilogoan berak ezagutu zuen Zeruko haren argazkia atera du.

Garmendia, Xalbador: idatzizko zuzentzailea ezezik, ahozkoan ere egiten zituen zuzenketak, adibidez Eúskadi esan behar zela eta ez Euskádi. Egin sortu zenean, hara aldatu zen.

Felix Ibargutxi: edo Migel Otermin. Iruñean, oso tandem ona egiten zuen Txema Larrearekin. Gerora ere landuko zuen erreportaritzaren zantzuak hartzen zitzaizkion.

Ezeiza, Kaietano: Kaputxinoen ordezkaria, aldizkariaren jabeekin zubi egiten zuen, diplomazia kupidarik gabe erabiliz. Bere anaia Agustinek berpiztu zuen Zeruko Argia 1963an.

Estepan Aldamiz-Etxebarria: praka piraten aitzindaria, udan etortzen baitzen, Madrilen kazetaritza ikasten zebilela. Berak eskuratu zuen gerra aurreko Argiaren mantxeta Zeruko Argia kooperatibarentzat.

Ermiñe Madariaga: Madariagatarren sagakoa; Iparraldeko berriemale gisa, kronikak ezezik, hango exotismoa ere ekartzen zuen Okendo 22ra. Kukusu sinatzen zuen.

Donato Unanue: Zeruko Argiako gerente izatetik Egin sortzera pasa zen, beti ere kudeaketa lanetan.

Bixente Ameztoy: puntako pintorea ordurako, bere ikuspegi surrealista aplikatuz guk emandako gaiei, azal antologikoak konposatzen zituen.

Balere Bakaikoa: ekonomista, esparru horretako artikuluen monopolioa izan zuen urtetan, Gurutz Ansolari erreleboa hartuta. Seguru asko ARGIAren kolaboratzaileetan dekanoa.

Atxaga, Mikel: kredituetan "buruzagi" gisa ageri da aldi batean, eta horixe da ongien doakion definizioa Zeruko Argian. Faktotuma. Herrizale oinezko kazetaritza egiten zuenean. Felipe Gonzalezen prentsaurreko batean galdera bat euskaraz egitera ausartu eta iskanbila sortu zuen.

Arturo Delgado: Arturo el del Puro, azkenaldian sinatu ohi zuen modura. Argazkilari-erreportariaren paradigma, beti kalean zersuma, kamera aldean zuela. Bohemioa eta jeniala.

Amatiño: "Zenbat gara" eta "Bulebar irekia" ataletan, nahiz erreportaje eta elkarrizketetan, artikulugileetatik kazetarietarako urratsa egin zuen.

Ansorena, Jokin: Muxikina taldekoa, Santo Tomas Lizeoko ikasle zela hartu zuen sortzaile gazteenei zuzendutako "Zirrikitutan" atalaren ardura.

Aleman Amundarain, Josemari: marrazkilarien taldekoa. Pinturatik zetorren eta hemen eman zuen kazeta-ilustraziorako saltoa. Anaia, Gotzon, "Sortzaileon horrialdea" (sic), gero "Zirrikitutan" izeneko atalen arduraduna izan zen.

Bizirik behar genuen (Egia hauzoko bere lagunak. Zeruko Argia, 833. zenbakia, 1979ko ekainak 10)

-Haizak txo! Tuteratik deitzen diat... Gladysi tiro bat jo diote.
-Zauritu asko izan al da? Nola izan da dena? Haizak, zer moduz zegok Gladys?
-Gladys?... Gladys hila zegok... buruan jo dio tiroak.
Gladys nire laguna hila. Orain dela ordu bete Gladys hil dute. Guardia Zibilak hil du Gladys.
(...) Bere aurpegi zuria eta betaurrekoen atzetik begirada bizia. Urrutira begiratzen zekiena. Lasaitasunean erradikala. Gauzen sustraietara iristen zekielako erradikala. Bere ahots ixil harekin ezer esatera ez zihoala zirudienean to! azterketa xamur eta sakona. Eta Ilusioa. «Bai, igande berean esaten zidan kontentu zegoela oraindik ilusioa sentitzen zuelako». Eta depronto errabia. Kriston errabia.
(...) Hik maite hituen landare eta loreak hazi daitezela eta beren osto tartean estutu hire hiltzailearen birika madarikatuak! Akatu arte! Loreak ximeldu dira oraintxe! Hire eguzkia malkotan ikusi dinat Donostiako hormetan.
Bai, eta multinazionalak izan dira, bai! Eta gobernua izan da, bai! Eta kapitalistak, noski! eta mitrailetaren atzean zegoen guardia zibil gizarajoa, ai, bai, bai!
Eta azkenean... bost karajo! eta Gladys hila. Ai!
Orain ezin ahaztu... Baina bizirik behar genuen.

Elvis, Urrezko jostailua (M. Tejeria. Zeruko Argia, 751. zenbakia, 1977ko irailak 11)

Mugimendu baten buru zen Elvis Presley. Gazteriaren irudi eta sinbolo zen. Baina formula huts bat bakarrik. Zeren eta industria zegoen tartean. Kantaera beltza eta zuria; baina zurien eraginpean.
Estatuak argi ulertu zuen noraino eraman Presley. Noraino eraman gazte inozoaren irudia. Beraz, urrezko jostailu merkea asmatu zuen. Eta diru asko emango zuen jostailua.

Zaindu bihotzok (Ramon Saizarbitoria / Koldo Izagirre. Zeruko Argia, 839. zenbakia, 1979ko uztailak 22)

Bazoazte eta ondo joan. Eta ez ahaztu hortzak garbitzeko zepiloa, eta ondo gorde dirua. Gogoan hartu Niveak bigotea hazarazten duela eta haurrak mareatzen direnetakoak badira ez abusatu Biodraminarekin. (...) Telefonoaz ahaztu eta besterik gabe atseden aldi bat hartu nahiean Auñamendira pake bila zoaztenok, eta hain zuzen ere pakez haseturik Bartzelonara gerra bila zoaztenok, aurkitu ditzazuela behar dituzuen gerra eta pakeak.
Zibilizazioaren biktima zaretela esan behar genizueke, ehuneko ekis mordo bat bide ertzean geratuko zaretela seko, ekis zabalago batek udarako litis ohizkoak sofritu beharko dituzuela eta beste batek dermatitis desagradableak sorbalda inguruan eta beste parte batzutan Bartzelonara eta Marruekosera zoaztenok, ikustera limitatzen ez bazarete behintzat, eta ez duzuela dohainik ligatuko, ezetz, etxean ligatzen ez duenak ez duela kanpoan zer ligaturik eta magnetofoia lapurtuko dizuetela.
(...) En fin, zuek ez ahaztu ezer eta gozatu ahal duzuen bitartean. Autoa berotzen bazaizue geratu kulataren junta erre gabe, beste berotasun batzuetarako egia da hor zehar prezioak hobeagoak direla. Zin egiten dizuegu ez dugula eguzkirik hartuko eta zuek itzultzerako txuri txuri egongo garela, horrela behintzat han zuen azal morenoen kolore kontrasteaz gozatu ahal dezazuen. Zaindu bihotzok.

Azkena? (Editoriala. Zeruko Argia, 765. zenbakia, 1977ko abenduak 18)

Ondarru irten da. Alleluia, alleluia. Azken euskal presoa kalean da. Borroka luze batek lortu du hori. Euskal Herriak bozkarioz ospatu du bere aspaldiko ametsa. Baina arantzik gabeko arrosarik ez da. Poz mingotsa irensten du Euskal Herriak, poz ozpindua.
(...) Euskal erriaren kontra dauden indarrak ez daude lo. Borrokalari zaharrak, maltzurrak eta dirudunak dira gainera, asko eta asko. Aurreautonomia atzeratzen ari da. Diputazioak eta udaletxeak frankistaz beterik daude.
(...) Demokrazia bidean motel goaz, baina bagoaz aurrera. Baina diktadura garaian zutik jarri zen zenbait habe ez dira sendotzen ari, zoritxarrez. politikan diharduen abertzale asko erdaraz mintzo da hitzaldietan eta batzarretan. Herriaren ordezkaritza hauteskundeetan hartu duten parlamentariek euskara ikasteko ahalegin gutxi egiten dute. Euskal Kontseilu Orokorreko lehendakaria euskararik ez dakiena izan daitekeela pentsatze hutsak hotzikara ematen du.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude