Mendiko korrikalarien atzetik

  • Mendizaletasuna indartzen ari den kirol jarduera da Euskal Herrian. Mendi inguruetan gero eta jarduera gehiago antolatzen dira; mendi eta bizikleta martxak, lasterketak eta abar. Horien guztien artean bada jarduera mota bat tradizio zabala eta izen handia dituena: Iraupen Luzeko Mendi Martxak. 8tik gora ordu, 40tik gora kilometro eta 1.800etik gora metro desnibel. Horiek dira Euskal Herriko mendizaleen erronka nagusi bilakatu diren mendi zeharkaldien ezaugarri nagusiak. Oinarrizko tresnak, berriz, mendiko botak, prestaketa fisiko ona eta zaletasuna.

2005eko maiatzaren 29an

Euskal Herriak betidanik izan du mendiarekiko atxikimendu berezia. Maitasun eta erakarpen sentimendua. Euskal Herriaren historia liburu orotan daude jasota euskaldunek mendian eta mendiei egindako argazkiak. Antzinako zaletasun horrek bilakaera bat izan du, mendian ibili ez ezik, gaur egun, kirola ere egiten baita horren aitzakian. Mendi lasterketak egiten dira, oinez nahiz bizikletaz, baita zaldiz ere. Eskaladak ere eman du berea eta horren harira, makina bat mendi-inguru eskalatzaileentzat egokitu da.

Baina antzinako mendizaletasunari ondoen eusten dion jarduera Mendi Martxen inguruan sorturikoa da. Hango eta hemengo elkarteek mendi ibilbideak antolatzen dituzte, tontorrak igo eta paraje berriak bisitatu nahi dituztenentzat. Eraldatze prozesu horretan etorri dira egungo Iraupen Luzeko Mendi Ibilaldiak. 8tik gora ordu, 40tik gora kilometro eta 1.800etik gora metro desnibel. Mendizaletasunari egindako erronka bat da, ezbairik gabe, egunetik egunera zale gehiago erakartzen dituena.

Euskal Mendi Federazioak kudeatzen ditu elkarte asko eta horien bitartez egutegi zabala du mendi ibilaldien inguruan. Aurtengo ibilaldi batzuk igaro dira dagoeneko, baina aurrera begira egutegian badira beste hainbat aukera. Horien datak eta lekuak www.mendikoweb.com-en kontsulta daitezke.

Prestaketa, oinarrizko faktorea

Euskal Mendi Federazioak arautzen ditu herriko elkarteek antolatzen dituzten mendi zeharkaldiak eta horren harira, 17 artikuluko araudi bat egin du. Federazioak lagundurik herriko elkarteek antolatzen dituzten mendi-martxa guztietan ematen dituzte gomendioak antolatzaileek.

Zortzi ordutik gorako mendi zeharkaldiak egin nahi dituenak prestaketa fisiko egokia behar du izan. Horretarako, korrika eta bizikletan ibiltzea oso da gomendagarria, birikak eta bihotza lantzen direlako. Horrez gain baina, ezinbestekoa da mendian esperientzia izatea. Material askotarikoa aurkituko du gaur egun mendizaleak. Ez da erraza izaten, ordea, ordu askoko ibilaldi baterako egokiena aukeratzea. Zapatila arinak baino egokiago izaten da mendiko botak erabiltzea, zola hobeto atxikitzen zaiolako lurrari. Arropa erosoa eta malgua janztea komeni da gainera. Elikadura zaintzea ere garrantzitsua da, karbohidrato askoko jakiak jan eta egarria izan aurretik edatea, besteak beste.

«Hiru Handiak», klasiko bat

Euskal Mendi Federazioak barne hartzen dituen elkarteek makina bat mendi ibilaldi antolatzen dute urtean zehar. Horien guztien artean 1987tik Manuel Iradier Elkarteak bi urtero antolatzen duen «Hiru Handiak» da ospetsuena. Euskal Herriko hiru tontor nagusiak (Anboto, Gorbea, Aizkorri) lotzen dituen oinezko mendi-ibilbide honen ezaugarriak hainbat dira: tradizioa, erakargarritasuna eta zailtasuna, besteak beste.

Hiru Handiak tradizio luzeko mendi-ibilaldia da. Kantaurialdeko eta Mediterraneoko urak banatzen dituzten mendiak elkartzen ditu eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lurrak zeharkatzen ditu, ekialdean hasi eta mendebaldean amaituta. Orain dela urte asko euskal mendizaleek banaka nahiz taldeka ekin zioten Euskal Herriko hiru gailur gorenak oinez lotzeari. Hamar urtez, 1987tik 1996ra urtero egin zen, eta hortik aurrera bi urtean behin. Horrez gain, 2000. urtean mendi lasterketa ere jarri zen martxan, jendearen eskaera handiari erantzuteko asmoz.

100 kilometroko ibilbidea da eta gutxi gorabehera 9.800 metroko desnibela du. Zailtasuna beraz, agerikoa da. Mendi pikoak igotzeak ez ezik, tarteko paisaia ederretako malda eta jaitsierek ere nekagarri egiten baitute txangoa. Horregatik, Euskal Mendi Federazioak beti ohartarazten ditu parte-hartzaileak, ongi prestaturik egon ezean atsegin eguna infernu bilaka baitaiteke. Ildo horretan, galarazita dago 18 urtetik beherako gazteek parte hartzea.

Erakargarritasuna ere berezkoa du martxa honek, Euskal Herriko hiru gailur nagusiak lotzen dituelarik, mendiaren gogorra eta ederra uztartzen baititu. Askotariko basoak, pasabide arrokatsuak, belardi zabalak eta ertz zorrotzak igaroko ditu oinezkoak.

Korritzeko gomendioak
Iradier Elkarteak honako gomendio hauek ematen ditu «Hiru handiak» ibilbidea egiterakoan, baina orokorrean baliagarriak izan daitezke korritu nahi duen edonorentzat:
- Eguraldi beroa eta lehorra egiten badu, hornidura guneetan ura hartu, ibilbideko iturri asko lehortuta egon baitaitezke.
- Euria egiten badu eta lurra labaina badago, neurriak hartu behar dira eta gauean arretaz ibili behar da.
- Behe-lainoa egonez gero, komeni da taldeka ibiltzea, bidearen berri dakitenekin ahal dela.
- Parte-hartzaileek kontrolguneetatik igaro behar dute. Hornidura guneetatik igarotzea ere gomendatzen da elkartekoek zenbaketa egin dezaten.
- Ibilbidean zehar eta amaieran mediku laguntza egoten da. Sorosleen patruilak ere martxan zehar egoten dira sakabanatuta, guztiak erreskate taldeari lotuta.
- Elikadura eta hidratazioa oso garrantzitsuak dira iraupen luzeko ibilaldietan. Oro har: gosea izan aurretik jatea eta egarria izan aurretik edatea komeni da.

Mikel Garaikoetxea, Euskal Mendi Federazioko Mendi Martxen arduraduna: «Zenbaitek, oraindik, gomazko abarkekin egiten ditu "Hiru Handiak" eta antzekoak»

Iraupen luzeko mendi ibilbideek izandako bilakaeraren berri zehatzago jakin nahi izan dugu. Horretarako, Mikel Garaikoetxearengana jo dugu. Zeharkaldi hauen erakargarritasunaz mintzatu zaigu baina prestaketak duen garrantzia azpimarratu nahi izan du.

Iraupen luzeko martxek, zergatik dute hainbeste arrakasta?
Kirol guztiak bezala iraupen luzeko martxak helburuak dira eta jendea goraka joaten da, bere burua neurtzeko. Bat ondo bukatuz gero eta giroa gustatuz gero aurrera egiten da. Nahiko giro estresagarria izaten da, jendea forma onean egon eta azkar joaten delako. Bestela giro ona izaten da, askok jada elkar ezagutzen du.

Nolako prestaketa behar da horrelako proba batean parte hartzeko?
Oso kontu zabala da prestaketarena. «Hiru Handiak» egin nahi dituenak aurretik asko aritu behar du, iraupen luzeko dozena erdi bat martxa egin behar ditu gutxienez. Energia, abiadura eta elikadura kontrolatzen jakin behar du. Horrez gain, bestelako kiroletan aritzea ere funtsezkoa da, bizikletan ibiltzen denak esaterako, bihotza eta birikak sobera prestatuak izango ditu. Hidratazioa ere ondo zaindu behar da, karbohidratoak eta proteinak hartuta. Jende askok ez daki oinetakoak erosten eta horiek ongi lotzen. Oinetako egokiak eta erosoak behar dira. Jende askok zapatilak erabiltzen ditu baina nik beti aholkatzen dut botak janztea, hain arinak ez izan arren lurrari lotzeko marrazki sakonak behar direlako. Orpoak ongi lotua behar du oinera eta botak ez dira osoa handiak izan behar, puntan zentimetro bateko lasaiera komeni da. Askok ezetz uste badu ere, psikomotrizitatea erakutsi egiten da, nola ibili behar den, nolako gorputz-jarrerarekin…

Zein alde dago lehengo mendizaletasunaren eta egungoaren artean?
Esperientzia handiena duten elkarteak Donostiako Club Deportivo Fortuna eta Tolosako Aralarreko Adiskideak dira. Horiek hasi ziren antolatzen eta ikusi beharra dago hasieran, orain dela 20 urte, zenbat jendek hartzen zuen parte. Gaur egun gauza gehiago dakizkigu, moda bat ere badelako. Horrez gain, oinez ibiltzea positiboa da gorputzarentzat, eta maila horretan aritzen direnek ezin dute utzi, ongarri ikaragarriak ematen ditu, osasun iturria delako. Garai batean ateratzen zirenek txorizoa jan eta kafea eta garagardoa edaten zituzten indarra hartzeko. Gaur egun medikuntzan eta ekipoan laguntza eta aurrerapen handiak egin dira baina zenbaitek, oraindik, gomazko abarkekin egiten ditu «Hiru Handiak» eta antzekoak.


ASTEKARIA
2005eko maiatzaren 29a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#5
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Azkenak
Uztailean hasi nahi du Erresuma Batuak migratzaileak Ruandara deportatzen

Rishi Sunak lehen ministroak jakinarazi du deportaziorako "baliabideak" prest dituela "legez kanpoko migratzaileak" kanporatzeko. Auzia etenda dago Auzitegi Gorenaren erabaki baten eraginez, baina parlamentuak Sunaken lege bat onartu berri du horren gainetik... [+]


Eguneraketa berriak daude