2000 ARGIA: Irail beltzak... eta eguberri nahasiak

  • Irail Beltza talde palestinarrak 1972ko Municheko Joko Olinpikoetan Israelgo atletak bahitu zituen. Emaitza: 11 israeldar eta 5 palestinar hilik. Hurrengo urteko iraila ere beltza izan zen Txilen, Dorre Bikien itzalean zokoratua geratu den beste irailak 11 horretan Pinochetek estatu kolpea jo baitzuen Salvador Allenderen gobernuaren kontra. Jon Mirandek ez zuen iraila aukeratu zulo beltzean amiltzeko; 1972ko Eguberrietan egin zuen bere buruaz beste. Bi urte lehenagoko Gabonetan erabaki zuen Francok Burgoseko prozesuan heriotz zigorrera kondenatuak zeuden etakideak indultatzea; Eguberritako espiritua ala nazioarteko presioa? Carrero Blancok ere 1973ko Eguberritako atarian hartu zuen bere hegaldi ezaguna opari. Hainbeste heriotzen artean Portugalen krabelinak erabili zituzten salazarismoari amaiera emateko. Bitartean, gurean krabelinak bezala baino perretxikuak bezala ugaldu ziren ikastolak, erakunde politiko eta sindikalak eta kultur elkarteak.
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Brasildarrek samba dantzatzen hasi zuten 70eko hamarkada, euren futbol selekzioak, Pele handia buru, Mexikoko Munduko Kopa irabazi baitzuen. Jimmy Hendrix eta Janis Joplinen zaleek, aldiz, negarrez, Woodstock-eko izarrak heroinak banan bana nola itzaltzen zituen ikusita. Gertuago, Luis Mariano irundarra garun hemorragiak jota hil zen Parisko Salpêtrière ospitalean. Baina, 1919an Zeruko ARGIA sortu zuen Damaso Intza aita kaputxinoak aldizkari berean 50 urte beranduago jaso zuen bezala: «Iltzen denari ez baño, jaiotzen denari egin bear zaio nigerra».

1970 horretan bertan, abenduan, Burgoseko prozesuan heriotz zigorra jaso zuten etakideei egin zitzaien «nigerra». Negarra eta protesta. Hemen eta nazioartean. Eta kondenatuak berriro jaio ziren Francoren gizatasun zabalari esker, Urte Zaharreko diskurtsoan jakinarazi zuenez. Joxe Azurmendik zioen bezala, marxismoa zahartu egin zen; baina Generalisimoa ere ez ote zen zahartzen ari? Abendu hasieran, Zeruko ARGIA gaiaz hitz egitera ausartu zen: «16 euskaldun abertzale dira epaituak, beren Erriaren nortasuna iritxi naiez ari izan duten azpilanarengatik. Lan orretan, ba-dira ilketak, atrakoak... orrelako burruka batek geienetan berekin izaten dituan gauzak», justifikatzen zuen. Zorionez, salaketak ez ziren soilik Zeruko ARGIAtik iritsi eta nazioarteko presioak Francoren Eguberritako espiritua piztu zuen bat-batean. Indultoaren ondoren, astekariak horren berri ere eman zuen, zehatz baina hausnarketa sakonik gabe, apal-apal badaezpada.

Irail beltzak

1972ko irailaren 5a. Irail Beltza izeneko talde palestinarreko hainbat kidek, Municheko egoitza olinpikoan sartu, Israelgo ordezkariak bahitu eta horietako bi hil zituzten. Palestinarren eskakizunei muzin egin zien gobernu israeldarrak eta polizia alemanak gogor jokatu zuen. Negoziazio saiakerak alferrikakoak izan ziren eta azkenean kirol ospakizunik handiena tragedia bihurtu zen; espero zitekeen tragedia, Gurutz Ansolak alboan jaso dugun artikuloan esan zuenaren arabera behintzat.

Hurrengo urteko irailan, 1973an, Pinochetek estatu kolpea jo, Salvador Allende presidente ezkertiarra hil eta diktadura luze eta odoltsuari hasiera eman zion Txilen. Municheko estadiotik Santiago de Chilekora egin zuen jauzi izuak. Irailaren 11 zen. 2001eko irailaren 11ren azpian itzali den beste irailaren 11 hura. World Trade Center-ak herrialde oso batek baino gehiago balio baitu. Gainera, AEBak aurpegia estalitako borrero izan ziren orduan, eta borreroarena ez da inoiz biktimaren rola bezain esker onekoa izan. Baina Txileri dena lapurtu zioten, baita Victor Jara eta Angel Parraren ahotsa ere, Xabier Letek Zeruko ARGIAren orrietan salatu zuen bezala -hurrengo orrialdean jaso dugu-.

Eguberritako heriotza ipuinak

1959an amaitu zuen Jon Mirandek Haur besoetakoa eleberria. Egan aldizkarikoei bidali eta Koldo Mitxelenak argitaratuko balitz «akabo aldizkaria» erantzun zion, liburuan agertzen zen «gai berria» -pedofilia- zela eta. Urte batzuk pasata, Gabriel Arestiren hitzetan, «guri ere, irakurri dugunean -eta ez gara errazki izutzekoak, bizitzeak, gure zentzagarri krudel honek, aski irakatsi baitauku-, buruko biloak luzatu eta belaunaki larritu egin baitzitzaizkigun». Eta, hala ere, nobela argitaratzea erabaki zuen Arestik.

1972ko Gabonetan bere buruaz beste egin zuen Jon Mirande idazle hausle eta hauskorrak. Zeruko ARGIAn J. A. Artzek, Jon Etxaidek eta Txillardegik -orduko Larrerosok-, sohütar polemikoaren alde idatzi zuten orduan eta hemen azken honen hitzak jaso ditugu.

70eko lehen urte haietan A-300 airbus berritzaileak lehen hegaldia egin zuen. Uruguayko errugbi talde bat zeraman hegazkinak, ordea, ez zuen bere hegaldia onik amaitu. Mirande hil baino egun batzuk lehenago Andeetako elurretan erori zen. Bizirik irten zirenek hildako lagunen haragia jan behar izan zuten eta mundu osoan galdera bat zabaldu zen: zuk egingo al zenuke? «Eta zergatik ez? -zioen Zeruko ARGIAko kronikak- Hildakoren baten gorputz atalak biziren baten alde har baditezke, zergatik ez haragia jan horrelako kasutan? Horrelako kezkak dituztenek, larritu ote dira antzeko neurrian bederen Vietnamgo erailketetaz?».

Baina urte haietako hegaldirik ezagunena, gurean behintzat, Carrero Blancorena izan zen. Francoren «haur besoetakoa»ren autoak 20 metro egin zituen gora ETAk Madrilgo Claudio Coello kalean ipinitako 2.300 kilo lehergailuk eztanda egin ondoren. Beste asko bezala, Zeruko ARGIAkoek Iup-lalaka ospatuko zuten seguruenik, baina paperean zuhurtasuna nagusitu zen: «Don Luis Carrero Blanco, Espaiñiako Gobernuaren presidentea, hil dute» esaldi laburra da atentatuari buruz topatu dugun guztia. Eta eskerrak, Fragaren Informazio eta Turismo Ministerioak edozein aitzakia baliatuko baitzuen astekariaren kalterako. Esaterako, hurrengo urtean, 1974an, «Ikastolen Etsaiak» izeneko artikuluarengatik 25.000 pezetako isuna ipini zion Ministerioak, gero eta lurtarragoa zen Zeruko ARGIAri.

Krabelinak eta Francoren tripakominak

1974ko apirilaren 25ean Krabelinen Iraultza bezala ezagutzen dena izan zen Portugalen. «Harrigarria izan da salazarismoaren amaiera ezin lasterragoa, -zioen Zeruko ARGIAk- 1926garrenetik gaurdaino iraun duen agintaritza larderiakoia erori da, ordu gutxiren baitan, buztinezko jauregi bat bailitzan». Harrigarria, eta baita pozgarria ere. «Portugalen itxaropenaren ateak zabalik daude. Alafede».

Bitartean, Euskal Herrian Franco hiltzeko itxaropenaren ateak zabalik zeuden aspaldi, baina zain egon beharrean, lanari eutsi zion askok. Besteak beste, LAB eta KAS sortu ziren urte hauetan; eta Elkar argitaletxea, Udako Euskal Ikastaroak, Elhuyar aldizkaria, Eresbil artxiboa, Ikastolen Elkartea... Eta ikastolak nonahi zabaldu ziren. Perretxikuak bezala.

Mendebaldeko bizilagunen krabelinek eta euskaldunen perretxikuek ziur kalte egin ziotela Francoren urdailari. Eta 1974ko futbol txapelketan gertatutakoa irensteko ere arazoak izango zituen. Cruyff-en Bartzelonak irabazi zuen Espainiako Liga, Caudilloaren Real Madrid kuttunari Santiago Bernabeun 0-5 irabazi ondoren.

Munich-eko gertaera (Gurutz Ansola; Zeruko Argia, 498. zenbakia, 1972ko irailak 17)

Ez da erraza nazioarteko beste gertaera batez idaztea, hemezortzi hilen gorputzak oraindik ehortzeke daudelarik. Ez da, haatik, are errazago Munich-en gertatu den hilketaz zerbait zuzenik idaztea. Harritzekoa da gertatu dena, hain zuzen, harrigarria ez zelako gertakizuna. Barka paradoja eta hona ene gogoeta.
(...) «Desperados» batzuen jokabidea omen da «Irail Beltzaren» bortxabide hau. Horrela, egoera honetan bortxabidea edo izuketa bidea aukeratzea galbidea iruditzen zaigu palestinar arabe herriarentzat eta honen askatasunarentzat.
Baina, ez dugu beste aldea ahantzi behar. Palestinar gudariok ez dira Palestina Askatuaren alde ari soilik. Ez. Israel-en aurka ari dira eta, honen bitartez, USA-Inperialismoaren aurka munduko parte honetan, hots, Mediterraneoko bazter horretan. Ideolojia honek, alde subjetibo honek kentzen die «Irail Beltzekoei» nahiz beste munduko «izuketalari» guziei «desperados» batzuen kontzientzia. Gaurregungo kondizioetan, abertzale horien bortxazko gudaketa lehen mailan inperialismoaren aurkako borroka unibertsala bilakatzen da; eta bigarren mailan, luzarora eta borroka partikular bezala gelditzen da abertzaletasun eta askatasun borroka eta gudua.
Esan nahi da gertatu dena gerta zitekeela, gertatu dena gertatzeko baldintzapenak eta kondizioak han bertan, Munich-en zeudela; hau egia esan, gauza txit garbia da guretzat.

Olatua hondartzaratu zenekoa: 1970-1975 (Luis Alberto Aranbarri «Amatiño»; 1964an kronikak idazten hasi eta Zeruko ARGIAren arduradunetako bat izan zen 70etan)

Gerra 1939an amaitu zen eta Franco 1975ean hil. Beraz, 1970etik 1975era bitarteko pasartea 36 urte luze iraun zuen diktadura militarraren azkenaldia izan zen.
Berrogeigarren hamarkadan jaioak ginen gazteok ez genuen sasoi hartan frankismoa baino ezagutzen. Ez dut uste argi genekienik zer arraio ote zen demokrazia, baina garbi genuen behintzat demokrazia faltan bizi ginena eta goiz edo berandu Franco hil eta askatasun-ortzadarra piztuko zena. Ez genekien behar bada nora gindoazen baina begenekien nondik atera nahi genuen. Jakitun ginen egoera hark ez zuela luzaro iraungo eta sumatzen genuen aldaketa historikoen bezperetan ginena.
Burgoseko Epaiketatik (1970) Franco hil arteko (1975) urte haietan ez ginen batere aspertu. ETAk 49 lagun hil zituen, Carrero Blanco presidente espainiarra tarteko, eta hiru bahiketa egin. Estatuak, berriz, Txiki eta Otaegi afusilatu zituen. Aldi berean politikagintzari ekin zitzaion: KAS jaio, ESB sorbidean jarri eta EAJ-PNV Ajuriagerraren ardurapean antolatu. Baita sindikalgintzari ekin ere: LAB sortu eta ELA zaharra eta ELA berriaren arteko batasuna lortu.
Hirurogeitamargarren hamarkadaren lehen urte haiek amesten genuen iraulketa handiaren gaubeila luzea izan zen. Sekulako iraulketa, bai, eskubide zibil, politiko eta sinbolikoetan baina, ondorioz, iraulketa demasa gero hezkuntzan, kulturgintzan eta komunikabideetan.
Bospasei urte haietan ikastola-mugimenduak eta euskalduntze-alfabetatze prozesuak sekulako jauzia egin zuten, argitaletxe-sektoreak enpresa-bideari eta erakundetzeari ekin zien eta, ondorioz, liburu-ekoizpena bikoiztu eta testu-liburugintza zortzi aldiz biderkatu. Kazetaritza, berriz, ez izatetik izatera pasatu zen, ez baitzen alferrik 1976koa "Euskal kazetaritzaren urtea" izango, ARGIA astekari beronen molde berriak lekuko.
Segurutik 1976tik aurrera lehertu zen olatua 1970 baino askoz ere lehenagotik zetorren itsas-barrenean zehar, baina 1970etik 1975era bitartean hondartzaratu eta garaitu zen, ondorengo txanpari amain eman ahal izateko moduan gero.
Laburbilduz, urte liluragarri haiek bertatik bertara bizi genituen gazteok benetan uste izan genuen ezinik ez zela, historiaren uholdeak gure alde ziharduela eta aldarrika genezakeen guztia eskuragarri zitzaigula.

Chilen hildako bi kantari (Xabier Lete; Zeruko Argia, 572. zenbakia, 1974ko otsailak 17)

Egia, askatasuna eta justiziaren aldeko burruka ez da kanta soilekin egiten ahal, baina hauek ere parte dute eta burruka horren adierazpen dira. Agian horretxegatik hil dira Victor Jara eta Angel Parra: beren indarra egiazkoa izanik eta herriarenzat kantatuz herriaren mezulari bilakaturik, herria desegin nahi izan den garaian lehenik haien kantak lurperatu behar izan dituztelako.
Beste behin eta beste toki batetan bere bizia eskeiniko zuen Horacio Guarany kantariak honela idatzi zuen noizpait: «Kantaria isiltzen baldin bada, bizitza bera isiltzen da». Orain Chilen bizitza isilik dago, aski da hortaz jabetzeko egunkarietan datozen hango berriak irakurtzea; baina Bertolt Bretchekin batera guk ere badakigu «denbora larri eta meharretan ere kantatu eginen dela». Eta egun batean, abotsak eta abestiak itzalen artetik berriz jaikitzean, denek jakinen dugu Victor Jara eta Angel Parraren heriotza ez dela alferrikakoa izan.

Jon Mirande Aiphasorhoko (Larresoro; Zeruko Argia, 521. zenbakia, 1973ko otsailak 25)

Jon Mirande kontra zen: moda eta joera indartsu guztien kontra. Bizi guztian kontrakarrean ari izana da. Gaur errazegi iruditzen zitzaion, nunbait, euskaltzale eta aurrerazale agertzea; eta biak ukatu ditu.
(...) «Euskaldun fededun» ekuazioa sakratu jotzen zen garaian, Mirandek garrazki eta goraki esan zuen berak ez zuela horrelakorik ezer sinesten, ez nahi. Setsu-arazoetan, era berean, emakumeen aldeko Eros-giro betean, beharbada oso gogoko zuen Baudelaire-ren bidetik abiaturik, emakumeei muzin egin eta gizonezkoei eskaini zizkien bertso nabarmen batzuk.
(...) Kanpotikako itxuraz eta bere ustez guztiz eskuindar agerturik ere, bazedukan, txit erroturik, hain zuzen ere ahulak altxatzeko eta modan daudenak azpiratzeko nahi gorria; eta funtsean zer izan ote den galdetu beharra dago. Mirande kontra zegoela esan dut; eta aurkatasun funtsezko eta guztizko honetatik bilatu behar bide litzake Miranderen kakoa. Mirande ez baitzen, ene ustez, kontserbadore klasiko eta merke horietako bat. Zarathustra-ren hitzaldi argitsuak maite zituzkean, ez burges-ttikien xuhurkeriak eta ziztrinkeriak. Hau segur.
(...) Hizkerari dagokionez, ia gaurko euskara batuaz idatzirik dirudite Miranderen lan haiek... orain dela 15 urte idatziak! Mirande zuberotarrak ez baitu ia inoiz zubereraz idatzi, batasun egarriak eraginda.
(...) Alde honetatik bederen gauza ageria zait Miranderi zordun gatzaizkiola euskaltzaleok; eta euskararen ezaguerari dagokionez zordun ere bai, urrun baikaude oraindik Mirandek euskara zerabilkien maisutzatik. Bazekien euskaraz Mirandek, alajainkoa!

Marxismoa zahartu egin da (Joxe Azurmendi; Zeruko Argia, 475. zenbakia,1972ko apirilak 9)

Marxismoa denboraren aldean atzera geratu den inpresioak menderatzen gaitu, orobat, mundu hontako problemei begiratzen diegunean ere: nahitaezko deklaratzen zuen gauza askok ez du gertatu nahi, eta duela 40 urte inposible deklaratutako asko gertatu egin dira: Estadu sozialisten arteko nahiz barruko gorabeheretan.

Mendebaleko Alderdi komunista haundienek ere ez dute lortu langileriarekin identifikatzea. Nahiko kontserbakor eta «ordenuko alderdi» bilakatu dira (...).

Marxismo modernoa egin eginez bakarrik joan gintezke, gehiago eskatzerik ez dago. Hortarako nahitaezko presupostu, fedekariak txikitzea da: bestela ez da arrazoipide kritikorik posible. Eta gero, ekintza hau alde bitatik eraman beharko da: praktikotik eta teorikotik, biok banatu gabe.

Eginahal teorikoetan dabilenaren ibilia, nahitaez, krisi baten historia garratza bakarrik izan diteke. Soluziorik aurkitu arte ez dago beste erremediorik.


Azkenak
2025-07-18 | Mara Altuna Díaz
Noelia Sánchez Jenkins, gales irakaslea Patagonian
“Galesak bizirik dirau Patagonian”

Zerk lotzen ditu Galesko muino berdeak eta Patagoniako basamortu hotzak? Bada, hil nahi ez duen hizkuntza batek. Noelia Sánchez Jenkinsen arbasoak 1865ean lehorreratu ziren Patagonian (Argentina). Galesetik iritsi ziren, britainiarrek inposatutako zapalkuntzatik ihesean... [+]


2025-07-18 | Gedar
SAPAri 2,3 milioi emango dizkio Espainiako Industria Ministerioak

Gipuzkoako enpresak hainbat kontratu sinatu ditu Israelgo industria militarrarekin, eta diru publikoa jasotzen du ibilgailu elektriko bat garatzeko, Espainiako Gobernuak finantzatutako proiektu baten bidez.


Massive Attack musika taldeak Gazaren aldeko musikarien aliantza sortu du

Ingalaterrako Massive Attack taldeak artisten arteko aliantza sustatu du, hasi berri diren artistei edo Israelen aldeko erakundeen zentsura pairatzen dutenei babesa emateko.


Euskara, katalana eta galiziera Europar Batasuneko hizkuntza ofizial gisa aitortzea babestu dute hainbat unibertsitatek

Espainiako Gobernuak Europako Batzordeari egindako eskaerari Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako 28 unibertsitatek babesa eman diote. Salvador Illa Kataluniako Generalitateko presidenteak eta Imanol Pradales lehendakariak eskutitz bat sinatu dute eskaerari babesa... [+]


Aurreakordioa erdietsita, Eskirozko BSH enpresa abenduan itxiko dute

Bilera akigarria izan zuten asteazkenean Eskirozko BSHko lan batzordeko kideek eta multinazional alemaniarraren zuzendaritzako kideek: aurreakordioa lortu zuten UGT, CCOO, ATTIS eta Solidarik (17 ordezkaritik gehiengoa dute 12 kiderekin) eta ez dute mahai gainean jarritakoa... [+]


Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat hondartza desagertzeko arriskuan daude

Gaztetape (Getaria) eta Muriola (Barrika) hondartzak 2050. urterako desager daitezke Greenpeaceren txostenaren arabera. Itzurun (Zumaia), Karraspio (Mendexa), Isuntza (Lekeitio) eta Azkorri (Getxo) hondartzek hedaduraren erdia gal dezakete.


Iruñeko espetxeko osasun arreta “urria” dela salatu du Salhaketa Nafarroak

Nafarroako Gobernuak espetxeetako osasun zerbitzuaren eskumena eskuratu zuenetik, baliabideak “indartu” dituzten arren, presoek nabarmendu dute ez diela sobera eragin egunerokoan.


‘Eskumenlagoa’

Hezkuntza Sailak 2025-2026 ikasturtearen antolaketa bigarren hezkuntzako ikastetxe publikoetan ebazpena argitaratu du. Urteroko agiria da, uztail hasierakoa; ikasturte-hasierako ebazpena esaten diogu.

Aurtengoan, hauxe jasotzen du euskarazko bertsioak:... [+]


2025-07-18 | Aiaraldea
Gorrotozko delitu salaketa jarri dute Artziniegan eta Udalak “irain arrazistak” gaitzetsi ditu

Artziniegako Udalak mezua zabaldu du gertatutakoa gaitzesteko eta elkartasuna adierazteko irainak jaso dituzten herritarrei.


2025-07-18 | Elhuyar
Neandertalak San Adriango koban maiz ibili zirela berretsi dute, Aizkorrin

Duela bi urte Aranzadi Zientzia Elkarteak neandertalek egindako harrizko tresna batzuk eta haiek jandako animalien hezurrak aurkitu zituzten San Adriango koban. Horrela jakin zuten neandertalek duela 40.000 urte koba hori erabili zutela. Aurten egin duten indusketa-kanpainan... [+]


2025-07-18 | Sustatu
Fitxategi handien transferentziarako alternatibak (WeTransferrekoa ikusita)

WeTransferren baldintza berri gaiztoen aurrean, alternatibarik? Bai, pare bat, edo bien arteko konbinazioa. Enkriptazioa edo/eta Tori.eus zerbitzu euskalduna erabiltzea.


2025-07-17 | ARGIA
Europan espetxean denbora gehien daraman preso politikoa
40 urteren ostean Georges Abdallah askatuko dute uztailaren 25ean

Georges Ibrahim Abdallah, Frantzian 40 urteko espetxealdia igaro ondoren kaleratuko dute. Palestinaren askatasunaren aldeko militantea, Libanoko Frakzio Armatu Iraultzailearen sortzailea izan zen, eta diplomazialari israeldar eta amerikar bana hiltzeaz akusatu zuten. Inoiz... [+]


2025-07-17 | Piztu Donostia
Ez dakigu ahoa ixten

Azken sei urteotan Piztu Donostia eragile sozialaren talde motorra osatu dugunoi txanda pasatzeko unea iritsi zaigu, mila gai eta beste mila fronte zabalik geratzen diren arren.

Duela sei urte Eneko Goiak, PSOEren laguntzarekin, osaturiko Donostiako Udalak bideratzen zuen... [+]


2025-07-17 | Joan Mari Beloki
Ekialde Hurbila sutan

Ekainaren 13an hasi eta 24an amaitu zena “12 Egunetako Gerra” bezala ezagutuko da aurrerantzean. Gauza harrigarri batzuk gertatu ziren bertan, pentsaezinak ordura arte. Nahiz eta lerro hauek idaztean egun gutxi igaro diren bukatu zenetik, ondorio batzuk atera... [+]


Epai euskarafoboen gainetik, euskaraz jarraituko dutela jakinarazi eta protestara deitu du UEMAk

​UEMAren zuzendaritza batzordeko kideek hedabideen aurrean agerraldia egin dute ostegun eguerdian Zarautzen, Espainiako Auzitegi Gorenaren azken epai euskarafoboa salatzeko. Epaia "larria" dela adierazi dute, eta batez ere udalerri euskaldunei eta euskaraz aritzen... [+]


Eguneraketa berriak daude