Jon Alonso: «Itzulpena Julio Cortazarri egindako omenaldi txikia da»


2005eko maiatzaren 22an
Zeintzuk izan dira zure lan honen asmoak?
Julio Cortazar gaztelaniazko XX. mendeko literaturaren gailur bat izan zen eta aspaldi merezi zuen euskaraz ere irakurri ahal izatea. Ez dut ahazten Gerardo Markuletak orain hamairu urte euskaraturiko Oktaedroa, ezta itzultzaile horrek berorrek itzulitako Hegoaldeko autopista ipuina ere; baina uste dut, itzultzaile arduratsuaren lan bikaina ezertan gutxietsi gabe, gutxi dela Cortazar bezalako idazle handi eta oparo baten erakusgarri ganorazkoa osatzeko. Nire honek ere ez du huts hori beteko, ordea; Markuletarena bezala ments hori poliki erremediatzen joateko ahalegina da.

Eta Antologia apetatsua deitu izanaren arrazoia?
Antologia-egilearen kapritxoa baizik ez delako berau atontzeko irizpidea; egia da Cortazarren garai eta liburu batzuetako ipuinak sartu direla, eta alde horretatik lagin aski zabala dela; egia da, baita ere, idazle argentinarrak erabilitako teknika askotarikoetako batzuk agertzen direla ipuinotan. Baina hemen bildu diren ipuinak itzultzailearen gustukoak dira, besterik gabe.

Beraz, zer da itzulpen honekin egin duzuna?
Bost liburutatik aukeratutako hamar ipuin euskaratu, hogeita bederatzi urte hartzen dituztenak. Cortazarri eginiko omenaldi txikia da, irakurleen gozagarri, beharbada. Idazle izugarri abila zen, eta asko dago berarengandik ikasteko eta berarekin gozatzeko. Esan dezadan, azkenik, Cortazarren gaztelania joriaren erritmoa eta musikalitatea, jazz-ukitua, euskaraz ulergarria den testu batera isurtzera ez dela batere egiteko erraza.


ASTEKARIA
2005eko maiatzaren 22a
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude