Astegunetako kultura (eta II)


2005eko maiatzaren 22an
Astegunetako kulturaren metaforaz aritu nintzen urtarrilaren 30eko artikuluan. Horretarako, letra larriz eta letra xehez idazten diren kulturen arteko bereizketa egin nuen txikitako irudi baten bidez. Ideia nagusia? Egungo joerak jaiegunetako Kultura bultzatzen duela, batik bat, baina gehiago zaindu beharko genukeela astegunetakoa, haren elikagarri zuzena denez gero.

Lau hilabete igaro ondoren, egoerak berdin dirauenez, hari beretik jarraitzea erabaki dut.

Gauzak honela, zer da, baina, zaindu behar dugun hori? Zer falta du astegunetako kulturak?

0- Diagnostikoa

Bulimila informatiboa bizi dugula aipatzen nuen aipatu artikuluan, eta, halakoetan espezialista batengana jotzea izaten da onena.

Nik puri-purian dagoen nutrizionista batengana jo dut aholku eske eta hark esandakoa hurbilen zaidan kultur alorrean txertatu dut, hots, literaturan.

Azken urteotan makina bat liburu argitaratu da. Izugarri handitu da produkzioa, eta, denok dakigu kantitatea ez dela beti kalitatearekin bat etortzen, baina konpetentzia akuilu ona izaten da lana hobetzeko orduan, nahiz eta askotan distiratsuen eta jaiegunetako itxura handien duenak gehiago saldu xumeak baino, besterik gabe, merkatuak halaxe funtzionatzen duelako.

Argi dago. Zaila da merkatutik at jokatzea. Baina, merkatuaren lege horiek benetan elikatzen al dute kultura? Zeri erantzun behar dio kulturgintzak gizarte batean? Zein da bere zeregina? Zein da bere funtzioa? Kopuru aldetik euskal liburuek gora egin dute, baina, neurri berean hobetu al dira gure gustu estetiko, iritzi kritiko eta hausnarketa ahalmenak?

1- Garbiketa zikloa

Bulimia hitza entzunda, erraz asma daiteke erantzuna: etenik gabeko informazio garaia bizi dugu baina ez dugu astirik hartzen guztia digeritzeko.

Oreka berreskuratu nahi denean, garbiketa batekin hastea aholkatzen dute adituek. Horretarako, jakin egin behar, baina, zer den beharrezkoa nire gorputzarentzat, zer den beharrezkoa nire bihotz eta adimenarentzat.

Gaiarekin loturiko galdera bera datorkit, behin eta berriz, burura. Literaturak, esate baterako, zertan lagun dezake teknologiak eta merkatuak agintzen duten era honetan? Zer rol bete dezake fikzioak, joko honetan?

Tribu zaharretan diotenez, gizakiok hiru behar nagusi omen ditugu: jana, bizilekua eta kontuak. Janak eta bizilekuak gure gorputza elikatzen eta babesten dute. Kontuek, berriz, pertsonen arteko adierazpena eta komunikazioa bultzatzeaz batera, errealitatea bizitzeko eta amesteko bidea eskaintzen digute, norbera eta bestea, dagoena eta duguna ikusteko edota imajinatzeko aukera.

Ongizate-estatu batek hiru beharrok ase behar lituzke. Zein da kontua, ordea? Bat, janari asko ekoiztu arren, gaizki elikatzen garela. Bi, etxe berriak egin eta egin arren, bizileku duina lortzea oraindik luxua dela. Hiru, kontu asko idatzi eta argitaratu arren, horietaz gozatzeko astirik ez dugula.

Eta, zer behar du organismo bizi batek zutik irauteko? Ura, gatz mineralak, azukre pixka bat, koipea neurrian, bitamina asko eta proteina egokiak.
Nola lortu elikagai horiek guztiak eguneroko bizimoduan?

2- Mantenimendu dieta

Behin garbiketa zikloa pasa ondoren, mantenimendu dieta bat eratzen dute nutrizionistek beharrezko osagaiekin. Pertsonaren gustuak, ohiturak eta jokabideak kontuan hartuz egiten dute.

Kulturaren kasuan, non bilatu ura, gatz mineralak, azukreak, koipeak, bitaminak eta proteinak? Nola bilatu horien guztien arteko oreka?

Irudimenari atea jo diot erantzun bila. Hara zer erantzun didan.

Elkar guneek eta hausnarketa guneek eman diezagukete derrigor behar dugun osagaia: ura. Lekuak beteta eta etenik gabeko mugimenduan manten daitezen, ordea, hor ditugu bitaminak eta gatz mineralak. Proteinak lortzeko biderik onena, berriz, ekintza elikagarriak antolatzea. Jaki gozo eta koipetsuak jaiegunetarako uztea onena.

Honekin nahikoa al da, ordea?

3- Ohitura aldaketa

Dietak eta menuak gorabehera, joerak aldatu beharra dagoela diost nutrizionistak, lehengoan jausi nahi ez bada, behintzat. Eskuartekoari helduta, kultura ez da, soilik, denbora-pasa hutsa. Aisialdia bizitzaren zati bat da; ez da ase behar, elikatu baizik.

Ohitura berriak, errito berriak. Eguneroko bizimodua aberasteko egitasmoak asmatu eta eraiki behar dira. Errito berriak sortu behar ditugu. Zer eskatzen du errito batek? Bat, denbora. Bi, espazioa.

Kultur etxeak eta liburutegiak ez dira liburu hutsez beteriko tokiak. Toki horietan bizia elikatzeko osagai gehiago eskaini behar dugu: ura, gatza, bitaminak, proteinak, koipe pixka bat eta azukrea neurrian.

Arkitektuek eta arduradunek aholkua eskatu behar diote erabiltzaileari. Elkar ulertzeko, elkar ikusteko, elkarrekin egon eta elkarrekin denbora elikatzeko gune aproposak eratu behar ditugu. Frontoiak badu bere gune karratua. Hitzari eman behar zaio orain berea: biribiltasuna.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude