Txina: munduko lantegi eta merkatua


2005eko maiatzaren 01an
«Ai ama, ederra datorkigu» esan zuen Ertamerikako ordezkari batek Txinak MMAn sartu behar zuela jakin zuenean. Eta hala da, ederra dator. Izan ere, Txinak munduko merkatu kapitalista inbaditu du MMAren klubean sartu ondoren eta bozkario beste beldur sorrarazten ari da. Bozkarioa multinazional eta enpresa-korporazio handien artean; beldurra herrialde txiroetan, euren enpresak mokadu gustagarria izan daitezkeelako koloso asiarrarentzat. Eta datuek argi islatzen dute errealitatea. Txina dagoeneko munduko lantegi eta merkatu bihurtu da: munduko multinazional indartsuenak jadanik bertan ezarri dira lan-kostu txiki eta eskulan oraingoz eskurakoi eta diziplinatuez baliatzeko. Euskal Herriak ere ezagun du fenomenoa, berrogei euskal enpresa dagoeneko bertan jarri baitira, erreportaje honen bigarren atalean ikus daitekeen bezala.

Munduko populazioaren %20 txinatarra izango da 2050. urtean

Txina, planetako herrialderik populatuena, 1.300 milioi biztanleko merkatu handia da. Kalkuluen arabera, 2050. urterako munduko populazioaren %20 txinatarra izango da eta planeta osoko ekonomiaren %40 kontrolpean izango du. Planetako bigarren ekonomia indartsuena da, estatubatuarraren atzetik. Txinako barne-produktu gordinak (BPG) hazkunde etengabean daramatza azken 20 urteak. Azken urteetan, honakoa izan da zehazki: 1995ean %10,5; 1998an %7,8; 1999an %7,1; 2000an %8; eta 2001ean %7,3. Artean, Ameriketako Estatu Batuetako hazkundeak ez du %2a ere gaindituko. Txinako ekonomiaren 2004ko hazkundea %9,1ekoa izan zen, alegia, Nazioarteko Moneta Funtsak (NMF) munduko herrialde guztientzat aurreikusitako %2,8ren hirukoitza. Txinako barne-produktu gordina (BPG) 1,23 bilioi euro edo dolarrekoa da, %7ko igoera iragartzen zuten aurreikuspen ofizialak gaindituz, 2001ean %7,3ko hazkundea izan arren. Gaur egungo lan-indar txinatarrak 900 milioi pertsona inguru biltzen ditu.

Txinako inbertsio-bolumena %37 hazi zen eta txinatarrek %38 gehiago aurreztu zuten. Txina munduko zortzigarren ekonomia indartsuena da BPGaren arabera, per capita errentaren arabera 140.a izanagatik. 2000. urtean munduko zazpigarren herrialdea izan zen esportazioaren sailkapenean eta zortzigarrena inportazioarenean. Hortaz, ez da arraroa halako krisialdi egoeran planeta osoa Txinaren inbidiatan egotea. Ondorioz, txinatarren ekonomia eta 1.300 milioi biztanleko botere kontsumitzaile indartsua oso lagungarria izan liteke munduko ekonomia indarberritzeko. Bayer farmazia enpresak bezala, beste hainbat enpresak bere historiako inbertsiorik handiena Txinan egitea erabaki du.

XXI. mendea horia izango da

Analista guztien arabera, XXI. mendea Txinaren mendea izango da. Eta Ameriketako Estatu Batuei aurre egin ahal izango die. Garapen txinatarrak izen eta abizenak dauzka: Deng Xiaoping. 1978an boterera iritsi zenean, herrialdearen garapen eta modernizazioaren aldeko apustua egin zuen.

Indar ekonomiko guztietan bezala, pobrezia-poltsa handiak izan arren »120 milioi pertsona bizi dira pobrezia-marraren azpitik», Txina bere fisonomia eta ohiturak aldatzen joan da, kronikek diotenaren arabera bizikletak bidea eman diolako autoari, Coca Cola edaten da tearen ordez, eta kontsumoa egunez egun handiagoa da eta kalitate hobekoa. Analista batzuek adierazi dutenez, akaso gehiegikeriaz, txinatarrek mendebaldekoek bezala kontsumitzen dute dagoeneko eta horrek bihurtzen du Txina erakargarri. Horren ondorioz, multinazionalak Txinan sartzeko gogoz daude, koloso asiarra MMAn sartu zenetik ez baitute horretarako trabarik izango.

Asiako azken krisialdiak ez du izan eragin handirik Txinan. 1998an, esaterako, krisialdi asiarraren goraldian, ekonomia txinatarra %7,8 igo zen, inguruko gainontzeko herrialdeen bataz bestekoak %0,2a ozta-ozta gainditzen zuen bitartean. Are gehiago. Berau izan zen herrialde bakarra moneta, yuana, bere horretan mantentzea lortu zuena, debaluaziorik gabe. Horrek guztiak nazioarteko kapitalismoaren konfiantza bereganatu du. Ordutik Txina munduko inbertsio zuzenaren bigarren jomuga garrantzitsuena izan da, Ameriketako Estatu Batuen ondoren. Laurogeita hamarreko hamarkadan garapen bideko herrialdeen inbertsio zuzenaren %40 jaso zuen. Multinazionalen inbertsioak 200.000 milioi dolarren muga gainditzen du. Parterik handiena Ipar Amerikari dagokio, Espainiako Estatua parte txiki-txiki bat baino ez baita koloso txinatarrean egindako inbertsio internazionalean.

Hurrengo Joko Olinpikoak Txinan ospatuko dira 2008an eta tranpolin itzela izango dira Txinako ekonomiarentzat. Txinarentzako erakusleihorik onena izango da, inbertsiogileentzako aukera paregabea izateaz gain. Munduko kirol-gertakizun hau dela-eta, espero diren inbertsioak ikaragarri handiak dira. 3.700 milioi dolar erabiliko dituzte autopistak eraiki eta metro-sarea indartzeko. Bestalde, 12.500 milioi dolar inbertituko dituzte hiriko kutsadura ekidin edo gutxienez arintzeko.

Kontrapartida txinatarrak

Hamabost urteko negoziazio luzeen ondoren, Txina MMAn sartzeak langile txinatarrek jasan beharreko kontrapartida batzuk dakartza, MMAren eskakizun kapitalistak asetzeko. Gauzak horrela, Txinak %8,5eko jaitsiera aplikatu dio nekazaritzarako aurrekontuari, garapen bidean dauden herrialdeen %10eko mugaren azpitik. Ameriketako Estatu Batuetako estimazioen arabera, Txinako hamar milioi laborarik lana gal lezakete negoziatzaile txinatarrek MMAn sartzeko adostu dituzten baldintzen ondorioz. Laborariez gain, automobilgintzaren sektoreko langileek ere fakturaren zati bat ordaindu beharko dute. Alde horretatik, kalkuluen arabera sektoreko hamar milioi enplegatuk lana galduko dute Txina MMAn sartzearren. Txinak espero du hemendik urte batzuetara kanpoko inbertsioek lurralde asiarrera erakarriko dituzten enpresa berriek langile horiek xurgatuko dituztela.

MMAren klubean ondorio guztiekin sartzeko, Txinak nazioarteko arauetara moldatu beharko du. Muga-zergek behera egingo dute %15-17 bitartean eta finantza-sistema gutxika-gutxika kanpora zabalduko da. Eraldaketa, aldiz, ez da erraza izango. Analisten arabera, erronkarik handiena Txinako Gobernuarena izango da, 1.000 agiri legal baino gehiago aztertu edo aldatu beharko direlako MMAko arauetara egokitzeko. Nazio-biltzar herrikoiak, edo bestela Txinako Legebiltzarra deituko genukeenak, 2001ean Txina MMAn sartzearen aldeko iritzia berretsi zuen. Ordezkari txinatarrek akordioa 2001eko abenduaren 11n sinatu zuten.

Eskulan merkea
Txina esportazioari begira lanean ari den makina erraldoi bihurtu da. Herrialde izugarri honetan zehar -izan ere, zeharkatzeko bost ordu baino gehiago behar baitira hegazkinez-, aldi berean lanean diharduten milioika langileko industriagune eta gremio-auzoak sortu dira. Eredu kapitalistarako trantsizioak iraundako bi hamarkadetan tokian tokiko milaka enpresa sortu dira, euren produkzioaren %60 baino gehiago esportatzen dutenak. Horren ondorioz, Txinak munduko jostailuen %75 ekoizten du, telebisten %29, ikuzgailuen %24, sakelako telefonoen %20, bizikleten %30 eta supiztekoen %70. Gero eta arruntagoa da objektu susmagaitzenen jatorria ere lantegi txinatarretan izatea: ontziteriak, Gabonetako zuhaitz artifizialak, galtzerdiak, DVD irakurgailuak... Eta hasi baino ez da egin, "made in China" auto zein etxetresna elektrikoak paisaia europarraren parte izango baitira etorkizun hurbil-hurbilean, lehenago Japonia edo Hego Koreako produktuekin gertatu zen bezala.

Zein izan da Txina munduko lantegi eta merkatu bihurtzeko gakoa? Zalantzarik gabe, eskulan merke mugagabea. Eskulanaren parte handi bat nekazaritza-eremuetatik datorkio. Gogoratu beharra dago Txinako eremu horietan populazioaren bi heren bizi direla eta per capita errenta hilean 20 eurokoa dela. Gutxi gorabehera, Txina osoko hiriguneetan 110 milioi nekazari migratzailek lan egiten duela estimatzen da. Hortaz, eskulan merke eta arina erraz lor liteke... lan-baldintza eta soldata eskasen aurkako protesta-mugimendu batzuk antzematen hasi diren arren.
Lanaldiaren legezko iraupena asteko 40 ordukoa da, nahiz eta malgutasun handiz aplikatzen den produkzioaren beharrizanen arabera. Ohikoa da egunean 12 ordutik gorako lanaldiak aurkitzea, hilean atseden egun bat edo bi baino ez dituztenak, 60 euro inguruko soldata jasotzeko hilero. Oporraldi ordaindua 5-15 lanegunekoa da, besteak beste, langilearen egoera zibilaren, eta lantegiaren eta bere bizitokiaren arteko distantziaren arabera alda baitaiteke. Enpresa batzuek barrakoiak ezartzen dituzte euren inguruan, langileek bi euroren truke gaizki bizi eta andetan lo egin dezaten.

Noiz arte izango da merkea eta eskurakoia eskulan txinatarra, erraldoi asiarraren benetako balio erantsia izaki? Begirale batzuen arabera, hain ezberdina da lehengo nekazaritza-eremuetako eta gaur egungo hiri txinatarretako bizimodua, zaila izango baita pertsona langileen jokabidea aldatzea. Alde horretatik, gogoan dute lan-baldintza eskasei eta soldata urriei uko egin eta nekazaritza-girora itzulita ez dutela hilean 9,3 euro baino gehiago irabaziko.

EB, Txinaren merkataritza kide nagusia
Europako Batasuna (EB) Txinaren merkataritza-kide nagusi gisa definitu liteke, Xinhua agentziak argitaratutako Aduana Administrazio Orokorraren azken datuen arabera. 2004ko urtarrila eta azaroa bitartean, bi ekonomien arteko merkataritza alde bikoak 159.300 milioi dolar eskuratu zituen, hau da, %34,7ko hazkundea 2003. urteko aldi berdinari dagokionez: Txinak Europako Batasunari egindako salmentetan 95.870 milioi dolar irabazi zituen eta EBak 63.421 milioi esportatu zizkion Asiako erraldoiari.
Txinarekin hartu-emanak dituzten Europako herrialde merkatarien artean Alemania da buru; ondoren Holanda, Erresuma Batua, Frantziar Estatua eta Italia ageri dira. Espainiako Estatua sailkapenaren zazpigarren postuan dago: 4.843 milioi dolarreko inportazioak »%41,4ko igoera» eta 1.620 milioiko esportazioak 2004ko urtarrila eta azaroa bitartean »%29ko igoera». Era berean, Europako Batasuna Txinako inbertsio atzerritarren laugarren iturria da, Hong Kong, AEB eta Japoniaren atzetik. Transferentzia teknologikoan, ordea, EB da nagusi.

Juan Ignacio Motiloa (SPRI baltzuaren Txinako euskal ordezkaritzaren zuzendaria): «Aurten hamar enpresa gehiago kokatuko dira Txinan»

Juan Ignacio Motiloa SPRI baltzuaren Txinako euskal ordezkaritzaren zuzendaria da. Internet bidez hitz egin dugu Juan Ignacio Motiloa SPRI baltzuaren Txinako euskal ordezkaritzaren zuzendariarekin. Berak esan digunez, 40 izango dira urte bukaerarako herrialde asiarrean egongo diren enpresa euskaldunak.

Zenbat dira Txinan kokatutako EAEko enpresak eta zein dira urte honetarako aurreikuspenak?
Gaur egun, kontuan hartuta merkataritza eta ekoizpen instalazioak, hogeita hamar enpresa baino gehiagok osatuko dute EAEren presentzia Txinan. 2005erako aurreikuspenei dagokienez, agian ez dut proiektuen osotasuna ezagutuko, baina badakit 10 enpresa euskaldun Txinan kokatzen ari direla ekitaldi honetan zehar.

Zer bilatzen dute euskal enpresek Txinan?
Euskal enpresa bakoitzak bere helburuak ditu, nahiz eta denek bat egiten duten gaur egun munduan dagoen merkaturik onenean saltzeko gaitasunean. Egia da erraldoi asiar honek 1.300 milioi biztanle dituela (munduko jendetsuena berez), baina horietatik 700 milioiek lehen sektorean lan egiten dute. Edonola ere, gainontzeko 600 milioien artetik 200 milioiren erosteko ahalmena klase ertain gisa definituko genuke gure parametroen barruan. Azken datu hori ere etorkizunerako datu ezin hobea da.

Esaten denez, Txinako eskulana eskurakoia, esanekoa eta batez ere merkea da. Hala al da? Eta kalitateari dagokionez?
Bai, hala da, eskulana merkeagoa da Euskadiko pareko lanbide-kategoriekin alderatuz. Dena den, esan beharra dago gero eta kualifikatuagoa dela, Gobernuak arreta berezia eskaini baitie ikasketa teknikoei (ingeniaritza, eta abar). Gehiegizkoa iruditzen zait esatea eskurakoia eta esanekoa dela.

Zein da SPRIren zeregina Txinan? Zer eskaintzen die bertan dauden enpresei eta bertaratu nahi dutenei?
SPRIren Txinako bulegoa Txinan jardun nahi duten enpresa euskaldun guztien zerbitzura dago. Modu indibidualean lan egiten dugu nahi duten guztiekin. Txinan presentziarik ez duten enpresekin ez ezik, herrialdean bertan kokatuta dauden eta arazo puntualak dituzten enpresekin ere lan egiten dugu. Merkataritza eta ekoizpen instalazioei buruzko aholkularitzaz gain, giza baliabide eta baliabide lokalen bilaketa, marka eta produktuen erregistroa eta salmentarako ordezkarien bilaketa eskaintzen dugu.

Zenbait albisteren arabera, Txinan kokatutako automozio enpresa euskaldun batek herrialdetik alde egitea erabaki omen du Txina ez delako uste bezain errentagarria.
Ez dugu horri buruzko daturik.

Euskadi txinatarrentzako jomuga turistiko gisa aurkeztu izan da berriki Txinan. Zein dira ekonomia euskaldunarentzako etorkizuneko perspektibak ildo horretan?
Urte gutxiren buruan, Txina munduko turismo-igorle eta hartzaile nagusia izango da. Alde horretatik, Eusko Jaurlaritzak Shangaiko azken Turismo Azokan parte hartu zuen eta tour operadore guztiek oso harrera ona egin zioten. Gure eskaintza gastronomikoak, kulturalak eta inguruaren edertasunak sekulako interesa sorrarazi zuten. Ondorioz, perspektiba handiak dakarzkigu.

Txinako lehen euskal etxea

Iragan otsailetik, Txinak badu Euskal Etxe bat bere lur-eremu zabalean. Shangai'ko Euskal Etxea, herrialdeko lehena, Shangain kokatuta dago; Txinan ikasi edo lan egiten duten 23 bazkide-sortzailek osatzen dute. Elkarteko lehendakaria Juan Ignacio Motiloa da, SPRI baltzuaren Txinako bulegoko zuzendaria.

Euskal Etxea sortzeko ideia Txinan dauden euskaldunek aspalditik izandako hainbat topaketaren ondorioa izan zen. "Azkenean, bilera horiei izaera iraunkorra eman behar geniela iruditu zitzaigun", dio Motiloak.

Eta Shangain sortzea erabaki zuten 23 bazkide-sortzaileek, nahiz eta eurak hainbat lekutakoak izan: Shangai, Pekin, Hong Kong, Guanzhou, Ningbo...

Bazkideen gehiengoak herrialde asiarrean kokatutako euskal enpresen instalazioetan lan egiten du, nahiz eta batzuk hizkuntza ikasten ari diren unibertsitateko ikasle euskaldun gazteak izan. Shangai'ko Euskal Etxeak Txinako geografia zabalean sakabanatuta dauden euskaldun guztiak bildu nahi ditu, Txina eta Euskadiren arteko zubi-lana laguntzeaz gain.

Euskadi gune turistiko

Txinako Errepublika munduko turista igorle nagusia izango da bost urteren buruan, urtero 50 milioiko turista kopurua mugituz. 2003. urtean zehar, 20.221.939 turista txinatar irten ziren atzerrira eta hori %21,80 gehiago da iazko datuekin alderatuta. Gainera, Turismoaren Munduko Antolakundeak argitaratutako txostenen arabera, Txina munduko turismoaren sailkapeneko lehen postuan kokatu ahal izango da igorle zein hartzaile moduan. Datuok Txinako Turismoaren Administrazio Nazionalak eman ditu eta zuzen-zuzen iritsi dira Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren arduradunengana. Hori dela eta, joan den urtarrilean Eusko Jaurlaritzak bigarren aldiz parte hartu zuen Shangain izandako World Travel Fair azokaren bigarren edizioan, urtarrilaren 20tik 23ra bitartean. Txinako turistei zuzendutako munduko lehen azokan planeta osoko 45 herrialdetako 350 erakustegik parte hartu zuen.

Horretarako, aipatutako sail euskaldunak, Shangaiko SPRI baltzuaren bulegoaren bitartez, iaz txino mandarineraz argitaratu zuen turismoaren sustapenerako eskuorri orokorra. Ikusi, bisitatu eta ezagutu beharreko guztia, dagoeneko euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez, alemanez, holandesez, italieraz eta portugesez dago.

MCC taldea Txinako euskal presentziaren buru

MCC Taldea da Txinako euskal presentzia industrialaren burua. 1994an ezarri zen lehenengoz bertan luxuzko autobusak ekoizteko 350 langileko lantegi batekin (Tianjing Irizar Coaxh, Manufatoring Co. Ltd.). 2008rako MCC taldeak hamabi lantegi gehiago ireki nahi ditu Txinan. Hala izanez gero, aipatutako urtean MCC taldeak 18 lantegi izango ditu munduko bazter horretan. MCC taldeko lantegi txinatarrek 27,5 milioi euro fakturatu zituzten 2003an eta 1.150 langile zituzten guztira. Irizarrenaz gain, MCC taldeak Txinan dituen sei lantegiak honakoak dira: soinketarako aparailuen ekoizpena Shangain (1997) 243 langilerekin; presio-eltzeen ekoizpena Shangain (2002) 300 langilerekin; kanpin-denden ekoizpena Ningbo-n eta Quzhou-n (2002) 140 eta 350 langilerekin, hurrenez hurren; gasa darabilten etxeko tresna elektrikoentzako segurtasun-sistemen ekoizpena Ningbon (2002) 50 langilerekin.

MCC taldearen sare txinatarra hainbat hiritako salmenta-bulegoek osatzen dute: Danobat (makineria) Copreci (etxeko tresna elektrikoentzako osagarriak) Fagor Arrasate (prentsak), Fagor Automation, Fagor Etxeko Tresna Elektrikoak eta Fagor Industriala (taldeentzako sukaldeak). Era berean, beste kooperatiba batzuen erosketa-bulegoak ditu Shangayn, Censen-en eta Hong Kong-en -azken honetako bulegoa Eroski hipermerkatuena da-.

Industri Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua (SPRI) da eta izan da Txinan euskal industriaren presentzia gero eta handiagoa izateko lanean diharduen erakundea. Gaur egun 33 euskal sozietate biltzen dira Txinan, nahiz eta oraingoz bederatzik baino ez dituzten ekoizpen-lantegiak. Gehien-gehienen jatorria MCC talde euskalduna da: Irizar, Fagor, Orbea, Orkil, Poyam... 1998. urtetik, aldiz, Inkoa talde euskalduna ere Txinara heldu da. Nekazaritzaren garapenean espezializatutako ingeniaritza eta aholkularitza enpresak Txinako negutegiak Internet bidez zuzentzen ditu. Enpresa euskaldun honen agerpena Txinan oso garrantzitsua izan da, izan ere, taldearen aurtengo fakturazioaren %70 lurralde asiarrean abian jarritako proiektuek osatuko baitute.

Urtea amaitu baino lehen, beste hamar enpresa euskaldunen ekoizpen-lantegiak iritsiko dira Txinaraino. Horren ondorioz, hamalau enpresaren ekoizpen-lantegiak batuko dira Asia ekialdeko herri honetan, gehienak Shangai inguruan. Txinan presentzia nabarmenena duten sektoreak honakoak dira: automozioa, makineria, etxeko tresna elektrikoak, altzairu bereziak, tresna elektronikoak eta taldeentzako ondasunak. Oraindik Txinan instalaziorik ez duten baina lehenbailehen izateko lanean diharduten enpresa euskaldunen artean Gamesa eta Cie Automotive ageri dira.

Txina, euskaldunen iritziz, lantegi ez ezik, euskal produktuak zabaltzeko eta aukera berriak eskaintzen dituen merkatu ere bada. Esaterako, joan den urtarrilean Gamesa Eolica enpresa euskaldunak bi kontratu berri sinatu zituen Txinako bi sozietaterekin; horien arabera, Gasteizko enpresak 94 aerosorgailu salduko dizkio Txinari ia 40 milioi euroren truke. Aerosorgailuak Gamesa G58 motakoak dira (850 kilowatt.). Hogeita hamasei aerosorgailu Datang Corporation-en Datan Zhangpu Liuao Parkerako izango dira (Fujian), eta beste 58ak Jilin Huaneng Taobei Parkean kokatuko dira (Jilin), Huaneng New Energy & Environment Protection taldearen ardurapean.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude