Esploratzaile euskaldunak kontinente ezezagunean

  • Afrikako esplorazioaz hitz egitean, XIX. mendeaz ari gara. Ehun urte horietan, aurreko guztietan baino lur gehiago esploratu eta «deskubritu» zituzten europarrek kontinente honetan. Euskaldunak ere ibili ziren Afrikako parajeetan, eta ez dira gutxi handik ekarri zituzten kontuak, pasatako periploak azaldu edo bertako animalia, landare eta gizaki «bitxien» berri emanez. Horietako batzuren abenturak jaso ditu Euskal bidaiarien memoria (Elea) liburuan Angel Martinez Salazarrek.

2005eko apirilaren 17an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

1870 inguruan, Italia eta Alemaniaren batasunak kolokan jarri zuen ordura arte Europan zegoen lurralde oreka. Honek kolonialismoari eta inperialismoari bideak ireki zizkien eta munduko bazter guztiak bihurtu ziren Europako herrialde inperialisten jomuga, horien artean Afrika zabala. Industrializazioarekin berriz, Europa, lehengaiak produzituko zituen lurralde birjinen bila hasi zen.

Horrez gain, zientzia alorretan aurrerapen handiak egin ziren: Bidaiariak kinina erabiltzen hasi ziren tifusa edo malaria saihesteko eta zenbait aparatu geografiko hobetu zituzten -kronometroa, barometroa, kartografia teknikak...-.

Esploratzaileak hala zientifikoak?

Darwinek eboluzioaren teoria kaleratu zuenean, izugarrizko konfiantza jarri zitzaion zientziari: gizaki zuriak maila gorenera eboluzionatu omen zuen eta esploratzaileek zibilizazio «primitiboak» bilatu nahi zituzten, europarrak aitzinean nolakoak izan ziren jakiteko. Eboluzionismoak eta positibismo errealak, aurre hartu zieten lehengo garai erromantikoei. Esploratzaileek kasu batzuetan beraien diruz bidaiatzen zuten, baina gehienetan, geografia elkarteek edo pertsonaia aberatsek finantzatuta -Belgikako Leopoldo II. erregeak, adibidez-.

Modu horretan ibili ziren esploratzaile famatu asko: Stanley, Speke, Barth edo Livingston doktorea bera. Leku batzuk besteak baino desiratuagoak ziren: lehia sutsua egon zen, esaterako, Nilo ibaiaren iturburuak aurkitzeko. Saharako basamortuan barrena zer zegoen deskubritzeko abiatu zirenak ez ziren gutxi izan, edo Afrika erdialdeko laku handietan eta Kongoko oihanean egon zitezkeen diamante eta urre meategiak bilatzeko. Dena zen posible XIX. mendeko Afrikan, eta ameslariek, beraien ametsak kontinente horretan proiektatu zituzten.

Maroko, Jose Maria Murga berbereen artean (1863-1866)

Jose Maria Murga Bilbon jaio zen arren, mairu bizkaitarra izenez ezagutzen zuten, Marokora egin zuen bidaiagatik. Arabiera ikasi zuen Parisen eta medikuntza berriz Madrilen. 1859an «Afrikako gerra» lehertu zen eta Murga espainiar gudarosteko komandante izan zen guda hartan. 1863an, gerra amaituta, bilbotarrak ejertzitoa utzi eta bidaiari ekin zion, Marokon barrena. Bere buruari Hach Mohamed el Bagdadi izena jarri zion eta ahoskera arraroa disimulatzeko, Europan ikasiriko Bagdadeko printze baten semea zela esaten zuen, eta sorterrira itzuli baino lehenago erromes gisara ibili nahi zuela. Asto baten gainean ibiltzen zen, itxura zarpailarekin; medikuntza ikasi zuela aprobetxatuz, petrikilo lanak egiten zituen herrixketan zehar. Baina ez zen horretara mugatzen: merkatari, itsumutil edo ipuin kontalariaren itxurak ere egin izan zituen.

1868an bidaiari buruzko liburua idatzi zuen: Recuerdos marroquíes de un moro vizcaíno. Liburu xelebrea da, umorea eta seriotasuna jorratzen dituena eta modu bitxian hasten da: «Nire irakurleei: Liburu hau marokoarrez idatzita dago eta ortografia berezia dauka, beraz, gure hizkuntzan irakurtzeko, azkeneko orritik hasi beharra dago. Hala ere, nire ezagutza pasigrafikoei esker, alde batetik nahiz bestetik berdin-berdin irakurri ahal izatea lortu dut, edo beste modu batera esanda: bi hasiera eta bi bukaera izatea. Idatzitakoarekin konforme ez dagoen irakurleak, bere buruari buelta eman eta alderantziz jartzea besterik ez du».

Ez dira gutxi mairu bizkaitarrak kontatzen dituen istorioak, kristauak sekula sartu ez ziren meskita eta jauregitan egon baitzen, baina baita berbereen herri probeenetan ere. Behin, Casablancatik gertu zegoen herri batera sartu zenean «Al atai! Al atai!» («petrikiloa!») garrasika hasi ziren bertakoak. Pitxi pila bat zeramatzan saltzeko eta hauek probatzen aritu ziren bertako neskatxak. Orduan, Murgari zera bururatu zitzaion: hango neska politenari pitxi bat emango ziola. Neska hauen erantzuna berehalakoa izan zen: «Zure pitxiak hemen geratuko dira eta ikusten ditugun bakoitzean odolak gure masailak gorrituko ditu. Jakin beharko zenuke urrea joan egiten dela, baina lotsa hemen geratzen dela».

Bidaiari bilbotarrak, berbere gizartea ez ezik, Maroko osoa deskribatu zuen, bertako gobernu sistema gogor kritikatuz, gainera. Maroko, zapaltzaile eta zapalduen artean banandu zitekeela zioen, sultanen eta herriaren artean, alegia. Bidaia zergatik hasi zuen ere azaltzen digu liburuan: «Kuriositateagatik, edo agian, gure gizarte zibilizatuaz pixka bat aspertuta egoteagatik. Izan ere, gauza askotan nahiago ditut barbaro hauek».

Euskaldunak Alaren lurraldean

Egun batean, Jose Maria Murgak soldadu batzuk ikusi zituen zenbait presorekin eztabaidan. Hauengana hurbildu zen, zer pasatzen zen jakiteko eta soldaduek esan zioten preso horiek zelatari errusiarrak zirela, naufragoak -Turkia eta Errusiaren arteko gerra, inguru haietara zabaldu zen-. Hizkuntza ulergaitza hitz egiten omen zuten eta seguruenik kaukasiarrak izango zirela esan zioten Murgari. Preso hauen patua ez zen nolanahikoa: bertan fusilatu behar zituzten. Orduan, gure euskalduna presoen parean jarri zen eta tentuz aztertu zituen guztiak. Hauek, mairu arraroari mesfidati begiratzen zioten, zer nahi ote zuen jakin ezinik. Murgak ongi pentsatu zuen: hauen itxura, arropak, keinuak... «Zer moduz?» galdetu zienean, kasik negarrez honen oinetara salto egin zuten naufrago gaixo horiek «Jaungoikua!» esanez. Salbaturik zeuden, Murgak gaizkiulertua konpondu zuen eta libre utzi zituzten kostalde hartara ekaitz gaizto batek eramandako Ondarroako arrantzale horiek.

Abisinia, Antoine Abbadiaren egonaldia (1837-1848)

Antoine Abbadia Dublinen jaio zen 1810ean. Familia noble eta aberatsekoa zen, aita, Irlandan aberastutako zuberotarra zuen, Ürrüxtoi herrikoa, eta ama berriz irlandarra. Haurra zela, Frantziako Tolosara aldatu ziren eta Antoinek bertan egin zituen ikasketak, gero Parisera jo zuen familia osoak. Baina Antoineri laster heldu zion bidaiatzearen arrak: 1832an, aita hil eta urtebete pasa ez zela, Bretainian barrena ibili zen, gero Eskozian, Irlandan, Ingalaterran... Ipar Euskal Herritik ere egin zuen bueltatxoa, aita euskaldunaren semea izateagatik, euskaltzalea baitzen oso. 1836an Brasilen egon zen eta hortik gutxira bere bizitzako bidaia zirraragarriena hasi zuen Etiopian, orduan Abisinia izenez ezagunagoa.

1837an, anaia Arnauld eta biak Nilo ibaian gora egin zuten, Keneh hiria igaro eta Itsaso Gorriko Missawara iritsi arte, hortik Abisinian barrena sartu ziren. Lurralde hura oso misteriotsua zen europarrentzat: alde batetik, antzinako kristautasun mota bat gurtzen zuten bertakoek, bestetik, musulmanak eta judutar beltzak ere bazeuden, azken hauek Sadako Erregina eta Salomonen ondorengoak omen ziren. Mito, erlijio eta tenplu harrigarriek osatzen zuten Abisinia eta hori gutxi balitz, ekonomia feudalak funtzionatzen zuen herrialde hartan, Europako Erdi Aroaren tankerakoa.

Arnauld Abbadia, hango jauntxo baten lagun egin zen eta rais izendatu zuten. Anaia buruzagi zela baliaturik, Antoinek nahi adina bidaia egin ahal izan zituen Abisinian zehar, bertako geografia eta gizartearen azterketa zorrotzak osatuz. Etiopiako goi lautadaren puntu geodesikoak markatu zituen eta baita bertako mendi gailurrak deskribatu ere. Horretaz gain, Nilo Urdinaren iturburuan egon zen, Bubbiako oihanean. Behin baino gehiagotan, jauntxoen arteko gatazken erdian aurkitu ziren bi anaiak, harik eta 1847an, Charles anaia txikia, bila joan zitzaien arte, amak bidalita.

Bueltakoan, egindako lanagatik urrezko domina eman zien Pariseko Geografia Elkarteak. Abbadiatarrak Urruñan eta Hendaian kokatu ziren orduz geroztik. Azken herri honetako jauregi paregabean bere bidaietako erlikiak gorde zituen Antoinek, eta jakina den bezala, Euskal Jaietako mezenas nagusi bilakatu zen.

Gineako golkoa, Manuel Iradier Afrikan (1874-1877)

Manuel Iradier 1854an jaio zen Gasteizen. Hasiera-hasieratik agertu zuen esploraziorako eta leku ezezagunak bisitatzeko gogoa: esku artean izaten zituen beti mapak eta bidai aldizkariak. Bere ametsa, Afrikara joan eta bertako lurraldeak esploratzea zen eta hamabost urte besterik ez zituela, kontinente hura esploratzeko plan bat egin zuen. Gero, Joven Exploradora izeneko sozietatea sortu zen Gasteizen eta Iradierrek ere parte hartu zuen bertan. Urte horietan, Henry Stanley erreportari ezaguna Gasteizen zen, New York Herald egunkariarentzat gerra karlistaren berri emateko. Iradierrek, ingeles famatuarengana jo zuen bere proiektua aurkezteko; honek, proiektua garestiegia zela adierazi zion eta hobe zuela Ekuatore-Ginea esploratzen hastea.

1874an, Manuel Iradier nazkaturik zegoen bere sorterrian lehertu zen gerrateaz. Urte bereko azaroan Isabel Urkiolarekin ezkondu zen eta handik hilabetera Afrikara egin zuen emazte eta koinatarekin batera. Lehenik Kanariar Irletara bidaiatu zuten, gero Gambiara eta hortik Fernando Poo irlara. Irla hartako gobernadoreak bere laguntza eskaini zion gasteiztarrari eta handik gutxira Corisco izeneko ingurura iritsi ziren, Ekuatore Ginearen kostan. Iradierrek bi espedizio nagusi egin zituen, bat kostaldetik eta bestea oihanean barrena. Sukarra eta gaitzek sufrikario latzak pasarazi zizkioten leku honetan, baina hala ere, bertako tribuak eta natura serioski aztertu zituen. 1876an, bere alaba Isabela hil zen sukarrak jota, hilabete gutxi zituen eta Ginean bertan jaio eta hil zen. Hortik gutxira Gasteizera bueltatu ziren.

Iradierrek Euskal Herrian ospe handia hartu zuen bere bidaiengatik eta horretaz aprobetxatu zen Ekuatore Gineara bigarren bidaia egiteko, 1884an. Baina ordurako, Europako potentzien arteko kolonizazio lasterketak inguru hura harrapatu zuen, eta alemaniar eta ingeles asko zegoen. Gainera, Fernando Poon zegoela, gaixotu egin zen eta Euskal Herrira itzuli behar izan zuen burumakur.

Esplorazioaren kronologia

1828: René Callié frantziarra Mauritaniatik Tangerrera iritsi zen, Saharako desertua gurutzatu eta gero.

1837: Abbadia anaiak Abisiniara abiatu ziren.

1843: Antoine Abbadiaren egonaldia falaxa edo judu beltzen herrixketan.

1847: Antoine eta Arnauld Abbadiak Nilo Urdinaren iturburua aurkitu zuten Bubbiako oihanean.

1855: Alemaniako Heinrich Barth esploratzailea Tonbuktu (Mali) hiriraino iritsi zen Tripolitik hasita.

1856: David Livingstonek Mosioatounya urjauziak aurkitu zituen Zambeze ibaian eta Victoria izena jarri zien Britainia Handiko erreginaren ohoretan.

1863: Jose Maria Murga mairu bizkaitarrak bere bidaia hasi zuen Marokon barrena.

1863: John Speke britainiarrak Nilo Zuriaren iturburua aurkitu zuen.

1871: Stanley eta Livingstonek topo egin zuten Tanganika laku ondoko Ujiji herrian («Livingston doktorea, suposatzen dut» esaldiarekin agurtu zuen Stanley-k Livingston).

1873: Mairu bizkaitarrak bigarren bidaia egin zuen Marokora.

1875: Manuel Iradierrek Ekuatore Gineara espedizioa hasi zuen, 1877an itzuli zen Euskal Herrira.

1877: Henry Stanleyk Kongo ibaia nabigatu zuen Atlantikoraino.

1884: Iradierrek bigarren bidaiari ekin zion Gineako Golkora. Berlingo konferentzia famatua burutu zen, Afrika munduko potentzien artean banatzeko.

1885: Haggard idazle britaniarrak Salomon erregearen meategiak liburua argitaratu zuen: diamantezko eta urrezko Afrikaren mitoa lehertu zen.


Azkenak
Bizkaiko Golkoa ia bi aldiz azkarrago ari da berotzen munduko batez bestekoa baino

Naturklima fundazioak kaleratutako Itsasoko eta kostako txostena-k argitara eman ditu klima aldaketa euskal kostaldean izaten ari den ondorioak: Bizkaiko Golkoko uren tenperatuta 0,22 gradu igo da hamarkada bakoitzean, 1981tik 2023ra, munduko uren tenperaturen batez besteko... [+]


Protesta egingo dute Los 40 Summer Live jaialdiaren aurka, Zarautzen

Beste urte batez Los 40 Summer Live jaialdia ospatuko dute Zarautzen, eta horren kontra agertu dira herriko hainbat eragile, haien ustez, garrantzi handiagoa ematen zaiolako ekitaldi horri herriko jaiei baino: "Argi erakusten du gure herrian zeinentzat dauden erraztasunak... [+]


Azterketa %90ek suspenditu dute eta Zupiriak esan du: “Ertzain izateko ikasi egin behar da”

3.600 pertsona aurkeztu dira ertzain edo udaltzain izateko lan eskaintza publikoko deialdira, eta 2.800 hautagaiek ez dute proba psikosoziala edota atal teorikoa gainditu. Segurtasun sailburuak defendatu egin du Polizia izateko "exijentzia maila".


CAF-Elhuyar sariak etetea erabaki dute, “baldintza egokirik” ez daudela arrazoituta

Zientzia-dibulgazioa saritzeko erreferentziazko sariak izan dira CAF-Elhuyarrekoak. Antolatzaileek 31. edizioa martxan zegoela etetea erabaki dute, "sariketa behar bezala egiteko baldintzarik ez dagoelako".


Nila Heredia
“Evo Moralesek ingurune toxikoa du, eta ezinbestekotzat jo du bere burua”

Boliviako ezkerreko militante historikoa da Nila Heredia, bi aldiz Evo Moralesen Osasun ministro izandakoa. Abuztuan hauteskunde orokorrak izango dituzte, eta herrialdearen egoera politikoa aztertu du elkarrizketa honetan.


Guggenheim Urdaibai Stop plataformak museoaren proiektua bertan behera uzteko eskatu die instituzioei

Joan den astean aurkeztu ziren proiektuaren inguruko entzuketa prozesuaren emaitzak, eta Guggenheim Urdaibai egitearen kontrako iritziak gailendu ziren. Busturialdearen beharrei "arduraz" erantzutea exijitu die plataformak, eta proiektuaren inguruko informazio eta... [+]


Indarkeria matxista gisa ikertzen ari dira 78 urteko emakumearen hilketa, Zizur Nagusian

Emakumea hilda aurkitu dute bere etxean. Senarrak, 85 urteko gizonak, emakumearen heriotzaren berri eman du, Polizia bertaratu denean diskurtso inkoherentea zuela ohartu eta atxilotu egin dute. 


Konfrontaziora pasatzeko garaia da

Euskararen normalizazioaren motorrak herri dinamikara bueltatu behar du aurrera egin nahi badugu


2025-07-30 | Sukar Horia
Dominatzaile pobreak

Bolo-bolo dabiltza gugandik zenbait kilometrotara gertatutako pogromoak, hamarkada luzetan −mendez mende− zilegituriko arrazismoa oinarri dutenak. Palestinan, Torre Pachecon eta Hernanin, arazoa antzekoegia da, intentsitate ezberdinez bada ere. Moroak dira behe-laino... [+]


Barkamena inprimatzen eta saltzen

Mainz (Alemania), 1454. Johannes Gutenbergek eskala handian inprimatutako lehen liburua argitaratu zuen, Berrogeita bi lerroko Biblia izenez ezagutzen dena. Gutenbergek ez zuen inprenta asmatu; dakigula, Txinan, 1040an, Bi  Shengek asmatu zuen inprimatzeko lehen makina... [+]


Migrazioei buruzko jarrerak gurean

Diskurtso erreakzionarioen gorakadaz ari gara azken urteetan. Dela migrazioei buruz, dela feminismoa, euskara eta abarri buruz. Testuinguru horretan, garrantzitsua iruditzen zait jarrera erreakzionarioak edota migrazioei buruzkoak aztertzeko ez gelditzea titularretan, eta gaiari... [+]


Euskarak Euskal Herria behar du

Euskararen balizko etorkizunari buruzko ikerketa bat ezagutzera eman da berriki, eta zalaparta eragin du bertan irudikatzen den paisaia beltzak. Asaldamendu hori auzitan jarriz abiatuko dut nire ekarpena. Zergatik da harrigarria datu hori? Zein mundutan bizi gara, gure egoeran... [+]


Ergelkeria

Liburuak hasi, utzi… begietatik garunera nagi doaz esaldiak, eta itzali ezin dudan tik-tak bat entzuten dut. Ikus-entzunezkoak pikatzen ari naiz.

Entzun dut burpee, eta Llados, eta body count, eta nahi duzulako zara pobrea, eta Milei, eta Thiel, eta unibertsitatea... [+]


2025-07-30 | Inma Errea Cleix
Kaka

Uda honetako erronka omen sare sozialetan: kaka egitea igerileku publikoetan. Ohikoak dira jokabide zikinak sare horietan, eta batzuek beren gorotz fisikoa libratzea, ororen begi-bistan eta eskura, honezkero gaina hartu digun zikinkeria digital erraldoia hezurmamitzea besterik... [+]


Eguneraketa berriak daude