Goi goian, Goñi

  • Goi-goian, Andia mendizerraren bizkarra igota dago Goñi bailara zoragarria. Bost kontzejuk osatzen dute: Aizpun, Azantza, Munarritz, Urdanotz eta Goñi bera. Klima urte guztian da hotza eta euritsua; neguak latzak dira paraje honetan. Muturreko bizi baldintzak muturreko lekuan. Goñi herritik hasiz Txargain eta Treku gainetatik pasata ibilbide tentagarria pagadi eta txilardegietan barrena.

2005eko martxoaren 20an
Behar baino beranduago abiatu gara etxetik, baina Irurtzundik Asterain aldera egitean ahaztu egin zaigu geure buruarekin genuen haserrea. Ohiko mapetan agertzen ez diren bideen xarma du Goñi bailarara iristeko egin beharrekoak: Errotzetik Anotzera Arakil ibaiari segika eta handik Ollaranen barrena (NA-7030). Arteta herria eta izen bereko mendatea atzean utzi behar dira elur hormek hesitutako bihurguneen haranzkaldean Goñi begi bistan agertu arte.

Bidea herri sarreraraino bakarrik garbitu dute makinek, horregatik lehendabiziko etxeen hegalean aparkatu dugu. Herrira heltzerako, duda-mudakoa zen panorama erabat belztu da zeruan, elurra hasi du oparo eta ibilaldiko kera batean jateko ziren txerriki ogitartekoak automobiletik irten aurretik irentsi ditugu. Gosari-bazkariaren ostean erraketak lotu eta oinez hasi gara. Mendizaleon aurretik artzainek mendeetan erabili zituzten elurretan ibiltzeko zurezko orraziak. Herriko karriketan patsa dago eta erdi-erditik abiatu gara goruntz, San Esteban ermitaruntz. Aurrean elurra kentzeko pala jarrita duen traktorea eta etxe atarian lera baten gainean jolasean dabilen haur bikotea, ez da beste inor bistaratu.

San Estebango ermitara iritsi aurretik, ekialderantz, San Migel ermitara abiatzen den bidexka hartu dugu. Haizeak elur mordoa pilatu du eta estalita dago ibilgailuei aurrera egitea galarazten dien katea. Pixkanaka-pixkanaka ipar norabidea hartzen du bideak. Kilometro erdia ibili dugunean 90°ko bihurgunea egiten du ezkerreruntz; guk juxtu bestaldera hartu dugu eta berehala hesi bat pasako dugu langa batetik. Mustilogorri izena du inguru honek. Ukuilu eta biltegi baterantzako bidea azalduko da eskuinerantz; bide hori hartu gabe ipar-ekialderantz jarraituko dugu. Zuhaitz-enborretan seinale gorriztak daude.

Izoztutako putzua

Berehala Sasiako putzura iritsi gara. Izoztuta dago ur azala eta gutako harroxkoenak ez dio putzuaren gainean ibiltzeko tentazioari eutsi. Horrelakoetan teleserie amerikarrek irakatsi zigutena gogoratu behar da, badakizue: don't try this at home...(Ez saiatu etxean egiten).

Iparralderantz jarraitu dugu zerrakura baten hegaletik harik eta zeharkatzeko ataka parera heldu arte. Hor hesia gurutzatu eta pagadian sartu gara. Bailaraxka baten hondotik beherantz eginen dugu. Buelta guztiko zatirik ederrenetakoa da hau. Beste txarrantxa gurutzatu eta "Coto de caza público" plaka irakurri dugu. Beheruntz segitu dugu hesitutako sima ikusgarri batera heldu arte. Hemen ezkerrera egin dugu malda suabe batetik eta berehala heldu gara Treku eta Txargain arteko mendi lepora. Mendi lepo inguruan etxola mordoa dago, erdia gutxienez hondoa jota. Harritu egin gaituzte eraikinek, anitz sasiak janda egonagatik eraikuntza dotoreak eta aberatsak zirela antzeman dute.

Arbola gabeko paraje hau errukirik gabe astintzen du haizeak; tarte batzuetan elurrez biluztu du lurra eta beste batzuetan erlaitz ikusgarriak sortu. Eskuinerantz galbiderik ez duen landa batetik Txargain ertza harrapatu dugu (971 metro). Gaur ez da itzelezko bistarik, baina Ollo eta Goñi bailarak ederki bereizten dira. Ollarango herrixkak 500 metro pasatxoko altueran daude, eta Goñibarkoak 900etik goiti. Zaila da asmatzen nork eta nola aukeratu zuen Goñibar bezelako leku bat bizitzeko.

Mendi lepora itzuli eta Trekurantz igotzen den hesia ikusi dugu berrehun-bat metro eskuinerago. Hesi horretara hurbildu eta berari jarraituz helduko gara Treku gainera. Txarrantxaren ezkerraldetik egin dugu igoera. Haize erauntsiak gero eta gogorragoak dira eta, goruntz egin ahala, pagoak gero eta txikiagoak eta bakanagoak, elur-bisutsetik babesteko uzkurtuta baleude bezala. Idoiberri eta Borderre izeneko parajeak pasata azkeneko tartea arbolen babesik gabe egin dugu. Badakigu ingurumarian hiru trikuharri daudela, baina eguraldi makurragatik hurrengo baterako utzi dugu horiek bilatzea.

Gaina (1.265m) zapaldu aurretxoan ekialdetik mendebaldera datorren beste hesi bat gainditu behar da. Puntan elur erasoa bortitza da eta hego-ekialderantz begiratuta, tarteka baino ez dira bistaratzen borda zaharrak, behe-lainotan kukututa.
Trekutik behera kontrako isurialdeko mendi mazeletik egin dugu. Treku eta Peña Blanca arteko haranera jaistean Zuloako putzuaren ezker hegitik jarraitu dugu. Atoan Peña Blancara igotzen hasi gara eta gure gainean haitzak ikusi arren, tontorra urrunago dago eta zelaia da. Puntatik ikusmira egundokoa »omen» da: alde batera Andia zerra, Ergoiena bailara eta Beriain; bertzaldera Pirineoak, Elomendi, Itzaga... Guk ez dugu suerterik izan: urrunera ez da deus ere ikusten eta haizeak min egiten du puntan denbora pasa egoteko.

Gorakoan gainditutako harkaitzetara zuzendu gara atzera baina iritsi aurretik hegoaldera egin dugu, eskuinetara, belardiaren hondotik doan bideraino jaitsiaz.Aurrez-aurre dugun mendi gandorrera igo behar dugu orain, juxtu gainez-gain doan hesia ezkutatzen den lekura. Muinoaren bizkarhezurra pasa eta hesiaren ertzetik egin dugu beherantz burdinezko ataka agertu arte. Ataka gurutzatu eta basoan sartu gara pago eta elorri artean ekialderantz joateko, norabide horretan dago-eta Goñi herria. Ordu laurdenez baso erogarrian aurrera egin dugu beste hesia topatu arte eta gero hau jarraituz eskuinetara ataka topatu eta gurutzatu arte. Beti ekialderantz segituta berehala heldu gara Goñiko San Migel ermitara.

San Migel ermitaraino hasiera-hasieran hartu dugun bidea heltzen da eta ordu erdi nahikoa izan dugu bertatik herriraino dagoen kilometro t'erdia egiteko, betiere malda beheiti (1.094tik 907ra).

Fantikorenako museoa

Etxera itzultzean Artetako museo etnografikoaren (tel:948328034) paretik pasa gara. Fantikorena etxean dago Jose Luis Ulibarrena eskultoreak 30 urtean jasotako ondarea eta ez zaio inori damutuko erakusketa hori bisitatzea. Gainera Fantikorena etxea bera (XVII. mendekoa) barnean nahiz atarian gordetzen dituen objektuak bezain interesgarria da. 10etatik 13:30ak arte egoten da zabalik astelehenetan izan ezik.

Lapurrak, gerrillariak eta elur-makinak
Goñi bailara ihesean zebiltzanentzat ezkutaleku izan da. XIII. eta XIV. mendeetan ganadu lapur ankerren gordelekua izan omen zen Jose María Iribarrenek idatzita utzi zuenez. Geroxeago makina bat aldiz entzun dira gerra hotsak bazter hauetan, batik bat XIX. mendean. 1811n Espoz y Minaren gerrillariak eta Abbé jeneralaren 4.300 gizoneko gudalostea harrapaketan ibili ziren Urbasa eta Andian.
Hala ere, hainbesteko ejerzitoak adina beldurtu zituen goñitarrak 1822ko ekainean azaldu zen gerrillari saldo koxkor batek. Hileko bosgarren egunean Antero Dancausa ospetsua agertu zen herrira lepo armatutako beste 31 gizonekin. Dancausa eta enparauek euren oasi bihurtu zuten herrixka, norbaitek han zebiltzala salatzen bazuen egundokoak egingo zituztela mehatxatuz. Nahierara ibili ziren mozkorkerian Andia mendira alde egin zuten arte.
Gaur egun ere ez da gozoa Goñin bizitzea. Duela gutxi bost herrixken betiko egitura independenteak desagertu eta udalerri bakarrean biltzeko eskatu diote bertakoek Nafarroako Gobernuari, diru laguntzak-eta errazago hartzeko. Elurra kentzeko makinek azkenerako uzten dute beti txoko hau eta lau egunean isolatuta egon direla esan digu Apezarena etxeko leihotik agure batek. "Horrelako neguak pasatzen aspertuta gaude gu. Kontua da aspaldian oso epelak izan ditugula eta jendea sorpresaz harrapatu duela. Umeak eskolara joan ezinda egon dira". Ume horiek asko ezin direla izan pentsatu dugu gure artean, orotara 200 biztanle pasatxo dira-eta Goñibarko bost herrietan.

Goñiko euskara
XXI. mendera hegoaldeko goi nafarreraren printzak baino ez zaizkigu heldu. Baina Bonaparte printzeak euskalkiak ikertu zituenean osasuntsu zen elekatzeko modu hori. Euskaraz solasten ziren goñitar gehien-gehienak 1869an; 60 urte nahikoa izan zen hizkuntza behin betiko galtzeko.
Julio Urkixok 1910ean salatu zuen Goñin ahantzi zutela euskara. José María Jimeno Juriok honakoa idatzi zuen gai honetaz Navarra. Histora del Euskara liburuan: "Hasta muy entrado el siglo actual hablaban euskera en el pueblo de Goñi los amos de casa de Baztilerena, Liserena (Saturnino Arzoz), Dorrekoa (Uspicio Gulina), y Saldiserena. El de Ubiarena, Saturnino Asiáin, natural de Azanza y fallecido en 1937, hablaba en euskera con su mujer, natural de Goñi, muerta tres años antes. Sus descendientes ya no lo aprendieron".
Blas Fagoagari 1.929an Ollon eta Senosiainen apaiz ibilitako batek esan zion garai hartan euskaldun itxiak zirela herri horietako agureak, hainbeste ezen "euskarazko dotrina inguratu behar izan zuen garizuma garairako". Pentsatzekoa da pertsona edadetuenak euskaldun itxiak izaki, askoz gazteagoek ere ulertuko zutela hizkuntza nahiz eta solasean aritzeko gai izan ez. Kontuak kontu, esan liteke 1930eko hamarkadan itzali zela Ollarango eta Goñibarko euskara, komunikaziorako funtzioa galdu zuelarik.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude