Ezpalak


2005eko martxoaren 20an

Dantza garaikidearen urrats berria

Dantza garaikideko lanak ikusteko aukera gutxi izaten da gurean. Eta horrek ez du laguntzen ikusle berriak dantzara erakartzeko. Sorgin korapiloa da. Horrexegatik da garrantzitsua Eusko Jaurlaritzak antzoki publikoen Sarearen barruan sortu duen Dantza Garaikidearen I. Zirkuitoa. Martxoaren 11tik maiatzaren 21a arte, bost euskal produkzio (Solo. Chipa miel del corazón dulce, Gau bakar bat, Ego-tik, Es3in, Öleles) programatuko dituzte Donostiako Gazteszenan, Elorrioko Arriola antzokian, Barakaldo antzokian eta Gasteizko Lakua gizarte etxean eta Hegoalden. Guztira, hamalau emanaldi. Ez dira asko, baina urrats batzuk badira behintzat.


San Fermin plazako aztarnak

lur azpiko aparkamentua egitera zihoan Iruñeko Udala Aldapako San Fermin plazan. 250 tokiko aparkalekua egin asmo zuen bizilagunentzat. Bertan behera utzi du ordea, Erdi Aroko dorrea eta erromatar garaiko aztarnak »txanponak, mosaikoetako teselak, IV.-V. mendeko eraikinak...» aurkitu dituztelako azpian eta indusketekin aurrera eginez gero aztarna gehiago aurkituko dituztela uste dutelako. Gauzak horrela, egitasmoa bertan behera uztea erabaki du Kultur Ondareko zuzendaritzak. Harritzekoa da Iruñeko Udalaren jokabidea, Gaztelu plazako aurkikuntzekin oso bestela jokatu baitzuen.


Musika sakroaren jardunaldiak

Hainbat erlijiok jainkoei egiten dizkion eskaintzak eta heriotzaren ondoko «bizitza» nola irudikatzen duten ezagutzeko parada eskainiko du Bilbao Ars Sacrum egitasmoak, hilaren 27a arte. Zeruari begira lelopean, ekitaldi andana izango da. Turéganoko Aingeruen Museoko (Segovia) koadroak eta eskulturak izango dira ikusgai; Zabalguneko merkatuan Mandala (unibertsoaren irudikatze sinbolikoa) egingo dute egunero, hondarra eta koloreak erabiliz; Verakruzeko (Mexiko) Hegalarien Erritu Taldeak jainkoei eskainitako dantza bat antzeztuko dute, lurretik hogeita hamar metrotara daudela. Gizakundearen Elizan izango dira kontzertuak. Besteak beste, flamenkoaz, musika barrokoaz eta sufi musika erlijiosoaz gozatu ahal izango da.


Giza eskubideak zineman

Joan den ostiralean hasi zen Zinema eta giza eskubideak zikloa Donostian. Hirugarren aldia du giza eskubideen aldarrikapena egiten duten filmak eskaintzen dituen ekimenak. Besteak beste, haurrak eta gerra (Zinemaldiko Urrezko Maskorra irabazitako Turtles can fly), gatazka politikoaren eraginak (Omagh eta Amaiur) eta emakumeen esplotazioa eta prostituzioa (Or) izango dituzte hausnarketa gai Donostiako Antzoki Zaharrean.


Pilota eta arteak eskutik Xiru jaian

martxoaren 18tik 20ra, pilota eta jokoa izango ditu ardatz Zuberoan egiten den Xiru jailadiak. Ostiralean, pilota partida berezia izango da Larraineko trinketean: Punpa sare kantore. Pilota partidaz gain, Amaren Alabak taldearen eta Beñat Axiariren musika izango da. Larunbatean pilota arte eszeniko bilakatuko da Gotainen eskainiko duten Pilotar(h)itza ikusgarrian. Michel Iturria pilotariak, Mizel Theret dantzari koreografoa izango du lagun gaueko emanaldi horretan. Goizean Xabier Amurizak bertsolaritza izango du mintzagai eta Angelique Fulinek Matalaz liburu-diskoa aurkeztuko du. Igandean, Bota lizeko pilota partida izango da Iribarnen eta ondoren Jose Le Piez artistaren obra bat Utürzabala gunean jarriko dute, musikari eta artisten laguntzaz.


* * * * * * * * * * * * * * * * * *


Film klasikoak eta independenteak topatzeko arazo ugari izaten da. Bideo klubetan film berriak bakarrik izaten dira gehienetan eta komertzialki arrakasta izandakoak. Hortik kanpo, ezer gutxi. Topatzeko zaila diren film horiek eskaintzen ditu Iruñean urtarrilean zabaldu zen Potemkin filmotekak. Filmak alokatzeaz gain, dendan dagoen liburutegi txikia balia daiteke. Erakusketa aretoa ere badu eta laster film emanaldiak antolatzen hasiko dira. Argibide gehiago wwwpotemkinfk.com gunean.

Literatura eta bidaia izango dituzte hizpide aurten Mondragon Unibertsitateko HUHEZIk antolatzen duen Eskoriatzako Literatura VII. Astean. Zikloa hilaren 10ean abiatu zen, Roge Blascok Ana Mª Briongos bidaiari katalanarekin Arrasatetik zuzenean egin zuen Levando Anclas saioarekin. Jon Arretxe eta Anjel Lertxundiren hitzaldien ostean, asteazkenean Harkaitz Cano izango da hizlari; ostegunean Patxi Zubizarretak, Jabier Muguruzak, Txema Garcések eta Joseba Loinazek 28 letra eta 7 nota munduaren itzulia egiteko ikuskaria eskainiko dute eta ostiralean fakultateko ikasleek Hitzak lagun, bidaia dezagun emanaldia eskainiko dute.


ASTEKARIA
2005eko martxoaren 20a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude