Bero-beroan


2005eko martxoaren 20an


Aste erabakigarria aukera guztientzat

Hilaren 21ean Hauteskunde Batzordeak jakinaraziko du apirilaren 17ko hauteskundeetarako onartzen dituen zerrendak. Aukera Guztiak hauteskunde plataformarekin zer gertatuko den jakingo da orduan eta horrek gainerako aukera guztien errealitatea baldintzatuko du, emaitzen kontua era batera edo bestera aterako baita Aukera Guztien zerrendak hautesontzietan legezkoak izan ala ez. Beste une garrantzitsu bat Zapateroren Gobernuarentzat, negoziazio eta elkarrizketaren termometroa nola dagoen neurtuko baita berriz. Oraingoz, dena den, adierazle guztiak dira Aukera Guztiak plataformaren aurkakoak: Candido Conde-Punpido Estatuko Fiskal Nagusiaren jarrera ez da oso neurgailu ona, baina hor dago bere ekimena eta honek polizi frogak besterik ez ditu erabiliko; ABCk iragarri zuen polizi frogak nora doazen -«Batasunakoek bultzatu dute Aukera Guztiak»-; eta PSOEren inguruko zenbait kazetarik ere adierazi dute Batasunaren segida dela. Hala ere, erantzuna datorren astelehenean, hilak 21.


Andoni Beroizen kasua, bere aitaren ahotik azaldua

Andoni Beroiz gaztea espetxean da gaur egun, beste hainbat gazterekin batera kale borrokarekin lotutako salaketak medio. Auzi horietako batek dioenez, 2000ko urtarrilaren 1ean, 1:45etan, gazte talde batek Galdakaoko Guardia Zibilaren kuartelari egin zion eraso 54 bat molotov koktelekin. Egun eta ordu berean, aldiz, Gasteiztik Bilbora zihoan auto batek istripua izan zuen n-622 errepidean, Zuiako udalerrian, eta Ertzaintzaren txostenak dioenez, Andoni Beroiz eta autoa gidatzen zuen Jokin izeneko beste mutil bat hantxe ziren. Otsailaren 26an Garan idatzitako iritzi artikuluan ematen du guztiaren berri Luis Beroizek, Andoniren aitak. Honek idazkian adierazten duenez, Guardia Zibilaren kuartelari egindako erasoen diligentziak Ertzaintzak egin zituen eta Arkauten egindako torturen ondorio dira. Atxiloketaren denboran, Ertzaintzaren eskuetan torturak jasan zituztela salatu zuten gazteek. Gazte talde honi leporatutakoak torturen ondorio direla salatu du Beroiz aitak, salaketak faltsutzat jotzen ditu eta ikerketarekin aurrera jarraituko duela iragartzen du artikuluan.


Zapaterok errieta Marini

Manuel Marin Espainiako Kongresuko lehendakariak berak gidatzen duen instituzioan gaztelania bakarrik erabiliko zela erabaki ondoren, honakoa erantzun zion hilaren 11an Kongresuan bertan Jose Luis Rodriguez Zapaterok: «Hizkuntzak elkar ulertzeko dira. Hizkuntzak ez dira ez banatzeko ez elkarren aurka aritzeko».


PPren barne arazoak

PPren baitan egun bizi den norgehiagokak aurrera jarraitzen badu, etorkizun hurbilean Espainiako eskuina batu zuen alderdia lehertu egingo dela diote zurrumurruek gero eta indar handiz. Zentzu-eskuinaren posizioa ordezkatuko lukeen Mariano Rajoi lehendakariak ez ei daki nola eutsi Angel Acebesen eta eskuin gogorrenean kokatzen direnen oposizio molde gogorrari, eta egoerak horrela jarraitzen badu, ez da baztertzen frankismoaren ondorengo lehen eskuin zatikatura itzultzearena. Besteak beste, PPn gero eta gehiago dira Jose Maria Aznarren FAES fundazioak daraman lerroarekin deseroso direnak. AEBetako Gobernuko eskuindarrenen eragina ero eta ageriagokoa ei da FAESen, honek antolatutako hitzaldietan ondo ikusten den bezala.


EKEk kudeatutako hizkuntza gaiak EEP sortu berriaren esku

Euskararen Erakunde Publikoak Max Brisson du lehendakari eta oraindik gauza asko zehaztu gabe dituen arren, hizkuntza alorra bere gain hartu du. Orain arte Euskal Kultura Erakundeak (EKE) hartua zuen bere gain hizkuntzaren alorra. Kulturak eta hizkuntzak bat egiten zuten eta hemendik aurrera EKE kultur alorrera mugatuko da. EEPk gauza asko baditu ere zehazteko (horien artean aurrekontua), Iparraldean, bere kabuz existitzen ez zen hizkuntza politika eremua jorratuko du. Bestalde, EKEko Erramun Baxok lehendakariak lekukoa pasa dio Mikel Erramuzperi.


Patxi Lopez eta euskararen erakundea

EAEko lehendakaritzarako PSOEko hautagaiak ez du nahi euskara «isolatuta» bizitzerik eta «mugak gainditu» behar dituela esan du. Euskara «indartzeko eta esportatzeko» erakunde bat sortzea proposatu du. Cervantes Institutuaren babesa jaso du dagoeneko.


Euskarazko irakasgaien eskaintza berria NUPen

Hizkuntza plangintzarako Batzordeak Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleen eta irakasleen hizkuntza ezaugarrien azterketa egin du. Azterketan izandako emaitzak kontuan hartuta, Pedro Burillo NUPeko errektoreak adierazi duenez, datorren ikasturterako euskarazko irakasgaien eskaintza berria egingo dute. Proposamen hori Gobernu Batzordeak onartu beharko du. Bestalde, unibertsitatean, Hizkuntza Plagintzarako Batzordean ikasleen ordezkari ziren Kimetz Aranak eta Angela Camposek dimisioa aurkeztu dute helburuak bete ez direlako.


ASTEKARIA
2005eko martxoaren 20a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude