Agur 35 orduko lanaldiari

  • Honezkero milaka izango dira multinazional eta patronal handien atzaparkada sentitu duten langile europarrak: produktibitatea aitzakia eta produkzioen deslokalizazioa mehatxu, asteko lanaldia orain arteko 35 orduetatik gora bultzatu nahi dute, laurogeiko hamarkadan lortutako marka historikoa izan arren. Hori gutxi balitz, ez dute inolako soldata igoerarik aurreikusten. Erasoa Euskal Herrira heldu berri da eta ziurrenik hurrengo hitzarmen kolektiboek mahai gainean izango dute eztabaidagai.

2005eko martxoaren 20an
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Sindikatuek eta langileen mugimenduek ez baldin badute ekintza eta erresistentzia tinkoen bidez saihesten, 35 orduko lanaldi ofiziala, 80ko hamarkadan eskuratutako lorpen historikoa, Alemanian hasi eta Europa osora zabaldu zena, oroitzapenen kutxan galduko da. Europako multinazional eta patronal handiek erasoari ekin diote dagoeneko, produktibitatearen zutoihala jaso, eta produkzioaren deslokalizazioa mehatxu eta xantai bihurtuz.

Lan handiagoa egin behar da, hau da, lanaldia handitu beharra dago, eta soldata igoerarik gabe gainera, lanik gabe gelditu nahi ezean. Hori da multinazional eta patronal handien mezua. Europako zenbait herrialdetan, sindikatuak amua «irensten» hasita daude jadanik. Ondorioz, Europako herrialde batzuetan euren asmoa betez gero, multinazional eta patronal horiei, Europako beste hainbat herrialdetan ere presente daudenez (Euskal Herrian besteak beste), eta filosofia bera mantentzen dutenez, errazagoa izango litzaieke 35 ordutik gorako asteko lanaldia inposatzea. Gure herrialdeko sektore-hitzarmenen negoziazioak eraso berri hau izango du mahai gainean. Hain zuzen ere, eraso horrek Europan izandako bilakaera ezagutzeko, artikulu honek egungo egoeraren gaineko datu larrien berri eman nahi du, euskal langileriak epe laburrera suma bailitzake horien ondorioak.

Alemania, 35 orduen eta igoeraren aitzindari

Alemania 35 orduko asteko lanaldiaren aitzindaria izan zen, 80ko hamarkadan bere ezarpena lortu eta berehala zabaldu baitzen Europara. Orain, ordea, multinazional eta patronalen erasoa jasaten ere aitzindari da, bertako langileei 40 orduko lanaldia ezarri nahi dietelako inolako soldata igoerarik gabe. Esate baterako, Renania-Westfalia Iparraldeko bi industria-lantegitan, langileek eta IG Metall sindikatu alemaniar indartsuak 40 orduko lanaldia (Alemaniako batezbestekoa 37,7 ordukoa da) adostu dute -lanpostua salbatzeko bide bakarra izan omen da- soldatarik igo gabe. Bestalde, Siemens moduko enpresa alemaniar batean, joan den ekainean akordioa sinatu zen sindikatuekin: lanaldia 40 ordura igotzea onartu zuten langileek, produkzioa atzerrira ez eramatearen truke. Alemaniako Volkswagen enpresan ere, zuzendaritzak ordutegi malguagoak eskatu ditu ehun mila langile baino gehiagoren soldatak izoztearekin batera.

Belgikan, Siemens markak dituen mila langileek lanaldia 37 ordutik 38ra pasatzea negoziatu dute, soldataren %1eko igoera eta kaleratzeak gutxitzearen truke. Frantziako Estatua da 35 orduko lanaldia legez arautzen duen herrialde bakarra. Nazio Biltzarra, ordea, indarrean dagoen legeria aldatzeko urratsak ematen ari da eta ondorioz, 35 orduko legea indargabetuko lukete. Nahiz eta langile mugimenduek kontra egin, Frantziako Gobernuak legeria aldatzea erabakita dauka eta horretarako denbora behar izan arren, 35 orduko legea bertan behera utziko du. Horren harira hona Bosch enpresak sindikatuekin adostutakoa: ordubete gehiago lan egitea, inolako diru-konpentsaziorik gabe. Italian ere horrenbeste gertatu da. Alitalia enpresa aeronautikoan lortutako hitzarmen partzialen artean, pilotuek orain arte urtean 500 ordu lan egiten bazituzten, aurrerantzean 900 ordu egin beharko dituzte.

Euskal Herriari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) iragan den uda arteko negoziazio kolektiboen datu bat argigarria da. Enpresariek, ohiko moduan, uko egiten diote 35 orduko lanaldiaren aldeko eskaera sindikalari. 2004ko abuztura arteko hitzarmenen arabera, urtean 1.724 ordu lan egin behar dugu EAEn. Bestela esanda, asteko lanaldia 38 ordukoa izango da.

48 orduko mugan dauden salbuespenak

Europako Batasunak 48 orduko muga ezarri dio asteko lanaldiari. Hala ere, egunez egun gero eta salbuespen gehiagok gainditzen du muga hori, lobby industrialen presioaren ondorioz, betiere erabakia aldez aurretik langileekin adosten bada. Orain arte, Britainia Handiak izan ditu 48 orduko mugatik gorako salbuespen gehienak, baina jauzi hori gero eta nabarmenagoa da Europako beste hainbat herrialdetan. Europako Batzordeak proposamen bat jarri die mahai gainean Europako Parlamentu eta Ministroen Kontseiluari, salbuespenok ahalik eta gehien saihesteko asmoz. Praktikan, aldiz, oso bestelakoa da errealitatea, Batzordeak salbuespen egoera bereziak sortu baititu lanaren antolakuntzan enpresariek malgutasun handiagoa izan dezaten. Sindikatuek eta alderdi ezkertiarrek proposamena ezetsi dute «onartezina eta desorekatua» delako.

Produktibitatearen zerbitzura
Industria arloko lan-harremanak abiadura bizian aldatzen ari dira produktibitatearen onerako. Ez da lehen aldia enpresa bateko langileek uko egiten dietela eskuratutako eskubideei. Krisialdian dauden zenbait enpresetan ere halako uko egiteak azaldu dira. Harrigarriena, ordea, beste muturreko egoeran dauden enpresetan gertatzen ari da: krisialdi eta porrotetik urrun samar dauden enpresetan, lanordu kopurua handitzeko negoziazioetan langileek soldata igoerarik gabeko proposamenekin egiten dute topo. Europako Enplegu Behatokiak honako adierazpenak egin ditu: «Orain arte, soldata igoerarik gabeko lanaldi handitzea krisi egoeran zeuden enpresen kasua baino ez zen, eta soilik langile kualifikatuenentzat». Europan hitzarmen bidez adostutako lanaldiak, salbuespenak salbuespen, behera baino ez du egin azken bi hamarkadetan. Hala berresten dute Eurostat Europako Estatistika Bulegoaren datuek.
Azken urte honetan ahots eta joera ugari sortu dira 35 orduko asteko lanaldiaren aurka; patronala ez ezik, politiko asko ere ordu kopurua handitzearen aldekoak dira: «40 orduko lanaldira itzultzea saihestezina da, bai sektore publikoan, bai pribatuan. Holandak lanordu kopurua handitu behar du produktibitatea eta hazkunde ekonomikoa hobetzeko». Hala adierazi du Holandako Ekonomia ministroak. Joaquin Almunia Espainiako ministro sozialista ohi eta Europako Ekonomia eta Moneta komisarioaren arabera ere, ekonomia globalizatuan «ezinbestekoa izaten da sektore batzuek lanaldia handitzea».


Azkenak
Eguneraketa berriak daude