SOCADE, Euskadiko Garapenerako Kapitaleko Sozietatea, Euskal Herriko arrisku-kapitala kudeatzen duen SGECRren mendeko zazpi sozietateetatik garrantzitsuena da. Eusko Jaurlaritzak sektore estrategikoetan inbertitzeko duen instrumentua da SGECR. Partizipazio guztien 114 milioi euroen erdiak baino gutxixeago, 50 milioi euro inguru, SOCADEren bitartez egiten dira. Eusko Jaurlaritzak sozietate horren %40 dauka eta gainerako %60 hiru foru aldundiena da. 2002ko abenduan, SOCADEk 47 milioi euro zeuzkan inbertitzeko, eta lehengo AHVren oinordeko den Acería Compacta de Bizkaia (ACB) konpainian partizipatzen du. Halaber partizipatzen du enpresa hauetan: Alfalan S.A.n, (bertako presidente exekutiboa Francisco Egea da, Lan eta Justizia Saileko kontseilari ohi sozialista; Mungiako Consonni kooperatiban, (material elektrikoa fabrikatzen du eta MCCn integratuta dago 1999tik); Iparlat S.A.n, (presidente exekutiboa Jose Manuel Goikoetxea da, Nekazaritza Saileko EAJko kontseilari ohia); eta Vitoria Integrated Air Services S.A.n. Azkenik, Eusko Jaurlaritza, SOCADEren bitartez, Industria de Turbo Propulsores S.A.ren kapitalean sartu zen eta 13,2 milioi euro inbertitu zituen. Horrela bereganatu zuen haren kapital sozialaren %5,3aren kontrola.