Bergara: Antzinako artearen xarma


2005eko martxoaren 06an
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Historiaurrean ere bizirik zegoen Bergara, Udalerriko Brontze Aroko monumentu megalitikoek erakusten dutenez. Ehorzketa monumentu ziren trikuharri eta tumulu horiek Udala-Intxorta eta Elosua-Soraluze guneetan daude. Baina Bergararen aipamena jasotzen duen lehen dokumentu idatzia 1050. urtekoa da. Hain zuzen ere urte horretako lur eta soroen emate batean aipatzen da Bergara. 1200. urtean, Gipuzkoa Gaztelako erreinuan sartu zenean, hiriak sortzeko prozesu bat hasi zen eta Bergarako hiribildua, "Villanueva de Vergara" izenekoa, 1268. urtean sortu zen, Alfontso X.a Jakintsua erregeak biztanleei Hiribildu-Agiria edo Forua eman zienean. Bergara merkataritza gune bihurtu zen orduan.


XIV. mendea
Bando arteko borrokak

XIV. mendearen erdialdean, ibaiaren bestaldeko Oxirondo auzokoek Bergararekin bat egin zuten. Behe Erdi Aroan, Gabiria eta Ozaeta bandoen arteko borrokak izan ziren eta horiek amaitzeko, Errege Katolikoek Ordenantzak onartu zituzten 1490ean Udalaren gidaritza zuzentzeko.
Arazoak gainditu ostean, XVI. mendea garai oparoa izan zen bergararrentzat.


XVI. mendeko aberastasuna

Aro modernoan, industrian eta merkataritzan, baita administrazioan ere, eredu izan zen Gipuzkoako udala. Bergarar asko aberastu zen eta gaur egun zutik dauden etxe eta jauregiak eraiki zituzten lorturiko ondasun horien lekuko.


XVIII. mendea
Ikerketan puntako Seminarioa

XVIII. mendean Bergararen oihartzuna Europa osora zabaldu zuen Errege Seminarioa sortu zen. 1776an inauguratu zen ofizialki eta ikastetxe horretan aritu ziren Proust, Chabaneau, Thumborg eta Elhuyar anaiak, besteak beste. Bertako Laboratorium Chemicum delakoan wolframio metala eta platinoa moldakor bihurtzeko metodoa aurkitu zuten.


Bergarako besarkada

XIX. mendean, 1839an, Lehenengo Gerra Karlista amaitu eta Euskal Foru Erregimena bukatzeko lehenengo urratsa egin zuten Bergaran Espartero eta Maroto jeneralek, sinatu zuten itunarekin. Mende horretan garatu zen industrializazioa Bergaran eta oihal zein metalurgia lantegi ugari eraiki ziren. Orduz gero, Bergara historiaren usainean hazi den udala izan da.


Artea, oinarrizko ezaugarri

Ondare artistiko garrantzitsua biltzen duen udala da Bergara. Gune historikoa, udalerria eta ingurua, artez blai daude guztiak.
Gune historikoko ibilbideari ekiteko Ariznoako San Pedro parrokiatik abiatuko gara. Bertan jaio zen Bergara hiria, XIII. mendean. Egungo eliza XVI. eta XVII. mendeen artean eraiki zen, antzinako egituraren gainean. Kanpandorrea, ordea Barroko garaikoa da. San Pedro parrokian, Santo Kristo Agoniakoaren kapera ikusiko dugu, korupean eta Ebanjelioaren aldean. Santo Kristo Hilzorikoa Juan de Mesa eskultura egile andaluziarraren lana da; erregearen kontulari Juan Perez de Irazabal bergararrak 1622an agindu zuen irudi hori lantzeko. Kalean jarraitu dugu txangoa.


Historiaren gordailu diren etxeak

Goenkaleko 3. etxea 1500. urtekoa da. Harlanduzko behe solairua du eta lehenengo solairuari eusten dioten oinarriak ere harrizkoak dira, gotiko estilokoak. Bertan jaio zen Koldo Eleizalde bergarar jaun ospetsua.

Artekalen, bada aurrealde txiki bezain berezia duen etxetxo bat, 15.a. Beheko solairuan XVI. mendeko apaingarri errenazentistak ditu.

Arrese kantoian Arrese etxea dago, XVI. mende hasierakoa. Orduan sarrerako arku handi bat baino ez zuen eta mendearen bigarren erdian eraiki zen Errenazimendu estiloko balkoi handia.

Parez pare Irizar Jauregiarekin egingo dugu topo. Herrera maisuaren korronte klasizistako eraikuntza hau XVII. mendekoa da eta bertan sinatu zuten Esparterok eta Marotok Lehenengo Gerra Karlistaren amaiera ekarri zuen hitzarmena, 1839an.

Barrenkale amaieran 1585eko Egino-Mallea jauregia dago. Aurrealde nagusia Errenazimendu manieristaren joerakoa da, Euskal Herriko ederrenetarikoa.

Deba ibaiaren beste aldean Santa Marina parrokia dago, gure hurrengo geralekua. Euskal Gotikoaren adibide, bi epetan eraiki zen. Hala ere, estilorako irizpide bateratua gorde zuten. Ezin aipatu gabe utzi parrokiaren aldare nagusiko erretaula, jauregi barroko aberats baten aurrealdea gogorarazten duena. Apaingarri gisa ditu predela garaiak, arrokai eta panopliaz apainduriko ordena erraldoiko lau zutabe ildaskatu eta egitura mugitu eta apurtua.

Berriro ere ibaia zeharkatu eta Barrenkaleko 7. etxean Arostegi etxea aurkituko dugu. XVI. mendeko atea du ezaugarri nagusi eta Manierismotik gertu zegoen Platereskoaren fase aurreratueneko dekorazio elementuak biltzen ditu.

Ibilbidean aurrera egin eta Multzo Historiko-Artistikoko San Martin Agirre Plazara egingo dugu. Bergarako Errege Seminarioaren eta Udaletxearen aurrealdeak daude hemen. Seminarioaren aurrealdea XIX. mende erdialdekoa da. Udaletxea, berriz, Lucas de Longa arkitektoak eraiki zuen, XVII. mende amaieran. Plazaren albo batean Jauregi Etxea dago, aurrealdearen lehenengo pisu osoan ageri diren XVI. mendeko grabatu germaniarretan inspiraturiko eszenengatik aipagarria.

Ondartza eta Olaso dorreekin amaituko dugu ibilbidea, Komenio kalean gora. XVI. mende hasieran eraikiek dorre gogorren itxura dute.

San Pedro parrokiako dorrearen parean eta San Pedro kalearen kantoian Agirrebeña Etxea dago, Arrese jauregia bezala, balkoi eder batez eta armarriz hornitua. San Pedro kalera begira dagoen aurrealdea polikromatutako 53 zeramika plaka ederrek apaintzen dute. Azken ikerketen arabera, plaka horiek Alemanian sortu zituzten XVI. mendearen lehenengo erdialdean, jatorrian berogailuak zirela uste da.

Baina gune historikotik at ere Bergara artearen gordeleku da. Ozaeta eta Gabiria dorreak herri erditik gertu daude. Bertan bizi ziren familiak gogor borrokatu ziren Behe Erdi Aroan udalaren boterea lortzeko.

Azkenik Elosu gainera egingo dugu. Zelai zabalak eta zuhaiztiak izateaz gain, Gipuzkoako ikuspegi zoragarriaz goza daiteke bertatik. Aritzeta mendian XI. mendeko dokumentu batean jasotzen den San Migel ermita dago.

Olgetako topalekua: Feriak eta azokak
UNED eta Eusko Jaurlaritzaren Dokumentu Ondarearen egoitzak biltzen ditu Bergarak. Bergaran garrantzia handia dute antzerkigintzak, arte plastikoek, dantzak eta musikak eta arlo horietan jarduten den makina bat talde dago, Bergarako Orfeoia, Aritzeta Abesbatza, Udal Musika Banda eta Bergarako Orkestra Sinfonikoa, esaterako.

Hainbat ekitaldi izaten da: Udazken kulturala, Udaberriko Kontzertua eta hilean behin antzezlanak. Helduentzako Txotxongiloen Nazioarteko Mostra ere ospatzen da bi urtean behin, maiatzean.

Pazko eta Pentekoste jaiak dira Bergarako ospakizun nagusiak. Lau egunetan zehar kontzertuak, dantza ikuskizunak, margo eta abarren lehiaketak, kirol probak eta beste hamaika kontu izaten da jostatzeko. Irailaren 16an San Martin Agirre bergarar santu martiriaren omenezko ospakizuna izaten da, danborradaren eta suzko gurpilen inguruan. Eskualdeko barazki, fruitu, gazta eta lore lehiaketa irekia ere izaten da. Erramu Larunbateko Ganadu eta Eskulan Ferian abeltzaintza eta nekazaritza produktuen salmenta izaten da Bergarako Udalak antolaturik. Uztailaren 18an Santa Marina jaiak dira aipagarriak. Auzoetan ere izaten da olgeta eta dantzarako tarterik. Ekainaren 30ean, esaterako, San Martzial eguna ospatzen dute Bergaran eta egunaren ondoko igandean tradizio aski zabala duen erromeria egiten da San Martzial auzoan. Elosun, Mendiko Abere edo Ganadu Feria egiten da urriaren 12an. Behi, ardi, zaldi eta ahuntz azienden lehiaketak izaten dira azoka horretan, Elosuko Taldeak eta Bergara nahiz Azkoitiko Udalak antolaturik.

Hiru bergarar handi

Koldo Eleizalde
(1878-1911)

Lan handia egin zuen hizkuntza, politika, literatura, hezkuntza eta euskalduntze arloetan Euskal Herriaren nortasuna berreskuratzeko. Bergarar idazle eta hizkuntzalariak Zientzia ikasketak egin zituen eta Bizkaiko Aldundiko irakaskuntza-ikuskaria izan zen. Sabino Aranaren jarraitzailea eta Eusko Alderdi Jeltzaleko kidea izan zen. Aldizkari askotan kolaboratu zuen eta Euzkadiko zuzendaria izan zen (1912). Oñatin izandako Eusko Ikaskuntzaren lehen kongresuan parte hartu zuen (1918) eta Euskaltzaindiaren sortzaileetako bat izan zen, baita 1918az geroztik euskaltzain osoa ere. Lan asko idatzi zituen: Razas, lengua y nación vascas (1911) eta abar.


Telesforo Monzon
(1904-1981)

Politikari eta idazlea. EAJko Gipuzkoa Buru-Batzarreko lehendakari eta Gipuzkoako diputatu izan zen gerra aurretik. II. Errepublikan Euskal Herrirako autonomi estatutua defendatu zuen eta lehenengo Eusko Jaurlaritzako gobernazio-kontseilaria izan zen. Eusko Jaurlaritza monarkikoengana hurbildu nahi zuen baina Agirre ez zetorren asmo horrekin bat eta Monzonek Eusko Jaurlaritza eta EAJ utzi zituen (1952). ETAko errefuxiatu politikoekin harremanetan hasi zen Iparraldean eta Anai-artea elkarteko lehendakari izendatu zuten. Hegoaldera itzuli eta ezker abertzalearen inguruan ibili zen. Idatzizko lan asko utzi du. Kanta sortzaile ere izan zen, berea da Lepoan hartu ezaguna. Euskaltzain urgazlea izan zen 1966tik.


Justo Garate Arriola
(1900-1994)

Bergaran jaio zen Barrenkaleko 27ko etxean, eta Argentinako Mendoza hirian hil zen. XX. mendeko euskal kultura gizon garrantzitsuenetakoa da. Mediku handia eta Madrilgo eta Platako (Argentina) unibertsitateetako doktorea izan zen. Espezializazio-ikasketak egin zituen Fribourg, Paris, Berlin, Heidelberg eta Munichen. Mediku aritu zen Bilbon eta Argentinako Tandil eta Mendoza hirietan. Eskolak ere eman zituen Basurtoko erietxeko unibertsitate-eskolan, eta Mendozako Unibertsitateko Medikuntza fakultateko Klinika Medikoko katedradun izan zen. Lan handia egin zuen gerra aurreko euskal kultura suspertzeko Eusko Ikaskuntza elkartean. 1921ean Euskal Unibertsitatea sortzearen aldeko agiria sinatu zuen.


Azkenak
2025-08-18 | Elhuyar
Munduko hegazti guztien zerrenda bateratua argitaratu dute: AviList

Ornitologia-arloko mundu mailako bost erakunde nagusiak elkartuta, eta zazpi urteko lanaren ondotik, munduko hegaztien lehenengo zerrenda orokor eta bateratuta argitaratu dute, taxonomia, sistematika eta nomenklatura bateratuarekin: AviList. Prozesua gardena eta irekia izan da,... [+]


Dozenaka mila lagun Tel Aviveko kaleetan “gerra amaitu eta bahituak askatzeko”, eta Netanyahuk “Hamas indartzea” leporatu die

Gaza Hiria osorik okupatzeko onartu berri duten planaz kezkatuta, milaka israeldarrek Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroari exijitu die Hamasekin akordio batera iristeko "gerra amaitu" eta zerrendan dituzten bahituak aske uzteko. Herrialdeko lehen... [+]


Hainbat pertsona atxilotu dituzte eraso sexistak leporatuta Bilboko Aste Nagusiko lehenengo bi egunetan

Bilboko Aste Nagusian hainbat pertsona atxilotu ditu Poliziak eraso sexistak leporatuta. Egoera horren aurrean, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak esan du Polizia "eraginkorra" dela eta Bilbon "inoiz baino polizia gehiago dagoela".


2025-08-18 | Dabid Martinez
Metaren eta adimen artifizialaren kolonialismo digitala

Drop Site News hedabideak (botere-abusuak mundu mailan agerian jartzeagatik ezaguna) argitaratutako ikerketak interneten bilakaeran kezka sortu beharko lukeen joera baten adierazle den albistea argitaratu du. Facebook, Instagram eta WhatsApp-en jabe den Meta multinazionalak [+]


2025-08-18 | Sustatu
ZelaiHandi, euskarazko testuen korpus handi eta (ia) libre bat

Orain NLP hizkuntza teknologietako euskal enpresak euskarazko testuen korpus handi bat jarri du sarean, Hizkuntza Eredu Handien (LLM) eta Adimen Artifizialeko ekimenen biltegi nagusia den Hugginf Face baliabidean. ZelaiHandi du izena.


Denon lepotik barre egin dute beste behin ere Donostiako Piratek

Eta, honekin bai, honekin amaitu da Donostiako Aste Nagusia! Piratei aste bete motz geratzen zaiela eta, egun bat gehitzen diote Aste Nagusiari. Aurten hogeigarren urtez jarraian egin dute Irrikitaldia. 


Sozialismorako Mugimenduak Bolivian agintzeari utziko dio 20 urteren ostean, eskuinari lekua utzita

Igandean eginiko presidentetzarako hauteskundeetan berretsi da ezkerreko koalizioaren porrota eta eskuinaren gorakada: PDC Alderdi Kristau Demokratikoko Rodrigo Paz Pereira senatariak eta Jorge Quiroga presidente ohiak (2001-2002) lehiatuko dute presidentetza... [+]


2025-08-18 | Behe Banda
Autosalaketa

Komisaldegian paper batzuk eman dizkidate. Izerdi tanta bakarra dakit bekokian behera bularreraino, piztu aire girotua, mesedez. Parrandan ondoegi pasatzearen asuntoak, hurrengo goizean galdutakoak salatu beharra. Inozo aurpegidun munipa batek hurrengo asterako zita eman ahal... [+]


Urkulluk gogorarazi du Txikik eta Otaegik errespetua merezi dutela biktima aitortuak direlako

Iñigo Urkullu lehendakari ohiak adierazi du Txiki eta Otaegi Eusko Jaurlaritzak aitortutako biktimak direla, eta hala "errespetua" merezi dutela. Haien biktima izaera ezin dela zalantzan jarri azpimarratu du.


2025-08-18 | Leire Artola Arin
Salpress berri agentzia
El Salvadorko gerrillaren arma ezkutua

Kontatzen ez dena ez da existitzen. Oso barneratuta daukagu lelo hori, baita informazioa boterea dela eta eragiteko gaitasun handia duela ere. Are gehiago gerra edo gatazketan, batik bat oraindik tresna digitalak asko garatu gabe zeudenean, informazioa ez baitzegoen hain eskura... [+]


11 urteko mutil bat hil da, igandean Bilboko igerileku batean bero kolpea jasan eta gero

Bilboko Errekalde auzoko igerileku batean gertatu zen ezbeharra. Larrialdi zerbitzuek erreanimazio lanak egin zizkioten adin txikikoari, eta Gurutzetako ospitalera eraman zuten; hiru egunetara hil egin da.


Ostiraleko bileran Putinek su-etena onartu ezean, Trumpek dio “ondorio larriak” izango direla Errusiarentzat

Ostiralean Alaskan izango duten bileraren bezperan heldu da mehatxua. Friedrich Merz Alemaniako kantzillerrak deituta, gailur birtual bat egin dute asteazkenean Zelenskik, Trumpek eta Europako hainbat agintarik. Ukrainako presidenteak adierazi du Trumpen eta Putinen arteko... [+]


50 maliar inguru ari dira kale egoeran bizitzen Gasteizen asilo eskaera ebazten duten bitartean

Ostegunean eman dituzte asilo eskaera tramitatzeko lehen txandak: bederatzik lortu dute, irailerako. Eusko Jaurlaritzak ebazpena arintzea, eta migiratzaileak ostatzeko zentroetara mugitzea eskatu dio Espainiako Gobernuari.


Alberto Alonso (Gogora): “Txiki eta Otaegi ez dira erreferente; indarkeria, beldurra eta terrorea erabili zuten”

Aurten Txiki eta Otaegi fusilatu zituztela 50 urteko beteko direnean, Alonsok adierazi du ETAko bi kideek ez zutela nahi Franco osteko gizarte demokratiko bat: "Diktaduraren aurka borrokatzen ziren, baina diktadurak erabilitako tresna berberekin".


Eguneraketa berriak daude