Argitalpenak


2005eko martxoaren 06an
Zuk-Zuk jaunaren alfabeto berria
Bernardo Atxaga, Mikel Valverde
Elkar
41 or. / 6,65 euro

Alfabetoa irakasten duen ipuina

Bernardo Atxagak sortu eta Mikel Valverdek marraztu duen ipuin honen mamia alfabetoa da. Etxeko gaztetxoenei letrak bereizten irakatsiko dien kontakizun honetan agertzen diren hizki guztiak, ordea, bere nortasun propioa dute, batzuetan aldartez aldatzen diren arren. Adibidez, A aparta eta alaia dugu, baina noiz edo noiz izan daiteke alua. Eta B baldarra eta bekaiztia, berriz, izan daiteke baketsua ere. Eta guztiak horrela. Nolanahi ere, Zuk-Zuk jaunaren alfabeto berrian, A letra Araba da. Eta hara nondik jakingo duten Zuk-Zuk jaunak zein A letra apartak munduan badela Araba non dagoen ez dakienik ere. C letrak ezagutu zuen behin bat. Chongquing hiri txinatarrean bizi zen. Zoritxarrez, haren izena D doktore diskurtsozaleak bakarrik daki.

Bidaia giza gorputzaren barrenean
Batzuen artean
Gaiak
206 orrialde
18 euro

Gure gorputzaren atalak eta erasotzen duten gaitzak

Emakumearen eta gizonaren gorputzak dituzten berdintasunak eta aldeak ezagutzen laguntzen duen liburua da Gaiak argitaletxeak plazaratu duen Bidaia giza gorputzaren barrenean. Haurdunaldiko nondik norakotik hasiz, bihotzaren, burmuinen, hezurren, larruazalaren, giltzurrunen, biriken eta beste hainbat gorputz atalen berri ematen du, gutako bakoitzak geure buruari egin diezaiokegun hamaika galderei erantzunaz. Esate baterako, ba al zenekiten emakumezkoen bihotza gizonezkoena baino sendoagoa dela? Eta zerk eragiten duen gizentasuna? Baliteke ere ez jakitea japoniarrek zergatik ezin duten gure «r»a ahoskatu, baina ziur dakizuela sortzeak hiltzea dakarrela. Bestela, liburu hau irakurtzea baino ez duzue.

Ezka
Edu Zabala
Gero
149 orrialde 11 euro



Almadiari talde baten abenturak

Edu Zabala Garagartzak Geroa argitaletxearen eskutik plazaratu duen abentura liburu honek 1407an Erriberriko jauregitik egindako zur eskaria eramatearren Burgiko almadiari talde batek biziko dituen gorabeherak azaltzen ditu. Ofizio gogorra zuten Ezka eta Aragoi ibaietan barrena abiatzen ziren erronkariar haiek. Negu gorrian zein maiatzean abaila bizian jaisten ziren ibaian behera, haren ezusteei eta Aragoiko soldaduen jazarpenari aurre eginez. Eskerrak erronkariarrak baleztari trebeak ziren! Halabeharrez egin beharreko bidaietan zituzten arerioak gutxi ez, eta etxean bertan ere bazeukaten etsairik: Burgiko Nikolas abeltzaina, Battitta merkataria eta Fortum, ibarreko arotzik famatuena. Haien guztien aurka saiatu beharko dira almadiariak.

Haritik
Batzuen artean
Ipar-hegoa Fundazioa
24 orrialde

Soldata bereizkeria gurean

LAB sindikatuak bultzatzen duen Ipar-Hegoa Fundazioak plazaratutako Haritik aldizkariaren urtarrileko alean azaltzen den txostenak dioenez, «gizonezkoek emakumezkoek baino %36 gehiago kobratzen dute Euskal Herrian». Hau da, lan eta lanbide segregazioaz gain, inongo aldagai objektiboetan oinarritu ezin den generoaren araberako soldaten bereizkeria jasaten dute emakumeek. Eta sektore guztietan gertatzen den bereizkeria hori, zerbitzuen sektorean are nabarmenagoa da, gizonezkoen soldata gordina emakumezkoena baino %41,2 handiagoa baita. Nolanahi ere, LAB sindikatuak Aukera Berdintasunerako Planaren barruan Donostiako Udalean eginiko azterketa baten emaitzek diotenez, Administrazio publikoan ere badago emakumeen aurkako bereizkeriarik.

Entzun!
Batzuen artean
Eragin.com
50 orrialde
3 euro


Entzun! musika aldizkariaren azkenekoa

Iruñean argitaratzen den musika aldizkari honen 41. zenbakian, Samiam banda hardcore amerikarraren ibilbidea, «aspaldi banandutako» Australian Blonde taldeak egin berri dituenak eta Ramones maitatzeko hamaika arrazoi azaltzeaz gainera, elkarrizketak egiten dizkiote makina bat jenderi. Esate baterako Supercools, Kannon, Karate, Molotov, Jotamayuscula & La Mala Rodriguez, Hiru Truku edota Karidadeko Benta taldeei, eta baita bakarrean aritzen diren Mikel Errazkin, Mikel Markez, Gari eta Xabi San Sebastiani ere. Editorial gisa, berriz, beren jarraitzaileentzako ohar bat kaleratu dute: dagoeneko martxan da paperezko aldizkariaren osagarri den entzun.com ataria.

Yako eta lurra
Ixiar Rozas
Erein
127 orrialde
9,10 euro


Azkenean, bihotzak daraman lekura itzuli da Yako

Ixiar Rozasek sortu zuen Yako, uharte batean munduratu zen neskatoa. Eta Iñaki Martiarena Mattinen marrazkiak apaintzen duten Yako eta lurra liburuarekin pertsonaia horren gaineko trilogia osatu du. Egileak ez daki oraindik Yakoren bidaia luzea betirako amaitu den ala noizbait jarraituko duen. Gauza da, naturaren lau elementuei eskainitako hiru idazlan hauetan, Yako sua izan zela hasieran eta haizea gero. Orain hemezortzi urteko neska bihurtu da eta tinkoago zapaltzen du lurra.

Hiltzaile ilegorria
Karlos del Olmo
Kutxa
162 orrialde 7 euro

2004ko Irun Hiriko Kutxa eleberria saria

Karlos del Olmoren Hiltzaile ilegorria polizia eleberriak eskuratu zuen iaz Irun Hiria literatur saria. Narrazioan, antzerki nobelatua dago tartekaturik, baita Jesusen Lagundiak Monita Secretae eskuizkribuarekin izan dezakeen zerikusia ere. Euskal itzultzaile batek testu hori euskaratzeko enkargua jasoko du. Oso ondo ordaindua dagoenez, neskak onartu egiten du eskaera, jakiteke bere bizia arriskuan jartzen duela. Kobratu behar duen diruaren erdia berehala ordaintzen diote, ordea, eta itzultzaileak enkargua egin diona nor den jakiteko gogoa du, eta huraxe ikertzeko eskatzen dio bere aspaldiko lagun bati. Hala egingo du besteak, itzultzailea hilik aurkitzen duen arte. Harrezkero, haren hiltzailea nor den argitzen saiatzen da, adiskide duen ertzain baten laguntzaz. Bezero harrigarri bat ere gerturatzen zaio ikerleari, ihesean duen anaia etakideak zer edo zer jakin dezakeela aitatuz. Eta halako batean, informazio anonimo batek Victoria Eugenia berritua inauguratzeko antzezlana ikustera joateko iradokiko dio, hiltzaile nor den jakiteko. Antzokian agintari guztiak daude. Eta denen aurrean gertatuko da hurrengo hilketa.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude