Landareak: Azpitarako akaramailua


2005eko otsailaren 20an
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

San Blasetako Abadiñon opil eta erroskilen anisaren usain artean behikunde latza, azken urteetako zabalena ikusteko aukera ederra izan genuen. Txarolesak, blondak, herri-behiak, alistana-sanabresa idiskoak eta idiak... ikuskizun polita merke asko Gerediaga auzoko Solozabal baserriaren atzekaldean. Usaina zela eta, erroskila dozenen paldo ziren gurbitz-adarretaz idaztea erabaki samartua nuenean, kristal zartatuz distiratutako adarrak, isatsa egina eta ilaje orraztua zuten zezenak eta mahatsondoarekin mozorroturiko baserriaren artean horra intsusadia!
Ona da intsusa (Sambucus nigra) ona. Bieito deitzen diote galegoek, bedeinkatua. Bonarbre katalanek, zuhaitz ona. Teutonek intxusaren aurrean txapela kendu beharra dagoela dion esaera bat dute. Europarrek mundu osora eraman zuten, Andeetako muturretaraino, hainbeste onura antzeman izan zaio intsusari... Gurea bezalako kultura atlantikoetan etxearen babesa bermatzen duen landarea da intsusa. Abadiñoko Solozabalen bezela makina bat etxe, etxeordeko, borda, eilor eta oilategitan ikusi daiteke. Areago... sendabelar erabilienetakoa da »erredurak sendatzeko ukendurik ezagunena osatzen du», moja-konbenturen batean garagardoa intsusaz gozatzen dute, bere adar hutsez jostailuak egiten dira, ukuiluko azpiak ateratzen direnean zapoak, sube gorriak eta arrabioak uxatzeko azpi berrien azpian intsusa adarrak jartzen dira, eta abar, eta abar... Hortik, jakina, intsusak adina izen duen landare gutxi: akamailu, akamelu, akaramailu, flot-arbola, intu, intxu, intusa, intsusa beltza, linsura, linsusa, litsusa, maus, plausta, plausta arra, sabiko, sabuka, sabukitze, saguka, sakuta, sakute, saliparda, San Juan lilia, sarets, sauka, sauko, sauku, sorgin-mahatsa, sugukitze, txikutxa, txotxika, txutxika, zaminka, zaminza, ziaurrea, ziorria, zuka-ziria.


Azkenak
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...