Jokin Muñoz: «Sei graduko erreakzioa sortzeko, hamar graduko probokazioa egin behar duzu»


2005eko otsailaren 20an

Hasteko, zorionak Euskadi Sariagatik! Zer ekarri dio lorpen honek Jokin Muñozi?
Lehendabizi, jakin nueneko ezuste handia, berria digeritzeko denbora behar izan nuen. Gero pozak hartu zion tokia ezusteari, eta heldu nion etorri zitzaidan guztiari: komunikabideetako elkarrizketak, irakurleekin topaketak eta konpromiso horiei. Sariak ekarri didan beste ondorioetako bat idazle izateari hainbat hilabetetan uztea izan da. Ia-ia ekaina bitarteko parentesia hartu beharko dut, ze gero gaztelaniazko bertsioa dator, eta nahiz eta ez dudan uste Euskadi Sariak ekarri duen nahastea ekarriko duenik, horrek ere sortuko ditu beste konpromiso batzuk eta horiei ere erantzun beharko diet.


Sariak izandako ondoriorik onuragarrienen artean, zein aukeratuko zenuke?
Euskadi Saria irabazteagatik jaso ditudan zorion gutunetatik poz gehiena eman zidana Castejoneko alkateak bidalitakoa izan zen.

Euskalduna al da?
Ez. Horregatik poza! Nafarroan erdal munduak interesa erakutsi duelako. Ez bakarrik Castejoneko alkateak, baita normalean euskal munduarekin zerikusi gutxi daukaten edo mundu honetatik urruti dauden komunikabideek ere; euskal mundutik kanpo sortu da interesa. Castejoneko alkateak bidalitako gutunari erantzun nion nire esker ona adieraziz, eta handik gutxira ipuin lehiaketa batean epai-mahaikoa izateko deitu zidaten; eta beno, hasi naiz hegoaldeko jendearekin harremanetan eta hori oso pozgarria izan da. Gero, Sartagudako talde bat 36an desagertutakoen omenezko monolito bat jarri eta horren kariaz zerbait egin behar zutela-eta, nirekin kontaktuan jarri da ere…

Alde on asko ekarri dizu irabazi izanak, beraz. Dena den, 2004ko edizioan Euskadi Sariak izan zituen bere eztabaidak ere. Batetik, komunikabideetan nahiko haserre agertu zen harekin hainbat idazle, zu zeu tarteko. Azalduko al zenuke istilu haren arrazoia?
Beno, Euskadi Saria ez da lehiaketa bat. Idazleak ez dute euren burua aurkezten, epai-mahaikoek aukeratzen dituzte liburuak -kasu honetan bost izan ziren-, eta idazleari bi baldintza betetzea eskatzen diote: saria banatzen den egunean ekitaldi horretara azaltzea, eta pare bat argazki bidaltzea. Ez dira baldintza umiliagarriak, baina baldintzak dira eta ez litzake baldintzarik egon behar. Bada horren gainean hausnarketa egiteko garaia, nik uste. Sarien berri eman zen egunean Eusko Jaurlaritzakoek esan zuten jada egingo dela zerbait-edo, datorren urtean jakingo dugu zer. Nolanahi ere, nahiko penagarria izan zen, ze sariaren inguruko gorabehera horrek garrantzia kendu zion benetan zuenari, literatur jarduerari.

Literaturaz ari garenez, hautatutako liburuen artean Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea ere bazegoen…
Epai-mahaikoek erantzun beharko lukete hori. Hala ere, nik ez diot Atxagari irabazi, ezta Felipe Juaristiri ere, hor saritzen dena ez delako egilea, liburua baizik. Baina behin saria eman dizutela jakinez gero, ezin zara erori modestia faltsuan, eta nik badakit neure liburua ona dela, eta hori esan behar dut. Ez dut parekatu behar Bizia lo Bernardo Atxagaren liburuarekin, nireak baino asmo literario handiagoa daukalako dudarik gabe, urte askotako lanaren emaitza baita. Baina nik nire liburua defendatu behar dut. Hark hartu du saria, ez nik.

Azter dezagun pixka bat Jokin Muñozen obra. Badirudi beti zabiltzala Euskal Herriko egoera edo gatazkaren inguruan idazten. Lehenbiziko liburuan gerra aurreko giroa islatu zenuen, adibidez.
Bada konstante hori nire lanetan, baina Hausturak liburuan ez hainbeste, behintzat ez dio heltzen gaiari zuzenean, beste hiruek heltzen dioten bezala.

Idazle bat da Hausturak liburuko narrazio baten kontalaria, idazle nahiko goibel bat. Alde handia al dago Jokin Muñoz idazlearen eta beste horren artean?
Ez dut uste idazle goibela naizenik. Liburu tristea da hau, Hausturak ere bere ukitu tristea izan dezake, eta tristea izan daiteke Joan zaretenean ere, baina Atlantidara biajea ez da liburu tristea. Baina niri gustatzen zait zer den idazle tristea eta zer den bizipoza duen idazlearen argudioari buelta ematea. Nik ez dut denbora pasako literatura egiten. Literatura arina egiten duenak -eta ez dut modu peioratiboan esaten-, alegia jendeari denboratxo bat gozo pasatzeko aukera ematen dion idazleak, horrek pentsatzen du jendea gaizki bizi dela eta behar dituela bere parentesiak gozo egoteko. Orduan, berak dauka bizitzaren ikuspegi negatiboa. Nik, berriz, jendea ondo bizi dela uste dut, bizipoza daukala, eta noiz edo noiz hainbat gauza gogorarazi behar zaizkiola.

Bizia lon bost ipuin nahiko ezberdin daude bilduak. Lehenengoak, Mekanoa, gerra ondorengo urteetara garamatza. Iruñea al da kokaturik dagoen hiria?
Ez, Donostia. Izan ere, benetan gertatutako pasadizo triste batean oinarrituta dago. Hor azaltzen den umea -hiltzen den mutikoa- nire osaba izan zitekeena da, eta narrazioaren bukaeran azaltzen den Pablo Muñoz Zabalegi hori nire aitona zena. Hain zuzen narrazio horrek eman zidan libururako tonua, ze beste lauek beste substratu bat daukate.

Samurtasun gehien duen ipuina da Mekanoa.
Bai. Besteetan ere samurtasunik egon badago, baina Mekanoak tonu grisa, tristea, hitsa eman zidan, eta tonu horrekin idatzi nahi izan nituen beste narrazioak. Noski, horregatik azaldu zen azaldu zen gaia: gatazka politikoa, biolentzia-eta, beste laurak komunean duten oinarria.

Nahiko gogorra da bigarren ipuina, Isilunea, ez duzu uste?
Bai. Iruditzen zait askori etorri zaiola burura noizbait narrazioan kontatzen dena.

Zuk defendatzen duzun gauza batek eztanda egin diezazukeela aurpegian?
Hombre, horrela esatea oso fuertea da! Norberak hartzen dituen erabakiak askotan norberaren kontra bihur daitezkeela izan daiteke ere. Edo guk sortu dezakegula munstroa zenbaitetan, eta munstroak azkenean jan egiten gaituela. Baina, beno, hori esatea narrazio honen irakurketa tremendistegia egitea litzateke. Samurtasunaren gaiari helduz, uste dut narrazioko senar-emaztea samurtasun handiarekin tratatzen dela. Eta uste dut horiek sentitzen duten kezka Euskal Herrian aita-ama batzuk-askok sentitu dutela noizbait: hau da, lehertu egin duela artefaktu batek auto baten barruan eta bertan zihoazen lau gazte txikituta gelditu direla, zein ote diren.

Gero dator Xantilli. Salatari bat agertzen duzu hor. Ala ez da salataria?
Bada, bai. Pertsonaia hori, ustez trafikante dena, ezagutu nuen nik. Garai haietan -agian beranduxeago- heroinaren presentzia oso nabarmena zen nonahi, Donostian bai behinik behin. Txibatoak zirela, ez zirela, hori ekarri nahi izan nuen narraziora. Baina kontrasteak gustatzen zaizkidanez, kontraste handia dago hor. Askoren edo gehienen begietan gorrotagarria izan daitekeen pertsonaiak bere anaia atzeratuarekin duen harremana eta bien artean sortzen den samurtasuna. Horregatik nioen Bizia lo liburuan, bere latzean, samurtasuna azaltzen dela: Xantillin, Azterketa ipuinean presoa nola deskribatzen dudan…

Argituko al zenuke Azterketa ipuinaren helburua?
Memoria ahula dela agertu nahi nuen hor. Eta behin ibilbide luze bat eginez gero, pertsona batek beste norabide bat hartzeko eskubidea eduki behar duela. Uste dut aipatu dugula memoriaren zama eta gainean daramagun karga. Bada, eman nahi nien pertsonai horiei -bai noski presoari eta baita semeari ere- arinago izateko eskubidea.

Duda gabe, irakurketa ideologiko bat da hori…
Noski. Eta hortik dator beharbada liburuak zenbaitengan sortu ahal izan duen ezinegona, karga ideologiko hori duelako. Baina ez bakarrik nire liburuak, baita orain ateratzen ari diren liburu askok ere!

Ezinegona baliteke Elurraren isila ipuinak sortu izana. Sekula izan al da zuk hor agertzen duzun bezalako komando ankerrik?
Ez, baina non esaten da komando bat dela? Izan litezke partisanoak, adibidez. Hori zabalik utzi dut. Denoi burura etorri zaizue bestea, hori hala da, baina mezuan, mezuaren karga ideologikoan sei graduko erreakzio bat sortu nahi baldin baduzu irakurlearengan, hamar graduko probokazioa egin behar duzu. Eta, hala ere, nik ez dut uste hor kontatzen dena zenbait kasutan benetan gertatu denetik oso urruti dagoenik. Izan dira ekintza batzuk oso lazgarriak. Bi aipatzeagatik: Zumarragako litxarreria saltzaile bat akabatu zutenean, arrastaka ibili zen dendan barruraino tirokatu zutenean, eta gero, noski, Miguel Angel Blancorena. Hori baldin bada epika, aizu! Epikaren zantzurik txikiena ere ez dut nik horietan ikusten.

Polemika
«Euskadi Sarietan ez litzake baldintzarik egon behar. Bada horren gainean hausnarketa egiteko garaia, nik uste. Sarien berri eman zen egunean Eusko Jaurlaritzakoek esan zuten jada egingo dela zerbait-edo, datorren urtean jakingo dugu zer. Nolanahi ere, nahiko penagarria izan zen, ze sariaren inguruko gorabehera horrek garrantzia kendu zion benetan zuenari, literatur jarduerari».


ASTEKARIA
2005eko otsailaren 20a
Azoka
Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude