Ezpalak


2005eko otsailaren 13an
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Antzerki eskaintza zabala aukeran

Abian dira jada Eibarreko XXVIII. Antzerki Jardunaldiak. Martxoaren 14a arte hogei antzezlan ikusteko aukera izango da: Espainiako Animalario taldearen Copito de Nieve, Juan Echanove protagonista duen El Precio eta Christian Anastasiu aktore alemanaren El don de don Dónde antzezlan irudimentsua, esaterako. Hika, Kanpingags eta T(arte)an taldeek ere azken antzezlanak aurkeztuko dituzte. Nafarroako Antzerki Eskolaren Golfos kafe antzerki zikloa ere martxan da, Iruñean. Martxoaren 6a arte, Jaime Ocaña, Pablo del Mundillo, Daniel Higiénico, K7, Adriana Olmedo, Vanderbilt eta Muac talde eta artisten saioez gozatu ahal izango dute ikusleek, trago batez lagunduta. Antzerki amateurra zabaltzea helburu duen Bilboko Zirkuitoaren laugarren edizioak Bilboko hamar talderen (Totum, Aterbi, Luna Llena...) antzezlanak programatu ditu otsailetik apirilera bitarte Otxarkoagan, Begoñan, San Frantziskon eta Deustun.


Musika elektroakustikoaren ordua

Hamargarren urtea duen Gasteizko Elektroakustika jaialdia Sinkro izenarekin bataiatu dute aurten eta izen hori izango du aurrerantzean Jesus Guridi musika eskolak musika garaikideari eskaintzen dizkion jardunaldiak. Joan den astean Eduardo Poloniok Leonardo Da Vincin oinarritutako musika, bideo eta gastronomia ikuskizunarekin hasi zuten jaialdia Montehermoso kulturunean. Otsailaren 10ean Ricardo Climent musikariak, Idoia Zabaleta dantzariak lagunduta, teknologia berriak erabiliko ditu kontzertuan. 17an musika elektronikoarekin esperimentatzeko saioa izango da egun osoan, 22an Jesus Guridi talde instrumentalaren txanda izango da eta 26an performancea eskainiko du Bordeleko Albeol taldeak.


Marrazkia eta irria batuta

Marrazkilari ezagun, ezezagun, zahar eta berrien lanak bilduko ditu aurten hamaseigarren aldiz egingo den Marrazkirri erakusketak. Otsailaren 18tik martxoaren 20a arte izango da zabalik, Amikuze, Iholdi eta Oztibarreko Haize Berri kultur etxean. 18an irekitze ekitaldi interesgarria izango da, arratsaldeko zortzietatik aurrera. Pantzo Irigaraik eta Beñat Bidegainek ikusleen irria piztuko dute, ondoren Patxi Gallego komikilariak Pololoak helduentzako liburua aurkeztuko du. Asisko Urmenetak eta Marko Armspachek pertsona ezagunen potretak marraztuko dituzte, Manukorta eta Ezponda bertsolariek saioa eskainiko dute eta irria afari oparoz lagunduko dute Edorta Agirre sukaldariaren eskutik. Manolo eta Bruno DJek ere ez dute huts egingo.


Euskal Zinemaren XXI. Astea Gasteizen

Dendaraba merkataritza guneko Vital Kutxa aretoan eskainiko dira Euskal Zinemaren XXI. Asteko zinema emanaldiak, otsailaren 21 eta 26 bitartean. Film ugari izango da: Aitor Arregi eta Iñigo Berasategiren Glup, Pablo Maloren Frío sol de invierno, Alex de la Iglesiaren Crimen ferpecto, Montxo Armendarizen Escenario móvil, Karra Elejalderen Torapia... Film laburrak ere proiektatuko dituzte eta 2004an ekoiztutako euskal film labur onenaren saria banatuko dute. Horrez gain, zineman egindako lana eskertzen duen Gutarikoa saria emango dute.

* * * * * * * * * * * * * *

Trikitiaren lehen grabazioa eskueran. 1926-27 inguruan grabatu zuten Serafin eta Antonia Arantzetak Bilbon lehen trikiti diskotzat jotzen dena Bartzelonako La voz de su amo disketxearekin. Jota vasca, Antonia Araceta, acomp. de acordeón y pandelo zuen goiburu arbelezko diskoak eta luzaroan desagertuta egon zen, harik eta Iurretako baserri batean aurkitu zuten arte. Serafin Arantzeta trikitilariaren eta Antonia Arantzeta pandero jole eta kantariaren bi abestiko diskoa berrargitaratu du orain Bizkaiko Trikiti Elkarteak.

Nobela bukaera lehiaketa antolatu du Kilometroak 2005 jaiak (www.kilometroak.com). Fernando Morillok idatzitako nobelari amaia eman beharko diote parte hartzaileek. Honakoak dira parte hartzeko oinarriak: hamalau urtetik gora izatea eta 2 eta 6 orrialde bitarteko lana osatzea martxoaren 1a bitarte. Elkar argitaletxeak argitaratuko du nobela, amaiera barne.

Arte garaikidera hurbiltzeko. Ez dut arte garaikidea ulertzen. Horixe da XX. mendeko artearen inguruko erakusketa eta museoetara ez hurbiltzeko askok erabiltzen duen aitzakia. Horregatik Gasteizko Artium museoak ikastaro bat antolatu du, nahi duenak azken mendeko abanguardiak ulertu eta gozatzeko aukera izan dezan. Otsailaren 16an hasi eta ekainaren 8a bitarte, kubismotik abiatu eta azken joeretara iritsi arte, asteazkenero Paquita Vives EHUko Arte Historiako doktoreak korronte baten inguruko azalpenak emango ditu. Adibide praktikoak ez dira faltako, horretarako Artiumeko bilduma iraunkorra baliatuko dutelako.


ASTEKARIA
2005eko otsailaren 13a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Maddi Ane Txoperena Iribarren  |  Pikara Magazine
#3
Melisa Perez Garcia  |  Pilar Revilla Martinez  |  Yolanda Payueta Lopez de Robles
#4
Eneko Atxa Landa
#5
Azoka
Azkenak
Eguneraketa berriak daude