Zientziaren bekadun eternoak

  • Nazioarteko zientzia aldizkarien ikerkuntza artikuluen erdiak sinatzen dituzten ikerlariak gazteak dira, bekadunak, eta lan baldintza txarrak dauzkate. Hala ere, beraiek dira zientzia eta teknologiaren ekoizpenaren oinarri.

2021eko uztailaren 27an
Espainiako Estatuan 20.000 ikertzaile bekadun inguru dago eta Euskal Autonomia Erkidegoan 1.500, Prekarioak Ikertzaile Gazteen Federazioaren arabera. Lan baldintza hobeak eskatzeko sortu dute elkartea eta manifestaldietan laranjaz janzten dira, "zukua" ateratzen dietela uste dutelako. Baina zergatik sentitzen dute "prekarioak" direla? Galdera horri erantzuteko, gaur egun ikerkuntza nola egiten den azaldu beharra dago. Zientzialari izateko, maratoi karreran eta ia ezinezko misioan buruz murgildu beharra dago, eta beraz, ez da arraroa gazteek beste lanpostuak nahiago izatea.

30 urterekin bekadun

Gaur egun zientzialaria izateko, unibertsitatean lizentziatu ondoren, doktoretza da hurrengo urratsa. Orduan, beka bat lortzea premiazkoa da. Aldi horretan bekadunek formazio ikastaroak jasotzen dituzte, baina batez ere beren tesia osatzeko ikerkuntza lanak garatu behar izaten dituzte. Gainera, bekadunek unibertsitatearen edo ikerkuntza zentro baten lantalde batean lan egiten dute, eta beren tesiaz gainera, kongresuetarako komunikazioak, patenteak edo ikerketa-artikuluak burutzen dituzte eta beren sailaren beste egitasmo batzuetan kolaboratzen dute. Esperientzia hartzen duten neurrian, bekadunek beren sailetan erantzukizun handiagoa hartzen dute, eta adibidez, eskolak ematen dituzte edo beste tekniko edo ikertzaileen formazioan kolaboratzen dute. Doktoretza bukatu ondoren, normala da ikertzen jarraitzeko beste beka bat lortzen saiatzea, "post-doc" delakoa. Egoera horretan, 30 urtetik gorako ikerlari askok bekadun izaten jarraitzen du.

Horregatik diote bekadunek beren lana ez dela kontuan hartzen. Emilio Castro Otero, Ikertzaile Gazteen Federazioaren Komunikabideen batzordeko koordinatzaileak honela azaldu digu egoera: "Ez daukagu gaixotasun edo amatasun/aitatasun baja hartzeko eskubiderik, ez dugu gizarte segurantzan kotizatzen »Errege Dekretuko erregistroan dauden bekak izan ezik, eta horiek ere, hirugarren eta laugarren urtean bakarrik jaso ditzakegu», gure lana ez da lan-esperientzia bezala hartzen lan-mer- katuan...".

Aldarrikapenak, manifestaldiak eta kexak gorabehera, 2003ko urriaren 24an, Ministroen Kontseiluak Ikerlari Bekadunen Estatutua onartu zuen, Errege Dekretu baten bidez, Anna Birulés, orduko Zientzia eta Teknologiaren ministroak bi urte lehenago agindu zuen bezala. Estatutu horrek beka bidezko finantziazioari eusten dio, "gure langile izaera ukatuz", Lander Intxausti, Euskobekadunak elkartearen idazkariak azaltzen duenez. Intxaustik emandako adibidean, «beka horiek gizarte segurantzan kotizatzen dute 3. eta 4. urtean, baina ez bekaren zenbatekoari dagokiona, kotizatu daitekeen gutxienekoa baizik". Horrez gain, ez da erakunde guztiek bete beharreko araudia, eta adibidez, Eusko Jaurlaritzako beka-programak ez daude Errege Dekretuaren erregistroan, eta ez du erakunde pribatuetako bekak arautzeko ahalmenik. PSOEko gobernuarekin, egoera ez da asko aldatu. Castro Oteroren ustez, "PPkoek argi eta garbi erakutsi dute bere interesik eza, eta PSOEkoek, berriz, betetzen ez dituzten neurriak agindu dituzte".

Eusko Jaurlaritzak ikerketarako beka-programak antolatzen dituzten hiru sail dauzka: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa saila, Nekazaritza eta Arrantza saila eta Industria saila. Intxaustiren ustez, hiru sailek beren programak parekatu behar lituzkete, "ez baitauka inolako zentzurik, lan bera egiteko baldintza desberdinak dauzkaten hainbat programa izatea". Dena dela, gaineratzen du Intxaustik, badirudi Kataluniako ereduaren arabera antolatu nahi dutela ikertzaileak prestatzeko programa, hau da, agentzia bidez kudeatu, eta hortik badirudi bekak kontratu bihurtzeko bidea zabalduko litzatekeela. Gainera, Unibertsitateen Euskal Legean, ikertzaile kategoriak ezarri dira, eta "bekadun" hitza ezabatu egin da. "Hala ere, legearen ezarpena eta garapena ere mantso doaz, eta aurrerapausoa bada ere, ez ditu ikertzaile ikasketak erabat arautzen", ohartarazi du Intxaustik.

Euskal zientzialarien diaspora

Arazoak hasteko, eta arazoak itzultzeko. Bekadunen ikerketa-bidaian normalena da atzerrira joatea, esperientzia pilatzeko eta beren esparruko munduko lantalderik onenetan eta puntako ikerketetan parte hartzeko. Esperientziarekin eta lortu duten curriculumarekin, bekadunek beren unibertsitateko edo ikerketa zentroko sailean leku ziurra aurkitu behar luketela pentsa daiteke. Baina atzerrian egoteagatik unibertsitateekin edo zentroekin kontaktu zuzena galtzen da, eta hori oso garrantzitsua da lanpostua lortzeko. Gainera, atzerrian berehala lan baldintza hobeak ematen dizkiete, eta beraz, etxeko ateak eta aukerak ixten doazen neurrian, atzerrian geratzea bihurtzen da ikertzeko irtenbide bakarra.

Ihes egindako "burmuin" horien artean, Narciso Benitez santurtziarra dugu. Bere lehenengo nazioarteko beka 1986an eskatu zuen, Sobietar Batasun ohira joateko, Astrofisikaren arloan lan egitera. "Orain arraroa da Errusiara joatea, baina garai hartan Sobietar Batasunaren maila Ameriketako Estatu Batuena bezain ona zen, Gorbachev-en perestroikarekin egoera sozio-politikoak ona zirudien eta MIR estazioa orbitan ipini berria zuten".

Beste bekadun askorena bezala, Narcisoren historia munduan zehar bekaz beka bidaiatzea izan da. Hautaketa gogorra pasatu ondoren »200 hautagai 10 bekarentzat» beka lortu zuen eta Moskun cum laude lizentziatu zen 1993an. Bekadun predoktoral zela, bere tesia Kantabriako Unibertsitatean irakurri zuen 1997ko maiatzean, eta bost hilabete geroago, Eusko Jaurlaritzaren beka postdoktoralaren bidez, Kaliforniako Unibertsitatera, Berkeleyra hain zuzen, joan zen. Beka hori amaitu bezain laster, 32 urterekin, Kaliforniako Unibertsitatean, bere lehenengo lan eskaintza jaso zuen eta berehala, 2000. urtearen hasieran, Baltimore estatu amerikarreko Johns Hopkins Unibertsitateko Fisika eta Astronomia sailean zientzia ikertzaile kontratua sinatu zuen. Besteak beste, Hubble teleskopiorako "Ikerketarako kamera aurreratua" proiektuan lan egin du. Kamera hori orain dela bi urte teleskopio ospetsuan kokatu zuten, eta Narcisoren hitzetan, Astrofisikaren oinarrizko galderei erantzuten lagunduko du.

Curriculum horrekin, Narciso Benitez puntako astrofisikoa da. Hala ere, nahiz eta Euskal Herrian ikertzea gustatuko litzaiokeen, ezin du etxera itzuli. Narcisoren arabera, "Astrofisikan Euskal Herria ia basamortua da, astronomo profesional bakarrarekin, eta Astronomia lan-talderik gabe". Baina berarena ez da kasu bakarra: "Hamabi astrofisiko euskaldun inguru daude atzerrian. Denok batera itzuliko bagina, zentro batean lan egiteko, lehen mailako Astrofisika taldea egingo genuke".

Etxean bizi eta lan barik edo baldintza prekarioetan lan egin, ala atzerrira joan puntako ikerketan lanpostu on batean aritzera. Azkarrago edo beranduago, bekadun guztiak bidegurutze horrekin egiten dute topo. Gaur egun, euskaldunok beste diaspora bat dugu: zientziarena. Iban Fernandez gasteiztarra eta Sergio Ruiz bilbotarra ere "euskal zientziaren diaspora" horretan daude, Massachusettseko Institutu Teknologikoan (MIT). Biak master bat egitera joan ziren, Sergiok Ingeniaritzan eta Ibanek Ekonomian. Ezberdintasunak ikusteko, segundo gutxi batzuz bi euskaldun horiekin Masachusettsera bidaiatuko dugu.

MITean lan egitea ez da txantxetakoa, munduko onenak baino ez dira sartzen, eta beraz, emaitzak ikusgarriak dira. Unibertsitate txiki izan arren, mila irakasle eta ehun mila ikaslerekin, urtero 100 patente baino gehiago ekoizten du, MITeko lizentziadunek garatutako 4.000 enpresek milioi bat pertsona baino gehiagori ematen diete lana, eta 46 irakasle, ikerlari eta ikasle ohi Nobel saridunak dira. Enpresa horiek estatu bat osatuko balute, munduko herrialdeen Barne Produktu Gordin altuena lukeen 24garrena litzateke, Hegoafrika bezala, adibidez. Institutuak urtero 150.000 lanpostutik gora sortzen du, enpresek ikasleei bidaia ere ordaintzen diete elkarrizketa egiteko, eta arraroa da ikasleak hilabete gutxiren buruan lanposturik aurkitu ez izatea.

Baina tamaina ez da garrantzitsua: Massachussets Ameriketako Estatu Batuetako ipar-ekialdeko estatu txiki bat da. Bere hedadura Euskal Herrikoa bezalakoa da, gutxi gorabehera, baina munduko enpresa teknologiko eta Unibertsitateen kontzentraziorik handiena dauka: Harvard, Boston, Brandeis, Tufts eta Massachussetseko Unibertsitateak eta, esan dugun bezala, MITa. Datu horiek ikusten ditugunean, pentsatzekoa da zer gertatuko litzatekeen Euskal Herrian Massachussetsen eredua jarraituko bagenu.

Narcisok bezala, Ibanek eta Sergiok Euskal Herrira itzuli nahi dute, baina zail ikusten dute. Sergiorentzat, "nahiz eta MITean maila handia lortzen duzun, oso zaila da itzultzea ikerkuntzan lan egiteko, erakunde arduradunek ikerkuntza sistema asko hobetu ez dutelako". Ibanen aburuz, "Euskal Herriko Unibertsitateak euskalduna izan behar du eta hori oso garrantzitsua da, baina euskaraz txarto gabiltzanoi ate guztiak ixten badizkigute, ezingo dugu itzuli lanpostua lortzeko".

Egoera honetan, esan daiteke Eusko Jaurlaritza eta bestelako erakundeak dirua alferrik xahutzen ari direla, azkenean hezi dituzten ikerlari onenak kanpoan aprobetxatzen badituzte. Narcisoren ustez, Eusko Jaurlaritzaren beka-programazioa "eredugarria izan da alde askotatik, baina zientzia-ehuna sortzeak beste zerbait eskatzen du".


Azkenak
Paloma Castro (AEMET Nafarroa)
“Udaberria arrunta izan da eta uda ohi baino beroago izango da”

Ostegunean hasi da uda. Hartara, udaberriko eguraldiaren balorazioa eta udakoaren iragarpena egin du gaur AEMETek. Apirila 1961az geroztik hilabeterik lehorrena izan den arren, udaberri “arrunta” izan da eta uda ohi baino beroagoa izatea aurreikusi dute.


2024-06-21 | Sustatu
AA irudien lehiaketa batean tranpa, benetako argazkia aurkeztuta

Interneten oinarria duen argazkigintza lehiaketa batean, 1839 Color Photography Awards delakoan, tranpa gertatu da. Kategoria berezia sortu zuten 2024ko ediziorako, Adimen Artifizialeko irudiak aurkeztekoa, eta irabazleak tranpa egin zuen, argazki erreala aurkeztuta irabazi zuen... [+]


2024-06-21 | Gedar
Gasteizko Azkena Rock jaialdiko lan-baldintza miserableak salatu ditu Laneko Autodefentsa Sareak

Last Tour enpresa eta Gasteizko Udala seinalatu ditu erantzule gisa, azken horrek "langileon prekaritatea finantzatzen eta legitimatzen" duela nabarmenduta. Azkena Rocken aritu diren hainbat langileren lekukotzak bildu ditu LASek.


Kike Diaz de Rada hil da, aktore, antzerki zuzendari eta idazle donostiarra

64 urterekin, Kike Diaz de Rada donostiarra hil da, Eneko Olasagasti lankideak asteazken arratsean sare sozialetan jakinarazi duenez. Ibilbide luzeko aktorea izan zen eta Tanttaka teatroaren eta Orain gipuzkoar antzerki taldearen sortzaileetako bat.


Eguneraketa berriak daude