Georges Laplace


Udazkenarekin zendu da Georges Laplace irakaslea eta haren heriotza arras oharkabe gertatu da euskal komunikabideetan. Hutsuneak betetzea legezkoa izanik, gogora dezadan Euskal Herriko bizi kulturalean norbait izan zena.

Laplace, sortzez, biarnesa zen. Euskal Herrian kokatzen zuen bere burua, eta lan eta bizitzaren parte handia eman zion. Historiaurrean aditua, hipotesia zuen euskaldunen arbasoak Magdaleniensean heldu zirela Balkanetatik Pirinioetara, eta, finean, kateko Mendebaldean diren populu guztiak substratu bereko ahaideak garela, nahiz eta gaurko euskaldunen ingurukoek hizkuntza latinoak bereganatu. Ahaidego horrek eman zion bere burua euskalduntzat ikusteko oinarri bat, baina ez bakarra.

Askatasunzale erradikala zen, ezkertiarra, beti zapalduen aldeko prest eta, berak erraten zuen bezala, inoiz ez zen handien aurrean belaunikatu. Euskaldunengan herri menperatu bat ikusi zuen; gehiago dena, bere burua Pirinioetako arraza zokoratuenarekin identifikatu zuen, agotekin, eta usu erraten zuen bera kasta horretakoa zela, basa, menderakaitza. Gaztetan, Frantziako okupazioa agitu zenean, garaiko handiki eta politiko gehienek ez bezala, erresistentzian hartu zuen parte, Vercors sasiko borroka latzetan ibiliz.

Denak elkarrekin, hor genuen euskaldun bat bere zentzu zabalenean, jatorriz, konbentzimendu intelektualaz eta jaidura ezkertiarraz.

Norbait izanik bere berezitasun zientifikoan, Euskal Herri konkretu honetan lan egitea hautatu zuen. Eta ez zuen lan ttipia burutu. Indusketak eraman eta lagundu zituen, bereziki Zuberoako Gameren, Baxenafarreko Isturitzen eta Lapurdiko Kanbon. Lan teorikoak ere ondu zituen, ezagunena hezur eta harrizko tresnen laginak sailkatzeko metodo analitiko berria. Hegoaldeko zientifiko gazte batzuk haren ondoan formatu dira.

Justiziari bezain zientziari atxikia, kontradikzio gaitzak sufritu zituen. Horrela, Euskal Herriko laginen gordetzeaz eta erakusteaz oso grinatua zen. Zentralismo frantsesak anitz eraman eta gorde egin ditu Saint Germain-en-Laye-ko sotoetan, eta horrek sumintzen zuen, baina Iparraldeko desertu kulturalaz gogaitua zen, eta hemen kanorez eta duintasunez gordetzeko etsia onartu zuen Arudyko museoan bildu zituenak Frantziako zentro bati igortzea.

Hemengo politikoen ezintasun kulturalak eta ganora faltak nazkatzen bazuten ere, adi zegoen mugimendu kultural eta zientifikoei, eta prest Iparraldeko heina altxatzeko paradak baliatzeko. Euskal Ikasketen adarra Baionako Fakultatean 1981ean ireki zenean historiaurreko irakasle heldu zen, eta ikasleak loriatu zituen bere garraz eta jakinduriaz. Dagoeneko erretretan, ikasketak unibertsitario bilakatu zirenean, estakuru administratiboak zirela eta ez zioten irakasle postua berritu. Berriz ere hain maite zuen Euskal Herriko handikiek mindu zuten, baina ez zituen horregatik gure bizi politiko eta kulturalekin zubiak moztu.

Politikaz, onartua zuen euskal populuak bere askatasuna lortzeko duen eskubidea eta, gudari zaharra baitzen, horretarako biolentzia behar bazen, biolentzia. Horren eraginkortasunaz arduratzen zen asko, Vercors-eko eskarmentua behin eta berriz aipatuz. Iparraldeko jende anitzek bezala, errefuxiatuen kolektiboa ezagutu eta lagundu zuen. Gero, askori bezala, dudak sartu zitzaizkion, baina duda horiek gorabehera Coarraze bere herritik heltzen zen usu Euskal Herrira eta baita parte hartzen ere errepresioaren aurkako ekitaldietan. Harekin dudan azken oroitzapen militantea Baionako Herriko etxearen aitzinean da, manifestazioaren aurkako oldar bortitz baten erdian, arkupetan poliziez inguraturik, Laplace nazien lagunak ziren garai bateko poliziak oraingoekin erkatuz eta Mattin Karrere gazte bat artatzen ospitalera igortzeko... Orain biok hilak dira eta Ipar Euskal Herri hau ez da askoz hobeki, arnoa dastatzera eta poliziak goraipatzera datorren barne ministro baten eskuetan euskararen etorkizuna uzten duelarik...

Oroitzapen tristeak utzirik, erran dezadan bukatzeko zein atseginak ziren Georges Laplace eta haren emazte italiarra, Delia. Jakintsuak, sentiberak, askatasunaren aldekoak. Laplace gure lehen auzo etxekotua, Delia kanpotik etorria, eta haien ondoan zenbat gauza berri ikasten zen euskal sen, historiaurre, mitologia edo atzoko eta gaurko bizi kulturalaz! Arin bekie lurraren pisua.


ASTEKARIA
2004ko abenduaren 19a
Azoka
Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude