Durangaldearen zaindari bidea eginez

Arrazola, 1962an sortu zen Atxondo udalerriko auzoa dugu. Eta handik ekingo diogu bideari. Arrazolarekin batera, Apatamonasterio eta Axpe auzoek osatzen dute Atxondo. Gure irteera lekua Apatamonasterio izango da, baina Arrazolaraino ere joan gaitezke autoz eta han hartu sasoi bateko trenbidea. Arrazola auzo txikia da, baina inguru paregabean egoteak, handitasuna ematen dio ibar txiki horri. Handik igarotzen zen XIX. mende hasiera arte meatzetatik zetorren trena. Burdin eta kobre meatzeak ziren eta trenak Durangorako bidea egiten zuen. Gaur egun ere, egin daiteke bidea, baina oinez egiteko egokituta dago. Trena geratu egin zen egun batez, eta harrezkero, Durangotik trena pasatzen den arren, ez du Atxondora bidaiarik egiten, Ermurantz jotzen du gaur egungo zerbitzuak.

Hala ere, sasoi bateko meatze horietaraino iristen denez trenbide zaharra, geuk ere, eskualde horretako ibiltari askok legez, bide gorriari ekin diogu. Gorria esateko modu bat baino ez da kasu honetan; izan ere, hartxintxar bidea da eta debekatuta dago bizikletaz igarotzea. Zearreta baserriaren ondoan oraindik ere ikusten dira trenbidearen trabesa zaharrak.

Triunfante meatzera iristen den bideraino egingo dugu oinez.

Trenbidea estua bazen, bere lekuan dagoen estrata nahiko zabala da. Atseden lekuak ditu eta baita umeentzako olgeta lekuak ere. Arrazola ibaiaren ondoan dago aisialdi guneetariko bat; errepidea gurutzatu beharra dagoen lekutik oso gertu. Handik aurrera Martzana auzora iritsiko gara. Martzanan sasoi batean minerala airez kargatzeko tokia egon zen, muinoetan meatzeak egon zirelako.

Arrazola ibaia zeharkatu egingo dugu Santiago ermita bisitatzeko. Handik ateratzen dira, Urrutia baserri ondoko iturritik, ingurua ezagutzeko beste ibilbideetariko batzuk.

Aurrerago Ibarra dorrea eta XVIII. mendeko errotaren ondotik igaro eta Ollargane baserrira ailegatuko gara. Haren fatxadan, Pedro de Albalalde izena eta 1519 urtea daude agerian: Bizkaian, idatzirik dagoen datarik zaharrena dela diote.

Arrazolara bisitan

Topera bidean, oraindik Arrazola auzora iritsi behar dugu. Ez gara auzo-auzotik pasatuko, baina bai errepide gainetik doan zubi batetik eta handik Urrutia baserria ikusiko dugu.

Behin zubia igarota, Arrazola auzo paretik igaroko gara. Astia izanez gero, bertara hurbildu eta Anbotopeko auzo zoragarri hau gertu-gertutik ikusiko dugu. Bere eliza, txoko eta baserriak Erdi Aroko herri txikitxoen itxura ematen diote. Anbotok gerizpe ederra egiten die udan; neguan, berriz, hezetasuna nabaria da paraje honetan. Hala ere, harria behean eta harria goian ikusteko aukera izango dugu.

Zubirik zubi, ermitarik ermita

Aurreko zubiaren antzeko beste bat topatuko dugu San Roke ermitara joateko. Hori baino lehen errepidea zeharkatu behar izan dugu eta Olazar baserritik gertu Arrazola ibaiaren gainetik doan zubia da San Rokera garamatzana. Ermitatik gora begiratu eta Anbotoko berezko begia ikusiko dugu: Bentanako begia deitzen dena.

Parean, errekaren beste aldean, Makatzeta baserri ikusgarria dago. lbarraren barruraino doan ibilbidea oso lasaia da. Estrataren ondoan dagoen seinalean irakurri ahal izango dugu meatzera iristeko bidea nondik den. Han irakurtzen denez, kasiterita eta blenda ateratzen ziren meatzetik eta 1920ra arte egon zen zabalik. Meatzetako sarrerak ikusi gura izanez gero, seinaleztatutako bidetik joan daiteke trokaren amaieraraino, baina bidea ez da erraz ikusten, egurretan doazen kamioiak handik igarotzen dira eta. Hala ere, belartzarren artean egon badaude sasoi bateko meatzari herriaren aztarnak.

Topetik, Errotabarritik bertatik Elorriora bidea ateratzen da. 50 minutu daudela dioen bide seinalea ikusiko dugu bertan, bai eta Ipiztekorriagara doan bidea ere; ordu eta erdiko bidea da. Apatamonasteriorako buelta bide beretik egiten da.

Datuak

Luzera: 10 kilometro
Denbora: 2 ordu eta erdi
Zailtasuna: Erraza

Nondik-Nora

Apatamonasterio
Martzana auzoa
Arrazola auzoa
San Roke ermita
Tope
Apatamonasterio

Atxarte-Besaide-Atxarte bizikletaz
Durangaldean bizikletaz egiteko bira bat proposatzen dizuegu:
Mendiola auzoko Olondo taberna aurrean dagoen askaldegitik irtengo gara eta Atxarteko harrobi ondoko pista jarraituz goranzko bideari ekingo diogu. Alluitz eta Untzillaitz mendi tontorren artean, kaliza hormetan gora eskegitzen eta igotzen diren eskalatzaileak ikusten dira. Pistak Txakurzulora darama. Han baserri bi topatuko ditugu eta eskuinerantz argi ikusten den bidea jarraituko dugu; beti ere, gorantz. Errekatxo bat pasatu, 180°ko bihurgunea hartu eta bide nagusira heldu baino 100 metro lehenago ezkerretara igotzen den belarrezko bidetxo batek Urkiolako santutegiraino eramango gaitu.
Hiru gurutze begiratokitik igaroko gara; azken zati hau aldapatsuagoa da eta bizikletan ibiltzea debekatua dago, baina bide nagusitik ihes egiteko aukera da.
Urkiolatik Pol-polera doan pista zabala hartuko dugu eta han burdin gustua duen ur tragoa egin ondoren, Anbotoko igoera hasten den biderantz joko dugu Azuntze muinora arte. Bide horretara heldu baino 200 metro lehenago, eskuinera doan pista segituko dugu, aterpe batetik pasatuko gara eta pagadi batean sartuko. Bide honek Zabalandira arte eramango gaitu eta berehala beste pagadi zoragarri bat igaroko dugu.
Handik Besaidera joko dugu. Bidea jarraitzeko bidegurutze guztietan ezkerreko aukera hartzea da zuzenena.
Besaide gainetik ezkerrerantz doan bidezidorra hartuko dugu Arrazola auzoko Topera heldu arte, sasoi baten trenak tope egiten zuen lekura »oinez egin dugun bidera». Asfaltatutako bidea hartuz Aspe auzora arte goaz eta gero Sagastatik berriro Mendiolako Olondoko askaldegira.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude