Bizkaia Irratia: 30.000 entzule bizkaiera hutsean


2004ko abenduaren 19an

Bizkaia Irratia, izen horrekin behintzat, 1990ean hasi zen emititzen, baina beren historia askoz lehenago abiatu zen. Hamazazpi urte lehenago, gutxienez. 1973ko urrian, Bilboko Herri Irratia Zuentzat euskeraz dakizuenontzat saioa ematen hasi zen; Bizkaian urte askoan euskaraz ematen zen lehen irratsaioa zen, Herri Irratian bertan egindako minutu gutxiko tartetxo batzuk albora utzita. Ordubeteko saio hura Ima Gallastegik eta gerora Bizkaia Irratiko lehen zuzendaria izango zen Juan Mari Iraolagoitiak aurkezten zuten.

Apurka-apurka, euskara gero eta leku gehiago hartuz joan zen Herri Irratian. Apal, nolanahi ere. 70eko hamarkada hartan, euskarak hiruzpalau ordu bereganatzen zituen egunero. Han zebiltzan Pedro Mari Goikoetxea, gaur egun ETBko kiroletako burua dena, Adolfo Arejita euskaltzaina, Juan Mari Iraolagoitia bera edo Angel Mari Unzueta, egun Bizkaiko Elizbarrutiko bikario diharduena. Eliza aipatzea ez da kasualitatea: Bilboko Gotzaitegia da Herri Irratiaren nahiz Bizkaia Irratiaren ugazaba, eta haren ekimenez hasi ziren euskarazko lehen emanaldiak.

Bizkaia Irratiko zuzendariorde Kepa Uriartek gogoratzen duenez, 70eko hamarkadaren azken urteetan Irratibide elkartea sortu zen elizbarrutiaren baitan. Helburua oso-osorik euskaraz emango zuen irratia sortzea zen, eta hori 1990ean lortu zuten. Lehenago, hala ere, »80ko hamarkadaren hasieran» Bilboko Herri Irratiak euskarazko programazioa zabaltzeko aukera eduki zuen, Eusko Jaurlaritzak emandako laguntzak zirela bitarte: eguneko zazpi ordu.

Esan bezala, 1990ean gauzatu zen egun osoko programazioa euskaraz egiteko asmoa. Orduantxe jaio zen Bizkaia Irratia, zegoeneko Herri Irratia "amarengandik" bereizita, baina ordura arteko langile berberekin. Eta irrati munduan bere lekutxoa bilatzeari ekin zion.

Dena bizkaieraz

Bizkaia Irratiaren nortasun ikurrik handiena, beharbada, programazio osoa bizkaieraz izatea da. Euskalkia erabiltzea oso modu naturalean etorri zaie, eta ez dute inongo eztabaidarik egin hala erabakitzeko. "1973an euskaraz hasi zirenak ere bizkaieraz hasi ziren »gogoratu du iaztik Bizkaia Irratiko zuzendaria den Dorleta Alberdik», oso berezkoa zeukaten eta". Berezkotasun hartaz gain, beste kontu bik sendotu zuten euskalkiarenganako joera: batetik, euskara batuak ez zeukan gaur daukan indarra; bestetik, elizak tokian tokiko hizkeren alde egin ohi du, eta hala izan zen kasu hartan ere. Geroztik, inork ez du ezbaian jarri bizkaieraz aritu beharra. "Bertokoa delako, jendea hurreratzeko modurik egokiena dela uste dugulako eta galzorian ez egoteko erabiltzen dugu", dio Alberdik.

Euskalkian jarduteak ezartzen duen mugarik handiena langileak topatzeko zailtasuna da. Bizkaia Irratiak bizkaieraz alfabetatutako kazetariak eskatzen ditu »idatzizko ariketa eta guzti eginarazten zaie», eta horrek asko murrizten ditu aukerak. Izan ere, denak dira Labayru Ikastegitik igarotakoak, huraxe da-eta gaur egun bizkaieraz alfabetatzeko modu bakarra.

Bestela ere, Bizkaia Irratiaren eta Labayruren arteko harremana sendoa da. Ikastegiak ikastaroak ematen dizkie irratiko kazetariei, eta irratian ikastegiak kaleratutako estilo liburuak erabiltzen dituzte lanerako. Dorleta Alberdiren iritziz, hainbestetan aipatzen den euskalkien arautze falta gaindituta dago bizkaieraren kasuan: "Labayruk estilo liburua atera duenetik »bigarrena kaleratu dute dagoeneko» ezin esan bizkaiera araututa ez dagoenik. Gu haien lanean oinarritzen gara hizkuntza formala erabili behar dugunerako. Albistegietan, berbarako".

Gazteak baina eskarmentudunak

Gaur egun, hamazortzi lagun dabiltza Bizkaia Irratian beharrean. Lan-talde gaztea da oro har, 25-35 urte bitartekoa, baina dagoeneko urte batzuk egin dituena bertan. Horiekin batera, hasiera-hasieratik (1990etik) dauden "historikoak": Dorleta Alberdi, Kepa Uriarte, Mikel Astelarra, Javi Onaindia, Libe Agirre, Miren Ezkurra… gehien-gehienak lehenago Bilbo Herri Irratian ibilitakoak. "Kolaboratzaileak ere badauzkagu »nabaritu du Alberdik» eta gero eta gehiago gainera. Eurei esker programa asko egin ahal izaten dugu. Tertuliak, esaterako". Pilota partidak emateko Kepa Arroitajauregiren laguntza daukate, eta nazioarteko politikaren analisirako, Gabirel Ezkurdiarena. Guzti-guztiek bizkaieraz egiten dute.

2000. urtean, 29.000 entzule

Bizkaia Irratiak 29.000 entzule inguru dauzka, 2000. urtean egindako inkestaren arabera. Dorleta Alberdik adierazi digunez, "ez diogu batere kasurik egiten CIESi (Ikerketa eta Lan Soziologikoen Zentroa), beraren neurketak ez direlako eraginkorrak guretzat. Herri batzuk aukeratzen dituzte eta horien artean Sestao, Barakaldo eta Portugalete egon daitezke. Bizkaieraz egiten den eremuetakoak ere suertatzen dira, baina ez denez galdetzen nor den euskalduna eta nor ez…". Hala, irratiak azterketa egitea eskatu zion EHUri orain lau urte, eta horren arabera jakin ahal izan zuten entzule kopurua. Orain, beste neurketa bat egitekotan dabiltza.

Bizkaia Irratia Bizkaia osoan, Araba iparraldean eta Gipuzkoa mendebaldean entzun daiteke, baina entzule gehien Bizkaiko eremu euskaldunenetan dago. Bilbotik ekialderantz, beraz, eta zenbat eta ekialderago, gehiago. Gipuzkoa mendebaldean ere bada Bizkaia Irratia entzuten duenik, Arrasate edo Eibar inguruetatik zuzeneko saioetan parte hartzeko egiten diren deiek agerian uzten dutenez.

Herrietara heldu nahian

Irailean hainbat aldaketa ezarri zituzten programazioan. "Lehendik ipinitako zutabeetan sakontzen jarraitzen dugu »dio Dorleta Alberdik», hau da, Bizkaiko berriak ematen punta-puntakoak izatea". Hala, herrialdera gehiago hurbiltzeko ahaleginetan dabiltza. Askok Bizkaia Irratia izena idi-probekin eta herri txikietako kontuekin lotzen badute ere, sarritan bestela izaten da, Dorleta Alberdik eta Kepa Uriartek autokritika doinuz onartzen dutenez. "Ni herririk herri ibiltzen naiz astegoienetan, azoketan eta abar »azaldu digu Uriartek», eta jendea hurreratzen zait apur bat hiritartu garela esateko. Beharbada adarra jo guran dabiltza, baina…". Esaterako, urte luzez, ez da herri kirolari buruzko saiorik izan Bizkaia Irratian, eta orain dabiltza berreskuratzeko asmotan. "Gure helburua ahalik eta irratirik osoena egitea da, irrati-zerbitzua eskaintzea" dio Uriartek, "eta alde horretatik gure edukiak beste edozein irratirekin konparatzeko modukoak dira. Hori bai, Bizkaia osora hurreratzeko ahalegin berezia egiten dugu, gure bitartekoak zeintzuk diren kontuan hartuta. Beti daukagu gogoan Bizkaia Irratia izan behar garela eta ez Bilbo Irratia".

Irrati katolikoa?
Bizkaia Irratiaren ugazaba Bizkaiko Elizbarrutia da, eta horrek badu programazioan eraginik. Goizero ematen dute meza, esate baterako. Baina, irrati katolikoa dela esan daiteke? "Hara, elizako gaiek euren lekua izan dezaten ahalegin berezia egiten dugu »azaldu du Kepa Uriartek», notizia diren neurrian. Eta kontuan daukagu irrati hau erakunde horrena dela eta gutxienez errespetuzko jokabidea eduki behar dugula beragaz. Hortik aparte, ez".
Uriartek nabarmendu duenez, elizarekiko loturak "etika arloari garrantzi handiagoa ematea" eragiten die beharbada. "Horregaz lotuta »gehitu du Dorleta Alberdik» programazio berria hasi zenetik arratsalde partean egiten ditugun albistegi berezietan gizarte gaiei garrantzi handiagoa ematea pentsatu genuen, askotan zokoratuta egoten dira-eta, politikaren mesedetan".

Bizkaia Irratia entzuteko FMn
Ondarroa: 92.5
Aramaio, Durango, Elantxobe, Gernika, Markina: 96.7
Elorrio, Zornotza: 97.3
Bakio, Bermeo: 97.4
Lekeitio: 98.1
Gainerakoak: 102.6

Kirolari onenei saria, Euskararen Egunean
Abenduaren 3an, Boroan (Zornotza) egindako ekitaldian, Bizkaia Irratiak saria eman zien entzuleen ustez 2004an hoberenak izan diren kirolari bizkaitarrei. "Inoiz horrelako sariketarik egin barik geunden, eta 15. urtebetetzea ospatzeko modu egokia izango zela pentsatu genuen", dio Dorleta Alberdik. Hamabost egunez irratira eginiko 500etik gora deien bitartez, entzuleek lau kirolariri »Luis Prieto Athleticeko jokalaria, Joane Somarriba txirrindularia, Oier Zearra pilotaria eta Zelai harrijasotzailea» eta talde bati »Urdaibaiko trainerua» eman zioten onespena. Azkenean, sari banaketa Euskararen Nazioarteko Egunean egitea erabaki zuten irratiko arduradunek, aukeratutako guztiak euskaldunak zirela ikusita. "Uste dut entzuleek ez dituztela kirol emaitzak soilik kontuan hartu »diosku Kepa Uriartek», kirolari horiek ematen duten irudia ere bai. Hor daukagu esate baterako Zelai, dagoeneko konpetizioan ez dabilena, baina Bizkaiko herri kirolean erreferentzia dena".


Azkenak
Euskaraz bagarela aldarrikatzeko hitzordua: etzi Ziburun

Ziburuko Azokaren seigarren edizioa iraganen da larunbatean Ziburuko plazan. 33 argitaletxe, 10 diskoetxe, 39 idazle eta 111 berritasun, uzta ederra izanen dugu aurtengoan ere.


Bertan behera utzi dute Donostiako surf txapelketa bat, israeldarren parte hartzea dela eta

Hamabost urte inguruko lau surflari israeldarren parte hartzea zela eta, hainbat eragilek protesta egin eta Groseko Surf Indarrak elkarteak lehiaketan ez parte hartzea erabaki du. Waxdayz jaialdiaren antolatzaileek ere surflari israeldarrak kaleratzea eskatu die WSL World Surf... [+]


2025-06-04 | Uriola.eus
Manteroekin eta Ainararekin elkartasuna adierazi dute Bilboko Epaitegiaren aurrean

Ainararen aurkako epaiketa dela eta, Bilboko Epaitegiarekin aurrean elkartu dira Manteroekin bat! plataforma eta bertaratutakoak poliziaren gehiegikerien eta egiturazko arrazakeriaren aurrean, elkartasunez antolatuko direla aldarrikatzeko.


“Traumak eta deserrotuta egoteak saharar guztion bizitzak zeharkatzen ditu”

Munduko gatazka ugariak kontatzera ohituta, oraingoan bere gatazka propioari jarri dizkio berbak Ebbaba Hameidak (Tindufeko errefuxiatu guneak, 1992) bere lehen eleberrian: Flores de papel (Paperezko loreak) (Peninsula, 2025). Hiru belaunalditako emakume banaren istorioak... [+]


Iruñeko Alde Zaharreko etxegabetzea geldiaraztea lortu dute

San Lorenzo kalean 57 urteko emakume bat –Ana Belen– etxegabetzeko agindua zegoen asteazken goizerako. Hori eragozteko, etxearen atarian 07:30etik aurrera bilkura deituta zuen Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Azkenean ez da etxegabetzea gauzatu.


Hana Zjakic. Inguruari adi
“Ez nintzateke ase sentituko, lau urteren ostean, hemengo kulturaz eta hizkuntzaz ezertxo ere ez baneki”

Iaz ezagutu nuen Hana Zjakic, Bollotomaseko bertso-saioaren aurretik mahai-buelta berean suertatuta. Ingelesez egin behar niola aipatu zidaten. Eta ni, orduan, kezkatu egin nintzen, ea saioan bertan inor arituko ote zitzaion xuxurlari. Lasai egoteko esan zidan berak, lehenago... [+]


Albert Le Layek ez zuen trukean ezer eskatu

Canfranc (Huesca, Espainia), 1940ko ekaina. Charles De Gaulle jenerala buru zuen Londresko Frantzia Askearen gobernuak erabaki baten berri eman zion Albert Le Lay Canfranceko nazioarteko tren geltokiko Frantziako aduanako arduradunari: bere postuan geratu behar zuen. Ez zirudien... [+]


Talentu bila

Talentua garai honetan zaindu, babestu eta erakarri beharreko altxorra ei da. Horregatik, Kutxabankeko lehendakari Anton Arriolak hezkuntzan ingelesari garrantzi handiagoa eman behar zaiola adierazi du, eta euskara horretarako oztopo izan daitekeela Poloniatik etor litezkeen... [+]


2025-06-04 | ARGIA
Osasun arreta euskaraz bermatzeko zortzi eskaera egin dituzte EHEk eta Aintzatek

Osasungintzako 501 langilek bat egin dute zortzi eskaera zehatz dituen manifestuarekin. Helburua, osasun arreta euskaraz eskaini, eman eta bermatzea, “edonon eta edonoiz, maila guztietan eta ahoz zein idatzizko harremanetan”.


2025-06-04 | Itxaro Borda
Begi zabal itxiak

“Hauxe titulu bitxia” erranen du aspaldian leitzen nauen ARGIAko irakurleak. Jakingo du halaber Stanley Kubrick zinegilearen azken filmaren zale amorratua naizela. Horrek hura esplika dezake. Funtsean, begiak zabal itxita begiratzen diogu munduari, bereziki Gazako... [+]


2025-06-04 | Gorka Menendez
Armatzea eta autodefentsa

Badirudi Europar Batasuna eskalada beliko betean sartu dela. Munduaren ordena geopolitikoa kolokan dabil eta Europak bertan zuen pribilegiozko lekua galtzeko arriskua ikusi du. Autonomia estrategikoaren lemapean, beste neurri askoren artean, industria armamentistikoa... [+]


2025-06-04 | Cira Crespo
Greba orokorra

Euskal Herriko mugimendu abertzaleen hasieran, langile borrokak kanpotik inposaturiko zerbait balira bezala ikusi ohi ziren. Euzkadi egunkariko orrialdeetan maiz irakur zitezkeen sozialisten kontrako diatribak. Harritzekoak ere ez ziren erasook, egia esan, egunkari sozialistetan... [+]


Eguneraketa berriak daude