25 urte


2004ko azaroaren 28an
Hogeita bost urte bete berri dira Gernikako Estatutua bozkatu eta indarrean jarri zela. Laster beteko da ere Foru Hobekuntzaren urteurrena. Autonomien Estatua asmatu zuten estatu eredu gisa, euskal hiritarron askatasun nahiak itotzeko. Hitz batez, independentzia asmoak desagerrarazteko. Bide horretan buru belarri sartu ziren euskal indar politiko eta sozial autonomistek, proiektuari zilegitasuna ekarri asmoz »bozetan jaso ez zuena».

Egitasmo eta promesa asko egin zen: bakea ekarriko zela gure herrira, presoak etxeratuko zirela... Baina marko konstituzional espainola onetsi zen jokaleku politiko bezala, botere kuota konkreto bat kudeatu eta protagonisten poltsikoak gizentzearen truke. Promesak promes.

Hogeita bost urte hauetan Euskal Herriaren zatiketan sakondu besterik ez da egin. Subjektu nazionalaren desitxuratzea ekarri du. Estatuen zapalkuntza politikoan autonomiaren kudeatzaileek parte zuzena izan dute: marko horretatik sortutako polizia 'eredugarria' »bobbyak?» zeregin errepresiboetan puntakoa bilakatu da: atxilotuei tratu txarrak aplikatzeraino, guardia zibil eta polizia nazional espainiarren degradazio mailaraino; preso politikoen senideak publikoki jipoitzeraino, Joxi eta Joxeanen gorpuzkinen errautsen pertsekuzioan haien lagun eta familia kolpatzeraino. Ilegalizazioaren kontestuan errepresioaren abangoardia izateraino.

Inposaketaren bandera egin duen alderdi espainiarra, PP, hondoratu da ekintza armatu odoltsu eta eraginkor baten ondorioz. Eta jarrera berritzaile itxurarekin boterea bat-batean hartu duen PSOE, bide okerretik abiatzen hasi dela dirudi: bide errepresibo eta polizialaren sinesmen burbuilan mozkortuta: torturaren praktikari hastapenetik babes osoa eskainiz, sarekada polizialak, sakabanaketa politika antiterroristaren ardatz aldarrikatuz, eta presoen kontrako jazarpena ageri-agerian utziz »jipoiak, De Juanaren kasua, isolamendu eta bakartze areagotzea, istripuak...» harrokeria nabarmenarekin. Frantses autoritateak ere polizia arrakastaren mozkorraldian bezala aritu dira »poliziatik hasi, juje eta prokuradoretatik pasa eta politikari arduradunetaraino».

Hogeita bost urteotan inoiz egon den preso politiko kopuru altuena dugu egun: 701. Kopuru hori eta hogeita bost urteotan kartzeletatik pasatu diren milaka hiritarrek marko politiko itogarri honen kuestionamenduan berebiziko garrantzia izan dute. Eta orain, zapalkuntzari aurre egiteaz gain, beren status politikoa aldarrikatzera datoz, euskal prozesuan parte hartzea aldarrikatuz, eta baita konponbide demokratikoan ere, ezinbestez. Preso politikoen auzia, konponbideari begira zama edo karga bat baino, aktibo politiko bat izan behar baitu.

Bere garaian estatutua onetsi zuten indarrek ere aldaketaren beharra azpimarratzen dute: agortuta, hilda, gainditu beharrekotzat eta beste kalifikatuz. Eztabaida Nafarroan ere bero, marko berria kontsultatu ere egin ez zen tokian. Espainiarrak geratu dira bakarrik markoaren defentsan. Eta egitura instituzional propioaren aldeko ahotsak indartzen ere Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan. Krisian daude bai, marko politiko konstituzionalak, eta irekita eta bizirik dago aldaketaren aukera. Ezker Abertzalearen borroka eta sufrimenduak lortutako emaitza da hori.

Egoera honetan, jeltzaleek PPren oldarraldiaren kontestuan loratutako Ibarretxe Plana hautu estrategikotzat dute. Eztabaida nazional eta ireki bati muzin egin eta haien proiektu politiko zehatz batetara mugatuz egitasmoa. Ikusteko dago oraindik, Plan horrek hauteskunde autonomikoetako hautes-programa izatetik haratago ibilbiderik ba ote duen, eta ez ote den PSOE berriz ere besarkatzeko tresna-aitzakia izango. Frustrazioa eta iruzurra. Beste hogeita bost urtetarako estatutu aldi zaharberri eta etsigarria. Beste hogeita hamar urtetarako enfrentamendua.

Eztabaida politikoa bero-bero dago. Posizio politikoak mugitzen ari dira. Ezker abertzalea ere ausart arituko da jokatzen. ETAk berak adierazi bezala. Euskal Herriaren aldeko indar politiko eta sozialen lerrokatzea posible da. Dagoen indarra ez da makala. Herri hau konponbide demokratikoaren kontsentsu zabalaren atarian jar daiteke. Uzkur diren indarrak pertsuasioz bertaratuz. Uzkur eta kontra diren Estatuak behartuz eta euskaldunon hitza eta erabakia errespetaraziz.


Azkenak
2024-04-30 | ARGIA
Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

34.000 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

Israelek 40 eguneko su-etena eta preso trukea eskaini dio Gazari, baina akordioa lortu edo ez Rafah inbadituko dutela adierazi du Netanyahu lehen ministroak. AEBk eta Erresuma Batuak Hamas presionatzen ari dira Israelen eskaintza onar dezan. Astelehenean 47 palestinar hil zituen... [+]


2024-04-30 | ARGIA
Hil egin da Artzentalesen zauritu zen basogintzako langilea

Langilea larri zauritu zen apirilaren 24an, eta astelehenean, hilak 29, hil da. 22 urte zituen eta sektorean bi hilabete soilik zeramatzan lanean. 2024 urtean hildako 22. langilea da.


2024-04-30 | ARGIA
Eneko Bidegainen 'Bichta éder' eleberriak jaso du 111 Akademiaren Saria

Karmele Jaioren Maitasun kapitala-rekin lehiatu da finalean. 2023ko “libururik gogokoen” izendatu dute Bidegainen “bihurgune askotako” thriller politikoa 111 Akademia osatzen duten literaturazaleek.


Eguneraketa berriak daude