Galeusca: Hiria, kultura modernoaren sorleku


2004ko azaroaren 14an

Ourensen barrena abiatu gara Marcos Valcarcel galiziarra gidari dugularik. Ourense Galiziako literaturan gehien agertzen den hiria da, Santiago Konpostelakoarekin batera. XIX. eta XX. mendeetako idazleen artean Otero Pedrayo eta Eduardo Blanco Amor goraipatu ditu gidariak. Bigarren honen A Esmorga nobelaren bitartez taxututako «ibilbide literarioa» erakutsi digu Valcarcelek, baita munduari zabalik dagoen Ourense literarioaren berri jaso ere.

Hiriaren irudiak Euskal Herria, Galizia eta Kataluniako literaturan

Carlos Lopez Bernardez galiziarraren hitzetan, kontzeptuak zehaztu beharra dago: zer da irudia eta zer hiria? Antzinako hiria irudimenaren kontzepzioari lotua dago. Adibidez, Jerusalem hiri ideala da, zerutiarra. Sodoma eta Gomorra, berriz, ezkorrak eta lizunak. Erdi Aroaz gero, hiria kultura modernoaren sorlekua da, hizkuntz eta merkataritza berrien tokia. Garapen horren ondorioa da gaurko gure kultura. Hiri mota hori da eredua, alta bada, estereotipoa dago. Izan ere, hiri kulturaren erabiltzaileak eta sortzaileak toki zabaletatik datoz. Allariz herritik, esate baterako. Hiria beraz, biltzeko eta sortzeko gunea da.

Hirien »Ourense» eta herrien »Allariz» arteko dikotomia jalgi da gure ibilbidean. Bi eremu hauek gero eta hurbilago daude elkarrengandik »Urtzi Urrutikoetxearen begietatik so egiten diogu auzi honi». Hirian bertako jendea nahiz herri txikietatik joan-etorrian ari den jendea nahasten dira. Nekazal mundua hiritik at izan arren, hiritarrek heritarren ezaugarriak gordetzen dituzte oraindik ere. Herrietan hizkuntzaren jatorria dago, artean, hirian beste hizkuntza mota sortuz joan da. Egun bi kulturak gero eta nahastuago daude hedabideen eta Interneten bidez.

Hiri literarioa gizarte zibilaren isla da »Fran Alonso galiziarraren hitzak dira», hiria idazleen berebiziko plataforma da. Gure kultura, mendebaldeko kultura, urbanoa da batez ere, aisialdiaren eta modaren ondorioa. Hiria literaturaren gune estrategikoa da. Idazle honen kasuan Vigo da hiria. Bertako ibaiadarra, elementu bereizgarria, singularra eta partikularra da. Pertsonen nahiz pertsonaien izaerak lantzeko eta beren giza kategoria garatzeko ingurumari paregabea.

Isidre Grau kataluniarraren literatur espazioa Vinyes de Savall da. Sardaynola del Valles herriaren transposizioa. Obaba kataluniarra, nolabait. Herri hau Bartzelonako periferian dago. Mende laurdenean 4.000 biztanletik 60.000ra pasa zen. Hiriak barnebildu ditu nekazal munduko jendeak. Ingurunearen aldaketa azkarrak jendearen eboluzio azkarra bultzatu du eta horrek alegiak moldatzeko aukera eman dio idazle honi: jendearen jarrera, jokamoldeak, garapenak eta adierazpenak aldatu omen dira bertan, maila sinbolikoz bada ere. Ohiturazko literaturari muzin eginez, hiriko unibertsaltasunaren isla da bere obra.

Labur-zurrean, bertako eta kanpoko kulturen sinbiosia gauzatu da hirietan. Guztiok ikusten ditugu telebista berak edo antzekoak, antzeko egunkariak irakurtzen ditugu. Ikus-entzunezkoek bi kulturak nahastu dituzte. Hainbat usadio bizirik daude, baina heziketak kultura batua sortzen lagundu du. Oro har, Amerikako Estatu Batuetako kultura da nagusi hirietan. Hiri eta herrien dikotomia baino, fusioa nagusitu da hiriko kulturan. Idazleak lurrari lotuak izanagatik, literatura lantzean hiria dute erreferente nagusia.

Munduko hiriak galiziar, katalan eta euskal literaturan

Hiriez jabetzeko hainbat modu dago »Ana Romani galiziarrari adi goaz». Norberaren izaerak edota begiradak hiri bat eraikitzen du. Urratzen ari garen ibilbidea berbera izanda ere, ibiltari bakoitzak hiri diferente bat ikusten du. Literatura oron hiria dago, baina hiria ez da lekune soila, hiri egiturak bestelako hizkuntza bat sorrarazten du pertsona bakoitzaren baitan.

Munduko hainbat hiritara bide egin dugu Miguel-Anxo Murado galiziarrari jarraikiz; Jerusalemera iritsi gara. Intifada baino lehenago eta ondoko Jerusalemez mintzo zaigu Murado. Jerusalemen gainean topiko faltsu asko omen dago. Hiri beldurgarria da, baina interesgarria. Heriotza eta erokeriaren hiria. Giza kondizioen osagaiak ondo baino hobeto agertzen ditu, ordea. Jerusalem oso hiri literarioa da hartara. Liburuek sorturiko hiria da, Bibliak sortutakoa, kasu. Harrezkero, hainbat idazlek eta margolarik literalki apaindua eta irudikatua. Hiri mitoa da. Errealitatea ordea, oso urrun dago mito horretatik. Jerusalemek gaizki moldatzen diren kultur anitzak elkarganatzen ditu, intelektualki esanahi sakona duten kulturak dira alabaina.

Treveris hirira aldatu gara »Marga Do Val katalanaren alboan», bakearen hirira. Atzerritarrentzat Karl Marxen hiria, eta galiziarrentzat Priscilianori burua moztu zioteneko hiria. Prisciliano »Santiagoko Katedralean lurperatua» Eliza katolikoaren ikuspuntutik herejea zen, nazionalista galegoen ikuspuntutik, aldiz, mitoa, aldarria, kanpoko inbasioaren aurkako sinboloa.

Treverisera iristean ez zara hitzez bakarrik jabetzen, haren izkinez eta karrikez ere jabetzen zara, bere guneek bezatzen zaituzte. Bigarrenez jaiotzeko moduko hiria da. Marga Do Val idazleak bi haurtzaro omen ditu: Treveris aurrekoa eta ondorengoa. Treveriseko mikrokosmosak eta giro bereziak mundua ulertzeko modua aldarazi diezazukete. Marga Do Val Treverisen hezi eta hazi omen da bigarrenez.

Iparramerikako Oregon estatura joan gara gero, Portland hirira, Jaume Perez Montaner valentziarra lagun. Bizitzako zazpi urte eman zituen bertan, alta, ez zuen bat egin hiriarekin. Berea erbeste politikoa izan baitzen. Valentziara itzuli zenean, ordea, Portland gogoratzen zuenean, bere imajinazioan hazi zen. Portland bere liburu askoren iradokizun-gunea da egun. Haurtzaroko gomutak, berriz, L'Alfas del Pi-n (1000 biztanleko herria) dauzka. Gerora Alcoy-ra joan zen. Herrixkatik herrira, herritik hirira: hiriak jendearen agitazioa, kezkak, desioak, beldurrak eta esperantzak biltzen omen ditu. Jaumek Portland, Valentzia eta Bartzelona ditu hiri kuttunak. Hiri iradokigarriak, aldakorrak, ez finkoak. Gizakiok legetxe, bere hitzetan.

Edinburgora jauzi egin dugu Miquel Desclot katalanarekin batera. Bera ez da egundo han bizi. Ingalaterrako ipar-ekialdeko hiri batean bizi izan zen behiala: Durham-en. Unibertsitate gunea. Artean, bere hiria Bartzelona zen. Bertako lagunak hil »edo beste norabait bizitzera joan» zirenean, ihes egin zuen. Durham-en egindako lagunak Edinburgon topatu zituen eta Eskoziari lotu zitzaion. Harreman ona du Edinburgo hiriarekin. Poesia irakurtzera joan ohi da, horrek estimulatzen du. Edinburgo idaztera bultzatzen duen hiria da, beste batzuek, aldiz, idazteko gogoa kentzen diote. Bartzelonak, kasu. Hiri gizabidetsu eta abegikor zena iraganeko hiria da berarentzat, hiri trinko eta zaratatsua, estres tokia gaur egun. Bartzelonatik 30 kilometrora bizi da, baina bere hiri literarioa Edinburgo da.

Amerikako Estatu Batuetara atzera, New York hirira. David Tijero bilbotarrak eraman gaitu hara. Bilbo baino beldurgarriagoa da New York inola ere. Inperioko hiri atakatua, bere zirrikituak itxi dituena. Etorbide zabalak karrika estuak dira etxe-orratzen artean. Hiri erraldoia eta ziutate gaitza. Beldurraren kultura hedatu da ezker-eskuin. Ziutate honen utopia banderez gainezka dago, ordea. Izu-laborrien laborategi perfektua. Literaturarako espazio paregabea. Esperanto izeneko tabernara eraman gaitu Davidek. Utopia deritzan aberriaren hizkuntza da esperanto.

Ourensen gaude berriz ere, Jon Abril beratarrari jarraiki itzuli gara, haren erranen aiduru. Shangai hiritik itzuli da berriki. Nafarroako Berakoa da, ez da hirikoa, herri txiki batekoa baizik. Ez da landa eremuan hazi eta hezi ere. Baserriko bizimodua ia desagertu baita Beran, zerbitzuak eta industria nagusi diren bizitokia da berea. Hizkera eta bizimoduak hiri batetik hurbilagoak daude bere gurasoek ezagutzen zuten mundutik baino. Hiri eta herriaren erdibidean bizi da. Hori da bere gune erreala, baina berau izendatzeko hitza falta zaio. Horra literaturaren betebeharra.

Etorkizuneko hiri utopiko eta amestuak

Jon Abrilen hitzaren faltaz galdetu diogu Cesareo Sanchez Iglesias galiziarrari. Bere ustez, Jon Abrilen hitza, hitz amestua da. Hiri amestua edo imajinatua gizakiak hitzez eraiki behar duen hiria da. Haurtzarotik jada, eskolan erakutsi ziguten mapen bidez, imajinatzen ditugu hitz horiek, eta gure imajinazioa lantzen segitzen dugu oraindik ere. Gure biografiari beste leku batzuetako geografiarekin lagundu genion orduan eta laguntzen diogu gaur egun ere. Hiria gune gisa irudikatu arren, izate biziduna da, sufritzen eta gozatzen duena, jaio, bizi eta hiltzen dena etengabe.

Xavier Queipo galiziarrarekin geografiaz eta koordenadez mintzatu gara hain justu, munduaren ardatzak irudikatu ditugu lehenik. Bere literaturan irudizko hiriak agertu ohi dira, eta beste batzuk bisitatu nahi lituzke oraindik ere. Adibidez, hiri mandalak edo egitura aldaberakoak, historian barrena agertu eta desagertzen direnak. Non kokatuak dauden ziur ez dakigun hiriak. Beste batzuk hiri labirintoak dira, Cortazarren Rayuelan agertzen dena, edo zientzia fikziozkoak, Blade Runner filmeko hiria bezala, kasu. Xavier Queipok amesturiko zazpi hiri motak eraiki ditu bere baitan. Berarentzat, hiri imajinarioa pausoz pauso deskubritzen goazen hiria da, harripeko hiria, pertsona bakoitzaren begirada pean dagoen hiria.

Joan Agut katalanak Juan Carlos Onetti idazlearen Santa Maria hiriaren bidez urratu du bere imajinarioa. Hiri horretako karriken, eraikinen eta denden eboluzioa imajinatu du idazlearen obraren bidez. Horregatik, hiri imajinarioa sekulan izango ez den hiria da, dolorea tarteko, inoiz iristen ez dugun hiria, samintasunez imajinatzen dugun hiria.

Julen Gabiria galdakoztarraren esanetan hiriak baditu bere abantailak eta desabantailak, hiri imajinarioa erosoa da, literatura egiteko agian erosoegia. Berak hartara hiri hibridoen aldeko apustua egin du, apur bat errealitatetik eta apur bat imajinaziotik dituena. Bere jarduna jendearengan kokatzen du, lekuetan hainbeste erreparatu gabe. Alabaina, hiriak ematen dizkio bere literaturari behar dituen osagarriak.

Bi hitz arranguratsu Galeusca hiriaz

Ourense hirian eta Allariz herrian ibili gara, baita jan, lo eta hitz egin ere. Galeusca idazle galiziarrek, katalanek eta euskaldunek osatutako hiri bizia da. Hiri anitza, erreala eta irudizkoa. Galeusca hirian, ordea, esperantoa gauzatu bitartean komunikazio arazoa dugu euskaldunok. Arazo eta drama. Galiziarrak galizieraz mintzo dira, eta erdipurdika ulertzen ditugu. Katalanak katalanez mintzo dira eta are gutxiago. Euskaldunak mintzo dira eta gailiziarrek nahiz katalanek dena ulertzen dute. Euskaldunak ulertuak izanen badira espainolez mintzo baitira. Galeusca hirian, euskaldunen benetako lengoaia, lengoaia frankoa, espainola baita.

Irudizko hiria
«Hiri irudizkoa -edo imajinarioa- literaturan agertzen den edozein hiri da, hiri erreala izan edo ez. Bilbo, esate baterako, nire literaturan hiri irudizkoa bihurtzen da. Edozein hiri, fantasiazkoa, utopikoa edota suntsitua izan, existitzen den hiria da. Edozein hiri, hiria da literaturan. Nik edozein hiri, hiri erreala izan daitekeela defendatzen dut. Alegia, edozein hiri, hiri erreala izanda ere, hiri irudizkoa bihurtzen du irakurleak, idazlea bere irudimenetik hasten baita hiria eraikitzen».

New York
«New York erreala izanda ere, ametsetako hiria da. Garai batean helezinezkoa zena, egun edozein mundutarren eskura dagoena. Bertan bizi izan nituen sentsazioek New York hiriari buruzko topikoak baieztatu zizkidaten. Karrikan barrena zoazela inperioaren zirrikituak irudikatzen dituzu. Zerua haztatu duten etxeen artean zoazela, diruaren eta beldurraren kulturak usnatzen dituzu. Ez da hiri erraza. Alabaina, inguruak eta jendeak idazteko mila aukera ematen dizute».

Shangai
«Shangai hiria idazteko inspirazio iturria izan zen niretzat. Ez nintzen joan Shangaiz idaztera, baizik han nengoela idazteko gogoa sortu zitzaidan. Kontrastez beteriko hiria da, etengabe aldatzen ari dena, horrek berak, deus bilatu gabe, eman zizkidan idazteko aukera eta osagaiak. Hiri handiek kontrasteak eta gertakariak eskaintzen dizkizute etengabe, idazteko gaiak borborrean azaleratzen dira».

Bilbo
«Bilbo nire betiko mundua da, nire lanak irakurri dituztenak jabetuko ziren horretaz, izenak jarri zein ez. Hiria edozein idazleren erreferentea da, nahitaez, hiritik ihes egina nahi duen idazlearen lanean ere agertzen da. Nik neuk, idazterakoan, ez dut iheserako joerarik. Bilbo edota bertako auzo-bizitza da nire ingurumaria. Gainera munduko beste hiri batzuen aldean, neurriz eta anonimotasunez, Euskal Herrian daukagun hiri-eredu hurbilena izan daiteke Bilbo».


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude