Enpresek eroslea sarean harrapatu nahi dute


2004ko azaroaren 14an
Azaroaren 15 eta 16an e-Businness Global Conference (EBGC) biltzarra egingo da Bilboko Euskalduna Jauregian. Antolatzaileek »alegia, Industriaren Sustapen Baltzuak (SPRI) eta Elektronikaren, Informazio Teknologien eta Telekomunikazio Enpresen Espainiako Elkarteak (AETIC)» enpresa eta bezero arteko harremanei eman nahi izan diete arreta oraingoan. "Bezeroaren garaia" biltzarraren izenburuak dena adierazten du.

Aitor Cobanera SPRIko zuzendari nagusiak dioenez, "aurten azpimarratu nahi duguna da edozein enpresatan, edozein negoziotan, bezeroak direla garrantzitsuena eta beraz, teknologia berriak haien onurarako erabili behar direla".

Helburu horrekin, EBGCn nazioarteko hainbat aditu elkartuko da. Hizlarien artean izango da Don Peppers, merkataritza estrategiaren alorrean munduko 50 guru garrantzitsuenetakoa. Bere berbaldian, Peppersek bezeroekiko harremanak sortzeko adibide praktikoak emango ditu, beti ere bezeroen errendimendua ahalik eta handiena izan dadin. Peppersez gain, Venkatraman, Bostongo unibertsitateko irakaslea, edo Sandra Siebers IESE Business School-eko irakaslea izango dira.

Internet ez da heldu enpresa txikietara

Aurreko biltzarretako ondorioetako bat bidearen zati handia egiteke dagoela izan da. Internet ezezaguna da behintzat, enpresa txikientzat. Cobaneraren ustez, "beharrezkoa da horrelako topaguneak egitea, enpresa horiek alor honetan egiten diren aurrerapausoen berri eduki dezaten. Ez gara inork uler ezin ditzakeen gaiez ari, munduko enpresetan arrakasta eduki duten ekimenez baizik". Hala, biltzarrak, baita aurtengoa ere, adibide praktikoz hornitzen dituzte.

Internet tresna egokia izan daiteke bezeroekiko harremanak sendotzeko, baina baditu mugak, noski. Enpresa txikietan sarbide urria eduki badu, norbanakoen artean ere ezin esan guztiz zabalduta dagoenik. EUSTATen datuen arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan etxebizitzen %56an dago ordenagailua, eta Internet %40-45ean. Horra hor merkataritza elektronikoak eta, oro har, enpresa eta herritarren arteko sarearen bidezko hartu-emanak guztiz hedatzeko gainditu beharreko lehen mugarria.

Mesfidantza oztopo

Bestetik, badirudi Internetenganako halako mesfidantza dagoela sarritan, erosteko garaian, batez ere. Aitor Cobaneraren ustez, "Internet asko erabiltzen da kontsultarako, hau da, prezioak, produktuak eta abar konparatu ahal izateko. Hortik merkataritza elektronikora jauzi egiteko, hainbat oztopo saihetsi behar dira, eta lehenbizikoa segurtasuna da. Ez diot Interneten segurtasunik ez dagoenik, baizik eta jendeak ez duela hala ulertzen. Eroslea jabetu behar da Internet bidezko erosketa dendan txartelaz ordaintzea bezain segurua denaz".

Todomalestas.com negozioko Paul San Sebastianen »ikus koadroan» ustez, mesfidantzaz gain beste bi elementuk galgatzen dute Interneten hedapena enpresetan. Batetik, Internet guztien esku ez egotea eta bestetik, produktu eta zerbitzu onak eskaintzen dituzten orri gutxi egotea.

Hitzaldi sortaren helburua enpresen arreta erakartzen jarraitzea da, derrigorrezko bilaka dadila urtero hara joatea, enpresek gai horri buruzko informazioa izan nahi badute behintzat. Lehen batzar bietan 500dik gora parte hartzaile izan ziren, eta aurtengoan kopuru hori gaindituko dutela uste dute antolatzaileek.

Paul San Sebastian (todomaletas.com): «Edozer sal daiteke, Interneten eta produktuaren ezagutza elkartzen badira»
Paul San Sebastian donostiar gaztea bidaiatzeko produktuak saltzen dituen todomaletas.com proiektuaren sortzaileetako bat da.

Edozer saldu ahal da Internetez?
Edozer gauza eta edozer modutan ezin da saldu. Garai batean, Interneti buruz asko zekitenek edozer gauza sal zitekeela uste zuten; web orri txukuna egin, eta txorizo saltzen hasten ziren »adibidez», baina ez zekiten ezertxo ere txorizoei buruz. Beste batzuek, berriz, produktuaz asko zekiten, baina Interneti buruz ezer ez. Bi mutur zeuden eta porrotak. Edozer sal daiteke azterketa ona eginda, eta Interneten ezagutza eta produktuaren ezagutza elkartzen badira.

Internetek sortzen duen mesfidantzaz hitz egiten da.
Kontrara ere bada. Guk denda txikia daukagu Donostian eta oso gutxitan gerturatzen dira enpresa handietakoak. Baina Internetez oso enpresa handiei saldu diegu. Imajinatzen duzu enpresa handi bat auzoko denda txikira telefonoz deitzen? Internet edukita, eta gauzak ondo eginda, posible da horiek erakartzea, beraiek ez dakitelako zer dagoen horren atzean. Aurkezpen-txartelaren modukoa da Internet.

Caroline Phillips, Phillips Internet Consulting-eko zuzendari orokorra: «Enpresa arduradun askok pentsatzen du denbora galduko dutela enpresan Internet sartuz gero»

Estatubatuarrak hamabi urte daramatza Baionan bizitzen. Askok abeslari delako izango duzue ezagun. Phillipsen ohiko jarduera, alabaina, oso bestelakoa da: web orrien diseinuan aritzen den PIC enpresa sortu zuen orain zortzi urte inguru, eta iaz Frantziako Emakume Ikertzaile saria eskuratu zuen bere lanari esker.

Nola txertatzen da Internet enpresetan?
Zaila da. Enpresa arduradun askok pentsatzen du denbora galduko dutela Internet enpresan sartuz gero. Sektoreko beste enpresa batek Internet bidez zer egiten duen erakusten diezunean, ordea, iritziz aldatzen dute eta zera esaten dute: "Nik ez dakit erabiltzen". Norbanakoak ikasi egin behar du Internet erabilita informazioa bilatzen.

Ez dugu Internet erabiltzeko ohiturarik, beraz?
Nik baditut oso bezero Internetzaleak, eta berau nahi ez duten beste batzuk. Idazkariak e-posta guztiak inprimatzen dizkie eta paperean irakurtzen dituzte. Frantzian badago halako pentsamoldea. Japonian eta AEBetan, ordea, Internetzale amorratuak dira.


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude