Bero-beroan


2004ko azaroaren 07an

Filipe Bidarten askatasuna aztergai ostiralean

Frantziako espetxe zigorren bilakaera jarraitzen duen Reimseko Auzitegiak hilaren 5ean aztertuko du Filipe Bidartek askatasuna ukatzen dion ebazpenari jarritako helegitearen aurrean zer egin. Bidartek ia hamazazpi urte daramatza preso eta dagoeneko behin-behineko askatasuna eskuratzeko eskubidea du; horretarako Frantziako espetxe sistemak eskatzen dituen oinarrizko baldintzak betetzen ditu, besteak beste, etxebizitza eta lanpostua izatea. Reimseko Auzitegiak berak, Bidartek egindako askatasun eskaera ukatu zionean, urtebetean berriz eskatzeko debekua jarri zion. Filipe Bidart askatzeko plataforma zabala eratu da eta Bidart auzia ezagutarazteko lehen urratsak bideratu ditu jada.


Iñaki de Juana Chaosi ukatutako askatasuna

Iñaki de Juana Chaos euskal presoak urriaren 22an atera behar zuen kalera, espetxean 16 urtetik gora egin eta espetxe zigor osoa bete ondoren. Madrilgo Espetxe Zaintzako Epaitegiak 1.300 erredentzio egun onartu dizkio espetxealdian zehar, baina Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak egun horiek denak errebisatu behar dituela jakinarazi du. Iñaki de Juana Chaos presoa, hainbat arrazoi medio, sarritan agertu da Espainiako komunikabideetan. Ikusten denez, badirudi Espainiako Gobernuak ez duela onartu nahi 30 urteko espetxe zigorra duten zenbait presori erredentzioak direla eta kalera ateratzea dagokiela.


Gonzalez eta bere zaldunak Veraren aldeko erasoan

Bere abokatuak jarritako helegitea medio Rafael Veraren kartzelaratzea atzeratzen ari da, eta denbora horretan, Felipe Gonzalezek eta bere zaldunek ataka larrian jarri dute Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernua, honek erabaki beharko baitu Veraren lagunek egindako indultu eskaeraz. Dagoeneko, PSOEko zuzendaritzak ihes egin dio eskaerari eta erabakia Gobernuarena dela esan du. Gonzalez eta bere zaldunak gogor jokatzen ari dira eta epaileengana ere bideratu dute dagokion presio maila: magistratu eta epaile askok ere jaso du dirua ezkutuko diruetatik eta izenak ere jakin daitezkeela aditzera ematen ari dira.


Aintzat hartu beharreko jarrera

ETAk joan den astean ezagutzera emandako komunikatuak ez du aparteko erreakziorik sortu klase politikoan eta, nagusiki, alderdi gehienek ez dute aintzat hartu bere zilegitasun politikoa eta desagertzea edo su-etena eskatu diote. Publikoan behintzat hori da agertu dena, bakoitza bere ohikoan. Beste kontu bat da pribatuan nola baloratzen diren ETAren agerpen eta proposamen hauek eragile politikoekin pribatuan hitz egiten duen edonork baitaki ETAri benetako protagonismo eta garrantzi politikoa ematen zaiola. ETAren doinua eta hizkuntza kontuan hartu dute askok, eta Batasunak azaroaren 14an egingo omen duen proposamen entzutetsuaren atarian datorrela ere ezin da oharkabean iragan. Mugimendu hauek guztiak Eusko Legebiltzarrean abenduan izango den eztabaida erabakigarriaren atarian direla oharkabean pasatu ezin den bezala. ETAk erakusten duen jarrera aintzat hartzekoa da, eta ondo esploratu beharko litzateke horrek egungo testuinguru politikoan zer esan nahi duen.


Euskarari buruzko azterketa ez zaio gustatu Nafarroako Gobernuari

2003ko martxoan eta apirilean eskatu zion Nafarroako Gobernuak Demoscopia enpresari euskararen inguruko azterketa egiteko. 2.075 biztanlek erantzundako ikerketa erabilgarria dela esan du orain Campoy Hezkuntza kontseilariak, baina ondorio batzuk ez omen daude datu fidagarrietan oinarrituta. Nafarren %55ak euskara erabilgarria dela esan du galdeketan.


Jaurlaritzaren II. eta III. planez

Administrazioaren Euskararen Erabilera Normalizatzeko II. eta III. planei buruz aritu zen joan den astean Miren Azkarate, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua. Bigarren plana oso handizalea izan zela nabarmendu zuen eta jarritako helburuak betetzea oso zaila zela. III. planerako (2003-2007) helburu apalagoak jarri dituzte. Talde parlamentarioek kezka agertu zuten lehen bi planek nahi besteko emaitzak lortu ez dituztelako.


Senez itzulpen aldizkariak 20 urte

Martuteneko Itzultzaile Eskolako itzultzaile talde batek sortu zuen Senez aldizkaria 1984. urtean, eta 20 urte ondoren, 27. alea argitaratu du Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen elkarteak. 20 urteak ospatzeko Senez grafikoa izeneko ale berezia atera dute.


Jardunaldi ibiltariak azaroan Topaguneak antolatuta

Euskara Elkarteen Federazioak euskararen erabilera hartu du oinarritzat azaroan egingo dituen IV. jardunaldi ibiltarietarako.
Lau dira jardunaldiak.
- «Hizkuntzaren erabileraren garrantziaz normalizazio prozesuan». Azaroak 16, Bilbon. Hizlaria: Pablo Suberbiola (SEI elkartea).
- «Kultur aniztasuna, kultur artekotasuna». Azaroak 18, Iruñean. Hizlaria: Agustin Unzurrunzaga.
- «Hizkuntza eskubideen garapena: giza harremanak eta erakundeak demokratizatu beharra». Azaroak 25, Gasteizen. Hizlaria: Paula Kasares (hizkuntza teknikaria).
- «Mugimendu autogestionatua eta elkarlana». Azaroak 30, Donostian. Hizlariak: Josemari Muxika, Koldo Tapia eta Teo Etxaburu.


Hizkuntza gutxituei buruzko web gunea sortu nahian

UOC-ak (Universitat Oberta de Catalunya) hainbat unibertsitate eta aholkularirekin batera, Europako hizkuntza gutxituen gaian aditu direnentzat web gunea sortu nahian dabil. Adum (friuleraz «elkarrekin») proiektuaren asmoa informazio andana biltzeaz gain, Europako adituen arteko elkarlana erraztea da.


Eguneraketa berriak daude