Ihesi: Aturri II. Urezko gurpilak

Mugerre dugu gaurkoan bizikleta irteerako abiapuntu. Muino batean kokatua dago herrigunea eta XVI. mendeko eliza, udaletxea, pilotalekua eta XVII. eta XVIII. mendeetako zenbait etxe biltzen ditu. Egurrezko fatxada gorri eta berdea dute etxe lapurtar hauek. Baionatik hain hurbil egoteak ibilbide osoko herrietan biztanle gehien dituena izatera eraman du, hiru mila, hain zuzen. Iparraldeko herri askok bezala, etxe txiki asko ditu muinoetan eta etxaldeetan barreiaturik.

Maldan behera abiatu eta gutxira, gain batean, Aturri eta Baionako begiraleku aparta den Mugerreko gurutzea dago. Dalmaziako Soult mariskalaren ohorez, 1917an eraiki zuten obeliskoa da, Napoleon garaiko guduetan, 1813 eta 1814 bitartean, Arthur Wellington ingelesa buru zuten tropak geldiaraztea lortu zuelako.

Lehuntze, bela eskola eta irla

Maldan behera jarraituz, Mugerreko Portua auzotik eta trenbide gainetik igaro ondoren, Aturri ibaiertzetik doan errepidera iritsi gara, eta hurrengo kilometroak bertatik egingo ditugu. Bela eskola eta kirol ontzi batzuk dituen Lehuntzeko portua atzean utzi eta izen bereko irlaren parean jarraitu dugu pedalei eraginez. Laster, eskuinera jo, trenbide psagunea gurutzatu eta malda leun bati ekin diogu, izan ere, Lehuntze (Lahonce) Aturri inguratzen duten lehen muinoetan kokatzen baita. Bostehunen bat metrora eliza eta udaletxea dauden plazara heldu gara. Egungo elizaren leku berean, XII. mendeko Premontetar ordenaren abadia egon zen, Ipar Euskal Herriko barrualdea ebanjelizatu asmoz sortutakoa eta apaiz euskaldun askoren eskola izan zena. Baina Frantziako iraultzan suntsitu eta gerora eliza soil geratu zen. Mugerren gertatu modura, bertako mila eta bostehun biztanleak inguruko muino leunetan sakabanaturiko etxebizitzetan bizi dira.

Ahurti, goi mailako sukaldea

Ibaiertzeko errepidetik joan badaiteke ere, aurrera segi eta gainez gain iritsi gara Urketaraino (Urcuit). Denbora galdu gabe, berriro, ibaiertzeko errepidera jaitsi gara, Broc izeneko uharte parera. Berrehunen bat metrora, Ardanabi ibaiko urak Aturrikoekin bat egiten duen gunera iritsi gara. Bertan, beste behin ere, errepidea utzi eta Ardanabiko antzinako sirga-bidetik jarraitu dugu, ibaiak norabidez aldatu duenean, aurrera jarraitu eta Ahurtiko portura iristeko. Portu xumea hau ere; apenas duen ontzirik. Ahurti (Urt), Aturri inguruko muinoan hau ere, bi izen ospetsurekin lotu ohi da: Roland Barthes XX. mendeko bigarren erdiko frantziar idazle eta intelektualarekin eta Christian Parra frantziar sukaldariarekin. Azken honek portuan bertan dagoen Auberge la Galupe jatetxean bere maisutasuna erakusten zuen. Egun nagusiz aldatu bada ere, goi mailako jatetxea da. Jatetxeak ibai honetan atzera eta aurrera dabiltzan ontzi edo gabarren izena du: galupe.

Bai ederra Euskal Herria Miremont muinotik ikusita

Ahurtiko udal barrutian Belokeko beneditarren abadia dago, baina hara iritsi aurretik Bardozera joko dugu, bertako behatoki paregabetik ikuspegi ederraz gozatzera. Aran ibaiaren eskuin ibaiertzeko bidetik burutu ditugu lehen kilometroak eta Aranek bihurgunea hartu duenean asfaltatutako errepide meharra hartu dugu, aurrerantzean bertatik jarraitu eta ibaitik aldentzeko. Orain arteko ibilbide laua amaitu da eta hemendik amaierara bitartekoa, muinoz muino eta bizkar luzeetan etengabeko malda gora eta beherek osatuko dute. Autopista gaineko zubia zeharkatu eta malda leun baina amaiezinean gorantz doan bideak, Bardoze (Bardos) ondoan Miremont izeneko muinoan dagoen ur dorrera eraman gaitu. Dorre hauek (chateau d'eau) ur deposituak dira eta honi zehazki karakol eskailera ipini diote dorrearen goialdera iristeko, izan ere, dorre gainetik are ikusgarriagoa da ikusmira: Aturri iparraldean, euskal Pirinioak hegoaldean, eta tartean Iparraldea osatzen duten muino txikiz jositako hedadura zabalak, baso eta zelaiak.

Bastida, judutarren aterbe

Muinotik, nagusiki beherantz, egun Bardozeko udaletxe den Salha gazteluari gainbegiratu azkarra eman eta hurrengo geltokia dugun Nafarroa Behereko Bastidara abiatu gara (Labastide-Clairance). Erdi Aroko herri nafarra, bastida guztiak bezala harresiz inguratua. Goialdeko elizara daraman kale nagusiaren alde banatara, etxe zahar baina txukun zainduak bata bestearen jarraian ageri dira. Arkupe ederrek, egurrezko aurrealde zoragarriek, ateetako dintel apainduek, artisau herria dela garbi asko erakusten dute: bertan dute bere txokoa beiragileek, perfume egileek, jostunek, zurginek… Jasokundeko Amaren elizak, jatorriz harriz egindako eraikin bakarrak, judutar hilerria du alboan, XVII. eta XVIII. mendean kolonia judutarrak izan zuen garrantziaren isla. Penintsula Iberiarreko erlijio jazarpenetik ihesi etorritako judutar sefardiek eskualde honetako zenbait herritan topatu zuten babesa, Bastidan eta Bidaxunen, esaterako.

Beneditarren abadiatik Leizarragaren jaioterrira

Herriaren beheko aldean, Aran ibaiaren erriberetan dauden kirol instalazioetatik abiatzen da beneditarren abadietara daraman errepidea. Bizikletak utzi, bueltatxo bat egin eta berriro ekin diogu pedalei eragiteari. Mojen abadiatik irteten da jarraitu beharreko errepide estua. Erreka-zokora jaitsi lehenik eta malda gogorrean muino batzuen goialdera eraman gaitu, ondoren. Ikuspegi ederra, zelai berdeak nonahi, baserri galdu batzuk tartean, eta eraikitzen ari diren zenbait etxe berri. Zubihandia errekak osatutako ibarretik, Hazparne eta Beskoitze lotzen dituen errepide nagusira irten gara, bertatik autopista gurutzatu eta Beskoitzera (Briscous) iristeko. Joanes Leizarragaren jaioterria dela gogorarazi digu udaletxe aurreko hilarriak. Joana Albretekoaren aginduz 1571an Itun Berria euskaratu zuen Leizarragak, Etxeparerenaren ondoren euskarazko bigarren liburua.

Beskoitzeko gatzagak

Helmugarako azken kilometroetan jada, Beskoitzeko Urgazieta auzotik igaro gara. Bertako gatzagatatik, 1844 eta 1880 bitartean, gema gatza eta sosa ateratzen zuten eta Miarritzeko bainu termalak ur gaziz hornitzen zituzten ubide berezi batzuen bidez.

Belloceko Beneditarren abadia
Bastidatik gertu baina Ahurtiko lurretan, muino baten gainean eta zelai berdez inguraturik Notre-Dame de Belloc abadia dago. 1875an aita Agustin Bastres senpertarrak sortu eta 1889an Leon XIII.a Aita Santuak abadia maila eman zion. Euskal Herriko historian eta kulturan eragin handia izan duen instituzioa izan da. Gerraostean esaterako, errefuxiatuen babesleku izan zen. Kulturan adibidez, bertatik atera ziren Vaticanoren babesean, liturgiaren euskarazko itzulpenak, Xabier Diharce "Iratzeder" poeta eta fraide beneditarrak egokitutako salmoekin. Egin dugun bisitan ordea, euskararen zantzu txikienik ere ez dugu topatu, ez harrera gelako erakusketan, ezta abadia guztiko inguruetan ere.
Metro gutxi batzuk beherago, Beneditarren beste abadia dago, Sainte-Scholastique izenekoa eta 1883an Agustin Bastres berak sortua. Lehenengoan fraideak daude eta bigarrenean mojak.
Ez dira osasun zentroak, hausnarketarako gune baizik, arazo pertsonalak bakardadean konpondu nahi dituenarentzat eta barne sosegu bila dabilenarentzat aproposak. Bi abadiek familiak edo bakarrik doazen pertsonak hartzen dituzte.

Sirgalariak, ibaien bi aldeak lotzen zituen lanbide galdua
Aturri, Ardanabi, Aran, Biduze… ibai, erreka, errekasto eta urek orokorrean, urteetan zehar paisaia libreki modelatu badute, beraiek ere "domestikatuak" izan dira, ekar dezaketen abantailez baliatzeko eta egin ditzaketen kalteak murrizteko. Ibaiak, gainera, muga dira: egungo banaketa administratiboak, aspalditik datozenak batzuk, sare hidrografikoa kontuan hartuz egin izan dira. Horrela, Aturrik, Euskal Herria eta Landak banatzen ditu. Urketa eta Beskoitze Ardanabi ibaiaren alde banatan kokatzen dira, Aran ibaiak Ahurti eta Bardoze arteko muga marrazten du… Baina ibaiak beti izan dira gizakiak gainditu nahi eta lortu duen mugak. Ez dute eragotzi bi ibaiertzen arteko trukea.
Ur gaineko zeharkaldiak izan dira nagusi XIX. mendera arte. Horrela, 1886an, Pîtres zubiak, Aturriren alde batera dagoen Ahurti eta beste aldera dagoen Saint Laurent de Gosse arteko zeharkaldia egiten zuen baltsa ordezkatu zuen. Dena den, zabalera estuagoko ibaietan behintzat eraikitzen ziren zubiak, bai Erdi Aroan, baita erromatar garaian ere.
Baina ibaiak batez ere komunikabide garrantzitsu dira, nabigagarriak diren heinean. Aturri oraindik horrela bada ere, garai batean txalupak Aturrin ez ezik ibai-adarretan gora ere joaten ziren, nahiz eta denborarekin hauen nabigagarritasuna galdu den. Aran ibaia dugu adibide ezin hobea: Erdi Aroan Aran nabigagarria zela eta, 1312an, Nafarroako erresumako erregeak Bastidaren sorrera gutuna sinatu zuen, Nafarroako erreinuak ezinbestekoa zitzaion itsasorako irteera izan zezan. XVIII. mende hasieran, ordea, ezinezkoa zen, errota berriaren parean kokatutako (Moulin Neuf) Bardozeko bigarren portutik gora joatea. Gaur zeharkatu ditugun herri guztiek zuten behiala ibai portu edo azpiegituraren bat, baita Aturrin gorago dauden Gixune, Bidaxume eta Akamarrek ere. Aranek Bardoze, Ahurti eta aipatu Bastidako portuak zituen. Urketak Ardanabi ibaiertzean azpiegiturak zituen. Mugerre, Lehuntze, Urketa eta Ahurtik azkenik portuak zituzten Aturrin.
Baionako portu garrantzitsuak, lur barneko produkzio gehientsuena erakartzen zuen eta, modu berean, Atlantikoz beste aldetik zetozen produktuak banatzeko abiapuntu zen. Neurri batean, aipatutako portu txiki hauekin guztiekin lotuta zegoen eta baita hauen atzean zeuden ustiakuntzekin ere, harrobia hemen, teilategia han, burdinolak ondoan… Baina errepide sareak garatu eta burdinbideak sortu ziren eta garraiobide hori galdu. Garai bateko gabarrak desagertu dira egun, baita sirga-bideak eta sirgalariak ere: txalupak ibaian gora sirga-gune batetik hurrengora, sirga edo soken bidez tira ahal izan zezaten idizainak. Egun, arrantza portu gutxi batzuk, eta batez ere, azken urteotan sortutako kirol portuak besterik ez dira geratzen.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude