Hostazuriaren gorria


2004ko urriaren 10an
Hostazuri (Sorbus aria) bat dut bizilagun. Duela sei bat urte landatu genuen neuk lan egiten dudan leihoaren parean eta egunero ikusten dugu elkar. Harri eta porlanezko zoruan, espaloietan egiten diren zulo edo alkorke horietako batean bizi da. Juxtu antzera, beraz: ura eta elikagaiak tamainan hartzeko aukera du eta ondorioz, lorealdi bikainak eta fruitu andanak ematen ditu urtero, bera noiznahi ihartuko dela uste duenez, bera bezalakoak sortuz espezieari eusteko aukerak ugaritu nahi ditu fruitu eta hazi asko emanez. Ondoan dituen xarma (Carpinus betulus) eta astigar zorrotza (Acer platanoides) alde ederrean bizi eta hazten ari dira, porlanez inguratutako zulo batean beharrean lur puska ederrean landatuta baitaude...
Hostazuriaren generoko landareak, Sorbus-tarrak, gogoko ditut oso: otsalizarra (Sorbus aucuparia), maspila (Sorbus torminalis)... Baso eta mendietan gero eta gutxiago ageri dira eta porlan artean gutxi landatzen dira. Genero hau arrosazeoen familiakoa da, sagarrondoa, gereziondoa eta abar luzearekin batera, eta hauen antzera fruitu jangarriak dituzte. Aspaldi du euskaldunok ez ditugula jaten, baina bere garaian udazkeneko elikagai ona zen. Neure leiho ondoan dagoen hostazuria fruituz mukuru da oraintxe, distiratsu erakargarri gorri... jalea, marmelada edo dultzea egin nahiz hartzituz alkohol edangarria bihurtzeko pronto daude, jateko deika. Janez gero dagoeneko helduak dituen haziak nora edo hara barreiatuko direla bai baitaki. Garai batean arotz eta tornularien kutixia zen hostazuriaren zura. Egungoek ez dute ezta izenez ere ezagutzen, Errusiakoak, Indonesiakoak edo Brasilgo zurak etxekoagoak dituzte. Zura fina du eta, bai tornuan bai eskuz, kirtenak, koilarak... pieza bereziak egiteko erabili izan da.
Ezagutuz gozatu eta fruituak baliatu nahi badituzu pinu, ler, pago edo haritz landaketa intentsiboak iritsi ez diren mendi muturretara edo errekondoetara jo, karea nahiz buztina dagoen lurretan topatuko duzu. Haizea dabilen egunetan errazago, hostopeko tapiz zuria erakusten baitu, urrutira nabarmen zilarrezko azalduz. Ni bizilagunak eskaintzen dizkidanak biltzera noa, eta urtero legez bere eskuzabaltasuna gogotik eskertuko diot...


Azkenak
Mutil-dantzak indartu eta babesteko deia luzatu du Plazara Dantzara elkarteak

Baztango lehen festak hastearekin batera, mutil-dantzak dantzatzera bultzatu nahi dituzte baztandarrak; hala adierazi dute Plazara Dantzara elkarteko kideek publikatu berri duten prentsa-oharrean. Aurreko urtea Baztanen bazterketarik gabeko lehenengo urtea izan zen eta horri... [+]


Heziketa perfektuaren sindromea: nekeak jotako gurasoak eta presioak itotako haurrak

Heziketa perfektua jasoko duen seme-alaba perfektua izateko nahiak eta espektatiba eta lorpenetan oinarritutako kulturak estresa, antsietatea eta jarrera arazoak sortzen dituzte, eta zabalduta dagoen fenomenoa da gainera. Hala dio ikerketa berri batek.


Ezinbesteko egoera

Apirilaren 2 eta 3an Parisen iragan zen epaiketa, dudarik gabe, judizialki memento historikoa izan zen. Lehen aldikotz euskal afera judizialetan, defentsa eta estatuaren ordezkariak aho batez mintzatu ziren.


2024-05-14 | Hala Bedi
Kutxi kaleko etxe okupatu bat hustu du Udaltzaingoak

Zazpi urtetik gora okupatuta eman ondoren hustu egin dute Aiztogile kaleko 92. zenbakia.


Nafarroan egunean sexu-transmisioko hiru infekzio detektatzen dira

Iaz 1.343 infekzio erregistratu ziren, duela zazpi urteko zifrak laukoiztu dira. Adituen arabera "arriskuaren pertzepzioa galtzen ari da" eta hartara prebentzio neurri gutxiago hartzen dira.


Eguneraketa berriak daude