Itzaltzuko bardoaren bila

Orontzetik abiatu gara maldan behera, hegoalderantz. Herri txikia da Orontzekoa. 1532ko sorginkeria prozesuan bertakoren bat omen zegoen salatua. 1539koan, berriz, herritarren bat Auliengoa izeneko sorginak bizkarrean hartu eta Ezkaroze inguruko zelaiean Kristo ukatzera behartu zuela kontatzen da.

Berehala gara Espartza herrian. 140 biztanle inguru ditu. XI. menderako Zaraitzu ibarreko hiribilduen sailean agertzen zen. Bertako lur batzuk Leireko monasterioari eman zizkion 1072an. Aro Moderno osoa egin zuen Zaraitzu ibarrari loturik. 1846an udalerri independente egin zen. Zaraitzu ibarreko akelarrerik handienak herri honetako sotoren batean egiten omen ziren. Ziur ez badakite ere, gaur egun hilerria dagoen inguruetan izango zen, nonbait.

Esparzatik Eiaurrietara

Herria ezagutu ostean, errepidean jarraitu eta Ibilzeta aldera hartu dugu, lau kilometro egin eta gero. Herrixka pasa eta bizikletarentzako egokia den pista bat hartu dugu, eskuinean. Berehala, eskuin aldean, Erdi Aroko zubi bat eta Santa Luzia ermita ikusi ahal izango dira. Bertara joatea, norbere baitan dago. Pista erraz honetan, aurrera goaz inguruak zokomiran. Baina bertako esaera batek dioen bezala: "Aintzineala mirigeten eztuena, gibeleala erortzen". Tentuz ibili, beraz! Begiratu aurrera, atzera ez erortzekotan. Zazpigarren kilometroan, zubi bat igaro eta eskuinera hartuko dugu. Handik gutxira, aldapatxo bat irteten da gorantz. Guk behera hartuko dugu.

Ondoren egin beharreko pedalkadak, errekatxoari jarraiki egingo ditugu. Pista estutu egin da, eta beti, eskuinera egingo dugu. Hori bai, norabide orokorra aurrera joatea izango da. Beraz, ez dezagun hartu asko aldatuko duen norabiderik. Tartean-tartean, bizikletatik jaitsiko gara, errekastoren bat pasa edo erreka zulotik aurrera egiteko. Bidea oztopatu digun zaldiaren gainean erosoago joango ginateke, baina, guk, geurean jarraitu beharko dugu.

Bederatzigarren kilometroa eginda bideak 180 graduko norabidea hartuko du, erreka ondotik atera eta, orain, bidean gora egingo dugu pixkanaka. Hamargarren kilometroa pasata, bidexka bat irteten da eskuinera Laurenze errota ikusi ahal izateko. Muzin egin behar ez zaion txoko polita.

Eskuinera hartu ondoren, hamabigarren kilometroan, zubitxo bat pasa eta Eiaurrietako ur deposituetara iritsiko gara. Orain, bidea hormigoizkoa da. Etxalde batzuen ondotik pasa eta errepidera iritsiko gara. Herrirantz goaz, Eiaurrietara. Neke handirik ez badugu ere, herriko plazako iturritik ura edan, zerbait jan eta atseden txiki bat hartu dugu.

Eiaurrietako aitonen semeak

Eiaurrieta (Jaurrieta) Abodi mendi zerraren magalean dago. 1469an Leonor printzesak eiaurrietarrei aitonen seme titulua eman omen zien. 300 biztanle ditu. Asteburuetan, hirian bizi diren bertako seme-alabak bisitan etortzen dira. Ume gehienek euskaraz ikasten badute ere, oraindik, nekez entzun daiteke euskara. Gaurko gazteen aiton-amonek, ume umetan galdu omen zuten. Sute batek guztiz kiskali zuen herria 1880an, eta geroztik teilak oholtxoek ordezkatu zituzten. Sutea zela eta kontzertu bat egin zen Donostian, herria berreraikitzeko, eta bertan hainbat artista ospetsuk hartu zuen parte, hala nola: Gayarre, Sarasate, Arrieta, Barbieri, Guelbenzu eta Zabalzak.

Itxura ezin hobea du Eiaurrietak goitik begiratuta, etxe luzituak eta teilatu gorriak agerian dituela.

Helmuga, Orontze

Errepidea kutxa bateko ofizinaren ondotik abiatuta utziko dugu, eskuinera eginez. Ehun metrora, Marco etxearen ondoan, ezkerrera hartuko dugu. Hormigoizko pista harri-txintxar bihurtuko da, berehala.

Aldapatxoa izan!! Hamaiketako handiegiak ez digu mesederik egingo! Eskuinera irteten den bidexkak saiak jateko prestaturik dagoen ingurura eramango gintuzke. Gu aurrera goaz. Panel batera iritsiko gara. Beiegu mendira iristeko bidea eskuinekoa izanik, gu ezkerretara goaz. Laurehun metrora, langatxoa pasata, eskuinera egin dugu. Aurrera segiz gero bidea zelaiean amaitzen da. Beherantz goaz, baso batean sarturik. Segituan eskuinera hartu behar izango dugu. Beherantz goaz. Hala ere, bi kurba itxiren ondotik eskuak majo nekatuko zaizkigu galga edo frenoak estutu beharrez. Ur depositura iritsi baino lehen, eskuinetik, bide bat datorkigu. Kilometro batera eskuinera hartuko dugu, ia, jaisteko guztiak jaitsi ondoren.

Zaraitzu errekara iritsi baino lehen eskuinera hartu eta berehala, zubia igaro ondoren, Orontzen izango gara. bila

Gartxot eta Mikelot
XII. mendean, Orreagan egin zen ezagun Gartxot. Arturo Kanpion-ek 1917an egindako ipuinari zor diogu bere entzutea, eta, nola ez, Benito Lertxundiren abestiari. Biek hala biek, botere erlijioso eta politikoari aurre egin ostean bizi izan zuen tragedia kontatzen dute.

Gartxot Arista familiako koblaria zen. Herriz herri, festaz festa, bere musika eta bertsoak garraio ibiltzen zena. Baina borroka egitea ere egokitu zitzaion. Bere ausardia Zaraitzu ibarraren mendebaldean erakutsi behar izan zuen. Kristau bisigodoen aurka, arabiarrek ia suntsitu zuten erreinua eraikitzen saiatu zirenen aurka, hain zuzen ere.

Orreagako abatetxeak Zaraitzu inguruko biztanle asko zuen menpean. Horien artean, Gartxot mendi gidari eta bardoa, eta Mikelot bere semea. Fraideek, Mikeloten ahots ederraz jabeturik, askatasunaren truke semea abatetxean uzteko proposatu zioten Gartxoti. Fraideek latinez kantatzeko nahi zuten Mikelot abatetxean. Gartxotek, ordea, ez zuen onartu proposamena eta Mikelot bertatik ateratzea lortu zuen.

Erronkari bailarako Itziar zen Mikeloten ama. Hau hil zenean, alabaina, izan zituen komeriak semeak. Aitaren ondoan, bidaia, izan zuen Mikelotek bizipenen eskola, kantuak eta kontuak trukatuz, borrokak harrapatu zituen arte.

Inkisizioaren bisitak
Ondoko argazkietan, Espartza herria. Bertan egiten omen ziren inguruko akelarrerik onenak. 1527. urte inguruan Inkisizioak sei bidaia egin zituen Nafarroako Pirinioetara; ondorioz, ehundik berrehun pertsonara bitartean auzipetu zituzten. Horietatik zorte handiena izan zutenei ondasunak bahitu zizkieten; izan ere, 40-60 pertsona urkatu eta erre zituzten. Inkisidorea 1527ko Errege egunean iritsi zen Zaraitzuko ibarrera, lagun talde handia zuela: bi eskoadra soldadu, eskoadrako bi kabu, idazkari bat eta haren laguntzailea, aguazil bat, Errege kontseiluko giltzari bat, kaperau bat, batxiler bat, bi borrero, bi neska sorgin gazte »sorginak diren ala ez antzemateko» eta hiru zerbitzari. Inkisidoreei »apezpiku ez nafarrak» guztiz arrotz egiten zitzaien bertako kultura. Beldurra oinarri zutela, kontraesanei eta ezinikusiei atera zieten etekina!


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude