Zora zaitzaten


2004ko irailaren 26an
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Udarak bere amaiera piztua du. Hilabetetan metatutako berdea piztu eta lehertu da: kolore-festa uztaren mihisean margotua ageri da, fruitu eta hazietan, mardul; baita ikusi nahi ez duenarentzat ere. Zeruko liluraren ilusio optikoa eskuera, benetako ortzadarra. Eguzkiaren koloreen ordena zorrotza hotza, naturak bere berezko anabasan barreiatuz hankaz gora jarri eta gu berotzen eta berotu ahala erotzen gaitu. Geure munduan urtean bitan urtu eta paisaian sakabanatzen da ortzadar ukiezina: orain uztan eta neguaren adioan.
Neguak bere onenak eman eta bere zigorraren zemaia hutsaren hurrengoa dela jabetzen direnean landareak lilietan lehertuko dira. Erotu eta berotuko gara orduan ere. Eromena beti apeta; gogoko, dotore, zaporetsu eta atsegina egin dezakegu eta gozatu... Eskua zabaldu eta hortxe izango duzu ortzadarra, ekar itzazu liliak zeurera.
Oraintxe da hurrengo ortzadar hari habia emango dieten landareak aldatzeko garaia, lurrean bertan bezala lorontzietan. Basabitxiloreak, bitxiloreak, pentsamentuak, bioletak, San Jose loreak... dira ohikoenak. Kolore-festa hura anabasa zoroa bihurtu nahi baduzu landare hauen azpian kolore bizietako loreak garatuko dituzten erraboilak sartu: idi-bihotz edo tulipan deigarria, hiazinto mozkortzailea, nartziso berekoia, azafrai jende bihurria, garatzearen poderioz loretzarra hur-hurren jarriko dizun baratzuria, Muscari ubela, eguerdilili pertxenta, Chionodoxa elurretako loria, eszila fina... Erraboila hauek loretan dauden bioleta eta abarren artean hosto finak luzatu eta gero lore are deigarriagoak zabalduko dituzte, haien gainean. Kolore mahuka! Ortzadarraren zoramena zeure! Aurrea hartu eta gozamena antolatzeko garaia da.


ASTEKARIA
2004ko irailaren 26a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Iñaki Etaio Alonso  |  Nere Alkorta  |  LAB sindikatua
#2
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
#3
Argiako erredaktoreak
#4
Gorka Bereziartua
Azoka
Azkenak
Eguneraketa berriak daude