Karikatura erraldoiak: haurren beldur eta ilusioa


2004ko irailaren 19an

Erraldoi eta buruhandiak ikusteko karrikara irteten den jende gehienak ez dakien arren, bilakaera nabarmena izan duen tradizioa da. Egun, herriko festei loturik dagoen ohitura hau Aste Santuko prozesioen testuinguruan sortu zen. Zehazki, prozesio katolikoen seriotasunaz eta dotoretasunaz trufa egiteko sortu zen, kanonizazio, koroazio eta antzeko ospakizunei lotuta. Ibilbide hau »eta beste datu ugari» jaso du Jose Luis Insausti errenteriarrak maiatzean argitaratutako Erraldoi eta buruhandiak 1919-2004 liburuan. Bertan, hamar urteko ikerketaren emaitza bildu du Errenteriako Erraldoi eta Buruhandien konpartsako kideak.

Argitalpenean aipatzen duenez, usadio honen jatorria ezezaguna da. Aztarna zaharrenak, erlijio prozesioei loturikoak, Allenger (Portugal) eta Bartzelonan agertu dira, 1263 eta 1380 urteetan hurrenez hurren. Hego Euskal Herriako lehen erreferentzia Iruñekoa da, XIV. mendekoa, 1600eko datua zehatzagoa den arren. Bizkaian aurkitutako lehena 1605ekoa da; Gipuzkoan 1622koa, Azkoitian; eta Araban 1643koa, Gasteizen.

Lehenengo erraldoietako askok mitologiako pertsonaiaren bat irudikatzen zuten, hala nola, Basajaun, jentilak, Sanson... Buruhandiak aldiz, herriko hainbat pertsonaren burla izan dira maiz; herriko mozkorra, gizajoa… irudikatzen dituzte.

Buruhandi eta erraldoiak egiteko modua asko aldatu da azken urteetan. Antzina eskuz egiten ziren, azken mendean ohikoena erraldoiak seriean egitea zen, fabriketan egiten ziren eta herriei saltzen zitzaizkien. Garai hartan, esanahi berezirik ere ez zuten. Azken urteetako joera, aldiz, herri bakoitzak bere historiarekin lotura duten erraldoi eta buruhandiak espreski diseinatu eta sortzeko eskatzea da. Insaustik dioenez "azken aldian aldaketa izan da, pertsonaia berriak herri bakoitzarekin edo bere historiarekin loturikoak dira. Horrek, herritarrak erraldoi eta buruhandiekin identifikatzea dakar".

Nafarroa indar-gune

Gipuzkoako zenbait herritan indar handia duten arren »duela bizpahiru hilabete Tolosan egindako Topaketa da horren lekuko», Nafarroa da ibilbide luzeena eta tradizio sendoena duen Hegoaldeko probintzia. Ez da harritzekoa, beraz, Tuterako La orden del Volatin taldeak aurten XXXI. topaketa antolatu izana, bertan indar berezia baitu ohitura honek.

Orokorrean, txistua eta dultzaina izaten dituzte bidelagun erraldoi eta buruhandien konpartsek. Hala ere, Tuterakoak, Nafarroako beste herri batzuetakoen antzera, gaita soinuak lagunduta egiten du ibilbidea eta zenbait ospakizunetan bandak ere bat egiten du. Banda eta musikariek lekuan lekuko musika jo ohi dute buruhandi eta erraldoiak laguntzeko, vals eta kalejirak nagusiki.

Dantzei dagokienez, konpartsa bakoitzak bereak izaten ditu, eta Tuterako konpartsaren arduradun Javier Castellanok azaltzen duenez, "abesti bakoitzak bere koreografia du eta koreografia horretan erraldoi bakoitzak bere dantza".

Konpartsa bat 20-30 lagunek osatzen dute; erraldoi eta buruhandi kopuruaren arabera izaten da hori. Erraldoi kopurua bikoitia izan ohi da, 2 edo 4 irudikoa; eta bi lagun behar dira bakarra mugitzeko. Buruhandiak sei inguru izaten dira. Horrez gain, lauzpasei musikarik osatutako taldea izaten da eta Nafarroan, txaranga ere maiz ikus daiteke.

Orokorrean, konpartsara iritsi berriak direnak buruhandi bezala hasten dira, eta urteak aurrera joan ahala erraldoiren bat libre gelditzen bada, berau hartzeko aukera izaten dute. Batzuetan, gurasoetatik semeetara pasatzen da erraldoi postua; aitak uztean, buruhandi zen semeak bere lekua hartzen du. Edonola ere, konpartsa batetik bestera aldatzen da antolatzeko modua. Tuterakoan, adibidez, hasiberri direnei ere erraldoiak dantzatzen irakasten diete. Castellanok aitortzen duenez, "erraldoia hartu nahi duenari, printzipioz, ez diogu trabarik jartzen; kontrakoa, geuk irakatsiko diogu, ez baitugu belaunaldi erreleborik».

Usadio zaharra gaurkotzea

Aurreko garaiekiko emandako aurrerapenek edertu egin dituzte erraldoien itxura eta dantzak, erraztu egin baitute beren mugikortasuna. Buru eta eskuak egiteko erabiltzen zen harri-kartoiaren ordez, poliesterra erabiltzen da. Horrela, bustitzean ez da pintura galtzen edo desegiten. Gorputzaren euskarri zen egurra, arinagoa den aluminioak ordezkatu du, eta zumearen ordez poliesterra erabiltzen da. Ondorioz, 44 kilotik 25era arindu da erraldoien zama, dantzatu behar dituztenen lana erraztuz.

Geroari begira, Insaustik luze iraungo dutela aurreikusten du:"Erraldoi eta buruhandiek etorkizun oparoa dute. Ugaritzen joan dira eta geroz eta herri gehiagok berezko konpartsa du. Gainera, haurrak dauden bitartean jarraituko dute, asko maite baitituzte".

Miguel Erkis, Oreretako Erraldoi eta Buruhandien konpartsa kidea: «Erraldoiak ondo dantzatzeko sekreturik ez dago»
Miguel Erkis 18 urterekin sartu zen Errenteriako Erraldoi eta Buruhandien konpartsan. Buruhandi bezala aritu ondoren, bere aitak dantzatzen zuen erraldoia hartu zuen honek uztean. Uda honetan, 40 urteko ibilbidearen ostean, konpartsa utzi du. Iraganean berak emandako urratsak jarraituz, semeak hartu du bere lekua.

Zerk bultzatu zintuen erraldoiak dantzatzen hastera?
Gustatu egin behar zaizu, bestela, ez zara horrenbeste denbora aritzen. Izan ere, ezin duzu parrandarik egin, karga handia baitute. Gainera, lehen ordu erdi ibiltzen ginen, baina orain ordubete pasako buelta eman behar izaten dute.

Ze prestakuntza egiten duzue erraldoiekin aritzeko?
Ez dugu egiten. Urtero Madalen jaien bezperan jartzen ditugu udaletxeko sotoan eta hor entseatzen dugu koreografia. Hartu eta ibili. Ez dugu entrenatzen.

Zein da erraldoiak ondo dantzatzeko sekretua?
Gustukoa izatea, pazientzia apur bat edukitzea… eta konfiantza hartzea. Barruan urduri joaten da, altuera eta zama handia daukatelako; han sartzen zara eta kanpoan lagunak izaten dituzu erortzen hasten bada-edo eusteko. Sekreturik ez dago, indarrez heldu eta animatu!


ASTEKARIA
2004ko irailaren 19a
Azoka
Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude