Manifesta versus Viola (eta alderantziz)


2004ko irailaren 05an
Zer ote da Artea? Oraindik ere Arte Garaikidearen erronkarik handienetakoa da bere burua Arte dela demostratzea. Erakusten den artelan hau edo beste hura, ez dela anekdota huts edota jarduera alferrikakoa. Nolabait esateko, transzendentzia da, gaur ere, arazo nagusietakoa. Plastikak bide naturalistak eta modernistak abandonatu zituenetik behin eta berriz egin izan den galdera betikoa da gaur ere arazo nagusi: Zergatik da honako hau artea, zer behar du gauza batek artetzat har dezagun?

Galdera arras xingle horri korapilo handiz erantzuten diote adituek, benetako teoria landuak eraikiz, baina, funtsean, erantzun argia behar luke galdera hain sotilak: artelan bat arte da eta ez beste ezer, artistak halaxe izendatu duelako. Kitto eta akabo. Ez dago besterik, ez luke egon behar bederen.
Gaur da eguna, ordea, posmodernismoak eta kontzeptualismoak sortutako gaitza pairatzen duguna: zernahi izan daiteke arte; artearen ekarria ez dago artelanean bertan baizik eta haren osteko diskurtsoan; nornahik egin dezake artelan bat; dena da baleko...

Eta hala, artearen eta artisten balioa ez du dagoeneko proposamenak berarekin dakarren balio egiazkoak ematen. Artelan baten balioa, gaur eta hemen, ez dago artelanaren baitan. Beste faktore batzuk dira artea zer den eta zer ez den agintzen dutenak edo, beste modu batean esanda nahiago bada, arte jarduera zuzenaz haragoko faktoreek deliberatzen dute zerk balio duen eta zerk ez: curatorrek, galeristek, merkatuak berak...

Kartoizko kaxa alu batzuk. Duchampen bidetik Andy Warholek Brillo xaboiaren kaxak egin zituenean, »kontsumo munduko objektu arrunt eta baliogabea arras garestituz», hankazgoratu egin zen artearen mundua.

Horraino uler zitekeen apur bat, artearen bideak ekarri eta garatutakoa. Azken finean, ordura artean, kontenplatutakoa ederresten bazen, aski zen zer den artea eta zer ez den erabakitzeko. Baina Warhol-ek, Beuys-ek eta beste batzuek, kolokan jarri zuten neurri nagusi hori eta zernahi arte izan daitekeela frogatu zutenean, diskurtso landuaren beharra areagotu egin zen. Nolabait ere, »Arthur C. Danto-k esan zuen bezala», Artearen finiera gertatu zenetik hona, gauzak ez dira hain linealak izan. Zeren eta zaila bada Warhol-en Brillo box horiek ulertzea, zer ez ote da 1995ean Mike Bildo-k egin zuen beste lan hura, «Hau ez da Andy Warhol-en Brillo kaxa» izenekoa ulertzea? Jakina, Bildoren artelana Brillo xaboiaren beste kaxa soil bat baino ez da.

Esan nahi dudana da, gaur ez dagoela artera hurbildu ere egiterik neurri zahar hutsarekin. Derrigorrezkoa duela artezaleak diskurtsoaren ezagutza apur bat eta artearen bilakaera ezagutzea, artelana dastatzera iritsiko bada. Pasibotasunari gailendu egin zaiola aktibotasuna.

Zahartzen ari naiz. Otsaila bitartean, Guggenheimen daukagu aukeran Bill Viola-ren azken lana eta Donostia-Pasaian Arte Europar Garaikidearen Manifesta Biurterokoa, irailaren azken egunera arte. Biak ala biak proposamen zeharo ezberdinak.
Manifestan bildu diren lanak ikusitakoan, depresio latzaz irteten da bat aretoetatik. Ia dena da iluna, gogorra, zatarzalea, txukuntasunik gabe egina... Esan liteke Kuzma eta Gioni curatorrek eginiko aukeraketak ahantzi egin duela Pere Jaume-k aipatzen duen edertasunaren bilaketa ezinbestekoa. Manifestan ikusitakoak ikusita, ematen du artearen zeregina, gizakiok bizi ditugun arazo gogorrenen kontaketa erarik latzenean egitean datzala: sustraigabetasuna, komunikaziorako ezintasuna, bakardadea, masifikazioa...

Oro har, plazerik ia batere ez dut aurkitu hainbeste artistaren proposamenen artean, eta Manifesta Donostian egiteari bikaina baderitzot ere, ezin esan dezaket gozatu apartekorik eskaini didanik bertan ikusitakoak. Ez dakit zergatik ez duten edertasunak eta atseginak ere egon behar Arte Garaikidearen helburuen artean. Ene ustez oso mugatua izan da curatorren hautaketa eta ekarririk ederrena katalogoan eurek biek idatzitako lan teoriko sakon bezain zailetan dago. Euskal artista apurren lana ere, ez zait fitsik interesatu. Zatarra eta dejá vu, labur esate aldera.

Gozamen aparta, kontenplazio ia mistikoak ematen duen plazer paregabe hori, Bill Violak Bilbora ekarri duen lanean sentitzen da. Batez ere Egunekora irtetean izeneko lana erakusten duen aretoan. Paregabea da ene irudiz, artista honek iradokitzeko daukan gaitasuna. Dena da eder, dena dotore, teknikoki izugarria... Arteari berari buruzko erreferentziaz beteta dago: Fra Angelico, Giotto... Eta arretaz begiratzen duenarentzat baita Magritte edo Edward Hooper ere. Zoragarria zinez.

Baten batek esan dezake errazkeriarako joera dudala, Viola Manifestaren hain gainetik jartzeko. Eta baliteke. Baina ikusle soil eta aske naizen aldetik, ezin du inork agindu nigan. Are gutxiago artearekin plazera eta aitzinamendua bilatzen duten nire neurri intimoetan. Ez eta ere ongi ordaindutako curator hipermodernoenek ere, errealitatetik hain urrun, abioi batetik bestera, aireportu artean bizi diren horiek, euren botereari esker, kriptikoa, gotorra eta zatarkeria merkaturako balio bihurtu nahi duten horietakoek. Gazte izatea, berri eta on izatearekin nahasten dutenek, alegia.

Artea ulertzeko manera ezberdinak dira proposatutako bi aukerok. Horixe da koska, hain zuzen ere: diskurtsoak diskurtso, nork bere baliokoa aurkitzen asmatu behar duela. Batzuetan uste baino errazagoa dago, hala ere.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude