Hareatza guztiak ez dira desertu

  • Bizkaian, Busturialde eskualdean, Euskal Herriko itsasadarrik ikusgarrienetako bat dago: Urdaibaiko Biosfera Erreserba. Babestutako paraje aberats horretan kokatzen dira Ibarrangeluko udalerrian dauden Laidako eta Lagako hondartzak. Eta, hantxe, hareatza bietan, dunak birsortzeko proiektu bati esker, berdegune itzelak sortzen hasi dira; hareatza erraldoian hazitako oasi txikiak dirudite. Dagoeneko hamabi landare mota zenbatu dituzte hondartza bietan, eta, berdeguneek dakarten bizitza gehitzen hasi da: hegazti gehiago dago inguruetan.Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Patronatuak, Euskal Herriko Unibertsitateko ikasle talde batekin batera, uda honetan sentsibilizazio kanpainari ekin dio, udatiarrek hareatza horiek zaindu ditzaten. Irailaren 14ra arte, informazio panelak jarri ditu Patronatuak Laida eta Lagako hondartzetan, dunak birsortzen orain arte egin dako lana azaltzeko.
Merezi du goragoko ikuspegi batetik begiratzea aparteko paraje honi. Horretarako aukera ematen du, San Pedro Atxarre ermitako begiratokiak. Bi ordu eta erdiko ibilbidea da; bidezidor estu bat hartu eta maldan gora bide osoa. Baina behin gora helduta paisajea ikusgarria da. Panoramikak ezkerraldean padura zabalak eta eskumaldean itsaso amaigabea harrapatzen ditu eta hortxe, erdi-erdian, Laidako hareatza ageri da, borobil-borobila eta berdegune txikiz josita.

Hondartzara joan aurretik egiteko moduko ibilbidea duzue San Pedro Atxarrerako igoera. Gautegiz-Arteagatik Laidako hondartzara bidean Kanala auzoa dago; baserri auzo bat da, Urdaibaiko itsasadarrari begira hazitako baserri auzoa. Hantxe hasiko dugu gure ibilbidea. 45 minutuko bidea dela dioen seinalea dago bide bazterrean, beraz, autoa bertan utzi eta bideari ekingo diogu. Bidezidorrean gora bidegurutze batekin egingo dugu topo, 10-15 minutura, eta han ezkerreko bidea jarraituko dugu, ermitara doana.

Tarte batean maldan behera egingo dugu, baina osterantzean, bide osoa gorakoa da, itsasadarraz ikuspegi berezi batetik gozatzen utziko digun gailurrera arte. Igoera nahiko erraza da, eta bada bizikletaz igotzen denik ere.

Begiek eman ezinda

Behin San Pedro Atxarrera iritsita, hartu arnas eta inguruaz gozatu zeren, begiak faltako baitituzue gozamena erabatekoa izateko. Aurrealdeko balkoitik Bermeotik Ogoño mendira bitarteko ikuspegi zoragarria itsasoko Gabiota plataformak baino ez du apurtzen. Izaro irla parez pare dugu, atzeko «munstroari» ez begiratzeko esaten.

Ezkerreko balkoitik itsasadarra ikusiko dugu: Muruetako ontziola, Sukarrietako Toña hondartza eta portua, Azti itsas ikerketa zentroa eta Mundaka parean, eta honen aurrealdean, Laidako hondartza erraldoia. Biribil-biribila, ubideko urek eta itsasoko urek bustitzen dute hareatza eta hango haizeari eta birsortze lanari esker berdez janzten hasi da.

Akordara jaitsiera

San Pedro Atxarre indarrak berreskuratzeko leku aproposa da. Gutxi izango dira horrelako bakea ematen duten lekuak, baina bidea jarraitu beharra dago; itsasora jaitsi nahi dugu eta bere uretan sartu.

Beraz, ermita ostetik Akorda auzora jaisten hasiko gara. Akordaraino maldan behera goazela, bidean ikusten ditugun zuhaitzak ezagutzeko aukera ere izango dugu, bide bazterrean dauden zurezko seinaleen laguntzaz. 20 bat minutuko jaitsiera da Akorda auzora eta handik, eliza paretik igaro eta hilerria ezkerretara utzita bidea jarraituko dugu itsasorantz, Gametxo auzorantz. Ez dago galtzerik, itsasoaren usaina bakarra da munduan eta handik datorren haizeak erakutsiko digu bidea.
Gametxon beherantz jarraituko dugu bidea, itsasora, gure helmugara: Laidako hondartzara. Beste ordu erditxo bateko bidea da, itsasoa aurrez aurre dugula. Handik Laidatik Lagako hondartzara doan errepidera iritsiko gara eta behin han egonda, hondartzako dunak ikustea izango dugu helburu, itsasoan bainua hartu ondoren.

Itzulerako bidea

Hondartza bisitatu ondoren, Kanala auzora itzultzeko bidea egiteko bi aukera dauzkagu: errazena, errepidea jarraitzea eta lasaiena, Arketas deitzen den lekutik »Laidako kanpinaren ondoan», Gernikara norabidean dagoen bidezidorrean gora egitea. Handik ere paduraz eta itsasadarraz gozatzeko aukera izango dugu. Bidea markaturik dago, beraz, ez dago galtzerik.

Duna sistemetako landare eta animaliak
Laidan eta Lagan sartu diren landareak Ammophilak dira. Landareen genetika zaindu egiten da, zeren, egon badaude duna sistemetako beste landare batzuk, esaterako, Mediterraneoan ikusi daitezkeenak, baina horiek ez dira aproposak euskal kostaldean hazteko. Kantabriatik ekarritakoak dira Urdaibaiko kostaldean hazten ari diren landareak; Laredoko haztegi batetik, hain zuzen. Landareak oso apurkorrak dira, zapaltze hutsarekin hil egiten dira eta hori saihesteko, gaur egun Laida edo Lagako hondartzetara joanez gero, hesiz inguratutako hareatzak ikusten dira.

Baina, egindako lanak bere fruituak eman ditu; beno, landareak eman dituela esan beharko dugu, zuzenagoak izateko, zeren, Kantabriako landare motaz gain, berez beste hamar taxoi edo landare gehiago hazi dira duna horietan, bai haizeak zein marea korronteek ekarrita. Beraz, hamabi landare mota daude Laidan eta Lagan berreskuratutako dunetan eta hareatza erraldoi horietan bizitza sortzen dabil, poliki-poliki.

Dunetako berdeguneak, fauna erakartzen du
Kontua ez da hondartzara joaten direnen buru gainetik hegazti kopuru izugarria dabilela, baina hegazti oinatz kopurua dezente hazi da hareatzetan. Hegaztiek ikusi egiten dituzte sortzen ari diren berdeguneak eta migrazio sasoian geldiune bat gehiago legez identifikatzera ailegatu dira. Hori gutxi balitz, aurtengo neguan itsas txakur baten bisita ere izan zuten Urdaibaiko bizilagunek. Antza, berdeguneak erakarrita iritsi zen Laidara. "Erleen otsoa" deitzen duten liztorra ere agertu da hareatzatan. Liztor mota honek habiak hareatzatan egiten ditu eta, aitortu behar dugu, Laidako hondartzan horretarako lekua egon badagoela. Proiektuaren arduradunek aitortzen dute sistema oraindik gaztea dela, baina etorkizunean irudian ikus daitekeen Txirritxo txikia ere espero dute; hegazti honek hareatzatan egiten ditu habiak.

Dunak berreskuratzen
50eko hamarkadara arte ohikoak ziren gure kostaldean dunak, baina gure kostaldeak jasan behar izan duen eraldaketak desagertarazi egin zituen hareatzatako dunak eta bere berdeguneak. Orain dela urte batzuk, «Galtzagorriak Urdaibairen aldeko bolondresak» talde ekologistak, Urdaibaiko itsasadarreko hareatzatan dunak berreskuratzeko lanari ekin zion. Lagako hareatza babesten hasi ziren lehenengo eta, horretarako, bidea markatu eta hesiak jarri zituzten, jendearen joan etorriek kalterik ez eragiteko dunen berreskuratze lanetan. 1999an, duna birsortzeko esperimentu txiki bat egin zen Laidako hondartzan eta honen emaitza onak ikusita 2000n «Ibarrangeluko Lagako Hondartzako Duna-Ekosistemen Babespen Proiektua» jarri zuen abian Galtzagorriak taldeak. Egun, UNESCOren katedra baten barruan dago jasota dunen birsortze lana eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak, EHUk eta UNESCOk babestutako proiektua da.

Haizearen abiadura, harearen eskuragarritasuna eta leku fisikoa. Elementu horiek behar dira dunak sortzeko eta elementu horiek egon badaude Ibarrangeluko Laida eta Lagako hondartzetan. Bioingeniaritza teknikak erabiltzen dituzte dunak berreskuratzeko. Gai organikoak erabiltzen direnez, behin horiek ustelduta ez da gizakiaren esku-hartzearen arrastorik gelditzen leku horretan. Honela aplikatzen da sistema Laida eta Lagako hondartzetan: harea metatu dadin, mimenak edo hare-harrapatzaileak lerrokadan jartzen dira »hiruko lerrotan, haizearen norabidearekiko perpendikularrean». Haizeak mimenetara erakartzen du harea eta, hareaz betetzean, usteldu egiten dira. Gero landareak sartzen dira eta eurek egingo dute aurrerantzean hare-harrapatzaile lana. Jakina, mimenek baino motelago harrapatzen dute harea landareek »mimenak harrapatzen duen hareak metro bateko altuera hartu dezake urtebetean; aldiz, ammophila arenaria landareak erdia hartzen du».

Interes guneak
- Naturaz gehiago jakiteko, Urdaibaiko Biosfera Erreserbako interpretazio zentroa bisitatu daiteke.
- Inguru horretan egonaldia egiteko, kanpina ere badago Laidan »pareko kostaldean, Mundakan ere badago kanpina».
- Naturaz gozatu eta ondo pasatzeko, Ur Kirolak enpresak hainbat aukera eskaintzen du Laidako hondartzan bertan.


ASTEKARIA
2004ko irailaren 05a
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude