Udak dakarrena, urak daroa
Udak denetarako ematen du. Aspaldi amesten zuen lurraldera, hirira, mendira, hondartzara joateko aukera izan du urliak, eta argazki, bideo eta diapositibez gainezka itzuli da etxera. Sandiak ia herritik irten gabe bota ditu ordu luzeak gehien atsegin dituen zaletasunei bidea ematen: probetxuzko zerbait egiten ari delakoan ibili da, ezer egin gabe. Berendiak ez du, lagun zaharrekin egoteko aitzakiaz, zurrutari zurrut ibili beste lanik hartu.
Nornahik bere nahira jokatzen du oporretan, agindurik emango dion nagusirik gabe eta uste osoan oporraldia berea eta beretzat izango duela. Donostiako Kursaal-era Verdi-ren Un ballo in maschera ikustera joan zenaren atsegintasunak parean izango du yate koskor batean atunetara joan zenaren esperientzia atsegina. Batek, irakurketa; besteak, dolce far niente; halakok, musika: beste hark, txipiroiak pelaio erara. Denek dute beren oporren gogoangarritasuna errebindikatzeko arrazoiren bat.
Uda »edo, nahiago bada, oporrak», edo neguan egin ezin daitezkeen gauza guztien esperantza hori; uda, edo frustrazio gordeenak gainditzeko etapa; uda, edo bete gabe utzi izan ditugun ilusioak betetzeko ilusioa; uda, edo ase gabe utzi izan ditugun egarriak asetzeko egarria; uda, edo urteari urte geure buruoi egiten diogun tranpatxo dialektikoa »oporrak egindako lanaren ordaina direla sinesterainokoa, eta ez opor soil, inolako maiztertzarik gabeko pasarte».
Hona zer den ganbatxo ondo egosiek eta txakolin freskoak gozatzen eta arintzen ez duten urtaroa »parentesia soil laburra dela dakigun sasoi eder ustea»: lanari ihes egin nahirik lortu genuen atsedenerako urte-sasoiak lanera itzultzeko premia halako bat »madarikatua bedi!» sortarazten digu.
Denbora egin, denbora bete, denbora irabazten dugulakoan bizi dugu dena, ohartu gabe denbora dela egin eta bete eta irabazten gaituena. Gu izan gara denboraren, eta ez denbora gure.
Udak denetarako ematen du?
Eltzekalte
Nire auzoko mutil batek hogeita hamabost urterekin alde egin du etxetik. Motibo jakinik gabe, ez baitu ez neska ez mutil-lagunik. Bakarrik bizitzera? Ez zaio bakardadea gustatzen. Orduan? Etxeko giroa itolarria egiten omen zitzaion, horra alde egiterakoan eman omen duen arrazoi bakarra.
Orain urtebete doi hil zitzaion ama, eta hori izan daiteke oinarriko arrazoia. Hark dena barkatzen zion, hark maitasunezko eroapen halako batez eramaten zuen semearen esklabutza. Ez zuen sosik uzten etxean, aurrezki kutxan sartzen baitzuen hizkuntza akademian irabazitako diru guztia. Ez zuen sosik ematen gurasoen etxeko premietarako, jatorduengatik, amaren lanaren ordainetan.
"Etxekaltea duk, baina ez eltze-kaltea" esaten zion aitak entzun nahi zuenari. Ama sutan jartzen zen aitari hori entzundakoan.
Aitak ez du negar handirik egin semea etxetik alde egiten ikusi duenean, maleta bat eskuan, aurrezki kutxako libreta patrikan.
Paperezko orri hau
Czeslaw Milosz poeta poloniarra hil da. Urte hasieran, hark egindako orri zuriei buruzko hausnarketa eder baten berri eman nuen dietario honetan. Testua laburbilduko dut orduan irakurri zuenaren lagungarri, irakurri ez zuenaren pizgarri:
"Poeta bazara, garbi ikusiko duzu paperezko orri honetan hodei bat dagoela airean. Hodeirik gabe, ez legoke euririk; euririk gabe, arbolak ez lirateke haziko; eta arbolarik gabe, ez legoke papera egiterik. Hodeia beharrezkoa da papera egon dadin. Hodeirik ez balego, ez legoke paperezko orri hau ere. Beraz, esan dezakegu hodeia eta papera elkar lotuta daudela".
"Are arretatsuago begiratzen badiogu paperezko orri honi, eguzkiaren argia ikusiko dugu bertan. Eguzkiaren argirik gabe, basoa ez litzateke haziko: izatez, ezer ez litzateke haziko. Guk geuk ere ezin dugu eguzkirik gabe hazi. Beraz, badakigu eguzkiaren argia dagoela paperezko orri honetan ere. Papera eta eguzkia, elkar lotuta. (…) Modu horretan begiratzen dugunean, konturatzen gara gauza horiek guztiak gabe, honako paperezko orri hau ez litzatekeela existituko. (…) Esan dezakegu dena hemen dagoela, paperezko orri honetan. Ezin duzu hemen ez dagoen gauza bakar bat ere seinalatu »denbora, espazioa, lurra, euria, mineralak, eguzkia, hodeia, ibaia, beroa». Dena dago elkar lotuta paperezko orri honetan. Paperezko orri honen existentzia lotuta dago gainerako gauza guztien existentziarekin".
Budismoak zerikusi handia du testu horri darion espiritualtasunarekin, budismoak zerikusi handia izan zuen Milosz-en bizitzarekin eta poesiarekin. Orain, hil denean, bizitzen hasi da gauza guztien existentziarekin loturik.
Kontrastea
Terraza batean nago, kaña baten aurrean, olatu egoki baten zain dauden surf zaleei begira. Goizean goiz agertzen dira malekoira, garai bateko arrantzaleen aditu-begirada bera dute itsasoari begiratzerakoan. Gero, surfeko taulari erretxina eman, eta itsasoan sartzen dira. Auskalo zenbat ordu egingo dituzten bertan: ez dute olatuen zain beste zereginik, beste ardurarik, beste ametsik. Ez dakit nondik bizi diren; bai, ordea, nola bizi diren: olatu egoki bat datorrenean, huraxe harrapatu, eta olatu gainean datoz nireganantz, apar gaineko zaldun batzuk bailiran.
Baina gaurko olatuak ez dira oso handiak eta ikuskizuna ere ez da hainbesterainokoa. Egunkaria zabaldu dut. Afrikatik Italiara eta Espainiara uholdeka datozen etorkinez betetako pateren berri. Sotoak polizoiez betetako ontzien berri.
Trago bat eman diot kañari. Haize pixka bat sortu da iparraldetik. Itsasoa zakartzen hasi da…
Olinpiar heroia
Heroi zaharren mundua da Olinpo, gaurko heroiak ezagutarazi nahi dituzte olinpiar jokoek. Baina heroikotasunak ez du anonimotasunik onartzen: hedabideak bazkatu behar ditu, merkatua gizendu behar du, eta, horretarako, heroiek aurpegia eta begiak eta irribarrea behar dute: jendeak aise identifikatzeko moduko marka bat.
Baina ez zaizkit heroiak gustatzen, eta Greziako olinpiar jokoei buruz irakurri ditudan albiste guztien artean, batek suspertu du nire arreta. 1900. urtean Parisen. Holandako bi arraunlari eta lemazain ontziko patroia gaixotu egin dira azken momentuan, eta ezin du estropadan parte hartu. Arduradunak lemazain baten bila hasi dira Senako inguruetan. Txikia behar du, pisu gutxikoa, ontzi batean ibiltzen dakiena. Halako batean begi biziko mutil koskor argi bat aurkitu dute. Tratuan hasi dira. Mutilak ez du eragozpenik. Esan dizkiote egin beharrekoak, mutilak egin ditu saio batzuk, eta ez zaio batere kostatu lemako lana: estropada irabaziko dute eta, estropadarekin, urrezko domina. Baina sari-banaketako orduan mutila ez da inondik ageri.
Mutilak beste eginkizun batzuk zituen? Ez zuen ezer jakin nahi ospakizunekin? Auskalo. Kontua da ez zutela ezer gehiago jakin mutilaz, eta kontua da ipuin polit baterako ematen duela istorioak.
Agian, horrexegatik piztu zuen nire arreta.
Hankaz gora
Ez dakit non irakurria: "Deabrua kontserbadorea da".
Ez dakit nondik hartua: "Arnasaren faltan dago zerua".
Dena esateko: gero eta sarriagotan nagusitzen zait mundua hankaz gora dagoela esaten didan aldarte itxaropenik gabea.