Kariñoa

Ibili-ibili eginda kariño kontua izan da azkenean. Kariñoa da bizitzak egunero botatzen digun demari aurre egiten laguntzen digun akuilua Nik uste nuen kazetarion kontua bakarrik zela, baina bai zera. Itxuraz kirolariek ere guztiz beharrezkoa dute.

Agustin Arantzabalek Erreala utzi du, besteak beste, harmailetatik hainbatek txistua jo eta kariñorik erakutsi ez diolako. Galanta da. Bertako mutila, kontratu ikaragarria, ekipoan tokia duena eta, nora eta, Zaragozara. Hemen aurkitu ez duen kariñoaren bila.

Jexux Mari Astigarraga azpeitiarra da eta Gipuzkoako herriarteko pilota txapelketan parte hartu du garaipena lortuz Hernaniren aurkako final larrian. Jexux Mari profesionala izan zen duela hainbat urte Jolas Nahi enpresan baina profesionaltasunari ez zion »dirutan» apenas ezer atera.

Orain ordea harro egoteko moduan da. Herrian pilotazaleak kasu egiten dio eta finalari buruz galdetzen badio epeltasun gozoa igotzen zaio sabel barrura. Kariñoa eman dio herriartekoak.

Agustin eta Jexux Mari soka beraren bi muturrak besterik ez dira. Kirolariak jasotzen duen soldataren kontzeptua galdu du kasuotan. Batak lepo duelako, besteak kiroletik dirua jaso dezakeenik ere pentsatzen ez duelako. Eta diruarena ez bada garrantzitsua, kariñoa da topatu nahi duena.

Agian kirola bizitzeko bi moduez ari gara kirolari konkretu batzuei buruz baino gehiago. Ez da berdina entrenamendura joan eta arropak plantxa-plantxa eginda topatzea eta zortzi ordu tailer zuloan sartu eta gero takoak jartzen hastea.

Talde handi horietan »talde profesionalei buruz ari naiz» pertsona ito egiten da komunikabideen zurikerian eta sarri txolinkerian erortzeko arriskuan izaten da ia hutsetik jainkotzera aitaren egin orduko pasa den nerabea.

Pilota talde apal gehienetan pilotariak bere materiala eraman behar izaten du, kantxan erratza pasa, entrenamendu aurreko umeen partidutan epaile lanak egin, gabon inguruan errifak saldu, gure kasuan alboko herriko pilotariak hobeak direla entzun »axkoitiarrak, jakina» eta deskuidatu ezkero partida garrantzitsuetan txapela pasa. Inplikazio kontua.

Horrek uzten duen ondorioa, ordea, gozoa da benetan. Taldean etxean bezala »eta askotan dezente hobeto» sentitzea. Zurea da eta inork ezer esan gabe heltzen diozu erratzari edo errifari, txapelari edo txapari. Eta badira honela urteak eman dituztenak ezker txarreko afizio honetan, poeta tristeak zioen bezala erabat beharrezkoak bihurtzeraino. Fisioterapia eta hematokritoak, edo, psikomotrizitatea edo EPOa zer diren ideiarik gabe baina baratxuria baino finagoak. Oraingoek dakitena jakin izan balute. Uztarri berean jarriko balira haien borondatea eta oraingoen jakituria.

Eta bukatzeko Agustin eta Jexux Mariren kirol bizitzek antza handiagoa izan dezaten, hainbat proposamen, aukeratzeko.

Kirolari afizionatuek har dezatela egun erdia lantegitik jai gustuko duten kirola hobeto egiteko, edo bestela jainkotutako profesionalak has daitezela errifak saltzen eta erratza pasatzen taldea berea dela sentitzeko. Ez da ba kariñoa azken helburua?

Eskerrak batzuetan umore puntu batekin eusten diogun inguratzen gaituen munduari bestela, kariñoarekin edo gabe, hobeto geundeke kiroletatik urrun.


Azkenak
2024-04-30 | ARGIA
Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

34.000 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

Israelek 40 eguneko su-etena eta preso trukea eskaini dio Gazari, baina akordioa lortu edo ez Rafah inbadituko dutela adierazi du Netanyahu lehen ministroak. AEBk eta Erresuma Batuak Hamas presionatzen ari dira Israelen eskaintza onar dezan. Astelehenean 47 palestinar hil zituen... [+]


2024-04-30 | ARGIA
Hil egin da Artzentalesen zauritu zen basogintzako langilea

Langilea larri zauritu zen apirilaren 24an, eta astelehenean, hilak 29, hil da. 22 urte zituen eta sektorean bi hilabete soilik zeramatzan lanean. 2024 urtean hildako 22. langilea da.


2024-04-30 | ARGIA
Eneko Bidegainen 'Bichta éder' eleberriak jaso du 111 Akademiaren Saria

Karmele Jaioren Maitasun kapitala-rekin lehiatu da finalean. 2023ko “libururik gogokoen” izendatu dute Bidegainen “bihurgune askotako” thriller politikoa 111 Akademia osatzen duten literaturazaleek.


Eguneraketa berriak daude