Teresaren salbazioa

  • Soinujolearen semea Bernardo Atxagaren liburuak arrakasta handia izan du: hiru edizio daude kalean eta hainbat sari eskuratu ditu. Irailean gaztelaniaz eta katalanez argitaratuko da. ARGIAk datorren astean liburuan sartu gabe geratu zen ipuinetako bat eskainiko dio bere irakurleari: Teresaren istorioaren jarraipena.

2004ko uztailaren 25ean
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Nork ez du gogoratzen Soinujolearen Semea liburuko Teresa? Obabako Alaska Hotelean jaio zen neskatxa hura? Martinen arreba, Berlino eta Geneviéveren alaba... poliomielitisaren ondorioz herren geratu zen neska?

Teresa hura da, hain zuzen ere, ARGIAren datorren asteko alearekin batera banatuko den Teresa, poverina mia ipuinaren protagonista. Bernardo Atxagak aspaldi idatzi zuen ipuin hau, hain zuzen ere, Soinujolearen semea prestatzen zebilenean, baina liburutik kanpo geratu zen, erritmoa zela-eta: «Ez nuen tokirik aurkitu, erritmoa mantenduz Teresaren testua liburuan kokatzeko», onartu digu Atxagak.

Teresaren istorioa dramatikoa izan zen Soinujolearen semean. Davidekin bizitako amodio afera tristea da oso, bietako bat zegoelako harremanean sarturik, bestea kanpo geratzen zen bitartean. Eta bere herrenak asko sufriarazten zion. Atxagak, ordea, Teresa salbatu egin du Teresa, poverina mia ipuinean. Maitasun istorioa kontatzen digu bertan, Teresa bera eta artisau bihurtutako André medikuaren artekoa. Tonu dramatikoarekin hasi eta goraka amaitzen den istorioa da gainera: «Ez dago bakarrik maitasun istorio bat, maitasunaren trataera bat ere badago. Inguruko giroarekin kutsatzen da Teresa. Soinujolearen semean trataera dramatikoa da. Hoteleko sexu eszenan, adibidez, Davidek nahi duen bakarra koadernoa lortzea da eta tristea da oso. Hemen beste begirada bat jarri diot, gustagarria da». Maitasuna ezagupidea ere bada, Atxagaren ustez, jendea ezagutzeko modu berezi bat. Eta hori garbi ikusten da ipuinean: «Askotan, ikusten duzu hainbat jende eta pentsatzen duzu ‘zer aurkitzen ote du pertsona horrek beste horrengan, niretzako erabat pertsona zikoitza da’».

Eremu intimora lerratua

Soinujolearen semean hurbildu zen Atxaga lehen aldiz maitasunaren gaira. Aurrez aurre heldu zion gainera. Eta aipatua izan zen oso. Oraingoan, Teresa, poverina mian ere horretan dihardu. Baina maitasun istorio bat egiteaz gain, euskarak lirika egiteko ere balio duela frogatu nahi izan du. «Nik erabili egin nahi nuen euskara eremu intimoetara lerratzeko. Ipuinaren atzean kezka hori dago».

Liburu txikiaren xarma

Ez da lehenengo aldia Atxagak bere ipuinak argitaratzeko formatu hau erabiltzen duela. Aurretik, Tolosako Aranburu Jauregiak plazaratu zuen Mendian gora ipuina eta BBK-k argitaratu zuen Lezio berri bat ostrukari buruz lana. ARGIAk kaleratuko duen Teresa, poverina miak bi horien estetika eta tamaina bera jarraituko du. «Liburu txikiak niri asko gustatzen zaizkit, beti poltsikoan eraman ditzakezu »diosku Atxagak». Nori emango diozu 500 orrialdeko Soinujolearen semea bezalako liburua? Beste ipuin txiki hauek nik askotan erabiltzen ditut gutunetan kanpoko lagunei bidaltzeko, oparitzeko... horrelako ipuintxoak ez du ezer eskatzen, hamar minututan irakur daiteke. Xarma du».

Teresa, poverina mia ARGIAk plazaratuko du lehen aldiz. Ondoren, Soinujolearen semea liburutik kanpo geratu ziren beste hainbat ipuinekin batera, liburu bat prestatuko du Atxagak: Aguiriano, Itzultzaile bat Parisen... dira ipuin horietako batzuk. Liburua datorren urteko udaberrian izango da kalean.

Harpidedunek etxean jasoko dute

Teresa, poverina mia ARGIAren abuztuko ale bereziarekin batera banatuko da. Harpidedunek etxean jasoko dute ipuina aldizkariarekin batera. Harpidedun ez direnek, berriz, abuztuko ale bereziarekin batera erosi ahal izango dute hilabete guztian zehar 5 euroren truke.


Azkenak
Eguneraketa berriak daude
Bi haur Palestinako banderarekin
Aste honetan zenbaki berezia: Genozidioa gelditzeko, Israeli boikot
Herrien arteko elkartasunari gure aletxoa jarri nahi izan diogu. Euskal Herritik, euskaraz, herrien munduaren alde. Geldigaitza dirudien basakeriaren aurrean, duela bi urte bezala, ahotsa altxatzeko beharra sentitu dugu.