Telebista digitalak 2012an etxeko telebista ordezkatuko dizu

  • 2012. urteko abenduaren 31n telebista eta irratietako programazio analogikoa itzali egingo da eta digitalak hartuko gaitu bete-betean. Bitartean, kontsumitzaileok geure aparailuak aldatu egin beharko ditugu edo daukagunari deskodetzaile bat gehitu. Iraultza digital honek aldaketak ekarriko ditu operadoreen sektorean, eduki hornitzaileenean, publizisten arloan, ikus-entzuleengan eta, oro har, gizarte osoan. Baina aldaketa oraindik motel dator eta hainbat aktorek elkarri begiratzen diote, apustu nork egingo.Erreportaje honetan dituzu telebista digitalaren ezaugarriak, kontsumitzaileoi jakitea interesatzen zaizkigun berezitasunak, sektorearen egoera eta auzi honetako protagonista hainbaten iritzia.

2004ko uztailaren 25an

2013.urtea da. Pello eta Ane pantaila zabal baten aurrean daude, erosi berri duten etxeko egongelan. Igandero bezala, futbola ikusten ari dira. Aneri ez zaio gehiegi gustatzen, baina azken asteetan dirua irabazi ere irabazi dute, urrutiko agintearen bidez telebistako kinieletan parte hartuz. Gaur ere agian, zortea izango dute, pentsatzen du Anek. Beraz, Pello Reala-Athletic derbya ikusten ari den bitartean, gainontzeko partiduen emaitzak kontsultatu ditu, eserlekutik altxa gabe. A ze zoritxarra! Gaurkoan ez dute bat bera ere asmatu. Tira, Realak irabaziz gero konformatuko da, nahiz eta ondoren Pelloren umore txarraren ondorioak pairatu beharko dituen aste osoan zehar.

Pello eta Ane, Europako gainontzeko herrialdeetako beste hainbat familia bezala, telebista digitalaren onurez baliatzen dira informatzeko, entretenitzeko, jolasteko... Hori guztia ahalbidetuko baitu telebista digitalak: interaktibotasuna, funtzioetan aniztasuna, kalitate handiagoa… Hala, aurrerantzean telebista adimenduna izango da, eta aukera emango du lehiaketa batean denbora errealean parte hartzeko, Interneten nabigatzeko, norberaren gustuko bideoak aukeratzeko edo erosketak egiteko. Hori guztia egongelako eserlekutik altxa gabe eta kalitate handiko irudiekin. Bestalde, gure etxean seinalea ahul jasotzen badugu, telebista digitala izan daiteke irtenbidea. Digitala denez, nahikoa baita kalitatearen %5 iristea, irudia garbi eta interferentziarik gabe ikusteko. Mugimenduan dauden aparailuetarako ere primerakoa da, seinalea ongi jasotzen baitu mugimenduan egonda ere.
Dudarik gabe, kolorezko telebista sortu zenetik ezagutu dugun aldaketarik garrantzitsuena da telebista digitala. Horregatik, irudiaren eta soinuaren iraultza elektroniko gisa definitu dute batzuek.

Etorkizunean, ordenagailu eta telebistarekin antzerako gauzak egin ahal izango direla diote gehienek. Baina telebista familia guztiarentzat izango den bitartean, ordenagailuak pertsonala izaten jarraituko duela dio Gerard Campanera, Bartzelonako Unibertsitate Politeknikoko irakasle eta injineruak. Joan Majó TechFoundries enpresako presidenteak dio ordenagailuak bereganatu ezin duen gehiegizko informazio multimedia dagoela eta, bestalde, Internetek ez dakiela edukiak kobratzen. Horregatik, telebista etxeko gune multimedia dela dio Majók. Hala ere, bada oraindik Interneteko orriak telebistan ikusteko arazorik. Esaterako, gaur egungo webgunerik gehienak ez daude telebistaren neurrira prestatuak. Era honetako froga pilotuak egiten hasi da SPRI Hondarribia, Getxo eta Agurainen, zenbait etxetan deskodetzailea jarri eta Internet telebista aparailuetan nola jasotzen den ikusteko. Joseba Lopezortega, Suministros de Imagen enpresako zuzendariak dio gaur egun edozein ordenagailuk telebista aparailu arrunt batek baino kalitate handiagoa eskaintzen duela eta, beraz, ez duela zentzu handirik Internet telebistan ikusteak.

Telebista digitalaren seinalea jasotzeko moduak

Orain arte batik bat Lurreko Telebista Digitalari (LTD) egin diogu aipamen. Hau da, aire bidez emititzen denari. Baina telebistaren seinale digitala jasotzeko modu gehiago ere badira: ADSL, satelitea eta kablea, eta bakoitzak bere ezaugarriak ditu.

Guztiek teknikoki kalitate handia eskaintzen dute, baina kablea da interaktibotasun gehien ahalbidetzen duena, bere seinaleak bi norabideko transmisioa ahalbidetzen duelako. Sateliteak eta ADSLak, berriz, bigarren kanal bat behar dute horretarako: telefonoa.

ADSL eta LTD dira, dudarik gabe, etxeetan sartzeko errazenak. ADSLa sartzeko, etxeetan dagoen telefono linea nahikoa da eta LTDari dagokionez, funtsean gaur egungo instalazioak balio du. Aldiz, kableak eskatzen du hiriak eta herriak azpiegituraz hornitzea.

Telebista seinalea ematen duten etxeak

Satelite bidezko eskaintza da agian ezagunena, hasiera batean Espainian Via Digital eta Canal Satelite Digitalek emana, eta bat-egin ondoren, Digital Plus bihurtu dena.

ADSLari dagokionez, Telefonica Imagenio zerbitzua hasi da eskaintzen Madrilen, Bartzelonan eta Alacanten. Hala, ohiko telefono sarea erabilita eta ADSL teknologiak eskaintzen dituen aukerez baliaturik, banda zabalera handiko Internet sarbidea, telebistako hogeita bi kate tematiko eta bideoklub zerbitzua ematen ditu. Baina ADSLaren bidez irudiek kalitate ona izan dezaten segundoko 6 Mb-eko informazio fluxua izan behar da. Gaur egun Internetera sarbidea ahalbidetzen duen ADSL ohiko zerbitzuak segundoko 256 Kb-eko fluxua eskaintzen du. Zentzu horretan Juan Carlos Loroño ETBko produkzio zentroetako buruak zenbait galdera egiten du: "Konexioa fidagarria izango ote da? Etenik gabea?"

Euskaltelek ematen du EAEn kable bidezko eskaintza. 1998an hasi zen telebista digitalaren arloa jorratzen eta bere eskaintza 150.000 etxetara iristen da dagoeneko. Aurten, ordea, beste aurrerapauso bat eman du eta telebista digital interaktiboa hasiko da eskaintzen irailetik aurrera. Oraingoz ekimen pilotuak baino ez dituzte abiarazi. Zerbitzu honi esker besteak beste, posta elektronikoa telebista aparailuaren bidez kontsultatzeko aukera izango da eta etorkizunean jokoen kanal interaktibo bat gehituko da, baita bankuko edukiak eta egunkari digitalak ere.

Lurreko Telebista Digitalari dagokionez, Antena 3, Tele 5, Canal+ eta TVEko bi kateak 2002ko apirilaren 3an hasi ziren digitalean emititzen, Espainiako Gobernuak hala aginduta. Urte bereko ekainaren 18an, berriz, Veo Televisión eta Net TV kate berrien eskaintza jarri zen martxan, baina inork gutxik jakin du horretaz. Besteak beste, ez zeukaten banda zabalera nahikorik zerbitzu interaktiboak eta multimediak eskaintzeko, lehenengo bostek kanal bera (multiplex) partekatzen baizuten. ETBri dagokionez, bi urte daramatza ETB-1, ETB-2, Canal Vasco (Amerika) eta ETB Sat (Europa) kateetako programazio digitala frogetan emititzen.

Telebisten legedia

Gaur egun indarrean dagoen legediaren arabera, Autonomia erkidego bakoitzak multiplex edo kanal bat du telebista digitala emititzeko. Esan bezala, EAEn multiplex hori ETBren lau kateek hartu dute. Nafarroan, berriz, Canal 4 eta Canal 6 kateei eman zaie telebista digitalaren kontzesioa, baina Canal 4ko Carlos Mangadok argitu digunez, oraindik ez dute kontraturik sinatu.

Herri telebistei dagokionez, Espainiako Gobernuak martxoaren 12an onartu zuen digitalizatzeko plana. Plan horren arabera, probintzia bakoitzean mugaketa desberdinak daude eta horietako bakoitzak lau katerentzako multiplex bat dauka.

ETBko Juan Carlos Loroñok argitzen duenez, multiplex bakarrak ez die ahalbidetzen probintzia bakoitzerako konexio bereziak egitea. Horregatik, Espainiako Gobernu berriarekin arautegia aldatzea espero dute. Bestalde, Loroñoren aburuz, "analogikoak eta digitalak zenbat eta denbora gehiagoz elkarrekin biziraun, orduan eta zailagoa izango da digitala zabaltzea, analogikoak seinalea emititzeko espektroa kentzen baitio digitalari".

Sektorearen egoera

Espainiako Gobernua 1998an hasi zen telebista digitalaren arloan lehen pausoak ematen eta erabakiak hartzen. Orduan telebista digitalaren egokitzapen prozesuan Europako bigarrena zen, Ingalaterraren atzetik. Gaur egun, ordea, zortzi edo bederatzigarren lekuan dago. Suedia, Finlandia, Norvegia, Danimarka edo Portugal, Ingalaterra eta Espainiaren aurretik doaz. Zenbait ikerketek diote 2007an Europako etxeen %40k telebista digitala izango duela eta 2008rako kopuru hori %80ra igoko dela »gaur egun etxeen %20 inguruk du». Baina telebista digitala ez da espero zen emaitzak ematen ari. Quiero TVren porrota gogoratu besterik ez dago. 2001ean sortu eta 2002ko ekainaren 30ean itxi zituen ateak, 400 milioi euro inguruko galerekin.

Europako Batasunak 2012ra arteko epea ezarri du aro analogikoari amaiera emateko. Ordurako Europako herrialde guztiek aro digitalera egokitu beharko dituzte euren telebista eta irrati sistema guztiak. Zenbait herrialdek epe hori aurreratzea nahi dute. Baina ikus-entzunezko sektoreak ez du lortu oraindik beharrezkoa duen garapen-hasiera. Eduki hornitzaileak ez dira ausartzen apustu handiak egiten, ikusle merkaturik ez dagoen bitartean. Telebista aparailu ekoizleek ere ez dute beren produktu eskaintza zabaltzen, edukirik ez dagoelako eta ondorioz, ikusleen eskaera falta.

www.tdtcat.net eta www.itvdictionary.com helbideetan, gai honi buruzko informazio gehiago

2012ra bitartean jakitea interesatzen zaiguna
2012ra bitartean, geure telebista aparailuak aldatu edo egokitu beharko ditugunez, zenbait galdera sortzen dira Lurreko Telebista Digitalaren (LTD) inguruan.

Zer behar dut LTD ikusteko?
Bi aukera daude. LTD jasotzeko bereziki prestatuta dagoen telebista aparailu bat erosi, »ohikoak baino 300 euro inguru garestiagoa» edo daukagunari deskodetzaile bat gehitu »150-180 euro inguru balio du».

Zein kasutan da hobea aukera bat edo bestea?
Telebista aparailua duela gutxi erosi baduzu eta, batez ere, telebista garestia bada »adibidez, plasmadun pantailaduna bada», deskodetzailea erostea komenigarriagoa da. Aldiz, telebista aparailu nahiko zaharra baduzu eta berau aldatu nahi izanez gero, agian hobe da denbora pixka bat itxarotea eta LTD telebista bat erostea, adituen esanetan datozen hilabeteetan asko ugarituko baita telebista aparailu mota horien eskaintza. Edozein kasutan, LTDaz gain, kable bidezko telebista eskaintza jaso nahi bada, telebista aparailuak sarrera analogikoa izan behar du.

Edozein deskodetzailek balio al du nire telebistarentzat?
Bai. Deskodetzaile guztiak dira edozein telebista aparailurekin bateragarriak.

Zergatik daude prezio desberdinetako deskodetzaileak?
Guztiek ez dituztelako zerbitzu berak eskaintzen: batzuk interaktiboak dira eta besteak ez, batzuk DVD erreproduzitzailea daukate, besteek disko gogorra eta abar. Komeni da erosi aurretik modelo bakoitzari buruzko informazioa eskatzea.

Etxeko antenan egokitzapenik egin behar al da?
Legez, 1998. urteaz geroztik eraikitako etxebizitzetako antenek LTD jasotzeko prestatuak egon behar lukete. Hala ere, beharrezkoa da etxean dagoen antena programazio berria jasotzeko egokituta dagoen ziurtatzea, kate pribatuak eta autonomikoak agertzen hasi zirenean egin zen bezalaxe. Nahikoa izango da, jada etxean dagoen antena egokitzearekin. Hori egiten ez bada ordea, deskodetzailea edo LTD telebista aparailua izan arren, baliteke programazio digitala ezin ikusi ahal izatea.

Zer ikus daiteke gaur egun LTDko kateetan?
Egia esan, gauza gehiegirik ez. 2002az geroztik TVE-1 eta TVE-2, Canal +, Antena 3 eta Tele 5 kateek LTDerako ere emititzen dute, Espainiako Gobernuak hala eskatuta, baita Veo TV eta Net TV kateek ere. Baina arazoak dituzte kalitatezko edukiak eskaintzeko, besteak beste, lehenengo bostek multiplex bera partekatzen baitute eta ondorioz, ez daukate nahikoa leku. ETB ere frogetan ari da emititzen ETB-1, ETB-2, Canal Vasco eta ETB Sat. Nafarroan, nahiz eta Canal 4 eta Canal 6 kateek digitalean emititzeko kontzesioa izan, oraindik ez dute programaziorik eskaintzen.

Manu Castilla, EITBko komunikazio zuzendaria: «Ez da egongo digitalean emititu beste aukerarik»

Telebista digitalarekin, jendea gero eta kate gehiago ikustera ohituko da segur aski eta adituek diotenez, gero eta lehiakorragoa izango da. Zein izango da telebista publikoaren papera testuinguru berri horretan?
Telebista publikoaren papera berdina izango da, eta saiatu beharko da testuinguru horretan bere presentzia mantentzen. Digitalizazioarekin, kate gehiago eskaintzeko aukera berriak iritsiko dira, baina oraingoz ez dira edukiak era berean ugalduko, diru sarrera berririk ez dagoelako.

Etorkizunean ere futbola izango al da telebistako edukien izarra?
Futbola, zinema bezala, ordaindutako telebistaren izarra izango da. Telebista irekietan bere presentzia gero eta txikiagoa izango da, dena den.

ETB jada, frogetan bada ere, digitalean ari da emititzen. Etorkizunari begira ETBk zer apustu egingo du?
Ez dago beste aukerarik, ETBk beste telebista guztiak bezala digitalean emititu beharko du 6-8 urte barru, eta beraz, apustua erabatekoa izango da.

Helburu komertzialak
Iñaki Zabaleta EHUko irakasleak ohartarazten digunez: "Telebista digitalaren inguruan mito dezente sortu ditu industriak, gero eta gehiago saltzeko. Kalitatea ez da hainbestekoa, deskodetzaileak seinale digitala analogiko bihurtzen baitu. Telebista aparailu digitala erosiz gero, orduan nabarituko dugu kalitatea hobea dela".

Mikel Astorkiza (Euskalteleko Negozio Garapeneko zuzendaria): «Bezeroak gero eta kalitate hobea eskatuko du»
Nola finantzatzen dira produktuak telebistan eta Interneten?
Edukien produkzioak bere kostua du eta berau publizitate bidez edo bezeroek edukiengatik ordainduz finantzatu daiteke. Interneten, hasieran, publizitate bidezko finantziazioaren eredua zen nagusi. Gaur egun, edukiengatik ordaintzera behartzen duen eredu batera pasatzeko saiakera egiten ari dira, zenbait edukira sarbidea libre utziz. Hasieratik, telebistan bi eredu ari dira elkarbizitzen: eduki orokorreko doako telebista, publikoa zein pribatua eta ordaintzen den telebista, eduki esklusiboak eta tematikoak dituena.

Telebista digitala ordaindu egin beharko al litzateke? Zer iruditzen zaizu Ingalaterran martxan jarritako Freeview ekimena, hau da, doako Lurreko Telebista Digitala? Horrelako ekimenek ez al dituzte telebista digitala eskaintzen duten kable eta satelite bidezko enpresak kaltetuko?
Teknologia digitalak, besteak beste, kalitate handiagoa duten kanal gehiago jartzea ahalbidetzen du. Norbaitek Freeview eredua kopiatu nahi badu, publizitate-inbertsioa gaur egun horretatik bizi diren gainontzeko kateekin partekatu beharko du. Hau da, ETBrekin, TVErekin, Tele 5rekin, Antena 3ekin eta abar. Eta erabiltzaileari egingo zaion eskaintzak izaera orokorra izan behar du. Kableak eta sateliteak kanal tematikoen eskaintzarekin jarraituko dute eta horiek euren publikoa izango dute.

Zer etorkizun aurreikusten diozu telebista digitalari?
Telebista bezeroentzako elementu erakargarri bat izaten jarraitzea eta aisialdirako aukeren artean bere lidergoa manten dezala espero dugu. Era berean, bezeroek gero eta kalitate handiagoko produktua eskatuko dutela sinetsita gaude.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude