Kredituen hirulaurdena etxebizitza erosteko


2004ko uztailaren 25ean
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Mozkin netoak %10,3 gutxitzea, kredituzko inbertsioak %14,2 gehitzea eta Ekintza Sozialari egindako ekarpenak %4,5 gehitzea izan dira 2003ko ekitaldiko elementu garrantzitsuenak, Hego Euskal Herriko lau aurrezki-kutxa nagusiek »BBK, KUTXA, VITAL eta CAN», Hego Euskal Herriko Aurrezki-Kutxen Federazioko (FCAVN) kide direnek, oraindik orain argitara eman dituzten datuen arabera. Hegoaldeko lau aurrezki-kutxen multzoak, 2003ko abenduaren 31ko egunez, 6.210 laguni ematen zien enplegua »6.074 laguni 2002an», 959 bulegotan banatuta »940 bulego 2002an».

Hegoaldeko lau aurrezki-kutxen mozkin gordinak, zergak ordaindu aurretikoak, 486,4 milioi euro izan ziren 2003an; hau da, aurreko urteko ekitaldian baino %10,1 gutxiago. Mozkin netoak, zergak ordaindu ondokoak, berriz, 463,3 milioi euro izan ziren. Beraz, %10,3 gutxitu ziren aurreko urtekoen aldean. Bestalde, federazioko aurrezki-kutxen balantze totala 39.108 eurokoa izan zen, 2002ko balantze itxiaren aldean 2.697 milioi euro gehiago. Hazkunde horren tasa %7,4koa izan zen, aurreko urtekoa baino handixeagoa.

Familiak, titular inbertitzaileenak

Hegoaldeko federazioko lau aurrezki-kutxek 2003. urtean izan zuten kredituzko inbertsioa 25.772,6 milioi eurokoa izan zen. Inbertsio hori aurreko urteko saldoa baino 3.210,9 milioi euro gehiagokoa izan zen, eta hazkundearen tasa %14,2koa aurreko urtekoaren aldean. Zergatik izan zuen eboluzio positibo eta goranzko hori kredituzko inbertsioak? Funtsean, bi arrazoigatik: batetik, interes-tasek behera egin zutelako, »horrek bezeroen zorpetzeko ahalbideak eta joera erraztu zituen» eta, bestetik, entitate horien espantsio-politikak, beren jatorrizko lurraldeetatik kanpora hedatu zirelako.

Kredituzko inbertsioaren hazkundearen osagaiak aztertzen baditugu, ohartuko gara sektore egoiliar pribatuari emandako kredituek izan dutela hazkunderik handiena, %14,7ko tasarekin »%14,6 2002an; %13,9 2001ean». Era berean, sektore publikoaren kreditu-eskaera %7,1 hazi zen. Bilakaera horren ondorioz, azken urteotan, sektore pribatu egoiliarra gero eta pisu erlatibo handiagoa hartuz joan da kredituzko inbertsioen saldoaren barruan, eta, hala, 2001ean %96,8koa izatetik 2002an %97,1ekoa eta 2003an %97,3koa izatera pasatu da. Bestalde, sektore publikoa kredituzko inbertsioaren %2,29aren subjektua da, eta, azkenik, sektore ez egoiliarrak bereganatzen du gainerako %0,4a.

Sektore pribatu egoiliarrari emandako kredituzko inbertsioaren barruan, nabarmentzekoak dira berme errealeko maileguak, batik bat etxebizitza erostearekin erlazionatuak. Hauek sektore pribatuari emandako kreditu totalaren %74a izan ziren 2003an »%71 2002an». Kredituen titularrak aztertzen baditugu, bistan da familiak direla sektore pribatu egoiliarraren kredituzko inbertsioaren %70,9aren titularrak. Zenbateko horren barruan, etxebizitzaren finantzazioak operazioen zenbatekoaren %57,7a hartzen du, eta kontsumoko modalitateak finantzatzera bideratutako maileguek, berriz, %4,9a. Bestalde, kredituzko operazioen bigarren kolektibo titularra, garrantziaren hurrenkeran, enpresa ez finantzarioena da, bolumen totalaren %28,1a hartzen baitu.

Kredituzko inbertsio-zorroa onartutako operazioen xedeen arabera banantzen badugu, etxebizitzaren erosketa eta eraikuntza dira oraindik ere sektore pribatuko kredituzko inbertsioaren xede garrantzizkoenak, totalaren %70,9a hartzen baitute. Ondotik doaz industria eta zerbitzuak, %12,6arekin, eta partikularrentzako maileguak, %9,6arekin.

%4,5 hazi da inbertsio soziala
Hego Euskal Herriko lau aurrezki-kutxek, FCAVN federazioko kide direnek, %4,5 gehitu zuten Ekintza Sozialerako inbertsioa beren ingurune geografiko hurbilenean. 2003. urtea itxitakoan, Hegoaldeko aurrezki-kutxa horien Ekintza Sozialeko Funtsak 390 milioi eurokoak ziren.

2003. urtean, Hegoaldeko lau aurrezki-kutxek 155 milioi euro bideratu zituzten sostengatzen dituzten jarduera sozialetan inbertitzeko eta haiek mantentzeko. Hegoaldeko aurrezki-kutxen funtzio soziala hainbat arlotakoa izan da: kulturarekin eta aisiarekin erlazionaturiko jarduerek baliakizunen %38,1a bereganatu dute -70,5 milioi euro-; asistentzia sozial eta sanitarioarekin erlazionaturiko arloak %38,4 jaso zuen -71,2 milioi euro-; hezkuntzaren eta ikerkuntzaren arloak %20,6a jaso zuen -38,2 milioi euro»; eta ondare historiko, artistiko eta naturalarekin erlazionaturiko arloak gainerako %2,9a bereganatu zuen »5,3 milioi euro-.

Hegoaldeko aurrezki-kutxen ekintza soziala hiru erakunde-ardatz handiren jiran egituratua dago: Ekintza Sozial Propioa, Elkarlaneko Ekintza Soziala eta Besteren Ekintza Soziala deritzona. Aurrezki-kutxa bakoitzak irizpide partikularizatuekin kudeatzen du aldaera horietako bakoitzaz egiten duen erabilera-maila. Ekintza Sozial Propioaren modalitatea, laburbilduz, haren barruan kokatzen diren jarduera eta ekimenen gestioa bakarka asumitzean datza, eta denetan erabiliena da. Garrantziaren hurrenkeran, Elkarlaneko Ekintza Sozialak du bigarren lekua.


Azkenak
Eguneraketa berriak daude