Sarako Ortillopitz: euskal etxearen aitatxia


2004ko maiatzaren 30ean
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Ortillopitz da Sarako biztanlerik zaharrenetakoa. Joanes d'Ortillopitzek 1660an ekarri zuen mundura, harriz, haritzez eta gaztainez egina. Harria berea du baserriak, Larruneko harria. Lurrean zegoen lehen, eta aspaldian tente dago haritz zutabe handien tartean. Eta haritzak balio ez duen lekuan, ateetan, eskailera azpitan, leihoetan, gaztainak laguntzen dio. Seiehun eta hogei zuhaitz denera, eta milioika harri, etxe bakarra egiteko. Ederra da aurpegiz aurpegi begira jarriz gero.

Aurpegi, benetan, eguzkiak ematen dio Ortillopitzi. Orain dela lauzpabost mendeko etxe denak bezala ekialdera so baitago. Etxeak edo baserriak ekialderantz zuzentzeko bi arrazoi zeuden: fatxadako leiho handiek eguzkiari gonbita luzatzen zieten, eta bizkarra ematen zitzaion itsasotik zetorkeen aro zakarrari. Etxeak egiterakoan teoria hura baliatzen zen XVII. mendean; Ortillopitz ez da ezberdina.

Euskal Herriko etxea izateaz gainera Ortillopitzen berezitasunak Lapurdiko etxe klasearenak dira. Fatxada ebaki erditik eta simetrikoa du bi aldetara, eta goitik beherako egurrezko egiturak agerian ditu. Euskal Herrikoa, Lapurdikoa, eta Sarakoa dudarik gabe. Kontrabandisten herrian harginak ere malezia zainetan. Pikardia hori antzematen zaio Ortillopitzi, balkoi aldean etxearen fatxadak zerbait kanpora egiten baitu, hutsa, zentimetro batzuk, baina kanpora. Eta kanporako horri esker goiko estaia behekoa baino handiagoa da azaleraz, espazioz. Eta garai hartan etxearen zerga lurreko azaleraren araberakoa izaten zen. Ez goiko estaiaren azaleraren araberakoa. Bazekien harginak nola atera babak eltzetik.

Baina hargina baino etxekoandrea seguruago jardungo zen babak lekatik ateratzen, edo artoa aletzen, edo berdin garia irabiatzen. Eta lorioa zen horretarako leku aproposa. Lorioan iragaten zen eguna, eta Ortillopitzen lorioa harri losaz egina da. Harrizkoa du, ataritik aurrera maila bat gora egin, eta ezkaratza ere. Familia diruduna zenaren seinale. Poltsiko arina zutenek lorioa, ezkaratza, eta lehen estaia lurrezkoa izaten zuten. Lurra bera, alegia. Ortillopitzen nagusiak aberatsak ziren, ordea.

Aberatsak abereak bere, eta abereen gela ukuilua. Ortillopitzeko ukuilutik zaldiak, behiak eta idiak pasa ziren. Oraindik ere han daude askak, garai bateko gurdiak, eta uztarriak, museorako bezala. Zerria ere izaten zen Ortillopitzen, baina zerria ukuiluan baino gazi kutxan nahiago, eta ukuiluaren ondoan xaia dago gazi kutxa eta guzti. Lastima, hutsa. Xaia, baina, abereak baino gehiago edaria gordetzeko erabiltzen zen. Izan ere xaiak murru lodiak ditu lau aldetara eta 350 urtean ez zaio tenperaturarik aldatu: 15 gradu. Edaria sagardoa izaten zen. Ortillopitzen hemezortzi hektareatatik hamabi sagarrondoenak ziren eta sagardo asko egiten zen ukuilu atzeko dolare berezian. Izan ere, arrantzaleak bakailao arrantzara eta bale ehizara Ternuara joaten zirenean trukerako txanpona zuten sagardoa. Indioei barrikak trukatuz egiten zuten tratua. Sagardoa eraman eta bakailaoa ekarri. Oraindik ere zintzilik dago xaian bakailao lehor gatzatu bat. Han gordetzen ziren urtean zehar jan eta edan beharreko denak. Denak, okasiotarako janari preziatuen haiek izan ezik. Goxo eta berexi haiek, eskailerapean.

Eskaileratan gora eginez bigarren estaira igotzen da. Eskailerek ere badute beren xarma: garai batean sagardo barrika izandako egur xafla fosilduak jarriak ditu ertz batean heldu leku bezala, goitik beherakoan amona laprast egin eta erori ez zedin. Baina lastima litzateke eskaileretan denbora gehiegi pasatuagatik sukaldea ikusi gabe gelditzea. Sukaldea zen garai batean etxeko gelarik maiteena, eta oraindik ere berak ditu gordetzen bitxikeriarik gehien.

Eskailerak igo eta ekialdera egin behar da sukaldera sartzeko. Beroa behar zuen sukaldeak, goxoa, eta ekialdeak ematen zuen hori. Zabala da, arratsean, beilan, familia guzia elkartzeko modukoa. Aitzinean tximinia handia, eta ondoan ogia egiteko labea. Arraska ez da gaurkoa, baina dutxa da berezia. Lurrean harri losa karratu bat, aurrean paretatik kanporantz zulo bat uraren ihesbide, horixe zen XVII. mendeko dutxa. Ez itxitura, ez ur, ez ezer, baina dutxa. Jakina, sukaldea etxeko gelarik beroena zen, tximinia ez urrun, orduan sutan ura berotu, harriaren gainean jarri norbera eta burutik behera ur hori isuriz dutxatzen zen bakoitza sukalde erdian. Ura zuloan barrena eskapatzen zen etxeko paretatik kanpora. Baina aberatsenek ere ez baitzuten deusik alferrik galtzen, arraskako eta dutxako uren isur lekuaren azpian marmita bat zegoen. Marmita hartan tantaz tanta pilatutako urarekin ureztatzen zen baratzea. Baina baratzera alde egin aurretik sukaldeko zizailua aipatu gabe ezin da utzi. Euskal sukaldeetako altzari klasikoa, zizailua, tximiniako berotasunari begira dagoen banku zabala da. Bizkar aldea betea du, atzeko leihotik zetorkeen freskurari bidea moztu, eta aurreko berotasuna bueltan bidaliz bizkarrak berotzeko. Familia guztia sukaldean biltzen zenean arratsean, nagusi zahar eta gaztea esertzen ziren zizailuan. Otorduak ere han egiten zituzten bankura plegatutako taula bat askatu eta perpendikularrean lotuz mahaia osatuz. Dena tximiniako berotasunean. Eta tximinia pizturik mantentzeko ekialderanzko leihoa bitan zatitua dago. Beheko kontra bentana ia egun osoan itxia, eta goiko txikia zabalik, argiari atea zabalduz eta suari hauspoa emanez. Sukaldeko azken sekretuak, zintzilikario bat balearen koipearekin argia egiten zuena, artzainek hitz egiteko txalaparta, kaikua, danbolina, eta ogia xigortzeko tresna berezi bat dira. XVII. mendean ere ogia xigortzekoa alajaina! Ona edo txarra ote zen ezin jakin, marka komertzialen izenik ez du agerian.

Sukaldetik mendebaldera egiten duen kuluarrean, hiru logelatarako bidea dago. Hiruak ere antzerakoak dira. Sukaldetik gertueneko logela nagusi zaharrarena zen, beroena. Hurrengoa, nagusi gaztearena, epelxeagoa. Eta azkena, hotzena, hirugarren belaunaldiarena. Logela denetan gaurko literen itxurako ohea dago, somierrak sokaz lotuak. Oheak txikiak dira, ez baitzen lo etzanik egiten, erdi eseri erdi kuxkurtuan baizik. Postura etzana hilotzarena zen. Postura kuxkur hartan, kortinak ixten ziren goitik behera, bestela hotza sartzen zen kanpotik. Aipagarriena, agian, hirugarren logelan leihoaren azpian ezkutuan dagoen zulo txikia da. Kabi moduko bat harrizko paretan. Ondare bereziak hantxe gordetzen ziren. Harrizko paretan egoteak sute bat egonda ere erreko ez zenaren segurantzia eskaintzen zuen. Bazekiten zerbait ordurako.

Handik gora, ganbara dago, uzten gordelekua. Bazkak ez ziren ganbaran sartzen, suteei beldur handia zitzaien eta kanpoan edukitzen ziren metatan. Ez zuen asko jakingo bazkak ganbarara sartu nahi ez eta baserria erreko ote zen beldur zenak XXI. mendean oraindik ere zutik egongo zenik.

Ortillopitzetik elizara, hil bidea
Ortillopitzek, euskal etxe zaharren arkitekturaz gainera Euskal Herrian orain dela lauzpabost mende zer sinesmen zeuden ere erakusten du. XVII. mendean sorgin beldurrak puri-purian zeuden, eta atariko eguzki loreak babesten zuen familia sorginkerietatik. Baina suerte txarra ere izaten zen tartean-tartean, eta etxeko norbait hiltzen zenean zer errito egiten ziren erakusten du logela batean dagoen argizari kiribilduak.

Heriotza bat gertatzen zenean, lehen lana nagusiak kabalei heriotzaren berri ematea zen, bestela ez ziren baretzen. Eta erleak ere ezin ziren abisatu gabe utzi, ostantzean erlauntzatik ihes egiten omen zuten, eta orduan nork egin argizaria? Eta argizaririk ezean zer eramango zuen etxekoandreak elizara otarrean sartuta?

Izan ere, etxeko batek azken arnasa eman bazuen, elizarako bidean eskuinetara aurkitzen zen lehen auzoari abisatzen zitzaion. Eta hura arduratzen zen herriko jendeari heriotzaren berri emateaz eta hiletak antolatzeaz. Ehorzketa egunean etxekoandrea argizaria otarrean lihoz inguratua zuela ateratzen zen etxetik eta elizarako bidean denak elkartzen joaten zitzaizkion. Hil bidea esaten zitzaion. Hil bide hartan hildakoaren ohe jantzia erretzen zen, eta batzuetan ohea ere bai. Elizan, zolan, etxe izenak jartzen zituen harrietan, familia bakoitzaren lekuaren adierazgarri. Etxea ordezkatzen zuena andrea zenez, losa horretara iristean, kiribildutako kandela parte bat askatzen zuen, pizten eta harriaren gainean pausatzen. Zeremonia denbora osoan piztua egongo zen kandela, eta dolu urtean zehar egingo ziren zeremonia guzietan ere bai. Beraz otarrea enterramendu egunean sartzen zen elizara eta hurrengo urtean ateratzen zen.

Bisita orduak
Apiriletik urrira arte bisita gidatuak daude egunero; apirilean, maiatzean, ekainean, irailean eta urrian 14:00etatik aurrera eta uztailean eta abuztuan 11:00etatik aurrera.
Tel: 00 33 05 59 85 91 92
Fax: 00 33 05 59 85 91 93
e-posta: basqueortillopitz.com
web gunea: www.ortillopitz.com


Azkenak
“Gaza militarki okupatzeko plana berehala gelditu behar du Netanyahuk”, esan du nazioarteak

Ostiral goizeko albisteak erreakzio ugari piztu ditu Israelen zein nazioartean. Aurka agertu dira Israelgo bahituen familiak eta NBE. Alemaniak, Israelen aliatu tradizionalak, armak saltzeari utziko diola jakinarazi du.


Pazienteek 25 egun itxaron behar dituzte, batez beste, Osasun Mentaleko Zentruetan arta jasotzeko

25,6 eguneko batez besteko itxaron zerrendak daude Osakidetzako Osasun Mentaleko Zentruetan. Larrialdi kasuetan, aldiz, 24 eta 72 ordu arteko itxaronaldiak daude. 


Non dago Maider?

Lau hilabete daramatzagu greba mugagabean, hitzarmen propio baten eta lan-baldintza duinen alde. Lau hilabeteko greba honetan, udaltzainek piketeetan bortizkeriaz zapaldu gaituzte, hirian jarraitzen gaituzten eta mobilizazio bakoitzean zelatatzen gaituzten polizia... [+]


Oñatiko egoitza batera mugituko dituzte Donostian kale egoeran bizi ziren migratzaile maliarrak

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak Oñatiko Arantzazu egoitza eskaini dute maliar migratzaileentzat. Bertan geldituko dira Espainiako Gobernuak haien asilo eskariak ebazten dituen bitartean.


“Intentsitate altuko” bi sexu eraso salatu ditu Gasteizko Mugimendu Feministak ostegun gauean

Mugimendu Feministak azaldu duenez, Fermin Muguruzaren kontzertuaren aurretik gertatu ziren erasoak. Horiez gain, beste hiru eraso zenbatu dituzte: hiru gizonak atxilotu ditu poliziak. 


Gaza Hiria okupatzeko plana onartu du Israelgo Segurtasun Kontseiluak

Ostiral goizaldean eman du erabakiaren berri Israelgo Gobernuak, hamar orduz luzatu den bilera baten ondoren. Dena den, okupazioa gauzatzeko, gobernu osoaren baiezkoa behar du Netanyahuk: igandean izan daiteke bilera. Segurtasun Kontseiluak, halaber, mugak jarri dizkio... [+]


Oholtza denontzat?
Feminista izango da, edo ez da izango

Sorkuntzarako, gozamenerako eta aldarrikapenerako espazio moduan dute oholtza musikari askok, baina bere ingurumarietan katramilatzen dira sarri, eta espazio "bortitz" bihurtzen da hegemonikoak ez diren gorputz askorentzat. Presio estetikoa, egiteko modu deserosoak,... [+]


2025-08-08 | ARGIA
GOMENDIOAK | Sei liburu uda honetarako

Lautadako mamua
Xabier Montoia
Elkar, 2024
112 orrialde

Eleberri labur honetan egileak XIX. mendeko Euskal Herrira garamatza, sekulako sona hartu zuen Juan Diaz de Garaio hiltzailea duela protagonista. Arabako landa guneko jendarte tradizional eta giro hotzean barneratzen... [+]


Errusiak baieztatu du Putin eta Trump datozen egunetan bilduko direla

Joan den astean Trumpek ohartarazi zion Putini hamar eguneko epean Ukrainarekin su-eten akordio bat sinatu ezean, zigor ekonomikoak ezarriko dizkiola. Zelenskik sare sozialetan adierazi du ezinbestekoa dela Errusiako presidentearekin bildu aurretik lehenbizi su-etena... [+]


Boubacar Diouf: “‘Manteroa’ izatea ez da delitua; bakean bizi nahi dugu, diskriminaziorik gabe”

Manteroekin Bat plataformak eta Mbolo Moye Doole elkarteak elkarretaratzea egin zuten astelehenean Bilbon, azken asteetan poliziak manteroen aurka eginiko eraso "arrazistak" salatzeko. Izan ere, Boubacar Diouf kale saltzailearen arabera, poliziaren jazarpena... [+]


Nafarroako suteak nekazaritzako makina batek sortu zituela baieztatu du gobernuak

338 hektarea erre ditu astearteko suteak. Nekazarien sindikatuak haserre agertu dira Nafarroako Gobernuak suteak saihesteko ezarritako murrizketekin. Asteazkenean beste sute bat piztu da Artaxoa eta Añorbe artean, baina hura ere kontrolpean dute suhiltzaileek.


ChatGPT psikologo bezala erabiltzearen arriskuez mintzatu da Mireia Centeno Gutierrez psikologo eta psikopedagogoa

Ohartarazi du ChatGPT lanketa emozional “sakonak” egiteko erabiltzea “arriskutsua” izan daitekeela ez duelako erabiltzailearen testuingurua ezagutzen eta “gehiago biktimizatu” dezakeelako.


Heriotza txikiak

Urtebetetzeek eta urte aldaketek pilaketa bidezko eragina dute: alegia, banaka, gertatzen direnean, nik ez dut ezer sumatzen. Urtebetetzeetan, ondo xamar egin badut segundo batzuez olgatzen naiz (nire baitarako), nire garunaren zati batek ezin dio utzi zoriontzen dutenean... [+]


Miren Agur Meabe
“Zalantza askorekin idatzitako liburua da, baina zalantzek bultzatzen gaituzte aurrera”

Apirilean argitaratu zuen Amorante frantsesa (Susa) Miren Agur Meabek (Lekeitio, 1962). Thriller ukitua du poemen bidez idatzitako nobela deigarriak eta, istorioa fikziozkoa den arren, badu idazlearen aurreko lanak markatu dituen kutsu autobiografikoaren arrastorik. Hortaz,... [+]


‘Stabat mater’ borobila

Zer: Orquesta de la Comunitat Valenciana. 

Zuzendaria: Mark Elder. Donostiako Orfeoia. 

Zuzendaria: José Antonio Sáinz Alfaro.

Bakarlariak: Federica Lombardi (sopranoa), Paula Murrihy (mezzoa), Xabier Anduaga (tenorea), Will... [+]


Eguneraketa berriak daude