Nagoen lekutik: Irlanda: bustia eta berdea


2004ko maiatzaren 30ean
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Irlanda aipatu orduko, irla berde bat datorkigu burura. Bazter guztiak bustitzen dituen euria da bertako lehen protagonista eta barren guztiak betetzen dituen garagardoa bigarrena. Pubetan musika entzutea da beste irudi irlandar tipikoa eta azkenaldian tabakoa leku horietan bertan erre ezinak piztu du polemika.

Ipar Irlandako egoera politikoa atentzio bereziz jarraitu izan dugu Euskal Herritik, batzuk gurearekin paralelismo asko antzematen dizkiotelako eta besteek hangoak hemengoarekin zer ikusirik ez daukala iritzi dutelako.

Ozeano Atlantikoan dagoen Irlandara iristeko, errepide eta itsasontzi konbinaketa zen duela gutxi arte aukerarik merkeena. Gidatutako kilometroei, autopista eta itsas ferryen kostua gehituta erabakitzen genuen ibilbidea. Gaur egun hegaldien prezioak harrigarriak dira, kosta egiten da sinestea Dublinera joan-etorria hegazkinez Madrilera autobusez baino merkeagoa izatea. Irlandara ingelesa ikastera joandako askok lagun eta familia bixita gehiago dituzte, Bartzelonan karrera bat ikasten ari direnek baino.

Aste Santuotako oporretan hara nindoala esan nuenean, inguruko baten semea, bizilagunaren laguna eta ez dakit noren andregaia han zeudela jakin nuen. Proportzio horretan, orain daudenei inoiz egondakoak gehituz gero, Irlandan «ikasten» egondako euskaldunen kopurua altua behar du izan, milaka batzuk agian.

Euro atlas txikia

Irlandak 84.500 kilometrotako azalera duela idazteak ez dio hainbati ezer asko esango, iparretik hegora 450 km eta zabaleraz 300 dituela jakinda nolako forma izan dezakeen imajina genezake -borobil samarra-edo-. Euskal Herria (20.000 km) halako lau dela esanda zerbait gehiago zehaztuko dugu ziurrenik.

Europa 15 + 10 estatuz osatu berri da egunotan. Gero eta zailagoa zaigu bakoitza bere leku egokian kokatzea, dituen mugak bereiztea eta aldamenekoak zeintzuk diren buruz asmatzea. Irlandaren irla izaerak aurreko guztiak errazten ditu eta atlas bat eskura ez eduki arren nahikoa da poltsikoan daukazun edozein koloretako euro billetea ateratzea... Erraz bereiztuko duzu irla berdea. Herrialde bat non dagoen eta zer itxura daukan jakinda gauzak hobeto ulertzen dira; Geografian eta biztanleak zenbat eta nolakoak diren esateak, berriz, asko laguntzen du Soziologian.

Irlandarrak 5,6 milioi dira, hauetariko 3,9 milioi Irlandako Errepublikan eta 1,7 milioi Ipar Irlandan. Populazio honen %57 hiritarrak dira eta %43-edo landatarrak. Adinari begiratuta gauza batek ematen du atentzioa: biztanleriaren erdiak 30 urtetik behera ditu eta hori ez da Europan oso normala. Hizkuntza ofizialak irlandesa eta ingelesa diren arren erabilpenaren proportzioak asko aldatzen dira batetik bestera. Irlandesa familia gaelikoko hizkuntza da eta berau zen jatorrizko hizkera. XVI. mendetik aurrera atzerakada dezentea izan zuen eta Irlandak independentzia lortu zuenean (1922) ia galduta zegoen. Berreskuratze lanetan irakaskuntzari garrantzi handia eman zaio eta egun ia milioi bat pertsonek jakingo dute beharbada. Erabiltzen dutenen kopurua 150.000koa izan litekeela kalkulatzen da.

Kale neurketa egitea oso zaila izateaz gain arriskutsua ere bada, balorazioak egiteko denbora asko pasatu behar da herrialde batean eta giro ezberdinak ezagutu. Euriak tximak busti eta belarriak ageriago geratzen dira baina guk han astebetez ez dugu gaelikoz askorik entzun. Guregana zuzentzen direnek ingelesa erabiliko dutela garbi dago, baina beraien arteko elkarrizketetan irlandesa gutxi samar hitz egiten ote duten irudipena ekarri dut... Errealitatea bestelakoa bada hobe!

Kerik gabeko zurruta

Joan aurreko berri batek nahastu zituen bazterrak. «Irlandako pubetan ezin omen da erre». Leku publikoetan, munduan zehar, debekua zabaltzen doan arren, leku pribatuetara ez zen iritsi orain artean. Gauzak debekatzea ondo arautzea baino errazagoa da, arautzea halere, ez da inoiz denen gustukoa izango eta gehienona izateko ere nahikoa lan izaten da. Taberna batera sartzea norberak aukeratzen duen erabakia bada debekatu al daiteke erretzea? -300 euroko isuna gutxienez erretzailearentzat eta beste hainbeste tabernako nagusiarentzat-. Gustu guztietako iritziak jaso genitzake, tabako marka adina iritzi, gogorrenetik hasi eta light-eraino. Ni erretzailea ez naizenez eta taberna zuloetan ordu gutxi ematen ditudanez eroso sentitu naiz Irlandako pubetan. Musika entzunez aurrean daukadan zurruteroak ez dit kalte zuzenik egingo, baina agian erretzaileak molestatu bai. Taldeko tabako zale diren (edo izandakoen) artean ere denetariko iritziak daude! Taberna batzuk erretzaileentzat eta besteak ez erretzaileentzat? Lokalaren zati batean tabakoa erretzea libre eta bestea kerik gabeko gunea?

Ipar Irlandara sartutakoan »Britainia Handian legedi honek baliorik ez duenez» gauzak asko aldatzen dira. Belfast hiriko auzo katolikoa hemendik joandako euskaldun gehienek bisitatzen dute, Falls kaleko pintadak ezagunak dira gure artean. Pub batean sartuz gero nabarmena da diferentzia, ez giro politizatuagatik bakarrik, baizik eta taberna barruan ez delako giro, kea usaintzeaz gain ikusi ere egiten delako.

Duela 15 urte, orain 10 urte eta oraingo honetan gauza bera egin zait deigarria. Esku batean alkohola -zerbeza ala whiskia- eta bestean zigarroa daukan iraultzaile figura etorri zait burura; bi eskuak okupatuta edukita ezin ukabila altxatu. Aho ezpain berdinak dira edalontzia husten dutenak, zigarroari tiratzen diotenak eta borroka diskurtsoa darabiltenak. Bat-batean, eztabaida bero-bero dagoenean, isiltasuna nagusitu da tabernan... Futbola dago telebistan, gol egarria ere badago jende artean. Kanpoko preskura apur bat hartzera joan naizenean, kalean edatea debekatua dagoela ikusi dut, -300 librako isuna-, trago txarra inondik ere hori ordaindu behar izatea!

Erretiratzeko garaia iritsi denean -»gauerdian ixten dituzte taberna gehienak-» jende gutxi ikusten da autoa gidatzeko moduan, mozkortutako gizon-emakume asko dago bazterretan taxien esperoan, tristura apur bat sentitu dugu gure furgoneta barruan.

Katoliko ibili/egon/izan

Gero eta gutxiago entzuten dira gurean, «hori ez zebilek/zegok oso katoliko» bezalako esaldiak. Norbait erdi gaixo, erdi moxkor edo pulamentu gutxirekin ikusitakoan hitz egiten dugu horrela. Lehen kontatutakoagatik esaldiak berebiziko indarra dauka Irlandan. Euriak paisaian duen eragina adinakoa da erlijioak Irlandako Errepublikako bizitzan daukan eragina. Elizaren esku egon dira edo daude bertako ikastetxe asko eta ospitale batzuk. Inkestek diotenez, %90etik gora dira normalean mezatara joaten direnak. Politika munduan ere eragin izugarria da erlijioarena. Dibortzio, abortu, homosexualitate eta antisorgailu kontutan moral kontserbatzaileak dirau Irlanda berdean. Etxera joandakoan komeni izaten da kanpokoarekin alderatzea, zer daukagun eta zer ez konturatzeko, zer falta zaigun eta zer sobratzen zaigun baloratzeko. Maiatzeko jaunartzeak hizpide ona dira horretarako. Erlijioei buruzko hausnarketa eta kritika egiteko aitzakia aproposa da komunio kontu hori, zer esaten den eta zer egiteko gauza garen ikusteko urte sasoi egokia da udaberria.

Irlandako paisaiaren edertasunaz idatzi nahi nizuen, baina bertan topatutako panoramaz aritu natzaizue, beste baterako utziko ditugu hango milaka bazter eta txoko interesgarri. Irlandako kasuan ere, 6.500 «karakter» erabiliz ezin da «izaera» bakar bat azaldu.

Josu Iztueta Azkue
Cork, Irlanda


Azkenak
Zuritxo, egon deseroso

Queer falafel
Non: Arberatze-Zilhekoan, EHZ festibalean.
Noiz: ekainaren 29an.

------------------------------------------------------

Hasi orduko, ohar bi. Bat: “Deseroso egongo zara apur batean, isildu eta entzun. Asko ikasiko duzu zure pribilegio... [+]


2025-07-11 | Gedar
700.000 etxegabetze baino gehiago 2012tik Espainiako Estatuan, eta ez da Poliziaren kontzientzia-objekzio bat bera ere izan

Kontzientzia-eragozpena aurkezteko aukera legala daukate poliziek, eta horretarako babes "sindikala" duten arren, bakar batek ere ez du eskubide hori baliatu hamarkada batean baino gehiagoan.


EHUk euskarazko 32 ikaspostu gehiago eskainiko ditu Medikuntza Fakultatean

2025-2026 ikasturtean, Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean euskarazko 32 ikaspostu gehiago eskainiko ditu EHUk. Erakundeak adierazi du kopuru hori lortzea Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin eta Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailarekin izandako... [+]


Guraso batek 11.000 euroko isuna jaso dezake adin txikikoen futbol partida batean izandako irain eta erasoengatik

Gasteizko eskolako futbol partida batean guraso batek irainak bota, mehatxatu eta pertsona bati eraso egiten saiatu zen adin txikikoen aurrean. Arabako Foru Aldundiak kudeatzen duen mota horretako bigarren salaketa da. 


2025-07-11 | ARGIA
NBE-ren errelatore Francesca Albanese
“AEBek ni zigortu izana haien erruduntasunaren seinale da”

AEBek Francesca Albanese NBEk Palestinar Lurraldeetan duen errelatore berezia zigortu dute genozidioari buruzko txostena argitaratu eta egun gutxira. Albanesek sare sozialetan azaldu duenez, “boteregabeen alde hitz egiten dutenak boteretsuek zigortzea ez da indar... [+]


Israelgo Armadarentzat altzairua ekoitzi duen Sidenor enpresako burua saritu du Jaurlaritzak

LAB sindikatuak kritikatu du Sidenor enpresako buruari Joxe Mari Korta saria ematea, enpresa hori "Israelgo Armada indartzeko altzairua saltzen" aritu baita orain gutxira arte.


Zartako eta Radiocrimen taldeek baxu jotzailea kanporatu dute indarkeria matxista leporatuta

Instagrameko @denuncias_euskalherria kontuak publikatu ditu hainbat salatzaileren mezuak. Horietan salatu dute bi talde horien baxu jotzaileak haren bikotekide ohiak fisikoki eta psikologikoki eraso izana


“Pazienteen segurtasuna kolokan jartzen duena euskaraz ez dakien osasun profesionala da”

Hizkuntzak osasun arretaren kalitatean duen eragina aztertu dute EHEk eta EHUk. Jon Zarate Sesma EHEko kide eta EHUko ikertzaile doktoreak emaitzen xehetasunak eman ditu.


Hamar urte barru euskararen arnasgunerik ez dela egonen ondorioztatu dute

UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen eskariz, 2036an Hego Euskal Herrian euskararen egoera zein izanen den aztertu du Siadeco ikerketa etxeak. Hipotesi batzuk beteko balira, hemendik hamar urtera ukanen genukeen errealitate soziolinguistikoari begiratuta, "egoera... [+]


Ez onartu hiriaren salerosketa, ez irentsi itxurakeriaren amua

Azken urteotan Donostian gero eta ozenago entzuten ari gara bizilagunen ahotsa: turistifikazioa gure hiria itotzen ari da. Joan den ekainaren 15ean, ehunka donostiar atera ginen berriro kalera gure bizi-baldintzak eta bizimoduak defendatzera. Jendartearen eta auzoen beharrak... [+]


2025-07-11 | Enbata
Eztabaidaren gainetik… gazte batzuen bizipena

Azterketak euskaraz gaia aktualitatean jarri zen berriz ekainean, baxoaren hilabetean. Etxepare lizeoko ikasleek aldarrikatzen segitu dute Baionako suprefeturaren edo herriko etxearen aitzinean eta euskaraz ari diren irakasleek prentsaurreko bat eskaini dute azpimarratzeko... [+]


Osasun Bidasoak eskualdeko urologia zerbitzuen “okertzea” salatu du

Plataformak jakinarazi du Bidasoako ospitalean zerbitzua maiatzean itxi zenetik, Donostiako ospitalean ez direla "arreta egokia" ematen ari, kontsulta asko bertan behera uzten ari baitira "alternatibarik gabe". Maiatzean ESK sindikatuak salatu zuen larrialdi... [+]


Eguneraketa berriak daude