Trenak aurrera egin behar luke


2004ko maiatzaren 23an

Hego Euskal Herriko politikagintzak korapilotsu jarraitzen du, ageriko eta isileko harremanetan, herritar gehienok bakearen eta normalkuntza politikoaren egarriz jarraitzen dugun bitartean. Martxoaren 11k garai politiko berri bat ireki du. Espainiako Zapatero Presidenteak, kargua hartzeko denborarik gabe, PSOEren lidergoa sendotze asmotan erabaki jakin batzuk hartu ditu: Iraketik ejertzitoa erretiratu, nazioarteko politikaren norabide aldaketa eta, barne politikan, PPk Iritzi Publikoaren kontra harturiko zenbait lege gelditu ditu. Baina, batez ere, ageriko elkarrizketaren estetikaren laguntzaz etsai politikoak kontrolpean jartzen saiatzen ari da Zapatero. Estrategia honen azkena, hitzarmen antiterroristaren kudeaketan ikusi dugu: helburua PP kontrolpean edukitzea duelarik. Nola aldatu diren gauzak. PSOEk, Europako hauteskundeetan, Espainian duen lidergoa baieztatu nahi du eta, epe laburrean, estrategia politiko guztia helburu horretara baldintzaturik egongo da. Elkarrizketaren estetika berriarekin batek baino gehiagok kontuz ibili beharko du gure artean ere.

Euskal arazoaz, berriz, PSOEk jarrera ezberdinak erakusten ditu. Orain arte, ez du Ibarretxe Lehendakariaren egitasmoaren eztabaidan sartzeko asmorik erakutsi. Urtebete barru, EAEn hauteskundeak izango ditugu eta Madriletik zuzentzen den PSOEk ez dio arnasarik hartzen utziko Lehendakariari. Bada EAJn alderdi sozialistarekiko hitzarmenaren bila dabilenik baina, gauzak dauden bezala, epe laburrean ezinezko hipotesia dirudi. EAEko PSE-EEn euskal abertzaletasunarengandik gertuen egon daitekeen sektoreak »momentuz botererik eta erabakitzeko gaitasunik gabe» explorazio lanetan dihardu Ezker Abertzalearekiko adierazpen atseginen gurutzaketan. Segur aski jarrera hori, epe laburrera, EAJri presioa egiteko modu bat da baina, epe ertainera, post-ETA garaian eraiki litekeen lankidetza iraunkorrago baten ideia, asmoa eta gogoa dago. Edozein kasutan, Alderdi Sozialistaren jarrera politikoen kudeaketa Madrilen kokatzen da eta, momentuz, hitzarmen antiterroristaren tresna erabiltzen jarraituko du alderdi sozialistak. Momentuz, PSOEk, HZ legez kanpoko Batasuna ordezkatzera datorrela adierazi du. Ikusiko dugu.

Post-ETA garaia behin eta berriro agertzen da hipotesi politikoetan, han-hemenka. Baina, momentuz, ETAk ez du ezer esan. Hala ere, epe laburrean gauzak aldatu egingo diren sinesmena geroz eta hedatuago dago eta proiektu politiko bakoitzak, bereari amore eman gabe, indar metaketan jarraitzen du. Blokeo egoera hau Post-ETAren baieztapenak askatuko luke, baina inork ez du nahi oraingo mugimenduekin norberaren etorkizuna ito; ezta ETAk ere.

Ibarretxek ere aurrera dihardu bere egitasmoarekin baina gauzak ez zaizkio errazak gertatuko. Gainontzeko proiektuak muturretan ziharduten unean Ibarretxek herritarren babesa jaso zuen; egoera honetan babes horren kudeaketa askoz ere zailagoa da. Alde batetik, Eusko Legebiltzarrean gehiengorik ez du. Baina, zentralitate hori zutabetzen duen iritzi publikoaren gurpila geroz eta zabalagoa eta indartsuagoa denaren konbentzimenduaz bere proiektua herritarren onespenaren probara eramateko ideia mugiezinarekin jarraitzen du Lehendakariak. Baina zentralitate horren kudeaketak, trenaren jarraipenak, muga garrantzizko eta zailak ditu. Bat: hiruko gobernuan dauden arazoak. Bi: EAJn badira Alderdi Sozialistarekin estatutu berri baten bila joango liratekeenak. Hiru: EAJk bizi dituen barne hauteskunde borrokatuak alderdiari sendotasunik ez diote eransten. Lau: gizarte organizatuan zentralitate hori eraikitzeko babesak ez dira ugariak; enpresarien ordezkaritzak beste apustu batzu erakusten ditu eta ELA bezalako sindikatu bat zentralitate horretatik geroz eta urrutiago agertzen da Nazio Eztabaidaguneko posizioetan eroso sentituz. Bost: mugaketa gogorra izango du bai Alderdi Sozialistatik eta bai Nazio Eztabaidagunetik eta ahalegin guztiak egingo dituzte Eusko Jaurlaritzak iniziatiba politikoa hartu ez dezan. Sei: ETAren arazoa. Post-ETAz asko hitz egiten da baina zentralitatea zutabetzeko herritarren babesaz gain ETAren biolentzia desagertzearen baldintza beharrezko egin du Lehendakariak. Herritarrek ETA desagertzeko duten gogoa nahikoa ote da horretarako? Luzaroan atentaturik ez egoteak esperantza hori handiagotzen duen arren, ETAk zer erabakiko duen ez dago garbi. Baina, hartzen dituen erabakiak hartzen dituela, euskal abertzaletasunaren lidergoa Ibarretxeren eskuetan eror ez dadin ahalegin guztiak egingo dituela begi bistakoa da. Sistema barruan ala kanpoan Ezker Abertzalea euskal abertzaletasunaren lidergoa bere inguruan metatzen saiatuko da. Helburu hau izan liteke Ezker Abertzalearen transformazioa baldintzatzen duen elementuetako bat.

Ezker Abertzalean barne hausnarketa bizi da eta une historiko garrantzizkoa. Ezker Abertzaleak ez du lortu »eta ez du lortuko» EAJ bere lidergopera ekarriz Espainiako Estatuarekin negoziatuko duen erreferentzia bat osatzea. Bergarako Proposamenak ez du inolako erantzunik izan eta Nazio Eztabaidaguneak ere ez. Baina, etorkizun laburrean Ezker Abertzalearen lan politikoa sistema barruan gehiago dago sistemaz kanpo baino; biak eraman eta uztartu ezinak dira. Nola antolatu trantsizio hori? Euskal Herriak Ezker Abertzale bat behar du eta trantsizio hori aurrera eramatea Ezker Abertzaleari badagokio ere gainontzeko alderdien jarrerek ere zeresan handia izan dezakete. Epe laburrean Ezker Abertzaleak bere egoera konpondu beharko du baina bada, post-ETAren egoera horretan Kataluniako hitzarmen ereduan pentsatzen duenik. ETArik gabe baina euskal abertzaletasunaren lidergoa hartuz. Geroz eta gertuago ageri da bi alderdi abertzale nagusienen arteko lehia eta konpetentzia normalizatua. Apenas lekurik ikusten zaion EAri EAJrekin lankidetzatik kanpo eta, gauza bera gertatzen zaio Aralarri Ezker Abertzalearekin. EAko zuzendaritzak Ezker Abertzalearen aldeko apustu estrategikoa egin dezake baina, oro har, alderdi honen boto-emaileen kultura politikoak zerikusi gutxi du Ezker Abertzalearen tradizioarekin.

Dagoeneko urruti dira Ajuria-Enea eta Lizarra. Alderdiek garai politiko berri batetara egokitzeko ahaleginetan dihardute; bakea eta normalizazioa helburu garrantzitsuak dira baina bakoitzak indarrik galdu gabe nahi luke aurrera egin. Alderdien lehia legitimoaz gain, etorkizunean gure herria eraikitzeko funtsezkoak diren bi oinarri nagusitzen dira, ordea: bakea eta euskal herritarron hitzarekiko errespetua. Etxe horretatik kanpo hotz egingo du etorkizunean.


Azkenak
2024-04-30 | ARGIA
Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

34.000 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

Israelek 40 eguneko su-etena eta preso trukea eskaini dio Gazari, baina akordioa lortu edo ez Rafah inbadituko dutela adierazi du Netanyahu lehen ministroak. AEBk eta Erresuma Batuak Hamas presionatzen ari dira Israelen eskaintza onar dezan. Astelehenean 47 palestinar hil zituen... [+]


2024-04-30 | ARGIA | ARGIA
Hil egin da Artzentalesen zauritu zen basogintzako langilea

Langilea larri zauritu zen apirilaren 24an, eta astelehenean, hilak 29, hil da. 22 urte zituen eta sektorean bi hilabete soilik zeramatzan lanean. 2024 urtean hildako 22. langilea da.


2024-04-30 | ARGIA
Eneko Bidegainen 'Bichta éder' eleberriak jaso du 111 Akademiaren Saria

Karmele Jaioren Maitasun kapitala-rekin lehiatu da finalean. 2023ko “libururik gogokoen” izendatu dute Bidegainen “bihurgune askotako” thriller politikoa 111 Akademia osatzen duten literaturazaleek.


Eguneraketa berriak daude