Joxe Mari Bakero: «Furbola ez zen nire ametsa»

  • Goizuetan pilakoa izatea artista izatea da. Joxe Mari pilotekin zen artista. Artista zen pilota txikia eskuz jotzen, eta artistagoa pilota handia ostikoz jotzen. Orduan txikia ostikoz jo, eta handia hartu zuen eskutan. Normala, hamaikako batean jaiotakoa ezin da futbolari beste ezer izan. Joxe Mari, ordea, futbolariz gainera, bada beste zer edo zer. Aita, entrenatzaile, kazetari, enpresa zuzendari... Baina oroz gainetik, goizuetarra. Baita Bartzelonan ere.

2004ko maiatzaren 23an
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Futbolak ez al du jende gehiegi erotzen?
Bai, lastima da. Prentsan hainbeste minutu, hainbeste orri, hainbeste kontu... Behar lukeen baino garrantzia gehiago du, eta horrek arriskutsua bihurtu du futbola. Batetik arriskua du diruarekin galtzeko. Eta bestetik, ez baldin bada ongi erabiltzen, futbola bonba bat da pertsonentzat. Zenbat jende gelditzen da bidean, zenbat egunetik egunera bere ilusio guztiak galduta. Gure garaian ez bezala, gaur egunean jendeak profesional izatea amestuz jokatzen du futbolean, dirua irabaztea amestuz. Bai gurasoek, bai mutikoek, horrela bizi dute. Eta horiei egia esan behar zaie. Esan behar zaie arrunt zaila dela kirol profesionalera iristea. Hori esplikatzen ez bazaie, bonba bat da futbola.

Eta bonba denak bezala lehertu egiten da. Lehertzen da penatan, edo lehertzen da pozetan. Jendeak barru-barrutik bizi du futbola. Nola liteke? Politikan ezin sinestuak, mundu ustelduak... Inguruak etsita jotzen du jendeak futbolera poz baten bila? Hor dago Argentinaren adibidea...
Nik ez dut horren azalpenik emango, ez dut emango ez diot harrapatzen eta. Logika bat baleuka esanen nuke, baina zer esan behar dugu, denak arrunt nazkatuak gaudela eta orduan horregatik jotzen dugula futbolera? Eta zergatik ez saskibaloira? Edo zergatik ez mendira joan? Nire ustez, futbolak erotzen du horrela tokatu delako. Moda bat da.

Ongi moda luzea horregatik...
Ez dakit ba. Ni oroitzen naiz Espainian munduko kopa izan zenean nola esaten zuten: "Futbola bukatu da". Ni orduantxe Realean hasi berritan, eta taldetik zortzi edo bederatzi joan ziren munduko kopa jokatzera. Izugarrizko desastrea izan zen. Eta oroitzen naiz esaten zutela, "hau bukatu da." Periodikoetan eta hori ateratzen zen, telebistan ere bai. Irabaziak negatiboan zeudela, eta hori bukatu egingo zela, eta ez zeukala jada garrantzirik. Begira orain non gauden.

Orain Ronaldinhok entrenamenduan min hartu duela albisteago da Iraken hamar zibil hil dituztela baino. Zer pentsarazten dizu horrek?
Horrek esan nahi du egiari ez diogula begietara begiratu nahi. Garrantzitsuak ez diren gauzak garrantzitsu egin nahi ditugu. Eta horrek esan nahi du pertsonak ez diela gaurko egunean, edo gobernuak, egiazko problemei aurpegira begiratu nahi. Horren ordez hain garrantzitsuak ez diren gauzekin betetzen digute eguna. Hain garrantzitsuak ez direnekin baina garrantzitsu bihurtzen ditugunekin. Nik uste dut hala dela, eta mundu honetan hainbeste gertaera daude bizkarra ematekoak...

Eta hain garrantzitsua ez baldin bada zergatik ordaindu hainbeste mila milioi jokalari bat fitxatzeagatik?
Gehiegia da bai. Askok esaten du, "futbolariek diru gehiegi irabazten dute". Egia. Hori denek badakite, eta futbolariarekin berekin bakarka hitz egiten baduzu ere baietz esanen dizu. Zuk esaiozu "zu hau eta hau irabazten ari zara, ez al da gehiegi?". Eta berak esanen dizu: "Bai. Baina begira, lehengo partida 200 milioi pertsonak ikusi zuten, nire argazkia atera dute eta mundu guztira zabaldu da, nik daukat hau, bestea, publizitatea..." eta orduan esaten duzu: "Ezin dut deus esan".

Eman diezaiogun orain buelta txanponari. Mutikotan ez zenuten milioirik usaindu ere egiten?
Ez horixe. Etxean hamaika anai-arreba ginen. Nik hamahiru urte nituela aita hil zen, eta ama gelditu zen denen kargu. Orduan, burutik ez da oso listoa izan behar asmatzeko gure momentuan beharra ezagutu genuela. Faltan ez ginen inoiz izan, ez jateko, ez bizitzeko ere, baina bai nahiko justu. Ez genuen negatiborik, baina positibo askorik ere ez. Hortxe, inguru horretan bizi ginen.

Horrek zaildu zintuen gerorako?
Zaildu ez dakit, baina asko ikasten duzu. Ikasi nuen familia zer zen. Ikusi nuen anaia zaharrak nola ikasketak utzi eta lanean hasi ziren. Lanean hasi ziren familia aurrera ateratzeko. Orain askok esango du: "Joxe Mari Bakero izarra...". Baina benetako izarrak haiek ziren, anaia zaharrak. Nik egin dudana baino zailagoa da haiek momentu hartan egin zutena. Nik beti esan izan dut, azkenean, gu klan bat bezala ginela. Eta klan batek baditu gauza oso onak, eta baditu oso txarrak, baina hori beharrik gabe ez da ezagutzen.

Beraz Realak profesional egin zintuenean etxekoek ere lasaitu ederra hartuko zuten ezta?
Bai, hamabost urterekin egin nuen lehen kontratua profesional bezala Sanserekin. Bi zatitan ordaintzen zidaten; batekin ikasketak pagatzen zizkidaten, eta bestea soldata bezala jasotzen nuen. Orduan soldata hori etxera joaten zen, amarentzat eta beste senideentzat. Azken batean anaia zaharrenen bideari jarraitzea zen. Momentu hartan aukera hori izan nuen eta, egia esateko, niretzat gauza zoragarria izan zen, zoragarria zen aukera hori ematea amari.

Orain berriz amarentzat zoragarria da bere hamar edo hamabi urteko semeak Realean jokatzea. Ez al da kriba gazteegi pasatzen? Horrek ez al ditu ale on batzuk bereizi gabe uzten?
Horixe da gaur egungo futbolaren arazoa. Hamabi-hamahiru urterekin ez bazaude talde handi baten filialean arrunt zaila da goiko mailara iristea. Aukeraketa gero eta gazteagotan egiten da, eta hori ez da zuzena. Engainatzen ari dira denak. Batez ere gurasoak. Beraz, kluben partetik beste perspektiba bat behar da gauzak ikusterakoan. Mutikoei denbora utzi behar zaie beren bidea egiteko, garatzeko. Gaur egun gurasoek pentsatzen dute beren semea hamabi urterekin onena delako dena egina dagoela. Baina hamabi urterekin nahiz onena izan, ez dago inor munduan firmatuko duenik mutiko hori onena izango dela hamasei urterekin. Horregatik esaten dut futbol profesionala oso erreala ez den egitura batean oinarritzen dela. Baina ez da futbola bakarrik, bizitza da, eta bizitzari buelta bat eman behar diogu.

Nola eman buelta hori?
Egiarekin. Ni entrenatzailea banaiz eta gazteekin banabil, esplikatu behar diet ilusioa gauza bat dela, eta kirola egitea beste bat. Horregatik diot kluben aldetik eta federazioen aldetik orain baino konpromiso handiagoa hartu behar dela, eta entrenatzaileak prestatu behar direla. Hortxe dago etorkizuna, eta gero jendeari egia garbi esan behar zaio. Horrela bakoitzak bere mugak ezagutuko ditu. Eta bakoitzak neurtuko du zein den bere helmuga. Izan ere, zer da arrakasta? Arrakasta ez da bigarren mailara iristea, edo lehenera. Bat hirugarren mailara iristen da, eta esanen duzu: "Ez nuen sinestuko horraino helduko zenik"; beraz, horrentzat, zoragarria da hori. Beste bat bigarren mailan gelditzen da eta esaten duzu: "Nik uste nuen lehen mailara iristeko bazuela abildadea". Non da arrakasta? Arrakasta da bakoitzak bere limiteak garbi edukitzea buruan, eta muga non duen haraino iristea.

Bakoitzak bere mugak dituela diozu. Horrek esan nahi du jaiotzatik markatua dagoela kirolariaren bidea. Jaio egiten dela kirolaria.
Bai, hor ez dago miraririk. Ez bazara jaiotzen, ez duzu aukerarik. Kirola egiteko lau bertute daude: fisikoa, teknikoa, taktikoa, eta psikologikoa. Nik gaztetan fisikoa nuen indartsua, baina beste denetan minimo hori ere bai. Zeren eta ez baldin baduzu minimo bat denetan, ezin zara aurrera atera. Gerta liteke taktiko aldetik ez izatea hain ona, baina fisiko indartsua edukitzea, eta psikologikoa terriblea. Kasu horretan zure puntu indartsuetan ahalik eta abantaila handiena hartu behar duzu, eta puntu ahulak ahal bezain gordean eduki. Orduan atera zintezke. Baina minimo bat behar da denetan, gainerakoan alferrik zabiltza.

Kirol kazetariek futbolari indartsu baino gehiago inteligente bezala sailkatu zaituzte. Futbolean zer esan nahi du inteligentziak? Bista? Usaimena?
Gauza asko dira. Zer da inteligentea? Eta zer da jokalari teknikoa? Edo da malabarista bat, edo zelaian mugimendu onak egiten dituena, edo toke batean jokatzen duena. Tira, nik uste dut inteligentea dela momentu bakoitzean tokatzen dena egiten duena, erabaki on gehien hartzen duena. Eta erabaki ona da momentu horretan eta leku horretan taldeari dagokiona egitea.

Zein dira gaur egun futbolari inteligenteak?
Bartzelonan ez da oso maitatua baina nik uste dut Figo dela horietako bat. Figok, futboletik aparte ere, telebistan ikusten duzu eta nabaritzen da baduela bere pertsonalitatea. Gustatuko zaizu, edo ez, baina jokalari inteligentea da.
Edo bestela ikusten duzu Ronaldinho, eta bere aurpegiak esaten dizu disfrutatu egiten duela. Hain ongi pasatzen du zelaian... Adierazpen batzuk egin zituen esanez "futbola nire bizitza da, ez banu futbolean jolastuko ez dakit zer egingo nukeen". Hala da. Profesional batentzat, nahiz eta bizitzan ezinezkoa izan, onena litzateke futbola bakarrik egitea. Ezkondu gabe, familiarik gabe, harremanik gabe, futbola bakarrik. Zeren eta zu aste guztian egongo bazina kontzentratua egon behar duzun bezala, deskantsatua behar den bezala, zoragarria litzateke. Baina bizitza bizitza da, eta futbola lan bat da, osagai bat zure bizitzan. Hala ere Ronaldinhoren aurpegiak islatzen du nik esaten dizudana. Gozatu egiten du jokatuz, eta nola hain ongi pasatzen duen, nola lana gustatzen zaion, konpromisoa hartzen du. Eta konpromisoa da garrantzitsuena. Izan ere, ateratzen dira izugarrizko liburu pila, milaka teoria, baina sinplea da bizitza. Eta orduan eta sinpleagoa orduan eta zailagoa, eta orduan eta sinpleagoa orduan eta zuzenago iristen da pertsona bat nahi duen horretara. Eta futbola ez da ezberdina.

Zuri garai onenak tokatu zaizkizu, bai Realean, bai Bartzelonan, ezin esango duzu disfrutatu ez duzunik?
Suertea izan dut, eta asko disfrutatu dut. Egia esan, hasi nintzenean futbola ez zen nire ametsa, tokatzen zitzaidalako egin nuen. Hala ere, nik beti ongi igaro dut kirol hori egiten. Oroitzen naiz behin Bartzelonan, nire andrearekin etxera joan, eta nola esan zidan: "Nik ez dut ulertzen! Argazkitan, telebistan, beti barrez ateratzen zara. Gero etxera etortzen zarenean beti haserre zaude, beti zomorroa bezala". Hori esan zidanean pentsatzen hasi nintzen. Barrez ibili banaiz benetan gustatu zaidalako izan da. Askok esanen du: "Gustatuko ez zaizu ba? Denen ametsa da eta!". Ba badira jokalari batzuk jokatzen dutenean sufritu egiten dutela iruditzen zaizkidanak. Uste dugun baino jende gehiago dago sufritu egiten duena. Entrenamenduan bereak eta bi egiten dituzte, baina gero paratu igandetan eta beraiek ez dakite, baina sufritu egiten dute. Eta inportantea ez da entrenamendua. Partidan igaro behar duzu ongi, eta orduan eta jende gehiago egon ikusten orduan eta hobeto, orduan eta inportantzia handiagoa partidak orduan eta hobeto. Horrek markatzen du diferentzia profesionaletan. Hori da diferentzia pilotan Retegi, edo ni. Horregatik diot nik futbolean beti disfrutatu izan dudala, bai Realean, bai Bartzelonan. Eta nola disfrutatzen duzun konpromisoa hartzen duzu, eman egiten diozu. Hau da, Reala daukazu zure negozio bezala, ez duzu lana egiten Realarentzat, edo ez duzu lana egiten Bartzelonarentzat, baizik eta zu negozio horren parte zara.

Gaur egun ez al da alderantziz gertatzen. Batzuk taldea negozio bezala hartu dutela, baina erabat barrenean sartu gabe. Zer gertatu da Real Madrilekin?
Ni ez naiz pozten beraiei gauzak gaizki doazkielako, baina gertatu zaienak badu irakurketa on bat niretzat: onenak izateak ez du esan nahi arrakasta izango duzunik. Konpromiso falta baino gehiago ekipo falta da. Eta ekipoa da denen artean halako sinkronizazio bat egotea. Defentsek badakite gutxi gorabehera zer behar duten aurrelariek eta aurrelariek badakite gutxi gorabehera zer egingo duten zelai erdikoek. Horregatik esaten da denbora asko behar dela ekipo bat egiteko. Elkar ezagutu behar da, esperientziak igaro, momentu onak eta txarrak igaro, denetik pasa behar da ekipo bat egiteko. Horregatik hamaika izar paratuta denak batean ez da ekipoa egiten, eta ez du esan nahi irabaziko duzunik. Irabazteko egin egin behar da, dakizuna egin eta daukazuna eman, Valentziak bezala. Azkeneko bost urteotan azkeneko momentuetan ekipo bezala bera izan da onena, eta hori garrantzitsua da. Zeren eta nahiz batzuk galaktikoak izan, hemen bakoitzak bere lekua du eta leku hori harrapatzean dago bizitza honetako borroka.

Jendeak hori guztia jakin gabe hitz egiten du futbolaz.
Gauza horiek arrunt sinpleak dira baina jendeak telebistatik ikusten du futbola eta pentsatzen du marrazki bizidunak direla. Iritzia erraz ematen du, baina ez da hain erraza, egunetik egunera hainbeste gauza gertatzen dira ekipo batean! Futbolaria pertsona da eta gauza asko darabil buruan: jokatzen dudan edo ez, familiako problema bat dudan edo ez, kontratua berrituko didaten edo ez, joan behar dudan Eurokopara edo ez... Futbolariaren buru barruan zurrunbilo bat dabil, eta hori telebistatik ez da ikusten. Jendea paratzen da telebista aurrean eta gaur Bartzelonan jokatzen dute, hiru egunera Moskun, eta haiek ez dakite igandean jokatu duzula bederatzietan Bartzelonan, astelehen goizean entrenatu duzula, Moskura joan zarela... Hori ez da bere problema. Eta esaten dizute: "Gainera joaten zarete hotel zoragarrietara...". Eskerrak, zeren eta txarretara joango bagina, orduan ezingo genuke ezta jokatu ere.


Zuretzat hotelik onena Bartzelona bera izan da. Etxean bezala bizi zara Sitgesen, katalanez ere hitz egiten duzu. Hizkuntzak garrantzia handia du integrazioan?
Nik uste dut baietz. Ni euskalduna naiz, eta nik badakit zer den euskara Euskal Herrian. Eta hemen Katalunian, berentzat katalana guretzat euskara bezala da. Beraz pentsatzen baldin baduzu hemen bizitzea, nire haurrak hemen jaioak baldin badira, nik uste hori normaltasunez egin beharreko gauza bat dela.
Euskal taldeetan ere aukera jarri behar lukete. Behartu ez, baina gutxienez aukera eman euskara ikasteko. Jokalari bat fitxatzen duzunean paratu aukera, berak jakiteko nora heldu den. Ez euskaraz hitz egin behar dutelako, baizik eta etxean bezala sentitu behar dutelako.

Baina gaur egun etxekoak dira ardi beltzak, askotan gehiengoa atzerritarra da. Harrobiari kalte handia egin dio horrek, talde sentimendua ere galtzen doa, ez al litzateke gehiago mugatu behar atzerritarren lekua?
Zaila da oreka aurkitzea. Bizitzan, gauza batzuk ongi heldu dira eta beste batzuk ez hain ongi. Beraz, hori orekatzea taldearen esku dago. Alde horretatik, egia esaten dizut, Athleticek meritu izugarria dauka, eta Realak berriz oreka bat aurkitu beharko du. Gainerakoan, egun batean, susto batekin hor geldituko da. Eta nahi duenak botako dio errua entrenatzaileari edo ez dakit zeini, baina hori errazena da. Benetan barrenean gauzak nola egiten diren begiratu behar da.

Selekzioarena ezingo dugu aipatu gabe utzi. Katalunian azken aldian aurrera egiten ari dela dirudi...
Niretzat orain dela hogei urtetik hona ez da deus aurreratu. Esaten den guztia ongi dago, aditzen dut, baina ez da deus aurreratu. Orain patinajeko Kataluniako horiekin zerbait lortu ote den esperantza ere zabaldu da, baina uste dut gehiago egin dutela erlazio pertsonal baten bidez bestela baino. Nik zaila ikusten dut. Futbolean zer diferentzia dago orain dela hogei urte edo orain? Euskal selekzioak urtean partida bat jokatzen du orain, eta orain dela hogei urte ere bai. Ez da deus aldatu.

Orain bi haurren aita zara. Seme txikiak futbolean jolasten du, bideoan aitaren golak ikusten dituenean nola esplikatuko diozu futbolarekin ez dela itsutu behar?
Adibide erraz bat jarriko dut. Partida jokatu eta etxera datorrenean, ez diot sekula galdetzen: "Zer egin duzu?". Lehenik, beti: "Zer moduz gaur? Ongi? Eta zerbait ikasi al duzu berria?". Geroago galdetzen diot: "Zer egin duzu?", baina behin ere ez lehendabizikotik. Horrekin ez dut esan nahi irabazteak garrantzirik ez duenik, zeren bada jendea esaten duena garrantzitsuena parte hartzea dela. Hori ez da egia. Ni txikia nintzenean nire anaiarekin herrian hasten nintzenean lasterka, nik berak baino lehenago iritsi nahi nuen. Jolasa zen, baina lehenago iritsi nahi nuen. Orduan orain nik nola esan behar diet besteei ez dela inportanteena irabaztea? Ez, ez da inportanteena, eta ez diot hasieratik irabazi al duen galdetu behar, baina momentu batean bai. Jakin dezan nik ere garrantzia ematen diodala, bizitzan ere garrantzia baitu.

Zuk behintzat badakizu zer den irabaztea. Sei liga irabaziak dituzu, Europako kopa bat... Nolako oroitzapen bilduma duzu buruan?
Ongi oroitzen naiz Realarekin irabazitako lehendabiziko txapelketaz, baina egia esan nik buruan ditudan argazkiak nik sartutako gol batzuenak dira. Oroitzen naiz esate baterako Valladoliden kontrako partidaz. Bat eta hutsa irabazten gindoazen, eta minutu bat falta zela haiek banakoa egin zuten. Luzapenean nik gol bat sartu nuen eta bi eta bat irabazi genuen. Oroitzapen hori dut nik, eta horren bidez nire bihotzean daukat liga txapelketaren ospakizuna. Bartzelonan, berriz, jende asko oroituko da Kaiserlaurtengo golaz. Baina nik beste gol bat dut gogoan. Europako kopatik eliminatu gintuen Dinamo de Kievek, eta hurrengo igandean Athleticen kontra jokatu genuen eta bat eta hutsa irabazi. Goikoetxeak erdiraketa bat egin zuen eta nik buruarekin sartu nuen gola. Momentu hartan gol hura garrantzitsua izan zen guretzat, izugarria. Horrekin esan nahi dut zure oroitzapenak ez direla jendearen oroitzapenak. Jendearenak dira batzuk, eta zureak besteak.

Bukatu da zure futbolari karrera. Esan liteke ia nahi zenuen dena lortu duzula, zure barruan halako satisfazio handi batek bizi behar du.
Bai, egia da. Betea gelditzen zara. Hemen jendeak maite nau, egin behar dudana egin dut, eta sentsazio horrekin bizi naiz. Nik behinik behin gehiago ezin nuen egin. Uste dut berez nik nituen aukerak baino gehiago egin dudala. Ez nuen behin ere pentsatuko iritsiko nintzenik maila horretara. Askotan begiratzen dut atzera eta esaten dut: "Ez dut sinesten nik egin ditudanik". Orduan, betea bezala gelditu naiz, eta pentsatzen dut nirekiko: "In diet. Tokatzen zen ta in diet".

Curriculuma
jaio: Goizuetan, 1963an.
Bizi: Sitgesen.
Futbolari ohia
Entrenatzaile nazionalaren titulua du

Taldeak
Futbolari bezala: Añorga (78a arte), Sanse (78-80), Reala (80-88), Bartzelona (88-96), Veracruz (96-97).
Entrenatzaile bezala: Puebla (Mexiko), Van Gaalen eta Serra Ferreren laguntzaile Bartzelonan.

Palmaresa
Realarekin: bi liga (80-81,81-82), superkopa bat (82-83) eta errege kopa bat (86-87).
Bartzelonarekin: Europako kopa bat (91-92), Europako superkopa bat (92-93), Europako errekopa bat (88-89, lau liga (90-91,91-92,92-93,93-94), lau superkopa (90-91,91-92,93-94,95-96) eta errege kopa bat (89-90)

Goizueta
"Bakerotarrak, Olaizolatarrak, Ameriketako artzaina... Hain herri txikian hainbeste ezagun ateratzea nik uste dut kasualitatea dela. Ez dut beste esplikaziorik bilatzen. Gure garaian ere, nik eta anaia Xantik Realean eta Etxeberriak Osasunan, zortziehun biztanleko herrian hiruk jokatzen genuen lehen mailan. Ez da normala, baina nik uste dut kasualitatea dela".

Añorga
"Goizuetan amak lasai uzten zigun kalera ateratzen, kanpoa etxea bezala zen, eta ia kalean bizi ginen. Baina haurra nintzela Añorgara aldatu ginen, eta bizimodua dezente aldatu zitzaigun. Han bidea pasatzen zen, eta hura ez zen etxeko patioa. Aldaketa handia izan zen, bai. Erdaraz ere ez nekien, eta Donostiara joateko autobusa euskaraz eskatu behar izaten nuen".

Bertsoa

Doinua: Mutil koxkor bat

Zure hitzetan nabari dira
izanaren eraginak
baina bistara uzten du gauzak
nola barezi dakinak.
Antza badute, biak baitaude
forma berean eginak,
eta jokoa kontrolatzeko
dira denen ahaleginak
baina baloia eta mundua
ez dira berdin-berdinak.


Azkenak
“Gaza militarki okupatzeko plana berehala gelditu behar du Netanyahuk”, esan du nazioarteak

Ostiral goizeko albisteak erreakzio ugari piztu ditu Israelen zein nazioartean. Aurka agertu dira Israelgo bahituen familiak eta NBE. Alemaniak, Israelen aliatu tradizionalak, armak saltzeari utziko diola jakinarazi du.


Pazienteek 25 egun itxaron behar dituzte, batez beste, Osasun Mentaleko Zentruetan arta jasotzeko

25,6 eguneko batez besteko itxaron zerrendak daude Osakidetzako Osasun Mentaleko Zentruetan. Larrialdi kasuetan, aldiz, 24 eta 72 ordu arteko itxaronaldiak daude. 


Non dago Maider?

Lau hilabete daramatzagu greba mugagabean, hitzarmen propio baten eta lan-baldintza duinen alde. Lau hilabeteko greba honetan, udaltzainek piketeetan bortizkeriaz zapaldu gaituzte, hirian jarraitzen gaituzten eta mobilizazio bakoitzean zelatatzen gaituzten polizia... [+]


Oñatiko egoitza batera mugituko dituzte Donostian kale egoeran bizi ziren migratzaile maliarrak

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak Oñatiko Arantzazu egoitza eskaini dute maliar migratzaileentzat. Bertan geldituko dira Espainiako Gobernuak haien asilo eskariak ebazten dituen bitartean.


“Intentsitate altuko” bi sexu eraso salatu ditu Gasteizko Mugimendu Feministak ostegun gauean

Mugimendu Feministak azaldu duenez, Fermin Muguruzaren kontzertuaren aurretik gertatu ziren erasoak. Horiez gain, beste hiru eraso zenbatu dituzte: hiru gizonak atxilotu ditu poliziak. 


Gaza Hiria okupatzeko plana onartu du Israelgo Segurtasun Kontseiluak

Ostiral goizaldean eman du erabakiaren berri Israelgo Gobernuak, hamar orduz luzatu den bilera baten ondoren. Dena den, okupazioa gauzatzeko, gobernu osoaren baiezkoa behar du Netanyahuk: igandean izan daiteke bilera. Segurtasun Kontseiluak, halaber, mugak jarri dizkio... [+]


Oholtza denontzat?
Feminista izango da, edo ez da izango

Sorkuntzarako, gozamenerako eta aldarrikapenerako espazio moduan dute oholtza musikari askok, baina bere ingurumarietan katramilatzen dira sarri, eta espazio "bortitz" bihurtzen da hegemonikoak ez diren gorputz askorentzat. Presio estetikoa, egiteko modu deserosoak,... [+]


2025-08-08 | ARGIA
GOMENDIOAK | Sei liburu uda honetarako

Lautadako mamua
Xabier Montoia
Elkar, 2024
112 orrialde

Eleberri labur honetan egileak XIX. mendeko Euskal Herrira garamatza, sekulako sona hartu zuen Juan Diaz de Garaio hiltzailea duela protagonista. Arabako landa guneko jendarte tradizional eta giro hotzean barneratzen... [+]


Errusiak baieztatu du Putin eta Trump datozen egunetan bilduko direla

Joan den astean Trumpek ohartarazi zion Putini hamar eguneko epean Ukrainarekin su-eten akordio bat sinatu ezean, zigor ekonomikoak ezarriko dizkiola. Zelenskik sare sozialetan adierazi du ezinbestekoa dela Errusiako presidentearekin bildu aurretik lehenbizi su-etena... [+]


Boubacar Diouf: “‘Manteroa’ izatea ez da delitua; bakean bizi nahi dugu, diskriminaziorik gabe”

Manteroekin Bat plataformak eta Mbolo Moye Doole elkarteak elkarretaratzea egin zuten astelehenean Bilbon, azken asteetan poliziak manteroen aurka eginiko eraso "arrazistak" salatzeko. Izan ere, Boubacar Diouf kale saltzailearen arabera, poliziaren jazarpena... [+]


Nafarroako suteak nekazaritzako makina batek sortu zituela baieztatu du gobernuak

338 hektarea erre ditu astearteko suteak. Nekazarien sindikatuak haserre agertu dira Nafarroako Gobernuak suteak saihesteko ezarritako murrizketekin. Asteazkenean beste sute bat piztu da Artaxoa eta Añorbe artean, baina hura ere kontrolpean dute suhiltzaileek.


ChatGPT psikologo bezala erabiltzearen arriskuez mintzatu da Mireia Centeno Gutierrez psikologo eta psikopedagogoa

Ohartarazi du ChatGPT lanketa emozional “sakonak” egiteko erabiltzea “arriskutsua” izan daitekeela ez duelako erabiltzailearen testuingurua ezagutzen eta “gehiago biktimizatu” dezakeelako.


Heriotza txikiak

Urtebetetzeek eta urte aldaketek pilaketa bidezko eragina dute: alegia, banaka, gertatzen direnean, nik ez dut ezer sumatzen. Urtebetetzeetan, ondo xamar egin badut segundo batzuez olgatzen naiz (nire baitarako), nire garunaren zati batek ezin dio utzi zoriontzen dutenean... [+]


Miren Agur Meabe
“Zalantza askorekin idatzitako liburua da, baina zalantzek bultzatzen gaituzte aurrera”

Apirilean argitaratu zuen Amorante frantsesa (Susa) Miren Agur Meabek (Lekeitio, 1962). Thriller ukitua du poemen bidez idatzitako nobela deigarriak eta, istorioa fikziozkoa den arren, badu idazlearen aurreko lanak markatu dituen kutsu autobiografikoaren arrastorik. Hortaz,... [+]


‘Stabat mater’ borobila

Zer: Orquesta de la Comunitat Valenciana. 

Zuzendaria: Mark Elder. Donostiako Orfeoia. 

Zuzendaria: José Antonio Sáinz Alfaro.

Bakarlariak: Federica Lombardi (sopranoa), Paula Murrihy (mezzoa), Xabier Anduaga (tenorea), Will... [+]


Eguneraketa berriak daude