Net Hurbil: Zorretan sartzea giza eskubidea da pobreentzat ere


2004ko maiatzaren 16an
"Bankable Poor" euskaraz «behartsu bankuragarriak» edo «kredituen munduan sartzeko moduko txiroak» ipini beharko genuke. Gure inguruetan kontsumismo usaina hartuko geniokeen izenburu horri esanahi aurrerazale eta iraultzailea ematen diote hirugarren munduan. «Gose denari arraina ematea baino hobeto kainabera eman eta arrantzan erakustea» eslogan zaharra molde horretan eguneratu dute behartsuenen artean txiroenak mikrokreditoen bidez beren buruen jabe egiten saiatzen direnek. Munduko erakundeek ere txirotasunaren kontrako adar estrategikotzat daukate gaur.

Mikrokredituak honela definitu zituen ideiaren sortzaile eta Bangladesheko Grameen Bank-eko buruzagi Muhammed Yunuse-ek: «Pobre jendearen esku ipintzeko kredituak, haien beharrei zehazki erantzuteko eskema berezietan pentsatuak». 1970eko hamarkadan ekin zion bideari Yunusek, eta urte gutxitan fenomeno ekonomiko garrantzizkoa izatera iritsi da. Hain da horrela, ezen 1997an «Microcredit Summit» gailurra burutu baitzen Washingtonen, eta hasieran Gobernuz Kanpoko Erakundeen (GKE) kontua izanik, bilkura horretara etorri ziren gobernuak, zenbait banku komertzial eta nazioarteko finantz erakundeak. Washingtoneko gailurrean ipini zuten 2005erako helburua: munduko txiroenen arteko 100 milioi familiari ematea mikrokredituak.

«Zorrak dituena ez da edozein»

Hemengo baserritar zaharrek aipatzen duten esaldi horrek erakusten du subsistentzia ekonomia batean kredituak duen garrantzia. Herrialde atzeratuetan lanean ari ziren buru argienak ere ondorio bera iritsiak ziren aspaldi, II. Mundu Gerra ondorengo laguntza ereduek porrot egin ondoren.

Lehen mundutik laguntza «goitik behera» diseinatu zen 50-60ko hamarkadetan, eta lekuetan lanean ari zirenak ohartzen ziren edo laguntzak ez zirela iristen edo iristen zirenean gaizki diseinatuta zeudela bertako bizimodu eta arazoetarako. Gobernuei indarra kendu behar zitzaien operazio hauetan, eta enpresa pribatuak ez ziren kooperazio mailan solaskide onenak: GKEak ziren lekuko militanteek behar zituzten sozioak.

Gaur herrialde askotako gizarte langileek aitortzen dute Bangladesheko Grameen Bank izan dela luzaz bilatu eta aurkitzen ez zuten mikrokreditu eredua. Mohmammed Yunus irakasleak sortu zuen banku-mugimendu hau 1976an, oinarri oso xinple batean: pobreek beti ordaintzen dute.

Yunus irakasleak honela argitu du: «Gure sistemaren oinarrian segurtasun hau dago, pobreak beti pagatzen duela bere zorra. Batzuetan denbora gehiago beharko du hasieran erabaki zena baino, baina badakigu ordainduko duela. Pobreei finantz zerbitzuak eman nahi dizkien erakunde batek ez du zertan larriturik pertsona batek bere zor osoa halako epean kitatu ezin duelako. Gauza larri asko gertatu ahal izan zaizkio tarte horretan. Behar duen denbora luzeago horretan ere bere interesak ordainduko dituenez, non dago arazoa?».

Yunusek sortutako Grameen Bank-ek gorabeherarik ezagutu du urteotan, eta berrikitan goitik beherako birmoldaketa bat egin behar izan du, baina mundu osoko milioika jenderentzako eredu izaten segitzen du. Beti ere, bost oinarri hauen gainean: 1) kreditu txikiak ematen ditu, 100 $ ingurukoak; 2) nekazal munduko behartsuenak ukitzen ditu, emakumeak batez ere (Grameenen kasuan %95); 3) jarduera ekonomikoa bultzatu eta autoenplegua sustatzen ditu; 4) kredituok bermerik gabe ematen dira; 5) mikrokredituak eta aurrezkiak integratzen dituzte.

Munduaren erdiak beste erdia nola bizi den ez dakiela esaten zuten zaharrek, eta ezagutzen ez dugun horretaz zerbait gehiago jakiteko oso argigarriak dira Grameen bankuaren orrietako informazioak. Ikustea nola mugitzen diren milaka emakume (2,4 milioi «bezero» ditu Grameenek Bangladeshen) taldeetan antolatuta, asteroko bilkurekin, aurrezkien kontrolak, jarduera ekonomikorik (guretzako) harrigarrienak sortzen...

Sosak emakumeen esku utzi

Gaur Grameen Bank-en eredua beste batzuen arteko bat da, bai baitira gehiago. Talde elkartasunean oinarritutako kredituak dira Grameen-ek ematen dituenak, eta bere indarra herri bakoitzean kreditu-aurrezkiak antolatzeko bildu den talde barruko laguntza eta esijentzian datza. Beste leku batzuetan herriko banku lokal eredu batera pasa dira. Baina gaur «mikrofinantza» kontzeptu zabalaren gerizpean biltzen dira kreditu pertsonal txikiak era pribatuan manejatzen dituztenak ere. «Pobreak ordaintzaile onak» direla berriro frogatu denean, hainbat banku eta prestatzaile hasi da mikrokredituen munduan murgiltzen. Hain zuzen GKEetako ekintzaileak kezkatuta daude formula bere arrakastak berak itoko duen beldurrez, eta begiak txiroenen arteko txiroengan ipini behar direla gogorarazten dute: «Zorretan sartzea ere oinarrizko giza eskubidea da».

Sistema honek mixeria erabatekotik pobrezia eramangarriago batera pasatzeko duen balioaz mila adibide eskaintzen dituzte GKEek. Adibideak aukeratzen hasita, «Mata Masu Dubara» (Nigeriako hausa dialektoan «emakumeak mugitzen») elkartean 150.000 emakume bildu dira, autolaguntzako 6.000 taldetan. Emakume bakoitzak astean dolar baten 8 zentimo aurrezten du, eta aurrezkiekin kreditu txikiak ematen hasi ahal izan dira. Bataz beste egun eta pertsonako 0,4 dolarrekin bizi diren Nigerian asko dira analfabetoak, eta autolaguntza taldeetan kontabilitate sistema bitxiak erabiltzen dituzte.

Antzera Benin-en: txirotasun erabatekoan ziren 15.000 emakumek, 10eko taldeetan, astean 0,1 dolar aurreztu behar dute, ondoren 17 dolarreko kreditua eskuratzeko.

Grameen Banken inguruan, Bangladeshen, Grameen Telecom proiektuan 12.000 telefono mugikor komunitario daude barreiatuta: emakume bakoitzak mikrokreditu batekin telefonoa erosi du eta bere herritarrei zerbitzu hori eskaintzetik bizi da, bataz beste hilabetean 70 dolarreko soldata atereaz.

Grameen Bankek berak etxea eraikitzeko kreditu lerro bat ere eskaintzen du. 550.000 familia omen dira aterbea horiekin lortu dutenak. Bataz beste 350 dolarreko kredituak dira, urtean %8ko interesa dakartenak. 300 euro inguru horiekin euritik eta haizetik babesteko adinako gela bakarreko etxola teilatuduna eraikitzeko gai omen dira han.

Grameen Banken galdetu dugu baina dirudienez ez dute krediturik ez sukaldeko altzariak aldatzeko, ez haurraren komunioa pagatzeko eta ezta bigarren kotxea erosteko ere.

www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude