Izenak salgai


2004ko maiatzaren 16an
Domeinuak web orriak identifikatzeko erabiltzen diren zeinu bereizgarriak dira. Izen horiek pertsona fisiko edo juridikoen izena edo produktu edo zerbitzuen izendapena eraman ohi dute. Urrutira joan gabe, ARGIAren kasua dugu adibide: www.argia.eus. Helbideen erabilera-eskubideen esklusibotasuna babesteko, ezinbestekoa da titulartasuna erregistratzea. Eskainitako zerbitzuen araberako kontratu baldintzak onartu eta erakunde pribatuetan erregistratzen dira.

Domeinu izen mota ugari daude. Kode bereizgarriek web guneen erabilerari lotutako jarduera motari edo eremu geografikoari egiten diote erreferentzia. Alde batetik domeinu izen generikoak daude, esaterako, .com, .net, .org, .info, .biz, .coop, .edu, .gov, .museum edo .name. Bestetik, estatu mailako domeinu izenak daude, herrialdeei dagozkienak alegia. Espainiaren kasuan, .es da kodea. Herrialdeen kodea daramaten domeinuak erregistratzeko baldintza zorrotzagoak eskatzen dira. Zientzia eta Teknologia Ministerioak zehaztutako araudiaren arabera, .es domeinua esleitzeko eskatzaileak espainiarra izan behar du edota bertan bizi behar du. Horrez gain, sintaxi-arau jakin batzuk bete, debeku batzuk kontuan hartu eta eskatutako domeinu izena erabiltzeko eskubidea arrazoitu behar du. Domeinu generikoen kasuan, aldiz, izen hori beste titular baten izenean ez badago behintzat, ez da aparteko baldintzarik bete behar. Zehazki, izena sintaxi eta karaktere parametro jakin batera egokitu, titularra identifikatzeko datuak eta harremanetarako datuak eman, domeinuaren jabetza lortzeko tarifa ordaindu eta ondoren aldian behin berritzeko beste tarifa batzuk ordaindu behar dira.


Izapideak on line

Erakunde erregistratzaile horietako baten bidez domeinu izena lortzeko prozedura on line egin daiteke. Espainian, "ES-NIC" izeneko erregistro delegatua arduratzen da .es domeinuak esleitzeaz. Erakunde horrek domeinu izenak on line eskuratzeko aukera eskaintzen du bere web gunean, www.nic.es helbidean. Adibidez, www.argia.es domeinua urtebeterako erregistratu nahiko bagenu, 110 euro ordaindu beharko genituzke. 48 ordutan gure eskuetan izango genuke domeinua eta urtebete igaro ostean titulartasuna mantentzen jarraitu nahi izanez gero, beste 100 euro ordaindu beharko genituzke. Badira ordea beste maila bateko .es domeinuak, hain zuzen ere .com.es, .nom.es, .org.es, .edu.es eta .gob.es. Hirugarren mailako domeinu horiek merkeagoak dira. Lehenengo hirurek 25 euro balio dute eta azkeneko biek, berriz, 60 euro.

Domeinu generikoak erregistratzeko aukera, berriz, enpresa eta erakunde ugarik eskaintzen dute. Interneteko Izenak eta Zenbakiak Esleitzeko Erakundeak domeinuak erregistratzeko akreditatutako direktorioak www.icann.org/registrars/accredited-list.html helbidean dira kontsultagai. www.interdominio.com zerrenda horretan agertzen den direktorioetako bat da. Jo dezagun, beraz, web gune horretara www.argia.eus domeinua eskuratzera. Whois edo bilaketa egin ostean, sistemak domeinua hartuta dagoela ohartarazten digu. Libre egon izan balitz, urtebeterako titulartasuna lortzeko aukera izango genukeen 18 euro ordainduz. .org, .net, .info eta .biz domeinuak ere prezio bera dute.


Titulartasuna berreskuratzeko prozedurak

Arazo ohikoena enpresa baten izena partikular baten eskuetan egotea da. Normalean kasu horietan, domeinuaren titularrak eskatzaileari diru kopuru bat ordaintzeko eskatzen dio. Akordio batera iritsi ezean, domeinu izena berreskuratzen saiatzeko bidea jurisdikzio zibil arruntaren aurrean egintzak gauzatzea da.


Cajavital eta BBVAren kasuak

Domeinu izenaren titularra izateko kontratatutako denbora epea ahitzera doanean, erakunde erregistratzaileak domeinua mantentzen jarraitzeko ordaindu egin behar duela ohartarazi ohi dio titularrari. Ordainketa garaiz ez egitearen ondorioz, arazoak izan ditzake erabiltzaileak, enpresak edo entitateak. Izan ere, domeinua libre geratzen den momentuan edozein erabiltzaileren eskuetan eror daiteke. Horixe gertatu zaio orain gutxi Caja Vital-i Cajavital.com, Cajavital.net eta Cajavital.org domeinuen titulartasuna ez erregistratzeagatik. Internet erabiltzaile batek gune pornografiko bilakatu ditu orain gutxi bankuaren izena daramaten web orriak. Gertuko adibideekin jarraituz, BBVAren kasua dugu. Jabetasun Intelektualerako Elkarteak (OMPI) www.bbvaespana.com domeinuaren titulartasuna esleitu berri dio bankuari, erakundearen aburuz, egungo jabeak domeinua erabiltzen jarraitzeko beharrezko baldintzak ez baitzituen betetzen. Lehen ere bankuak www.bbva.com domeinua errekuperatzeko laguntza eskatu zion OMPI elkarteari.


Doako web guneak

Dirurik gastatu nahi ez duenak ere badu web gune propioa edukitzeko aukera, hostatzeko aukera ematen duten web guneetan domeinua erregistratuta. Doako zerbitzu hori atari askok eskaintzen dute, www.webgune.net, www.lycos.es, www.wanadoo.es, www.galeon.com eta www.gratisweb.com guneek esaterako. Hala, erabiltzaileak azpidomeinu bat lortzeko aukera du, http://argia.webgune.net adibidez.


Euskal domeinurik ez

Domeinu izenen gaineko erabakiak ICANN (Internet Corporation for Assigned Names and Numbers: www.icann.org) erakundeak hartzen ditu. Herrialdeentzako domeinu izenak berriz, IANA (Internet Assigned Numbers Authority: www.iana.org) erakundeak proposatzen ditu. Euskal Herriarentzat oraindik kode bereizgarririk zehaztu ez duten arren, .eh domeinua izateko ahaleginak egin dira. Domeinu hori ordea, sahararren esku dago egun. Katalunian berriz, bertako kulturaren gaineko informazioa jasotzeko .cat domeinua sortzea aztertzen ari dira. ICAAN erakundeak hilabeteren buruan emango du erabakiaren berri. Euskaldunok bitartean, geure txanda noiz iritsiko zain jarraitu beharko dugu.

Domeinu izenen kode bereizgarriak

Domeinu generikoak // Generic top level domains (GTLD)

.com Merkatal guneak
.biz Erakundeen eta negozioen guneak
.edu Hezkuntzari zuzendutako guneak
.info Zabaltze askea duten goi mailako domeinuen guneak
.mil Dependentzia militar ofizialen guneak
.name Gune pertsonalak
.net Sistema eta sareei zuzendutako guneak
.org Erakundeen guneak
.int Nazioarteko erakundeen guneak
.aero Bidaia agentzien guneak
.museum Museoen guneak
.pro Profesionalen guneak
.coop Kooperatiben guneak
Herrialdeentzako domeinuak // Country code top level domains (CCTDL)
.es Espainiari dagokion domeinua
.eu Europari dagokion domeinua


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude