Atom Rhumba: Bizkarrezurraren erritmoa


2004ko maiatzaren 16an
Duela bederatzi urte sortu zen rock banda bizkaitarra eta hasiera-hasieratik kritikarien onespena jaso du. Estreinako single-a Alehop! zigiluarekin argitaratu bazuten ere, Munster Records diskoetxearekin kaleratu dituzte gainerako lan guztiak. Hasiera batean talde paralelo gisa funtzionatu bazuen ere, taldekideek Yogur eta Reverb Lovers bezalako taldeetan ziharduten-eta, berehala murgildu ziren buru-belarri proiektu berrian. Taldea osatu eta bi urtera, 1997an, grabatu zuten beraien lehen diskoa: Hormonal Riot. Hasieratik ingelesez abestu dute eta hainbat bildumatan hartu dute parte. Beraien kantak RockSound aldizkariko hainbat sampler-etan ere kaleratu dira. Eta 1998an Bilbo Hiria lehiaketan Euskadiko banda onena eta Espainiako Estatuko bigarrena izendatu zuten.

Atom Rhumba 95ean sortu zenetik, hasierako formazioa aldatzen joan da eta gaur egun Rober! abeslari eta gitarra jolea da talde originaletik gelditzen den partaide bakarra. Barakaldoko musikaria da, hain zuzen ere, bandako arima, bera baita kanta gehienen hitz eta musikaren sortzailea. Taldearen izenak publikoa nahastu eta rhumba talde baten aurrean gaudela pentsarazi dezake. Bestalde, bizkaitarrek rocka egiten dute. Eta egia esan rock nahiko berezia, horrelako musika jorratzen duten taldeak topatzea biziki zaila baita. Bandaren musika eraginez galdetzean 50eko hamarkadako rock&rolla eta punka dira aipatzen diren estiloak. Jarrera rockeroa, zuzenekoa eta vintage soinua, fender soinua eta balbulazko anplifikadore zaharrak dira beraien ezaugarri nagusiak. Gaur egun lau dira Atom Rhumbako bizkarrezurra osatzen dutenak: Jabi Jimenez baxuan, Natxo Beltran baterian, Alvaro Segovia gitarran eta Rober! ahotsean eta gitarran. Bestalde, bai estudioan eta bai zuzenean ere Mermaid-eko Iñigo teklatuan eta Jose Maria Gonzalez saxoan izaten dituzte lagun. «Azkenaldian erritmoa da gure zigilua, izan ere, lehen beti abiada bizian aritzen ginen eta orain kanta geldoagoak ere baditugu. Era honetan, intentsitatean gora eta behera egitean abiadura existitzen dela konturatzen zara eta erreferentziak sortzen dira», diosku Rober! taldeko gitarra jole eta abeslariak.

Backbone ritmo

Taldearen laugarren lana, Backbone ritmo, Andoainen grabatu zuten joan zen abuztuan, Garate estudioetan eta Kaki Arkarazo teknikari zutela. Grabaketa sesioan egin dute, zuzenean, hau da, denak batera. Bestalde, kanta gehienetan ahotsa ondoren grabatu dute, normalean egin ohi den moduan, alegia, instrumentu ia denak grabatu ondoren. «Kaki oso teknikari ona da eta guztia oso natural egiten du. Diskoa grabatu orduko entzun eta lortutako soinuaz harritzen zara. Gainera, ia ez du hartutako seinalea ukitzen, ia ez du ekualizatzen. Kontua da sortutako soinua ongi jasotzen dakiela eta hori da hain zuzen lanik zailena», diosku Rober!-ek. Taldekideen esanetan diskoaren tituluak, Backbone ritmo (Bizkarrezurraren erritmoa), ez du esanahi berezirik. "Hitz joko bat da, alde batetik erritmoa duen izena da eta polita da, horrez gain Abstract blues izeneko kantan aipatzen dudan zerbait ere bada. Iradokitzen duena gustuko genuen», azaldu du Barakaldoko gitarristak.

Gainera, diskoa borobiltzeko banda bizkaitarra kolaboratzaile anitzez inguratu da. One bit memory kantako hitzak, kasurako, Los Bichos talde nafarreko Josetxo Ezpandak idatzi ditu; BAPeko Jomes gitarra joleak zerra melodikoa jo du; Luis Caminok perkusioak sartu ditu; eta Gatibuko bateria jole Gaizka Salazarrek bibrafonoa jo du pare bat kantatan. Dena den, kolaboraziorik esanguratsuenetako bat Los Deltonos-eko Hendrik Röever gitarra jolearena izan da. «Country abestian slide gitarra sartu nahi genuen eta Kakik Röever ezagutzen zuela eta berak jo zezakeela komentatu zigun. Azkenean pedal steel gitarra grabatu zuen eta gainera ez zigun ezer kobratu», esan digu Rober!-ek. Kaki Arkarazo bera ere gitarra bat grabatzera animatu zen, Take your time kantan, hain zuzen ere.

Arrakasta Frantzian

Rock talde bizkaitarraren dohainik nagusiena zuzenekoa da, horren froga urtean eskaintzen dituzten kontzertu guztiak. Espainiako Estatuan Euskal Herrian baino emanaldi gehiago eskaintzen dituzte. Eta aurreko diskoarekin, Chasin' the Onagro, Espainiara bidaiatzeaz gain Frantzian bira egiteko parada ere izan zuten. «Marc Zermati-rekin jarri ginen harremanetan, Zermatik Skydog diskoetxe mitikoa du, 70eko hamarkadatik bizirik dirauen zigilua, diskoa gustatu eta bere diskoetxearekin Frantzian kaleratu zuen gure lana», diosku Rober!-ek. Marc Zermatik Motorhead eta Damned bezalako taldeen lanak karrikaratu ditu eta bere garaian The Clash-en road manager-a ere izan zen. Atom Rhumbak Paris, Bordele, Rennes eta Tolosan eskaini zituen emanaldiak eta telebistan ere izan zuten agerraldi bat edo beste.

Euskal Herrian baino Espainiako Estatuan dira ezagunagoak Atom Rhumba. Eta kontzertuak berez irteten direla azaltzen dute taldekideek. «Bilbon, adibidez, ezagunak gara, Kafe Antzokian eskaini genuen azken kontzertuan jendea kanpoan gelditu zen sartu ezinik, Iruñean ere aretoa bete genuen, Araban egia esan talde oso gutxik izaten du arrakasta, eta Gipuzkoan, berriz, oso kontzertu gutxi eskaini ditugu, Donostian, adibidez, inoiz ez dugu jo», dio Rober!-ek.

Atom Rhumba maiatzean Espainiako Estatuko rock jaialdirik ezagunenetako batean, Madrilgo Festimad-ean, eta Bartzelonako Primavera Sound jaialdian izango da.

Diskografia
No Square eta Bad Record kantez osatutako single-a, Alehop!, 1997.
Hormonal Riot, Munster Records, 1997.
Dirt Shots, Munster Records, 1999.
Chasin' the Onagro, Munster Records, 2000.
Backbone ritmo, Munster Records, 2004.
Horrez gain, talde bizkaitarrak hainbat bildumatarako kantak grabatu ditu urteotan.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude