Euskara Arabako Errioxan: Ebro ondoko lehortean zenbait tanta


2004ko maiatzaren 09an
Errealitate ezberdinen berri eman dute mahai-inguruko partaideek. Alfredo Alonso eta Koldo Larrañaga Añanan bizi dira eta ezbairik gabe oso bestelako egoera dute Oiongo Joseba Llano eta Lapuebla de Labarcako Andoni Landarekin alderatuta. Lehenengoen kasuan euskara hastapen bidean dago, bigarrengoak, berriz, hasierako aldapa gogorra gaindituta, esparru jakinak sendotze eta indartze fasean daude. Nolanahi den, Arabako Errioxan, Espainiarekin duen gertutasuna eta ondoriozko harremana bide, euskararen egoera oso larria da. Aitzitik, gogoa, borondatea eta ilusioa dira, aurrera egiteko funtsa, eta horiek bederen, ongi barneratuak dituzte.

Añanako euskaltegian 102 lagun

Alfredo Alonso nekazaria da, Añanako bere herriko kontzejuko alkatea eta Añanako euskaltegiko zuzendaria. Bere eskualdean euskarak duen egoeraren berri labur-labur baina oso argi eman du eta horretarako, bi puntu bereizi ditu; euskararen egoera eta euskaltegiaren sorrera. "Aurten 102 lagunek eman dute izena euskaltegian eta AEK-k emandako datuen arabera, ehunekotan, Euskal Herriko kopuru handiena izan da", esan du aitzinean Alfredok. Horixe omen da bere ustez euskarak Añanan izandako garapenaren erakusgarri onena. EUSTAT erakundeak kaleratutako datuak ere jakinarazi dizkigu: "Duela 30 urte, gure eskualdean, Añanan, ez zen euskararik egiten eta gaur egun, bai". Hori lorpen handitzat jo du baina egoeraren larria ekarri du berriz ere argitara: "Ikastolarik ez dago eskualde horretan eta haurrak inguruko eskualdeetara eta Gasteizera joaten dira".

Eskualdeko euskaltegiaren sorreraz, berriz, hau azaldu du: "Eskualdean herri txiki asko daude, oso sakabanatuta. Udal bakoitzean euskara irakastea oso zaila zela ohartuta »maila guztietako jendea dagoelako baina bakoitzetik oso gutxi», euskaltegi bateratu bat aurrera ateratzeko zerrenda irekiak antolatzea proposatu genuen, eskualde osoko udaletako herritarrak bildu eta hartara euskara ikasteko eskola bat antolatzeko». Eta lortu ere, lortu zuen. Gesaltza Añanan euskaltegi bat dute orain.

Asturiasko erregeak eta Balpuestako apaizak

Koldo Larrañaga apaiza da, zinema gaietan aditua, baina horrezaz guztiaz gain, euskaltzalea da. Betidanik euskararen aldeko borrokan aritu da Añanan eta horren berri eman zuen mahai-inguruan. "Nik, zaharra naizenez gero, lehengo gauzak kontatuko dizkizuet", esan du agurtzeko. Koldok antzina Añana hegoaldeko »Gobiaran, Gesaltza eta Lantaron» euskararen egoera larriaren zergatiak argitu ditu. "Hiru herrialde horietan ez dago euskararen aztarnarik, ezta toponimoetan ere. Hori zergatik?". Airean gelditzen den galdera erretoriko huts bat izango balitz bezala, zalantzarik gabe eman du erantzuna. Koldoren ustez, gaztelania sortu zenean, Donemiliagako aztarnetan jaso denez, Balpuestan, Gobiaranen »Burgosekoa ofizialki» ere sortu zen. IX. gizaldian herrialde horiek guztiek harreman handia omen zuten Asturiasko erregeekin. "Hain zuzen, hango emakume bat Asturiasko errege batekin ezkondu zen", esan du horren argigarri. Beraz, batetik, Asturiasekin zuen lotura zela bide, eta bestetik, Balpuestako apaizen indarrez, Erromanizazioaren ondoren ezinezkoa izan zen Añanan euskara berreskuratzea. Horregatik, euskara kontuetan, Euskal Herriko lekurik atzeratuena dela esan du Koldok, Iparraldeko lurraldeak baino atzeratuagoa.

Zerbait egin behar zela-eta lehen saioa orain 30 urte egin zuten. "Angoston komentu bat zegoen eta 15 eguneko ikastaro bat antolatu zuten. Araba osoko jendea bildu zen bertan, baita Añana ingurukoa ere. Oso gauza ona izan zen, hasiera bezala inportantea. Ia garai berean, Gobiaranen zegoen Goierriko sendagile euskaltzale batek lagunduta bertako eskolan euskara irakasten hastea lortu genuen", esan du. Koldok ez du irribarrerik egin ia bere mintzaldian, baina hori aipatzean nolabaiteko poza erakutsi du, hura izan baitzen lehen ekimena. "Gero, Lantarongo udalean, lehen gau eskola hasi zen, adinekoentzat, eta ia orain arte iraun du. Jendeak gertuago bilatu du ikasteko lekua eta egun ez dago gau eskolarik". Nekez baina gogotsu hasitako bidearen zenbait fruitu jaso badute ere, Koldoren aburuz Añanak bide luzea du egiteko.

Lapuebla de Labarcako ikastola

Lapuebla de Labarcako Assa ikastolako zuzendari Joseba Llanok bestelako ikuspegia ekarri du. Ikastolaren sorreraz eta haren bilakaeraz mintzatu da batez ere. "1979an sortu zen ikastola »25. urteurrena ospatu berri dute», eskualdeko guraso batzuen ekimenez, hezkuntza sistema propioa eta euskarazkoa nahi zutelako seme-alabentzat". Franco ondorengo garaietan sortu zen ikastola, 20 ikasle eta irakasle batekin. Ondoren, kopuruak gora egin zuen eta inguruko herrietan ere ikastola gehiago sortu ziren, Oionen, Bastidan, Samaniegon eta Eskuernagan. "Baina une batean, ikastola baten aldeko apustua egin behar zela ikusi zen, indarrak oso sakabanatuta zeudelako. Geografikoki Lapuebla zen erdigunea eta horren alde egin zen", esan du. Ikastolak 3tik 18ra urte bitarteko ikasketak ematen ditu eta eskualde osoko 22 herritako haurrak biltzen ditu. Hasieran zalantzak izan bazituzten ere, euskararen, D ereduaren, aldeko apustua egin zuten. "Haurrek, batxilergoa amaitzen dutenean, selektibitateko azterketetan Gipuzkoakoen maila dutela ikusi da. Zalantzak ere sortu izan dira, guztia euskaraz ikasita gaztelaniarekin arazoak izango zituzten baina argi ikusi da haurrak oso ondo mintzatzen direla gaztelaniaz. 12. promozioa dute Batxilergoan eta hor ikusten da ez dagoela arazorik. Ikasketa guztiak euskaraz egiten dira". Gaur egun 280 ikasle daude, 2 eta 18 urte bitartekoak, haur eta lehen hezkuntzan, DBHn eta batxilergoan. Ondoren unibertsitatera edo bestelakoak egitera Gasteizera eta joaten direnean, ahal dutenean, euskara aukeratzen dute.

Euskararen errealitatea bitan bereiztu du Josebak, eta batetik, euskara akademikoa, ikasleek geletan lantzen dutena, eta bestetik, geletatik kanpoko erabilera aipatu ditu. "Geletan ez dago arazorik, denek egiten dute euskaraz. Kanpoan daude arazoak, hor sortzen dira kezkak", esan du kezkatuta. Horregatik, Euskaraz Bizi eta antzeko proiektuekin erabilera bultzatzea dute asmo. "Ahozkotasunaz ikerketak egin dira. Antzeman den arazoa da ikasleei, ikasten duten euskara akademikoak ez diela aukerarik ematen eguneroko bizitzan euskaraz egiteko. Ahozko ekoizpena ere oso txikia da, aste osoan irakaslearekin baino ez dutelako euskaraz egiten". Hain zuzen horixe landu nahi dute, euskararen erabilera gelan eta gelatik kanpo ziurtatzeko. "Ikastolaren sortzaile izan ziren gurasoek ikastola antolatu eta handik urte batzuetara eskualdea euskaldunduta egongo zela uste zuten. Baina gauzak uste baino zailago dira". Euskarak tradizioa du Lapuebla de Labarcan eta inguruetan, baina oraindik hutsune asko dago betetzeko. "Euskara ondare kulturala delako eta bertako biztanleek euskaraz ikasteko eskubidea dutelako", horregatik irauten du euskarak Lapuebla de Labarcan. Arrazoi hori hartu izan dute beti euskararen bidera lerratzeko, eta ezbairik gabe, hemendik aurrerako urratsak ere horren haritik egingo dituzte.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude