Emakumeak borrokan

Antzerki amateurra: Teatroak behar duen hauspoa

Ainara Gurrutxaga
2004ko maiatzaren 02a

Antzerkigintzak aldaketa sakonak jasan ditu azken hogeita hamar urteetan Euskal Herrian. 80ko hamarkadatik hona antzerki konpainia nagusiak ekoizpen enpresa bilakatuz joan dira, eta ondorioz, etengabe merkatuaren legeekin borrokan aritu beharra egokitu zaie. Horrek guztiak funtsezko aldaketak eragin ditu arte eszeniko honen izaeran. Baina, metamorfosi horrek eraginik izan al du antzerki talde amateurretan? Zertan dira gaur egun talde horiek?

Antzerkiaren profesionalizazioa heldu aurretik, Euskal Herrian antzerkiak, eta batez ere euskaraz sortutakoak, amateurismoan zuen bizilekua. Zera idazti zuen Mikel Antzak 1985. urtean Jakin aldizkarian argitaratutako Amateurismoa versus profesionalismoa? artikuluan: «Urte askoan zehar, gure artean, amateurismoa, antzerki independente izen ohoragarriaren pean, antzerkia egiteko modu ia bakarra izan da (euskaraz behintzat, bakarra). Funtzio konkretu eta zenbaiten ustetan, estrateatralekin, gainera (politika, diktadurari aurre egitea, eta abar)».

Frankismo garaian sortu ziren zenbait talde amateur oraindik ere indar bizian ari ziren lanean 80ko hamarkadan. Ezagun ziren oso Hazparneko Bordaxuri, Oiartzungo Intxixu, Donibane Garaziko Irurak bat, Ondarroako Txo kolektiboa, Azpeitiko Antxieta edo Debako Goaz taldeak. Euren sorreran batez ere gai sozial eta politikoko antzezlanak muntatu zituzten. Antzerki euskaldun baten aldeko apustua egiteaz gain, bertako idazleen lanak ezagutarazteko esfortzu handia egin zuten, eta baita kanpoko antzezlan zenbait euskaratzen ere.

Hogeita hamar urteko ibilbidea duen Eibarreko Narruzko Zezen talde amateurraren sortzaile Juan Ortegak gertutik bizitu zuen mugimendu hori guztia: «Taldeak orduan antzerkiaren gerrillariak ziren. Demokrazia aldarrikatzeko sortuak, oso baliabide gutxirekin eta ausardia handiz eginiko lanak muntatzen zituzten. Gaur egun, ordea, momentu hori iragan da, ez dago halako errebindikazioak egiteko beharrik, ez modu horretan behintzat».

Denborarekin kemen handiz sortutako talde haietako batzuk konpainia profesional bilakatu ziren eta beste asko desagertu. Zailtasunak zailtasun amateurismoak, halako sonarik gabe agian baina, bizirik dirau egun gurean.

Sormen askatasuna

Gaur egun Euskal Herri osoan izaera ezberdineko talde amateurrak daude: udal antzerki tailerren inguruan sortutakoak, kultur elkarteetatik, eskoletatik, gaztetxeetatik, unibertsitateetatik, emakume taldeetatik... Jende gazte nahiz helduak osatutako taldeak dira, kopuruz ere oso aldakorrak. Bertan parte hartzen duen jendeak antzerkiaz kanpoko beste ogibide edo ikasketak izaten ditu eta, hortaz, taldearen arabera asko aldatzen da jardun honekiko dedikazioa.

Gaur egun Euskal Herrian lanean diharduten antzerki talde amateur guztiak aipatzea ezinezkoa da, baina hona horietako batzuk: Gilkitxaro, Mairu, Goaz, Lamixine, Nexo, Interruptus, Tearto, Errail, Lakrikun, Urrup, Mikelazulo, Ereintza eta abar luze bat.

Euskara hutsez aritzen diren taldeek Euskal Antzerki Talde Amateurren Elkartea (EATAE) sortu zuten 1995.ean. Gaur egun sei taldek osatzen dute. EATAEko partaide den Gilkitxaro taldeko kide Galder Perezen hitzetan, talde amateur guztiek badute ezaugarri komun bat: «Maite dugulako egiten dugu antzerkia eta hortaz, askatasun osoz egiten dugu lan. Arterako eta sorkuntzarako, gainera, bide berriak bilatzeko, ezinbestekoa da askatasun hori izatea», dio. Berriki Bortzirietako Kafe Antzerki lehiaketako lehen saria eskuratu duen Mairu taldeko Gaizka Sarasolak ere askatasuna aipatzen du amateurtasunaren ezaugarri nagusi gisa: «Batzuetan iruditzen zait diru-laguntzek ere halako lotura bat dakartela. Guri aske sentitzea gustatzen zaigu, hausle eta berritzaileak diren lanak egin baitaitezke horrela».
Dudarik gabe halako taldeek taularatzen dituzten antzezlan estiloen artean ezberdintasun handiak daude. Lan konbentzionalak hautatzen dituzte batzuk, berritzaileak besteek. Askok beste autoreen idazlanak hartzen dituzte oinarritzat baina badira beren testu propioak sortzen dituztenak, Gilkitxaroko Galder Perez esaterako: «Benetan gustuko dudalako idazten dut nik. Gaur egun, gainera, talde amateurren artean idaztea gustuko duen jende asko dago zorionez».

Zirkuitu baten beharra

Orokorrean antzerki talde amateurrek baliabide urriak izaten dituzte euren jarduerak gauzatu ahal izateko. Usuenik entseguetarako gelak lortzeko zailtasunak izaten dituzte edo hauek ez dira oso egokiak izaten. Diru-laguntzak ere eskasak izaten dira: «Herriaren arabera asko aldatzen da baina normalean talde profesionalek errazago lortzen dituzte diru-laguntzak amateurrek baino», dio Perezek. Lesakako Mairu taldearentzat ere ez da nahikoa egiten: "Ez dago entsegurako leku egokirik gure herrian. Udalak bai, diru-laguntza bat ematen digu, azken batean ondo datorkiolako herrian gauzak egitea, baina bestela ez digu jaramonik egiten».

Bilboko Udaleko Kultura sailak zabaldu berri duen Bilbao Eszena Antzerki Baliabideen Zentroak taldeek izaten dituzten oztopo horiek arintzea du helburu. Antzerki talde amateurren arazo nagusiak honakoak dira Bilboko Udaleko Kultura sailaren iritzirako: «Aretorik eza, baliabide ekonomiko urriak, oinarrizko zirkuituetan sartzeko zailtasuna, informazio falta, sustapen teknikoen ezagupen falta eta abar». Santutxu auzoan zabaldutako zentro hau aitzindaria da Euskal Herrian.

Talde amateurrek, behin euren lana muntatuta, kultur etxe, taberna, gaztetxe eta halako aretoetan egin ohi dituzte emanaldiak. Oro har antzoki handiek halako antzerki eskaintzei ateak ixten dizkiete.

Zailtasunak zailtasun, talde gehienek batez ere zirkuitu baten beharra aldarrikatzen dute. Hala, antzezlanak hitzartutako zenbait lekutan eskaini ahal izateko. Gaur egun desoreka handia dago arlo honetan, izan ere, badira emankizun bakarra egiten dutenak eta baita ehunetik gora egiten dituztenak ere.

Juan Ortega zirkuitu zabal bat sortzearen aldeko da: «Taldeek normalean euren herrian edo inguruetan egiten dituzte emanaldiak, eta askotan horretarako egokiak ez diren lekuetan. Zirkuitu bat sortuz gero, lan hauek askoz ere leku gehiagotan erakutsi ahal izango genituzke». Galder Perezen ustetan, zirkuitu horrek Euskal Herriko taldeen arteko harremana bultzatu beharko luke: «Hein handi batean gure esku dagoen zerbait da, esfortzu bat egin beharko litzateke bai Iparraldeko eta bai Nafarroako taldeekin ere harremanak sendotzeko».

Menane Oxandabaratz: «Euskal kulturan gauza ospetsuak soilik dira entzunak»
Etxeko ganbaran Hirurak Bat taldeak eskaintzen zituen antzezlanak ikusiz hazi zen Menane Oxandabaratz, Donibane Garazin. 1980an, hamazazpi urte zituela, Biper Beltx taldean hasi zen, Daniel Landartekin batera. Mee, mee, ardi kaka mee eta Egarriak lanak taularatu zituzten. Xirrixti-Mirrixti taldean ere aritu zen urtetan. Egun antzerkiarekin harremanetan jarraitzen du, amateur moduan.

Nolakoa da egun Iparraldeko talde amateurren osasuna?
Momentuz ez hain ona. Duela 20 urte oso garai onak bizitu genituen, baziren antzerki idazle asko antzerki amateurraren emateko nahikeria handiarekin. Bi amateur talde mota bereizi behar dira lehenik: Batetik, herriko bestetan egiten diren antzezlanak prestatzeko sortutakoak eta, bestetik, Xirrixti-Mirrixti edo Bordaxuri bezalako taldeak. Garai haietan gure helburua 30-40 emanaldi ematea zen. Ez genuen sosarik jasotzen antzerkitik, baina denbora asko eskaintzen genion. Iruditzen zait talde mota hori ez dela gaur egun Iparraldean. Talde asko desagertu egin dira. Bo, Xirrixti-Mirrixti hor dago, baina bi urtetik behin ematen dute antzerki bat. Oso ezagunak ziren Bordaxurikoak ere momentuz arrunt geldirik dira. Oztibarreko taldea, bestalde, zerbait prestatzen ari dela badakit.

Egoera politikoa aldatu da ordutik eta baita kultura ulertzeko modua ere...
Gaur egun iruditzen zait kultura denbora pasa dela, ez da serioa. Gainera bada mespretxu bat kulturarekiko, euskal kulturarekiko preseski. Profesionala den goi mailako hori bai, baina amateur mailako euskal kultura ez da baloratzen. Euskal kulturan gauza ospetsu eta handiak dira entzunak. Ondorioz, askotan konplexu batzuk sortzen dira. Komunikabideek ere badute errua. Hor badago oreka bat xuxena ez dena.

Gaurko gazteek non ikasten ahal dute antzerkia?
Gehienak Bordelera joaten dira, ez dut Hegoaldera joan denik ezagutzen. Hori damugarria da. Duela 20 urte guk lotura bat bagenuen, Euskal Antzerki taldeen Biltzarraren bidez, euskal antzerki taldeen federazio bat zen. Elkartruke handiak egin genituen, baita hezkuntzari zegokionean ere. Ez da desegin baina emeki-emeki funtzionatzeari utzi zion.

Amateurtasunak ba al du zentzurik gaur egun?
Bai noski. Nik uste dut orain lehen baino beharrezkoagoa dela gainera. Amateurrak herrikoiak dira, euren kultur proposamenetan herritik gertu daude eta hori oso garrantzitsua da. Profesionala ez dago hain hurbil, horretatik bizi beharrak baldintzatu egiten du euren lana nahi ala ez.

Euskal antzerki amateurren elkartea
EATAE euskara hutsez aritzen diren antzerki talde amateurrak biltzen dituen elkartea da. 1995.ean sortu zen Etxebarriko taldeak eta Antxieta, Bordaxuri, Ekekei, Goaz, Goizeko Izarra eta Xirrixti-Mirrixti taldeek osatuta. Gaur egun sei taldek osatzen dute: Ekekei, Ereintza, Gilkitxaro, Goaz, Goizeko Izarra eta Lakrikunek, hain zuzen. Antzerki taldeen arteko komunikazioa eta elkarlana bultzatzeaz gain, beste ekimen batzuk egin ohi ditu elkarteak, horien artean taldekideen prestakuntza zabaltzeko ikastaroak antolatzearena. 1998tik 2002.enera, urtero, Topaldiak izeneko antzerki jaialdia antolatu zuten Saran, Deban, Elgoibarren, Mutrikun eta Bermeon. Azken boladan nahiko makal dabil elkartea: «Azkenaldian elkarlanean oso tinko aritu garen arren, bakoitzak bere taldean dituen zailtasunak islatu egin dira nolabait elkartean. Talde hauetako kideok beste ogibide bat edo ikasketak izaten ditugu, eta askotan zaila izaten da konstantzia batekin aritzea. Tira, baina bolada txar bat besterik ez da, laster indartuko gara berriro», dio elkarteko partaide Galder Perezek.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude