Begira nago, begira


Begira nago, begira,
hor goiko bide barrira,
noiz etorriko ete dan
maitea neure herrira.

Azkuek jaso zuen abestitxo hau Legution, Araban. Ederra da oso. Neuk sarri kantatzen dut, etxean noski, beste inon ez baitidate kantatzen uzten.

Sasoi honetan eta asmo politikoei dagokionez, horrelaxe gaude. Azken zortzi urte hauetan, Espainian Partido Popularrak agindu duenetik, giroa txartuta baino okerrago ibili gara azpialde honetako euskaltzaleok. Amaitu da, ordea. Eta etorkizunari galde egiten diogu zer ekarriko duen. Begira gaude, bide berrira, maitea gure herrira noiz etorriko ote den.

Edertasunaren lilurak ez du hala ere errealitatea estali behar. Maite duguna ez da berez etorriko. Geuk ekarri beharko dugu, geuk etorri arazi. Horregatik bide berriei begiratu behar badiegu ere, zaharrak zergatik ez diren baliagarri izan ere antzeman beharko.

Zer izan dira zortzi urte hauek? Askorentzat espainiar ultranazionalismoaren festa eta orgia. Francoren berpizkundea. Demokraziaren porrota. Euskararen etsaien akelarrea. Atzerakada izugarria. Eta benetan halaxe izan dela uste dut. Beste zerbait ere izan dira baina.

Jar gaitezen begira dagoen kantariaren posturan. Herriko sarrera gaineko haitzean kokatu eta jira dezagun burua bide zaharrera. Zergatik, maitearen ordez, gorrotatua eta espero gabea etorri zitzaigun. Zerbaiterako balio izan al du? Txarrerako besterik ez?

Estatuek, badakigu, normaltasunaren kontzeptu interesatuak zabaltzen dituzte hiritarren artean. Populazioak oharkabean, egoera, estatuaren egoera, normaltzat, betierekotzat ematea izaten dute helburu eta lortu egiten dute horrela izatea. Abantaila handiz jokatzen dute noski, boterearen indar guztiak »hezkuntza sistema, hedabide gehienak, interes ekonomiko handiak... » horretara bideratzen baitira. Ondorioz bestelako normaltasuna nahi genukeenok »Euskadiko independentziarena esaterako», bitarteko eskasez aritu beharraz gainera, inertzia indar eskergaren kontra lan egin behar izaten dugu.

Horien artean Espainiar estatuak, Frantziak bezala baina inguruko besteen neurri askozaz handiagoan, uniformizazioan oinarritu du sortu zenetik bere normaltasuna. Eta, bestalde, demokrazia taxuzkorik ez du ezagutu behar zen garaietan, XIX. eta XX. mendeetan. Ez da bakarrik Francoren diktadurarena izan, lehendik ere defizit nabarmena zekarren demokraziaren kulturak Espainiako estatuan. Orain dela hogeita bost urteko Demokraziarako aldaketa ere, zenbat oztopoz gertatu zen eta zein neurritaraino baldintzatu eta murriztu gogoan dugu oraindik.

Azken zortzi urte hauetan Espainiako agintean egon direnak, beren buruengatik «demokratak, benetako demokratak» eta horrelako matrakak behin eta berriz aldarrikatu arren »zenbatetan oroitu naizen horrelakoetan gure amaren esaldi batez: «Alabanza propia, mierda segura»», gertuago daude autoritarismotik demokraziatik baino. Baina populazioan, baita Euskal Herrian ere, asko ziren eta dira jarrera horiek «normaltzat» ematen dituztenak. Ez ahaztu Franco ohean hil zela eta Mariano Rajoyk boto mordoa eskuratu duela oraingoan ere.

Nago arazo hauetan zailtasun handiena komunikazioa dela. Nola ulertarazi pertsona talde handiei, gizarteari, geure asmoak, dudak eta kezkak. Dituzten alderdi eztabaidagarriz agertzea ahuleziatzat har daitekeenez, nahiago izaten da irmotasun faltsua azaldu. Hobe saltzen delako. Herritar askok ez duten ziurtasuna, itxuraz duen horrengan aurkitu nahi izaten dutelako. Alferrik baina, Bushek, Sharonek edo Aznarrek »beren diskurtsoek iragarritakoaren kontra» kontuak aurkitu baino askozaz okerrago utziko dituzte. Ziurtasun barregarri eta negargarria.

Gure artean, irmotasun faltsua biolentziaren erabilpen politikoa izan da. Eta inguruan duen guztia. Fanatizazio maila handiz, lortu du oso urte gutxiren buruan »egindako hilketa eta txikizio guztiez gainera» iraulketa erabatekoa: pertzepzio publikoan heroitzat hartzen zirenak, «asesino» bihurtzea. Eta abertzaleen artean sekula ez bezalako zatiketa sakona. Irmotasun barregarri eta negargarria.

Eta hala ere, bide zaharrera begiratuta, konturatuko gara gertatutakoak ezinbestekoak zirela. Gizartearen barne komunikazioaren zailtasunak eraginda erabiltzen diren mezu estu, banatzaile, salgarri, baina funtsik gabekoek, amorruak, gorrotoak eta ezin ikusiak sortzen dituztela. Denbora behar zuten mamitzeko, heltzeko, lehertzeko eta fruitu onik ematen ez dutela denon begien aurrean azaltzeko. Orain bagaude gehienok bide zaharraren eskasia garbiro ulertzeko jarreran. Hortik ez da maitea hurreratuko.

Berriro jira gaitezke bide berriaren aldera. Geure eskuetan dago maiteari etortzeko gogoa suspertzea.


Eguneraketa berriak daude